Athleticen gabarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Athleticen gabarra
Bilbao - Museo Marítimo - La Gabarra 02.jpg
Fabrikazioa
FabrikatzaileaAstilleros Celaya
Historia
Eraikuntza 1960
KudeatzaileaBilboko itsasadarra Itsas Museoa
JabeaAthletic
Koordenatuak43°15′58″N 2°56′56″W / 43.266°N 2.949°W / 43.266; -2.94943°15′58″N 2°56′56″W / 43.266°N 2.949°W / 43.266; -2.949
Ezaugarriak
Luzera18,5 m
Erruna8,5 m
Zingoa1,14 m

Athleticen gabarra Bilboko Athleticek garaipenak ospatzeko 1983tik aurrera erabilitako gabarra da[1]. Gaur egun Bilboko itsasadarra Itsas Museoan gordeta dago[2].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fabrikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabarra Astilleros Celaya Erandioko enpresak egin zuen 1960an, Bilboko itsasadarrean askotan erabiltzen zen itsasontzi mota bat[3]. Industrializazioak karga handiko barku mota hauek behar zituen produkzioa alde batetik bestera eramateko. Eta, teknikoki, ez da gabarra bat, baizik eta pontoi bat, propultsiorik ez duen barku zapal bat, portuko garraioan erabiltzen den motakoa[4].

18,5 metroko luzera du eta 8,5 metroko erruna[5]. Bere zingoa 1,14 metrokoa da[6].

1980ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako futbol ligako lehen mailako 1982/1983ko denboraldian, azken partidua jokatzen ari zela, Athletic bigarrena zen Ligan, Real Madriden ostean. Hala ere, Javier Clementek gidatzen zuen taldeak 5-1 irabazi zion Unión Deportiva Las Palmas taldeari eta Real Madridek 1-0 galdu zuen Valencia Club de Fútbolen aurka. Honela, Athleticek irabazi zuen, ezustean, futbol liga hori[1].

Athleticen zuzendaritzak ospakizun bat antolatu zuen, inprobisatua, baina oso arrakastatsua izan zen. 1983ko maiatzaren 3an Bilboko itsasadarrean behera egin zuen talde irabazleak. Garaiko prentsaren arabera milioi bat pertsona egon ziren ibilbidean ospatzen[1]. Ez zen izan, hala ere, historiako lehen taldea itsasadarra gabarra batean zeharkatzen zuena: 1924an Olabeagako Acero klubak B serieko txapeldun izan zen, eta Urduñatik trena hartu zuten Bilboraino, geltoki bakoitzean zaletuen txaloen jasota. Manu Sota armadoreak, Bilbon, suziz argitutako gabarra batean sartu zituen eta Areatzatik Olabeagaraino eraman zituen[4]. Talde horri egiten dio erreferentzia abesti famatuak[7]:

«

Por el río Nervión bajaba una gabarra
con once jugadores del club atxuritarra
rumbala, rumbala, rumba, la rumba del cañón.

»


Abesti horretaz Cecilio Gerrikabeitia Athleticeko zuzendaritza-taldekoa eta Bilboko Koral Elkartearen presidentea gogoratu zen eta Fernando Otxoa gerentearekin lortu zuten «Gabarra número 1» izeneko horri «Athletic» izena jartzea. Taldea Areetan ontziratu zen, Club Marítimo del Abran eta itsasontzi askorekin batera Bilborako bideari ekin zioten. Bitxikeri gisa, Agustin Gisasola jokalaria uretara erori zen eta erreskatatu behar izan zuten[7].

1984an Athleticek kopa zein liga irabazi zituen eta berriro atera zen ospakizunerako[1].

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013an, Bilboko Portuko Agintaritzak gabarra konpondu eta Bilboko itsasadarra Itsas Museoan gorde zuen[2]. 2021ean flotatzen ote zuen ikusteko froga egin zuten, berriro atera behar izanez gero prest egon zedin, nahiz eta COVID-19 pandemiaren ondorioz ezingo zen urte horretan atera[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d «¿Qué es la Gabarra? Historia, origen y por qué la usa el Athletic para celebrar los títulos | Goal.com» www.goal.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  2. a b Berria.info. «Athleticen gabarra ikusgai jarri dute Itsasadarra itsas museoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  3. «Peña GABARRA Athletic - Puerto de Bilbao» www.gabarra-athletic.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  4. a b «La Gabarra del Athletic Club de Bilbao» www.aupaathletic.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  5. (Gaztelaniaz) «La Gabarra del Athletic ya forma parte del Museo Marítimo de Bilbao» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  6. (Gaztelaniaz) «Comienzan los trabajos de restauración de la gabarra Athletic» Mundo Deportivo 2020-07-07 (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  7. a b (Gaztelaniaz) «La gabarra del Acero Club de Olabeaga» EL MUNDO 2015-05-27 (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  8. «Gabarra prest dago, baina ezingo da atera» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-03-09 (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]