Bidez bide (abestia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidez bide (abestia)
Etxamendi eta Larralderen eta Mattin Lerissaren musika-lana
Egilea(k)Etxamendi eta Larralde eta Mattin Lerissa
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
HitzakEñaut Etxamendi
Bestelako lanak
MusikagileaEñaut Etxamendi

Bidez bide Eñaut Etxamendiren kanta da, honez gero euskaldun anitzek ezagutua.[1][2][3] Eñaut Ezterenzubiko euskal idazle, ingeniari agronomo, irakasle, laborari eta abeslaria da, kultur eragile suharra.[4]

Eñaut Etxamendi eta Ellande Larralde 'a capella'[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiazki bidez bide ibili ziren Etxamendi eta Larralde kantariak, bikotean, mikro soil batez hornitua zelarik taula gain biluzia. Ahotsak doinuari egokitzeko tresna ahora ematen zuen Larraldek eta handik gutxira kantatzeari ekiten zioten, bi bozetan, ikus-entzulegoa mutu eta ttattit zegoela beherean, soinuak isurtzen zituen hitzak edaten bezala. Harrigarria zen, une hartan halako batasun komunikatibo bat hazten zelako, komunio kultural baten antzekoa.[1]

Leku batetik bestera ernatu bitartean, bikoteak autoan ikasten zituen Etxamendik pentsatu ahaireak. Euskal Herriaren mutur batetik bestera zihoazen, nahiz eta hasieran Nafarroa Behereko herriak zeuzkaten helburu. Bertakoak izanez, biak denbora batez kanpoan egonik –ikasketak eta lehen ingeniari esperientziak burutuz–, lekuan lekuko egoera –latza– jende arruntekin partekatzeko xedearekin itzuliak ziren. Azken uneetaraino Jean Errekart lizeoan irakasle zebiltzan eta Amikuze eskualdeko gazte belaunaldien muinak formateatu zituzten, abereen elikadura eta mundu mailako ekonomia alorrean bederen!

1963ko egoera gordina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eñaut Etxamendi (1935, Ezterenzubi) Tolosan nekazaritzan eta politikagintzan estudiante eta Dakarren garapen lokalaren sailean lanean ibili zen, 1963an Garazira bueltatu arte, 28 urte zituela. Garai haietan, konposatu zuen Bidez Bide hau, Donapaleuko Artesenia neska-eskolako talde bati lau oreneko kurtsoa emanik, zoko batean zegoen piano batean, aitortzen duenez, publikoki emateko asmorik ere ez zuela:

   Bidez bide nabilena

   Kantu bat dut laguna

   Guziek uste nautena

       Joan arin-arina…

Ezterenzubiko Mendiburua baserriko zazpi haurretatik txikiena zen Eñaut Etxamendi. Haurtzaroan ama hiltzen eta beranduago, bere sei haurrideak Ipar Ameriketara hegaldatzen ikusi zituen. Exodo erruralaren eta laborantzaren industrializatze mugimenduaren ondorioz, herria husten zekusan eta 1965etik hara, doluminez beteriko melodiekin, sobera mingarri izan gabe, min kolektiboak aitortzen zituen bereak bailiran. Eta hala ziren. Enbata batasuneko barnealdeko intelektual taldekoa zen, Jean Louis Davant eta Manex Goihenetxerekin. Kostaldeko militante “burgesek” ez zituzten aparantziarik ere ulertzen. Kontatzen duenez antsiaren eta neurosiaren atzamarretatik ihes egiteko hasi zen abestiak orrazten 1963an:

  Eskual zerupen auhena

   Bihotzeko samina

   Nahasiz elgarrengana

   Kantuz deramat mina!

Etxamendik euskal tradizioko kanta enblematikoak amarekin ikasi zituen haur hotza zela. Hitzak, kaier batean eskuz kopiatu eta edonon, ahoak eman ahala eskaintzen zituzkeen, behika, ardika, astoka igortzen zutenean, Dartamalda aldera adibidez. Gustua eta eredua hartu zuen bost urtetan, luzaz hanketatik eri egon zelarik, sukaldean, auzoak kantari hautematean.

Ellande Larralde (1939-2012) ezagutu artean, aurreneko saioetan, Maddi Etxepare edo Peio Etxegoienekin agertzen zen. 1967tik hara, izurarra izango zuen kide eta horrekin grabatuko zituen hainbat disko, bai eta Elkarrek 1998an plazaratu Antologia izeneko obra bikoitza. Bertan aurkitzen den Bidez bide-ren bertsioan, Karlos Jimenezek ditu ahotsak pianoz laguntzen.[2] Erran behar da, euskaldungoarekiko eta euskal militantziako gertakariekiko hurbiltasunak Etxamendiren poeta eta zirikari jenioa piztu zuela, 1971n Joseba Elosegiri eta 1974an Carrero Blancoren kontra atentatutik lekora Yup la la ospetsuekin famatu egin zelako mugaren bi aldeetan.

Gaur egun Ipar Euskal Herri barnealdea bisitatzen duenak ez du duela mende erdikoa irudikatzen ahalko: etxeak ilunak eta pobreak ziren, ura putzutik eta argia ezkozko zaiolatik hartzen zen eta bideak belarrez zein harriz estaliak zeuden, kabalen eta haziendentzat baizik ez on! Haur anitzek, enarek larrazkenetan bezala, familietako habiak uzten zituzten lehenik Ameriketara, gero Paris edo Bordelera ikasketa eta lanerako. Laborantzan plantatzeko xedea zutenak eta aitek hala egitera izendatuak baizik ez ziren gelditzen baserrietan… Eñaut Etxamendik giro hori du zehazki kontatzen bere Ezterenzubiko euskara errealitateari moldatuz:

   Auhen-mina dereitala

   Jender diotetela

   Nik eginez xaramela

       Ez jakinez bestela:

   Eskual herrien ahula,

   Jende onen isila,

   Nahiz argitarazila

   Ari pertsutan hola!

Eskualdeko garapenaren aldeko irakasle prestuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantariak –eta poetak!–, bere burua suntsitzen eta lehertzen doan jendarte horren lekukotasuna baino ez dezakeela eman aitortzen du kopla honetan. Laborantza-langileak joan ziren aurreneko uhinetan, etxetiarren ondorengoak gero, eta azkenik, etxe jabeen umeak. Eskualdeak bizidunez hustu bezain laster, ordea, Oragarren sorturiko Jean Errekart politikariaren zuzendaritza pean, 1965eko itxura hitsa, Amikuzen bederen, aldatuko zen eta Eñaut Etxamendik garapen horretan parte hartuko zuen, ekonomia irakasle bilakatuz eta 1974tik hara bere negutegiak eraikiz Bithiriñan. Idazleak aipatzen dituen “jende onak” –Donapaleu edo Garaziko burgesak– ez ziren baitezpada, Europatik kudeatu eta diruztatu nekazal politika industrial horren alde.

Euskara galbidean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendetza urritzearekin batera, euskara ere galbidean jarri zen. Adinekoek ezinbestean, eta mende hasierako abertzale-euskaltzale batzuekin harremanetan izan ziren hirietako aristokrata notableek estimatzen zuten handizki klase apaletako izakien ezpainetan hain itsusi zitzaien hizkuntza hori.

   Zendako kantuz nabila

   Eskuaraz bazterretan

   Nehork ez aditzekotan

       Nago maiz gogoetan.

   Eskualde arroztuetan

   Baserri hustuetan

   Ez dut behatzailerikan

   Txoriez besterikan…

Bakartasuna eta desertu humanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakartasun sozial berri baten froga ekartzen digu hemen poetak. Txoriak geratzen zaizkio entzule eta ikusle soil. Alde erraldoia dago, adibidez, laborantza munduan errotzen diren Elizanbururen Ikusten duzu goizean erromantiko oparoaren eta Bidez bide honen artean, ehun urte eskaseko epean. Autoa etxeetan sartu aitzineko urteetan, jendeak elkarrekin solasean zihoazen mezara, merkatura, herrietako edozein juntatze aitzakien karietara. 28 udaberritan, eskarmentuz eta ametsez beterik, Dakarretik itzultzen denean, poetak desertu humano batekin topo egiten du eta arrakala horretatik kanta hau isurtzen zaio. Solasak ahituak dira, irriak itzaliak, eskualdea arras arrozten ari da.

Dolamenezko ahaire bat asmatzen du Etxamendik, gustukoak dituen Zuberoako basahaireen ereduari hurbilduz. Samurtasun argiz apaintzen du bistakoa den tragedia, eztiki baina gauzak garbiki erranez. Herriaren doloreaz jabetzean bere dolore propioaz oroitzen da; ama, erran dugu gorago, haurra zela galdu zuen, eta naski ama bati egin dakiokeen kantarik hunkigarriena oparitu zion Ttiki-Ttaka azpildu zuenean.

   Garaziko kantaria

   Hoake hilerrira

   Hire ama dagonera

       Nigarren  ixurtzera,

   Nigarren ixurtzera eta

   Barkamendu eskera

   Etxia eta eskuara

   Baitoazi lurrera!

Malkoak igotzen nabaritzen ditugu abesti honen azken zatia, a capella eta zuzenean aditzen genuenean. Euskal nortasuna zurkaizten zituen bi elementuak peko errekan ziren, etxea eta euskara alabaina, jendea biluz eta hezur abandonatuz. Erran behar da, belaunaldi horrentzat, latzeria horren onartze epikoak halako sustrai mitiko bat osatu zuela, gure egunetaraino iraun duen ezkerreko abertzaleen borrokaren mitologia bermatzeko.

Eñaut Etxamendi jadanik idazle gisa ezagutua da. Nobelak, ipuinak eta poesiak izkiriatu ditu eta Maiatz argitaletxeak, bere lanak sei tomotan plazaratu zituen. Politika eta ikerketa alorrean ere azaldu zen, garaian garaiko.

Bidez bide kanta buruan daramate bertakoek oraindik ere, 1980ko hamarraldian irekiriko laborantzaren industrialtze oldearen ondotik, bizidunez are hutsagoa bihurtu den beren eskualdeotako landa eremuak zeharkatzen dituztenean.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  Bidez bide nabilena

   Kantu bat dut laguna

   Guziek uste nautena

       Joan arin-arina…

  Eskual zerupen auhena

   Bihotzeko samina

   Nahasiz elgarrengana

   Kantuz deramat mina!


   Auhen-mina dereitala

   Jender diotetela

   Nik eginez xaramela

       Ez jakinez bestela:


   Eskual herrien ahula,

   Jende onen isila,

   Nahiz argitarazila

   Ari pertsutan hola!


   Zendako kantuz nabila

   Eskuaraz bazterretan

   Nehork ez aditzekotan

       Nago maiz gogoetan.

 

  Eskualde arroztuetan

   Baserri hustuetan

   Ez dut behatzailerikan

   Txoriez besterikan…


   Zendako kantuz nabila

   Eskuaraz bazterretan

   Nehork ez aditzekotan

       Nago maiz gogoetan.


   Eskualde arroztuetan

   Baserri hustuetan

   Ez dut behatzailerikan

   Txoriez besterikan…

   Garaziko kantaria

   Hoake hilerrira

   Hire ama dagonera

       Nigarren  ixurtzera,


   Nigarren ixurtzera eta

   Barkamendu eskera

   Etxia eta eskuara

   Baitoazi lurrera!

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu osoa Itxaro Bordak Argia aldizkarian (CC-BY-SA lizentzia) idatztako artikulu honetatik hartuta dago: «Bidez bide, oraindik ere»

  1. a b Borda, Itxaro. (2019-02-12). «Bidez bide, oraindik ere» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  2. a b «Antologia» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  3. "Bidez bide" Mattin Lerissa. (Noiz kontsultatua: 2022-05-06).
  4. Gastellu, Maddi. (2020). Herenegun #23: Etxamendi - Larralde | Nahieran ikusgai. Kanaldude (Noiz kontsultatua: 2020-12-19).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]