Badminton

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Badmintonean erabiltzen den lumazko pilota.

Badmintona Ingalaterran 1873an sortutako tenisaren antzeko kirola da, ohiko pilota erabili ordez, pilota erdi batez eta lumazko isats batez osatutako pilota hegalari bat erabiltzen duena. Indian jokatzen zen jolas bat hartu zen oinarri gisa.

Tenis-zelaiak baino txikiagoetan jokatzen da. Sarea, ordea, altuago jartzen da hartan baino. Lumazko pilota kortxozko esfera erdi bat izan ohi da gehienetan, lumazko koroa edo isats bat duela. Pilota hegalariak pisu gutxi eta malgutasunik ez duenez, palak emandako indarra berehalaxe galtzen du, eta bide zuzenik ez du, Pilota hegalaria lurrera erortzen ez uztea da jolasaren funtsa. 1934an sortu zen kirol honetarako Nazioarteko Batzordea eta 1977an egin zen lehen txapelketa. Ingalaterran, Europa erdi eta iparraldean, Ipar Amerikan eta batez ere Malaysian jokatzen da kirol hau.

Badmintona Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badmintona Espainian pixkanaka sartzen joan zen. Antzekoak ziren kirol batzuk zeuden arren 1970. urterarte badmintona ez zen ofiziala egin, Vigo izanik sorlekua.

1971ean Vigon Luis Mirók, kiroldegiko zuzendari eta INEF-eko irakasleak, lagun talde bati bertan zituen erraketa eta bolanteak eman zizkien. Material hori Suediatik ekarri zituen deigarria gertatu zitzaiolako nahiz eta ez jakin nola erabiltzen zen. Horrela Espainiako lehen kiroldegia izan zen “poona” ( badmintonaren Indiako bertsioa) jolasteko aukera ematen zuena.

Beranduago José Luis Vilak kirol honen arauak bilatu zituen jarduleei eman eta praktikan jartzeko. Hasiera batean arau errazak jarri zituzten, esaterako pisten tamaina txikitu eta sarearen altura gutxitu. Baina arauen ehuneko ehuna aurrera eramateko arazoak egon ziren denbora luze batean norbere arauekin jokatzen baitzen.

Kiroldegiko lehiaketa hasi eta hilabete batzuk beranduago Vigon itsasontzi ingeles bat azaldu zen. Bertako marinelak kiroldegiko bezeroekin kontaktuan jarri ziren eta Ingalaterrako arauak erakutsi zizkien praktikaren bidez. Honetaz aparte kirol honen historiaren inguruan datu gehiago bildu zituzten eta Portugaleko Badmintoneko Federazioaren berri izan zuten, garai horretan zegoen instituzio garrantzitsuenetako bat zen.

Kirol honek izan zuen arrakasta zela eta Vigo hiriko lehen txapelketa sortu zen. Honekin batera 1975ean “Alerta” izeneko lehen kluba sortu zen eta “Club del Mar San Amaro”-k jarraitu zion Agustín Rodríguez zuzendari zuela. Honek lehendabiziko aldiz Galiziar Kluben arteko txapelketa jokatzea ekarri zuen.

Aurrerapauso horiek egin ziren arren pertsona askorentzat oraindik ere kirol ezezaguna izaten jarraitzen zuen eta horregatik kirola bultzatzeko lanetan jarraitu zuten.Baina aurrerapauso handiena Espainiako Badminton Batzordeak kirol hau estatuko kirol instituzioetan onartzeko proiektu berri bat sortu zuenean eman zen, horrela hasi baitzen zale kopurua handitzen.

Hala eta guztiz ere, lorpen handiena badmintona Espainiako Tenis Federazioaren barruan onartzea izan zen. Beranduago Euskal Pilota Federazioaren barruan kokatu zuten.

1985ean, lan askoren ostean, Espainiako Badminton Federazioa sortu zen Kirol Kontseilu Gorenak onartuta.  Hortaz badmintona beste kirol federazioetatik at geratu zen izaera propio bat lortuz eta gaur egun gehien praktikatzen den kiroletako bat bilakatuz.

Nazio mailan Dolores Marco kirolari profesionala Espainiako lehiaketa gehien irabazi dituen pertsona da, guztira bederatzi titulu lortu ditu eta azkena 2006an izan zen. Gerora Antonio Crespo, Sergio Llopis eta Yoana Martínez izan dira kirol honen maila gorenean ibili direnak, azken hau lehendabizikoa espainiarra izan zen Olinpiar Joko batean irabazten,  2008ko Pekineko Olinpiar Jokoetan hain zuzen.

Gaur egun, Carolina Marín da jokalaririk ospetsuena. Emakumeen bakarkako kategorian jokatzen du eta BWF-eko ranking-ean lehendabiziko postuan aurkitzen da. Hortaz aparte 2014 eta 2017an munduko txapelduna izan zen, eta 2014, 2016 eta 2017an Europako txapeldun. Gainera, 2016an Olinpiar Jokoak ospatu ziren Rio de Janeiron eta bertan ere txapeldun bilakatu zen.

Badmintona Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako Badminton Federazioa 1986an sortu zen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren legezko agiriaren arabera 1987an izan. Gipuzkoa izan da kirol honen aitzindaria Euskal Herrian.

Heziketa fisikoan lizentziatu eta Donostiako Santa Maria ikastetxean irakasle zen Manuel San Martin izan zen eragile nagusia. San Martin hasi zen badmintona sartzen ikastetxeko ikasleen gurasoei ematen zizkien mantentze eskoletan eta ikasleei heziketa fisikoaren barnean, neskei kirola egiteko beste aukera bat eskaintzearren, batez ere. Hainbesteko izan zen arrakasta, jende asko eta asko zaletu zela. Ondorioz eskola bat eta lehiatzeko talde bat sortu zen. Hori izan da, urteetan zehar, Gipuzkoako jokalarien harrobia.

Arabako Badminton Federazioa ere urte askoz arduratu da kirol honen garapen eta sustapenaz. Horretarako eskola, klub eta jarduera ezberdinak sortu zituzten, esaterako lehiaketak.

Gaur egun Araban 90 jokalari federatu eta 100 haurrek osatzen dituzten 4 klub ofizial daude. Guzti hauek Arabako lehiaketetan parte hartzen dute.

Jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joko honen helburua puntuak lortzea da set-a lortzeko. Horretarako, oso garrantzitsua da sakea izatea.

Gizonezkoen eta binakako partidetan 15 puntuko 3 set egiten dira eta sets gehien lortzen dituenak irabazten du. Hirugarren set-era iristen badira 8. puntuan zelaiaren aldea aldatzen da.

Emakumeen modalitatean berriz 11 puntuko 3 set dira. Hirugarrenera iritsiz gero seigarren puntuan aldez aldatuko dira.

Bakarkako modalitateko lehen sakea zelaiaren eskuin aldeko zerbitzugunetik egin behar da bolanteak zelaia diagonalki zeharkatzen duela. Aurkariak falta edo huts egiten badu aurreko sakea egin duenak sakatuko du berriro. Hutsa sakatu duenak egiten badu sakea aurkariari egokituko zaio.

Badmintoneko zelaia

Sakea egiterakoan kontuan hartu beharrekoa: puntuen kopurua bikoitia denean sakea eskuin aldetik egingo da; berriz, puntuak bakoitiak badira ezker aldetik egingo da.

Joko eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelaiak 13,4 metroko luzeera eta 5,18 metroko zabalera dauka bakarkako kategorian. Binakakoetan berriz, 13,4 metro luzeeran eta 6,10 metro zabaleran.

Zelaiaren erdian sare bat dago 1,55 metroko altueran metalezko bi posteri lotuta.

Materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolantea edo luma: joko honen elementu bereizgarriena da. Bi zatitan banatzen da: alde batetik 14 edo 16 lumaz osatutako aldea, eta bestetik kortxoz osatuta dagoen burua.

Erraketa: jokoaren elementu garrantzitsuena da. Mehe eta arina izan ohi da azkar mugitzeko.  

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Historia del Badminton. Hemendik hartuta: https://meollo.net/es/historia-del-badminton/
  • Federación Española de Bádminton. Hemendik hartuta: https://www.badminton.es/page/25977/Federacion-Espanola-de-Badminton
  • U.D: EL BÁDMINTON COMO DEPORTE DE ADVERSARIO. Hemendik hartuta: http://frayeducacionfisica.pbworks.com/f/UNIDAD+DID%C3%81CTICA+DE+B%C3%81DMINTON+2%C2%BAESO(1).pdf
  • Gipuzkoako Badminton Federazioa. Hemendik hartuta: http://www.fgbadminton.com/historia.php
  • Arabako Badmintodn Federazioa. Hemendik hartuta: https://www.arabadminton.com/
  • Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Badminton Aldatu lotura Wikidatan