Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Arturo Kanpion

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Arturo Kanpion
ArturoCampión.jpg
Arturo Kanpionen erretratua La tradició catalana aldizkariko 1. zenbakian (1893ko apirila).
Espainiako senataria

Bizitza
Jaiotza Iruñea1854ko maiatzaren  7a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Donostia1937ko abuztuaren  18a (83 urte)
Hezkuntza
Heziketa Sancti Spiritus Unibertsitatea
Hizkuntzak gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerak idazlea, politikaria, hizkuntzalaria eta abokatua
Lantokia(k) Madril
Iruñea eta Donostia
Jasotako sariak
Kidetza Euskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
Euskal-Esnalea
Eskualzaleen Biltzarra
Nafarroako Euskara Elkargoa
Historiaren Errege Akademia
Zientzia Politiko eta Moralen Errege Akademia
Real Academia Española
Mugimendua Euskal Pizkundea
Literaturaren Zubitegiko fitxa 326

Arturo Kanpion Jaimebon[1]gaztelaniaz: Arturo Campión— (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1854ko maiatzaren 7a - Donostia, Gipuzkoa, 1937ko abuztuaren 18a) idazlea, euskalaria, abokatua, historialaria eta politikaria izan zen. Euskaldun berria. Bere bizitzaren goiburua, berak idatzitako liburuetan ezarritako esaldi honek laburbiltzen du: «Euskal-Erriaren alde».[2][3] Lan eskerga egin zuen euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriko foruen alde, eta Nafarroa Garaian euskal kulturak XIX. mendearen hondarrean eta XX. mendearen hasieran izandako pizkundearen eragile nagusi izan zen.

Gaztelaniaz idatzi zituen bere lanik garrantzitsuenak, tartean Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara liburu handia, baina euskaraz ere lan egin zuen.

Euskaltzaindiaren fundatzaileetakoa eta euskaltzain osoa izan zen (1918-1937). Nafarroa Garaian Nafarroako Euskara Elkargoa eta haren Revista Euskara agerkaria sortzen lagundu zuen, eta Eusko Ikaskuntzako presidentea izan zen.

Politikan, Iruñean zinegotzi (1881), Nafarroa Garaitik Espainiako Gorteetarako diputatu (1893) eta Bizkaian senatari izan zen. Ez zen ezein alderdi politikotako kide izan; gaztetan, errepublikazale federalista izan zen ideologiaz, baina gerora alde batera utzi zuen joera hori, eta Euskal Herriarenganako —eta, bereziki, Nafarroa Garaiarenganako— maitazarrea izan zuen gidari bere jarduera politikoan.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko Txapitela kalean jaio zen. Aitaren aldeko aitona Italiako iparraldetik etorritakoa zen eta aita, ideologiaz liberala, Orfeioko Presidentea.

Lehen ikasketak Nafar hiruburuko Institutoan egin zituen, bertan Estanislao Arantzadi ezagutu zuen, eta jadanik literaturarako bokazioa agertu zuen La Menestra eta La Montaña egunkarietan hainbat artikulu argitaratuz.Hirugarren karlistaldian, hamazortzi urte zituelarik, milizia liberalean boluntario engaiatu zen.

Oñatiko Unibertsitatean Zuzenbideko karrera ikasi zuen, baina titulua kendu zutenez Madrilen bukatu behar izan zuen. Madrilen La Paz egunkari foruzalean kolaboratu zuen 1876an, eta "El Euskara" izenburu zuen artikuluan euskararen ikertzaile talde baten sorrera premiatu zuen. Ideia 1877an eratutako Nafarroako Euskal Elkargoan gauzatuko zen.

26 urte zituela, hainbat euskalkitara itzulitako Orreaga balada idatzi zuen, euskaraz ondu zuen lan bakarra;[4] 1883an Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua Eúskara obra ondu zuen; 1884an, berriz, Gramática Bascongada de los cuatro dialectos literarios de la lengua eúskara lan itzela plazaratu zuen.

Euskal Herriko historian eta ingurunean girotu zituen erdaraz eginiko kontakizun laburrak eta eleberriak: Euskariana. Fantasía y realidad, kontakizun laburren bilduma, 1881etik aurrera idatziak dira eta 1896tik aurrera argitaratuak; Don García Almorabid eleberri historikoa, (1889); Blancos y Negros, arrakasta handia izan zuen eleberria (1898); La bella Easo eleberria (1909). Kristautasunak, foruzaletasunak eta Nafarroarekiko eta Euskal Herriarekiko atxikimendu hertsiak moldaturiko gizona izan zen; politikan egonezin eta alderdien aurrean uzkur agertu zen beti —eztabaida ugari izan zuen alderdi guztiekin—; hala ere, 1893an Madrilgo Gorteetako diputatu aukeratu zuten, Nafarroa Garaiko hautagai zerrenda integristan aurkeztu ondoren. 1894tik aurrera, ezin konta ahala liburu, artikulu, hitzaldi eta txosten prestatu zituen Nafarroaren eta Euskal Herriaren historiaz, literaturaz, hizkuntzaz eta politikaz. Villasantek dio:

« No es la literatura de Campión una literatura ‘parnasiana’, imparcial, que sólo busca la belleza estética, eso que se ha dado en llamar el arte por el arte. Al contrario, se parece a lo que hoy se llama literatura empeñada o comprometida, parcial, al servicio de una idea, intencionada y proselitista »

—1979, 355. or.


1904an Eskualzaleen Biltzarra elkarteak Irunen egin zuen bilkura nagusiko buru izan zen. 1910. urtean hasi zen Orígenes del pueblo euskaldún obra prestatzen (1924an eman zuen argitara lehen liburukia); 1914an ordura arteko Nafarroako historia ikerketak astindu zituen Nabarra en su vida histórica lana argitaratu zuen Geografía del País Vasco-Navarro obraren barnean. 1918an, 63 urte zituela, bere literatura lan preziatuenak bilduz, Euskariana. Fantasía y realidad saileko kontakizun laburrak plazaratu zituen. Kontakizun hauek (El Bardo de Itzaltzu, Pedro Mari, La Flor de Larralde, Sancho Garcés, Grachina, Yan Pierr, Una noche en Zugarramurdi, Los hermanos Gamio...) euskarara eta beste hizkuntza batzuetara itzuli dira. Urte berean, Oñatiko Biltzarrean sortu zen Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Lehendakari izendatu zuten. 1923an, historia ikerketak biltzen zituen Euskariana liburuki berri bat eman zuen argitara; 1931n Orígenes del pueblo euskaldún obraren bigarren liburukia eta 1936an hamabigarren Euskariana eta bukatu gabe utziko zuen Orígenes del pueblo euskaldun lanaren hirugarren liburukia.

Gerra piztu zenean, Donostian zen eta, 1936ko irailaren 14an, tropa okupatzaile matxinoak hirira sartu eta berehala, Kanpionek sinatutako komunikatu eztabaidagarri bat argitaratu zen Diario de Navarran, matxino eskuindarrei argi eta garbi bere aldeko jarrera adierazten ziena. Aldiz, Bernardo Estornes Lasak Kanpion bisitatu zuen haren etxean Donostian, hiria matxinoen menpe erori baino lehenago, eta hainbat irizpide azaldu zituen uste izateko ohar hori behartua izan zela. Arturo Kanpion, Nafarroak eman duen historialari zorrotz eta euskalari garrantzizkoenetakoa (euskaltzaina izan zen, Euskaltzaindiaren sortzetik), Donostian hil zen, 83 urte zituela, 1936ko gerraren eraginak ikusi ondoren eta isiltasun handienean. Argitaratu gabe utzi zituen, besteak beste, euskal literaturari buruzko obra bat eta La Monja izeneko eleberria.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Orreaga, hainbat euskalkitan idatzitako balada (1880 [1878an idatzia])[5].
  • Denbora antxiñakoen ondo-esanak, kontakizun laburra (1882).
  • Okendoren eriotza, kontakizun laburra (1883).
  • Agintza. La promesa, kontakizun laburra (1887).
  • Gure sinismen oso-osoa (1888).
  • Malaxka ta Akuliña, Tolstoiren ipuin baten itzulpena euskarara (1910).

Gaztelaniaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra (1876).
  • Gastón de Belsunce (leyenda histórica), kontakizun laburrra (1879). Revista Euskaran argitaratua.
  • Los hermanos Gamio, kontakizun laburra (1880).
  • La visión de don Carlos, Principe de Viana. Leyenda, kontakizun laburra (1882).
  • Una noche en Zugarramurdi. Capricho clásico-romántico, kontakizuna (1882).
  • Contrastes (Cuadro de costumbres). Denbora anchinakoen ondo-esanak (1882).
  • Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua euskara (1883).
  • Grachina (Tradición vasca), kontakizun laburra (1884).
  • Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884)[6].
  • El genio de Nabarra (1884-1888).
  • Victor Hugo. Semblanza (1885).
  • Don García Almorabid. Crónica del siglo XIII, eleberri historikoa (1889).
  • La batalla chica del Sr. Nocedal (1893).
  • Euskarianas, 1896tik 1936ra argitaratu ziren hamabi sail.
  • El Coronel Villalba, kontakizun laburra (1896). Euskariana lehen zatia, Historia a través de la leyenda-ren barnean.
  • Pedro Mari, kontakizuna (1897). Euskariana bigarren zatia, Fantasia y Realidad-en barnean.
  • Blancos y negros: (guerra en la paz), eleberria (1898).
  • Discursos políticos y literarios (1907).
  • Defensa del nombre antiguo castizo y legítimo de la lengua de los baskos contra el soñado euzkera (1907).
  • La bella Easo, eleberria (1909).
  • Popachu, kontakizun laburra (1910).
  • Orígenes del Pueblo Euskaldun. Celtas, Iberos y Euskaros (1910).
  • El bardo de Itzaltzu (1918). Euskariana 6. saila den Fantasía y realidad 2. liburukiaren barnean.
  • El último tamborilero de Erraondo, kontakizun laburra (1918). Euskariana 6. saila den Fantasía y realidad 2. liburukiaren barnean.
  • La Flor de Larralde, kontakizun laburra (1918). Euskariana 6. saila den Fantasía y realidad 2. liburukiaren barnean. Ale berean Txomin Agirreren bertsio euskaratua agertu zen: "Larraldeko Lorea".
  • Sancho Garcés, kontakizun laburra (1918). Euskariana 6. saila den Fantasía y realidad 2. liburukiaren barnean.
  • De las lenguas y singularmente de la lengua baska como instrumento de investigación histórica (1919).
  • Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del Euskera (1920).
  • Narraciones baskas (1923).
  • El rosario de las lavanderas, kontakizun laburra (1924).
  • Orígenes del pueblo euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos), lehenengo liburukia (1927). Euskariana 8. sailaren barnean.
  • Nabarra en su vida histórica (1929 [bigarren edizio handitua; lehenengoa 1914an argitaratu zen). Euskariana 9. sailaren barnean.
  • Orígenes del pueblo euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos), bigarren liburukia (1931). Euskariana 10. sailaren barnean.
  • Orígenes del pueblo euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos), hirugarren liburukia (1936). Euskariana 12. sailaren barnean.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arturo Kanpionek berak Kampion idazten zuen bere deitura euskaraz (ikus, konparazio batera, Gramática euskara lanaren hasieran egin zuen eskaintza, edota Dos madres itzulpenaren bukaeran jarri zuen sinadura); eta euskara batuan -nb- idazten ditugun kontsonante multzo guztiak ere -mb- idazten zituen (ikus Kanpionen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara: zembat, zembait —91. orrialdean—, kampoan, kampora, kamporat —297. orrialdean— eta abar). Gaur egungo euskara batuan, beraz, Arturo Kanpion grafia dagokio. Argibide gehiago aurkituko dituzu artikulu honen eztabaida orrian.
  2. a b Bernardo ESTORNÉS LASA: «Arturo Campión Jaime-bon», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. Ikus, adibidez, Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara liburuaren hasieran (Googlek eskaneatutako 40 megabyteko PDF dokumentuaren 12. orrialdea).
  4. «En vascuence no escribió más que la balada Orreaga —1880—, que apareció acompañada de versiones a varios dialectos y subdialectos vascos, especialmente de Navarra, a la manera de Bonaparte»
    Mitxelena, 1960, 139. orrialdea.
  5. Orreaga, Klasikoen Gordailuan online eskuragarri.
  6. Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara, Internet Archive webgunean online eskuragarri (Googlek eskaneatua, PDF formatua, 40 megabyte).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]