Aurresku

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Aurreskulari bat agurrean salto egiten.

Aurreskua euskal dantzarik ospetsuena da, omenaldi edo erreberentzia moduan jende aurrean dantzatzen dena. Gaur egun erritu bat bihurtu da edozein motatako jaialdietan aurreskua dantzatzea Euskal Herri osoan. Esaterako, ezkontzetan, inaugurazioetan, kongresuan, ekintza publikoetan eta abar. Horregatik euskal kulturan tradizio bat bilakatu da hemen eta atzerrian ere.

Aurreskua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, dantzari edo aurreskulari batek dantzatzen du, txistularik batek lagunduta. Txistulariak txistua jotzen du esku batekin, euskal tradizioko airezko instrumentua. Beste eskuarekin danbolina jotzen du. Era tradizionalean dantzatzen bada, lau zatitan banatuta dago: lehenengoa, Aurrez-aurre; bigarrena, Esku-aldatzea; hirugarrena, Zortzikoa; eta laugarrena, Agurra.

Normalean, dantzaria tradizionalki jantzita joaten da. Alkandora eta praka zuriak, txapela beltza eta gerriko berdea.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohorezko aurreskuak, gaur egun dantzatzen dena, soka-dantza deituriko dantza baten du jatorria. Borobil batean dantzatzen zen, normalean mutilek osatzen zuten eskutik helduta edo zapi bat eutsiz, soka bat osatuz. Dantza hau Euskal Herrian gehien dantzatu dena izan da denbora luze batez, jaialdi handietan alkate eta diputatuek animatzen ziren. Horregatik aldaketa ugari jasan ditu eta hainbat izen jaso ditu. Dantzari guztien artean garrantzia zutenak bi ziren. Lehenengo mutila, aurreskua deiturikoa, eta azken gizona, atzeskua. Dantzaren hasieran, gizonek buelta bat ematen zuten plazatik txapela eskuan izanda. Horren ostean, aurreskua dantzan hasten zen. Aurreskuaren postua izateak ohore handi bat suposatzen zuen. Horregatik batzuetan eztabaidak sortzen ziren postu hori lortzeko.

Dantza honen ostean, aurreskua eta atzeskua plazaren erdian kokatzen ziren eta dantza bat hasten da, aurrez aurre deiturikoa. “Desafio” izena ere eman zaio, gaztelaniazko hitza erabiliz. Ondoren, sokan zeuden bi edo lau mutil askatzen ziren eta plazako emakume bat aukeratzen zuten aurreskulariarentzako. Normalen alkatearen alaba zen, edo antzeko boterea zuen emakumeren bat. Dantzaria aurreratzen zen eta neskaren aurrean zati bat dantzatzen zuen, hain zuzen, oso zaila zen zatia. Bukatzean, dantza hura berriro errepikatzen da baina atzeskuarekin.

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldian, dantza honen pausuak bat-batean inprobisatu egiten ziren, baina denborak aurrera egin ahala, finkatu ziren pausuak, gaur egungo dantza zoragarria lortu arte. Dantza hau ondo egitea ez da batere erraza, forma fisiko ezin hobeko dantzari batek soilik dantza dezake, hainbat orduko entsegua igarota.

Urteak aurrera egin ahala, antzinako soka-dantzak eboluzio bat jasan du, gaur egun aurreskua bilakatu arte.

Tradizioak eta txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian tradizio bat bilakatu da ezkontzetan aurreskua dantzatzea. Aurreskulariak bere txistulariarekin azaltzen da eliza edo espetxearen kanpoan. Ezkonberriek zeremonia aurrera eramaten duten bitartean, txistulariak partitura jotzen du akatsak ez izateko. Bitartean aurreskulariak luzaketak egiten ditu, baita dantza gainetik birgogoratu ere. Ezkontzako gonbidatuak ateratzen diren heinean, zirkulu erdi bat osatzen dute, dantzaria erdian egoteko elizarekin aurrez aurre, eta txistularia albo batera. Ezkonberriak ateratzen direnean musika hasten da eta normalean, dantzariak txapela botatzen du. Beste batzuetan ordea, emakumeari buruan jartzen zaio.

Aurreskua ere tradizioa bihurtu da jaialdietan, hiriko jaietako berbenan, jaiotzetan, eta hainbat festetan.

Beste alde batetik, aurresku txapelketak sortu dira. Hiru txapelketa nagusi ezagutzen dira:

Lehenengoa, aldi berean garrantzitsuena, Euskadiko Aurresku Txapelketa da. Sestaon egiten da, uztailaren azken astean, Inazio Deunaren egunez. Dantzari bakoitzak bere aurreskua dantzatzen du publikoaren aurrean eta txistularia buelta emanda dago, horrela aurreskulariak musika jarraitu behar du. Lehendabiziko txapelketa 1978an izan zen.

Bigarren, Bizkaiko txapelketa da. Ondizen ospatzen da, Leioan. Arauak berdinak dira baina lau modalitate daude: 15 urte azpiko mutilak, 15 urte azpiko neskak, 15 urte baino gehiago dituzten mutilak eta 15 urte baino gehiago dituzten neskak. Nagusientzat sariak handiagoak dira. Lehenengoak 300 euro eta txapela jasotzen du, bigarrenak 200 euro, eta hirugarrenak 150. Txikien irabazleak 250 euro jasotzen ditu, bigarrenak 150 eta hirugarrenak 100. Partaide guztiek 30 euroko dieta jasotzen dute. Ander Navarro Lamiakotarra txapelketa gehien irabazi duen dantzaria da ere.

Hiriko jaietako txapelketak hirugarrenak dira. Arauak berdina dira baina irabazle bakarra dago, txapela eta 100 euro jasotzen dituena. Trapagan, Erandion, Sondikan, Lemoan, Gallartan, eta hainbat lekutan ospakizun hau aurrera eramaten da. Partaideentzat baita 20 euroko dieta dago ere.

Aurreskulari ospetsu batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Euskal Herria Artikulu hau Euskal Herriko kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.