Brendan McFarlane

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bic McFarlane Donostian, Askatasunak Iñaki de Juanaren alde antolatutako prentsaurreko batean (2007.02.05).

Brendan McFarlane Bic (Belfast, Irlanda, 1951). Irlandako Mugimendu Errepublikanoaren kidea eta musikaria.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia oso katoliko eta erlijiotsu batean jaio eta hazi zen, Ipar Belfasteko Ardoyne eremuan. 16 urte zituela, Ipar Galesen apaiz izateko gogoetak eta prestaketak egitera ere iritsi zen baina azken unean asmo hori alboratu zuen. Ipar Irlandara itzuli eta 1969an Behin-behineko IRA erakunde armatuan sartu zen.

1976an bizitza osoko espetxe zigorra ezarri zioten. Long Kesh espetxean (espetxearen izen ofiziala: H.M.Prison Maze) sartu zuten, baina 1978an bertako Barrakoietatik abadez jantzita ihes egiten saiatu eta, harrapatu zutenez, Barrakoietan ziren preso errepublikarren estatus politikoa galdu eta espetxe bereko H-Blokeetara pasatu zuten. Bertan, estatus politikorik gabe, bat egin zuen mantaren borrokarekin.

Bic ezizena espetxean zegoela hitzaldietara joan eta entzundakoa edo bere gogoetak beti Bic markako bolalumarekin koadernotxo batean oharrak idazten zituelako gainontzeko errepublikar presoek ipini zioten.

1981eko gose greba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1981eko Irlandako gose greba»

IRA -ren presoen burua izan zen H-Blokeetan 1981eko Irlandako gose grebaren garaian. 10 preso hil ziren gose greba horretan: Bobby Sands, Francis Hughes, Raymond McCreesh, Patsy O’Hara, Joe McDonnell, Martin Hurson, Kevin Lynch, Kieran Doherty, Thomas McElwee eta Michael Devine. Gose greba horrek mugarri bat markatu zuen errepublikaren aldeko mugimenduan. Alde batetik, mugimendua indarberritu zen eta, beste aldetik, ateak ireki zizkion ondorengo bide politikoari ere.

Ihesaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

McFarlanek gidatu zuen IRAko presoek Long Kesheko H-Blokeetatik 1983an burutu zuten ihesaldia. 3. H-Blokeko preso errepublikarrek Blokea hartu eta ihes egin zuten janaria banatzen zuen furgonetan. Dena dela, furgoneta atzeratu zela-eta, arazoak izan zituzten azken atea igarotzerakoan, borroka eta tiroketa bat sortu zen, kartzelari bat hil zen, hamabost iheslari espetxearen inguruetan atxilotu zituzten, beste lau hurrengo egunean atxilotu zituzten eta 19 lortu zuten ihes egitea. Horietako hiru ez dituzte inoiz berriro atxilotu.

1986ko urtarrilean Holandan atxilotu zuten Gerry Kellyrekin batera. Ipar Irlandara estraditatu eta 1997an kaleratu zen Long Kesh espetxetik.

Gaur egunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egunean preso ohiak biltzen dituen Coiste na n-Iarchimí erakundeko kidea da eta Sinn Fein alderdi politiko errepublikarrean ere parte hartzen du, batez ere preso ohien inguruetan.

McFarlane musikaria da, Tuan musika taldean jotzen du Terry 'Cruncher' O’Neillekin batera.