Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Alkoholismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Alkoholismo
Walter Geikie - Drunken Man - WGA8520.jpg
Deskribapena
Mota non-controlled substance abuse Itzuli, alcohol abuse Itzuli
dependence syndrome Itzuli
Espezialitatea Psikiatria, medical toxicology Itzuli
Psikologia
Arrazoia(k) alcohol consumption Itzuli
Sortzen du Marchiafava-Bignami disease Itzuli, zirrosia, Korsakoff' s psychosis, alcoholic Itzuli
bihotz-gutxiegitasuna
Identifikatzaileak
GNS-10 F10
GNS-9 303
OMIM 103780
DiseasesDB alcoholism
MedlinePlus 000944
eMedicine 000944
MeSH D000437

Alkoholismoa edo alkoholarekiko dependentzia, kontrol gabeko alkohol kontsumotik sortzen den gaixotasun kroniko bat da. Alkoholikoek alkohola babes moduan aurkitzen dute. Gehien gustatzen zaiena alkoholaren sentsazioa da, eta ez alkohola bera.

Alkohola, nerbio-sisteman eragiten duen droga bat da. Pertsonaren osasun fisikoan eta mentalean eragiten du, eta bere erantzukizun laboraletan. Trastorno hau nerabezaroan zein helduaroan agertu ahal da, eta beste adikzio guztiak bezala, hau ere gaixotasun kontsideratzen da.

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) datuen arabera, emakumeengan alkoholismotzat jotzen da egunean 50 gramo alkohol baino gehiago hartzea, eta gizonezkoengan, berriz, 70 gramo baino gehiago irenstea (kopa bat koñakek 40 g du gutxi gorabehera, litro laurden ardok 30 g eta litro laurden garagardok 15 g).[1] Alkoholismo kasu gehiago dago gizonezkoen artean, baina emakumeen eta gazteen artean ere gero eta kasu gehiago ari da agertzen. Oro har, 1980az geroztik alkoholaren kontsumoa eta horrek eragindako kalteak ugaritzen ari dira Europar Batasunean, Ekialdeko Europan, Ameriketako Estatu Batuetan eta garapen bidean dauden herrialdeetan.

Zergatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun hau duten %50-60-a ohitura sozialagatik jausi da honetan. Hala ere, badaude beste hainbat arrazoi adikzio honetan sartzeko. Gutxi gorabehera beste %40a arrazoi pertsonalegatik sartzen da alkoholismoan, beren arazo pertsonalen batetik ihes egiteko eta babesteko asmoz. Arazo pertsonal hauek mota askotakoak izan daitezkeen arren (etxeko arazoak, laneko arazoak, ekonomia arazoak…) lotsa edo segurtasun arazoak ere nagusi dira.

Familia askotan batek baino gehiagok izaten du arazo/gaixotasun hau, beraz, familiatik (genetikoki) datorrela esan daiteke. Batzuek beren buruari leporatzen diote beren senideen alkoholismoa, eta horrela sartzen dira berak ere alkoholismoan[2].

Beste batzuk droga mundutik irteten direnean bihurtzen dira alkoholiko, pentsatuz drogatik ateratzen ari direla horrela, baina adikzioa izaten jarraitzen dutela konturatu gabe.

Alkohola sozializatu denetik, alkohola bera normalagotzat jotzen da. Jaiak mozkortzeko erabiltzen dira, eta horrela lortzen da alkohola sozializatzea, adikzio eta alkoholiko kopurua igotzen den bitartean. [3]

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraganean alkoholismoa estres sozial edo psikologikotzat, edo jokaera ikasi eta moldatu gabekotzat hartua izan da. Azkenaldian, urteetan zehar garatzen den gaixotasun konplexu moduan definitu izan dute, eta gero eta gehiago hartzen ari da gogo aldartea aldarazten duen drogatzat ere.

Alkohol kontsumitzaileen ehunekoa adinaren arabera

Sintomak[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona bat alkoholikoa den edo ez jakiteko, ondorengo sintomei begiratu behar zaie:

  • Alkohola edateko desira handia.
  • Kontrol falta, bai edaten hasteari dagokionez eta bai edaten uzteari dagokionez.
  • Bakarrik egotean edatea eta bere jokaera hori bere ingurukoei ezkutatzea.
  • Abstinentzia sindromea, hau da, edaten ez duenean, ondoezik sentitzea, eta hori konpontzen saiatzea edanez.
  • Tolerantzia gehiago, hau da, hasierako efektu berdinak lortzeko, geroz eta gehiago edan beharra.
  • Memoria galtzea.
  • Eguneroko bizitzan aldaketak. Esaterako, betiko ohiturak alde batera uztea, itxura pertsonalaz eta higieneaz ez arduratzea, eta bere denbora gehiena alkoholarekin igarotzea.
  • Arazo bat duela ez onartzea.
  • Kantitate oso handietan edatea, desio duena baino gehiago edatea.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienetan inguruko pertsonak izaten dira pertsona baten alkohol kontsumoa gehiegizkoa dela konturatzen diren lehenak. Egoeraz konturatzean, diagnosiarekin hasteko, lehenik eta behin familiako medikuarekin hitz egin behar da pertsonalki. Hasiera da garrantzitsuena prozesu honetan, oinarri ona izateak eragin handia izango duelako tratamenduan. Aditu batek, ahalik eta sentsibilitate handienarekin, gaixoaren egoera baloratuko du, bien arteko konfiantza funtsezkoa delako.[2] Adituen esanetan, zaila izaten da gaixotasun hau asimilatzea, horregatik zenbait kasutan pertsona kaltetuak ez du lagunduko hasiera prozesu horretan. Irtenbideetako bat familiarekin eta inguruko jendearekin harremanetan jartzea izango da.


Beste kasu batzuetan pertsona bera ohartzen da arazoak dituela alkoholarekin. Aurre-diagnostikoa izenarekin sailkatuko da fase hau. Anomalia fisikoekin hasten dira konturatzen. Beren borondatez jotzen dute aditu batengana (gutxitan gertatzen da).[3]

Alkoholikoak izan aurretik, pertsona horiek bizitzako alderdi askotan porrot egiteko probabilitatea oso altua dute. Alkoholiko bihurtzen dira, bizitzan zehar gertatutako hainbat egoera gogorren ondorioz: heziketan, familiako oinarrian, bere sexu askatasunean (orientazio sexuala adibidez), bizimoduan, lan giroan, egoera sozio-ekonomikoan...[4]

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkoholismoaren kontrako prebentzio kanpainak egin ohi dira. Adibidez, alkohola saltzeko momentuan, mugaketak egoten dira; horietako bat, adin mugaketa da.[5]

Publizitateari dagokionez ere kontrol handia egon ohi da gai honen inguruan. 1998. urtetik, 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholikoen iragarkiak debekatuta daude Hego Euskal Herriko telebista kateetan.[6] Ipar Euskal Herrian, aldiz, debekatuta dago alkoholdun edarien iragarkiak egitea zineman eta telebistan[5].

Gaixotasun hau saihesteko, garrantzitsutzat jotzen da jendeak alkoholaren ondorioen kontzientzia hartzea. Hori txikitatik egin behar dela diote adituek. Horretarako, eskoletan ohitura osasuntsuak sustatzen saiatzen dira. Eskolaz aparte, alkoholaren arriskuei buruz informatzeko ekintzak egiten dira umeentzat. Alkoholaren arriskuei buruz ere hainbat publizitate kanpaina egiten dira, gehienetan biztanleriaren zati bati zuzenduta (gazteei, haurdun dauden emakumeei, edan ondoren edaten dutenei…), eragin gehiago izan dezaten.[7]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkoholaren eragina

Alkoholikoak, hasieran, alkohola gero eta hobeto jasaten duela dirudi, eta horrek gehiago edatera bultza dezake. Adikzioaren garapen motel horretan, faktore genetikoek eta psikologikoek dute eragina, adikzioagatik gehien sufritzen dutenak gaixotasuna bera jasaten duen pertsona eta beren ingurukoak dira. Alkoholikoak asko sufritzen du bere arazoa alkoholarekiko adikzioa dela konturatzen den momentutik aurrera. Menpekotasunetik urrundu ahala, beren iraganagatik lotsa sentitzen hasten dira.[8]

Gizartean marjinatuta eta gutxietsita bukatzen dute. Diru arazoekin hastea ere ohikoa da alkoholismoaren munduan. Alde batetik, alkoholismoarekin lana eta erantzukizunak alde batera uzten hasteko probabilitatea oso handia delako, eta horrela pertsonaren edota familiaren diru sarrerak txikiagoak direlako. Horrela, alkoholarekiko daukaten egoera kontrola ezin honetan, behin eta berriro kontsumitzen dute, eta ondorioz geroz eta gutxiago duten dirua gastatzen dute.[9]

Alkoholak gorputzean eragin toxiko zuzena du, eta epe luzean kontsumitzeak gabeziak sortzen ditu elikaduran eta beste zenbait behar organikotan. Gorputzeko sistema nagusietan dituen ondorioak metatuz joaten dira, eta kalte sendaezinak eragiten ditu: urdaileko eta duodenoko ultzerak, pankreatitis kronikoa eta gibeleko zirrosia. Erdiko nerbio sisteman eta periferikoan ere eragiten du. Abstinentzia sindromearen eta delirium tremensaren ezaugarriak zorabioak, haluzinazioak eta dardara bortitzak izan daitezke. Gainera, delirium tremesak heriotza ere eragin dezake, nahiz eta tratabide egokia hartu.

Bestalde, haurdunaldian alkohola hartzeak, kopuru txikian bada ere, kalte larriak eragin ditzake umearengan, batez ere atzerapenak gorputzaren eta garunaren garapenean; umekiaren alkoholismo sindromea gaitza da hauetan larriena.

Tratamendua[6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun hau tratatzeko, bi bide daude: tratamendu psikologikoa eta tratamendu farmakologikoa. Tratamendu psikologikoak, azken urteetan eboluzio aipagarria izan du. Tratamendu honetako faktore garrantzitsuena motibazioa da, aldatu nahi ez duen pertsona bat ezin da aldatzera derrigortu. Gaixoari motibatua egoten laguntzeko, profesionalek hainbat metodo erabiltzen dituzte, adibidez, pertsonari sentiaraztea entzuna dela, bere portaera aldaketaren alde onak eta txarrak adieraztea eta lortutako motibazioa mantentzen saiatzea.

Tratamendu farmakologikoari dagokionez, gaixoa desintoxikatzeko lehenengo egin behar dena azterketa fisiko bat da, pertsona egonkortzeko eta dituen alterazioak zuzentzeko helburuarekin. Horren ondoren, odoleko alkohol kantitatearen jaitsierarengatik, abstinentzia alkoholikoaren sindromea agertu daiteke. Sindrome honen sintoma ezagunenak, dardarak, goragalea, antsietatea, arranpa muskularrak, konbultsioak eta haluzinazioak dira.

Sintoma hauek hainbat faktoreren eraginpean aldatzen dira: dependentzia gradua, bakoitzaren metabolismoak toleratzen duena, egunean kontsumitzen duena, zenbat denboran zehar kontsumitu duen eta faktore genetiko batzuk. Sindrome honen sintomak arinak direnean, honen jarraipena modu anbulatorio batean egiten da, eta sintomak larriak direnean, pertsona ospitaleratu egiten da eta bertatik egiten da jarraipena egunez egun.

Eguneroko alkohol kontsumoaren batazbestekoa Espainian

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000ff26d465bca470b8832717fd08b75808 «alkoholismo» www.euskara.euskadi.eus . Noiz kontsultatua: 2019-03-14.
  2. EiTB (2018-07-04) UR HANDITAN: Alkoholismoa . Noiz kontsultatua: 2019-03-14.
  3. EiTB (2018-07-04) UR HANDITAN: Alkoholismoa . Noiz kontsultatua: 2019-03-14.
  4. (Gaztelaniaz) «Síntomas del alcoholismo» www.webconsultas.com 2011-03-25 . Noiz kontsultatua: 2019-02-28.
  5. «Réglementation de la publicité en faveur de l'alcool : loi Evin - alcoolinfoservice» Alcool Info Service . Noiz kontsultatua: 2019-04-02.
  6. Adicciones 2016-03-02 doi:10.20882/adicciones.0.0 ISSN 0214-4840 . Noiz kontsultatua: 2019-02-28.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alkoholismo Aldatu lotura Wikidatan