Txikipedia:Lehen Mundu Gerra: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
 
(Ez dago alderik)

16:00, 28 iraila 2015ko berrikusketa

Australiar soldaduak gasaren kontrako maskarekin, 1917an, Frantziako frontean.

Lehen Mundu Gerra XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handi bat izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia ia handi guztiek eta bestelako herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.

Hasieran, “Europako Gerra” deitu zitzaion, baina Commonwealth elkarteko herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak ere sartu zirenez, laster “Gerra Handia” eta “Mundu Gerra” deitu zioten, asko izan zirelako parte hartu zuten herrialdeak. Bigarren Mundu Gerrara arte, inoiz ez zen egon hainbeste herrialdek parte hartutako gerrarik.

Borrokan izan ziren bi aldeak honela osatu ziren:

• Aliatuak: Frantzia, Britainiar Inperioa eta Errusiar Inperioa hasieran; eta, geroago, Estatu Batuak, Italia, Serbia, Japonia, Errumania, Grezia, Belgika, Portugal eta Montenegro. • Erdialdeko Inperioak: Alemania, Austria-Hungariako Inperioa, Turkiar Inperioa eta Bulgaria.


Gerraren hasiera

Lehen Mundu Gerra 1914ko uztailaren 28an hasi zen, Austriak Serbiari gerra deklaratu zionean; gerra piztu zuen gertakaria atentatu bat izan zen: 1914ko ekainaren 28an, serbiar abertzale batek Austria-Hungariako Inperioko Franz Ferdinand printzea eta haren emaztea hil zituen Sarajevo hirian.

Lau urte iraun zuen, 1918ko azaroaren 11ra arte, aliatuen garaipenarekin. Mundu osoan, 70 milioi gizonetik gora mobilizatu ziren (60 milioi, Europan), eta 10 milioi hildako eta 20 milioitik gorako zaurituak eragin zituen.

Gerra bukatu zenean, Alemaniar Inperioa, Austria-Hungariako Inperioa, Otomandar Inperioa eta Errusiar Inperioa desagertu egin ziren, eta haietatik hainbat Estatu berri jaio ziren; Europako geografia politikoa erabat aldatu zen gerraren eraginez.