Carol Kaye

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carol Kaye
Bizitza
JaiotzaEverett (Washington)1935eko martxoaren 24a (89 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Jarduerak
Jarduerakgitarra-jotzailea, Estudioko musikaria eta jazz musikaria
KidetzaThe Wrecking Crew
Genero artistikoasoula
Musika instrumentuabaxua
gitarra
DiskoetxeaCrest Records (en) Itzuli

carolkaye.com
IMDB: nm0443269 Musicbrainz: c0386e58-15e8-43a8-8cf2-642e2361de5c Songkick: 462865 Discogs: 136984 Allmusic: mn0000174041 Edit the value on Wikidata

Carol Kaye (Smith jaioa [1]; 1935eko martxoaren 24a) [2] estatubatuar musikaria da. Rock eta pop musikan grabazio gehienetarikoa duen baxu-jotzailea, 50 urte baino gehiagoko ibilbidean 10.000 grabaziotan musika jo duena. [3]

Kaye nerabezaroan hasi zen gitarra jotzen, eta denboraldi batez gitarra-irakaslea izan ondoren Los Angelesko jazz eta big band-en zirkuituan aritu zen musika jotzen. Estudioko grabaketa lanean 1957an hasi zen, eta Gold Star Studios-en lotura baten bidez Phil Spector eta Brian Wilson ekoizleentzat hasi zen lanean. 1963an grabaketa-saio batera baxu-jotzaile bat azaldu ez zenez, bera musika-tresna horretara aldatu zen eta berehala, hirurogeiko hamarkadako sesio-musikari moduan izen bat egin zuen, hit edo kantu arrakastatsu askotan joaz. 1960ko hamarkada bukaeran zinemako soinu-bandetara bideratu zuen bere lana, bereziki Quincy Jones eta Lalo Schifrin-entzat, eta musika ikasteko liburuxka batzuk argitaratzen hasi zen, hala nola How To Play The Electric Bass. 1970ko hamarkada bukaeran bere aktibitate maila gutxitu zuen, baina bere karrerarekin jarraitu du eta beste musikari askoren gorespenak jaso ditu.

Bere estudioko saio-lanaren gailurrean Los Angeles-en kokatutako musikari talde egonkor baten parte bihurtu zen, hainbat izen informal zituena, baina harrezkero "The Wrecking Crew" bezala ezagutzen dena. Taldearekin egindako lanak The Wrecking Crew izeneko 2008ko film dokumentalean paper esanguratsua lortu zuen.

Gaztetako bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaye Everett-en (Washington) jaio zen eta bere gurasoak Clyde eta Dot Smith musikari profesionalak ziren. [4] Bere aita jazz tronboi-jotzailea zen eta big-band-etan jotzen zuen. 1942an piano bat saldu zuen Wilmington-era (Kalifornia) bizitzera joan ahal izateko. [1] [2] Geroago esan zuen bere aita bortitza zela berarekin, eta bere ama konbentzitu zuela berarengandik banantzeko, baina musika zela familia batu zezakeen gauza bakarra. [1]

13 urte zituela Kaye-k altzairuzko gitarra bat jaso zuen amarengandik, eta hurrengo urtean profesionalki irakasten hasi zen. [1] [4] Los Angeles inguruko jazz klubetan jotzen hasi zen. [1] 1950eko hamarkadan, Kaye-k bebop jazz gitarra jo zuen Los Angeleseko kluben zirkuituko hainbat talderekin, besteak beste, Bob Neal-en taldea, Jack Sheldon-ekin Lenny Bruce, Teddy Edwards eta Billy Higgins-ekin . [4] 1950eko hamarkadaren erdialdean Henry Busse Orkestrarekin jo zuen, eta haiekin AEBetan bira egin zuen. [5]

Karrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pop grabaketa-saioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957an, Kaye Hollywoodeko Beverly Cavern-en kontzertu bat ematen ari zela, Robert "Bumps" Blackwell ekoizleak Sam Cookeren "Summertime"-ren moldaketa grabatzeko saio batera gonbidatu zuen. Laster konturatu zen grabaketa-saio lanarekin jazz klubetan jotzen baino diru gehiago irabazi zezakeela, beraz lanaldi osoko lanbide moduan hartu zuen. [1] 1958an Ritchie Valensen "La Bamba"-n gitarra erritmiko akustikoa jo zuen, Hollywoodeko Gold Star Studios-en grabatuta. [2] Gold Star-en bitartez Phil Spector ekoizlearekin lan egiten hasi zen, Bob B. Soxx & the Blue Jeans-en "Zip-a-Dee-Doo-Dah" eta The Crystals-en "Then He Kissed Me" kantuetan gitarra elektrikoa eta The Righteous Brothers-ekin gitarra akustikoa "You've Lost That Lovin' Feelin'" kantuan. [2] Hal Blaine bateria-jotzailea, Glen Campbell gitarrista eta beste hainbat musikarirekin batera Spector-ekin egindako lanak beste disko-ekoizle batzuen arreta erakarri zuen eta ohiko saio-musikari gisa lan eskaintza asko jasotzen hasi zen. [5]

1963an baxu-jotzaile batek Hollywoodeko Capitol Records-en saio batera huts egin zuenean berak jotzeko eskatu zioten. [6] Azkar konturatu zen baxua jotzea nahiago zuela eta kantu baten funtsezko osagaia zela ikusi zuen. Ordura arte jotzen zituen gitarra zati sinpleak baino kreatiboagoa izatea uzten zion baxua jotzeak. [2] Alde praktikotik, kantuaren arabera estudiora hiru edo lau gitarra eraman beharrean baxu bakarra eramatea errazagoa zen. [5] Ray Pohlman baxu-jotzaileak musika-zuzendari izateko estudioko lana utzi zuenean, Kaye Los Angeleseko saio-baxu-jotzailerik preziatuena bihurtu zen. [5]

Kaye-k beste kantu arrakastatsu askotan gitarra jotzen jarraitu zuen 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Sonny & Cher-en hainbat kantutako hamabi sokako gitarra elektrikoa barne. [7] Frank Zapparen Freak Out! diskoan ere hamabi sokako gitarra jo zuen. [2] Garai hartan ez zen ohikoa emakumeak saio-musikari eskarmentudunak izatea; hala ere, Kayek gogoratzen du saio haiek umore onekoak eta musikaren elkartasunaz beteak izaten zirela. [2]

Kaye izan zen The Wrecking Crew-eko ohiko emakumezko kide bakarra (nahiz eta esan duen taldea inoiz ez zela izen honekin ezagutzen, eta gero Hal Blaine-k asmatu zuela). Estudioko musikari talde honek Los Angeles-eko disko arrakastatsu ugaritan jo zuen 1960ko hamarkadan. [1] [5] Hamarkada osoan zehar, garai hartan publikoarentzat ezezaguna izan arren, Billboard Hot 100- n agertutako disko kopuru handi batean jo zuen baxua Kaye-k. New York Times egunkariaren arabera, 10.000 grabazio saiotan jo zuen. [8] Frank Sinatra, Simon and Garfunkel, Stevie Wonder, Barbra Streisand, The Supremes, The Temptations, Four Tops eta The Monkees taldeen saioetan parte hartu zuen. Nancy Sinatraren "These Boots Are Made For Walkin" lanean baxu elektrikoa jo zuen Chuck Berghoferrek kontrabaxua jotzen zuen bitartean. [9] Bere sesio-lankide Glen Campbell- en " Wichita Lineman" hit-aren sarreratxoa ere egin zuen. [5] Kaye-k geroago esan zuen 1960ko hamarkadan batzuetan egunean hiru edo lau grabaketa-saio egiten zituela, eta pozik zegoen haietako asko disko arrakastatsuak bihurtu zirelako. [9]

Spector-ekin egindako lanaren bidez Kayek The Beach Boys taldeko Brian Wilson-en arreta bereganatu zuen, eta hainbat saiotan lan egin zuen berarekin, besteak beste Beach Boys Today, Summer Days (abd Summer Nights!) albumetan Pet Sounds eta Smile. [2] Beste saio batzuetan ez bezala, non bere baxu-lerroak lantzeko aske baitzen, Wilson jo behar zuenaren ideia oso zehatz batekin etortzen zen beti. [2] Pet Sounds-en eskutik, Wilsonek Kaye bezalako musikariei saio arruntak baino askoz gehiago jotzeko eskatzen zien, askotan abesti baten hamar pase baino gehiago emanez, saioak gauean zehar luzatuz. [5] Kayeri sarritan Beach Boys- en " Good Vibrations " single-an jotzea egozten zaio [10] Craig Slowinski-k The Smile Sessions-eko kutxa-oharretan bildutako saio-zerrenda batek hori esaten duelako, baina hainbat saiotan jo zuen arren grabaketa horietako bat ere ez zen argitaratu zen azken bertsioan azaldu. Brian Wilsonek gogoan du Kaye abesti horren grabaketan egondako hainbat musikariren artean: "Baxuaren zatia garrantzitsua zen soinu orokorrerako. Carol Kaye-k Beach Boys-Phil Spectorren riff bat jotzea nahi nuen eta ez hainbeste Motown estiloko zerbait". [11]

Soinu bandak, tutoretzak eta geroko lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969rako, Kaye neka-neka eginda zegoen eta saioko lanak egiteaz ilusioa aldu zuen, musika "kartoiaren itxura hartzen hasi zela" esanez. Aldi berean, rock talde berriago askok saio-jotzaileak erabiltzeari utzi zioten, instrumentuak beraiek jotzea nahiago zutelako. Aldaketa bat egitea erabaki zuen beraz, bere ibilbidea pop musika jotzetik batez ere soinu-banda lantzera eboluzionatu zuen, baita idazketa eta irakaskuntzara ere. How To Play The Electric Bass idatzi zuen, tutoretza-liburu eta didaktiko bideo-ikastaroetako lehena. [1] Garai hartako soinu-banden saioetan MASH eta Shaft-en tituluetako kantuak jotzea izan zen. [1] Kaye-k soinu-banda batzuetan jo zuen jada eta Lalo Schifrin- ekin lankidetza estuan aritu zen, Mission: Impossible eta Bullitt-en soinu-banda joz. [2] Horren ostean, Quincy Jonesekin kolaboratzen zuen maiz, geroago "nire bizitzan entzun ditudan gai ederrenetako batzuk idatzi zituela" esan zuen. [2]

1970eko hamarkadaren hasieran, Joe Pass eta Hampton Hawesekin bira egin zuen, eta saioak egiten jarraitu zuen. [2] 1973an, Barbra Streisand- en "The Way We Were" singlean jo zuen, zeina zuzenean grabatu zuten, eta Marvin Hamlisch ekoizleak baxu-lerroak inprobisatzeagatik kanporatu zuen. [9] 1976an auto istripu bat izan zuen, eta musikatik erdi erretiratu zen. Noizean behin jotzen jarraitu zuen, JJ Caleren 1981eko Shades albumean agertuz. [2]

1994an, Kayeri ebakuntza bat egin zioten istripuak eragindako lesioak konpontzeko, eta musika jotzen eta grabatzen hasi zen berriro. [2] Fender-ekin lankidetzan aritu zen Precision Bass-en bertsio arinagoa ekoizteko, bizkarreko tentsioa murriztu eta jotzeko erosoagoa izango zena. [12] 1997an, Brian Wilson-ekin kolaboratu zuen berriro, bere alabaren The Wilsons albumean jotzen, eta 2006an, Frank Black-ek Fast Man Raider Man diskoan jotzeko eskatu zion Jim Keltner bateria-jotzailearekin batera. [2] 2008ko The Wrecking Crew filmean parte hartu zuen estudioko beste musikari batzuekin batera. Elkarrizketa-segmentu batean, esan zuen bere saio-jardueraren gailurrean uste zuela AEBetako presidenteak baino diru gehiago irabazten zuela.

Estiloa eta ekipamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kayeren instrumentu nagusia 1960ko hamarkadan Fender Precision Bass izan zen, nahiz eta noizean behin Danelectro baxua ere erabili zuen. 1970eko hamarkadan, batzuetan Gibson Ripper Bass erabiltzen zuen, eta XXI.mendean Ibanez SRX700 baxua erabili zuen. [4] [2] Thomastik-Infeld JF344 soka lauak erabiltzen ditu akzio handiarekin eta estudioan gitarra aplifikagailuak erabiltzea gustatzen zaio baxua jotzerakoan, Fender Super Reverb eta Versatone Pan-O-Flex barne. [2] Kaye-k, batez ere zia edo plektroa erabiltzen du bai gitarra bai baxuan, hatzak erabili beharrean. [12] Feltro zati bat jartzen du baxuaren zubian soken soinua itzali eta nahi ez dituen gorago eta beheragoko tonuak kentzeko. Bere esanean: "25 zentimoren truke, herriko soinurik onena lor dezakezu". [2]

Kayek nahiago zuen baxuan lerro melodiko eta sinkopatuak jotzea, zati zuzen bat egitea baino. Estudioan, bereziki gustatzen zitzaion goiko erregistroa erabiltzea bere baxuan, kontrabaxu batek tonu baxuagoak betetzen zituen bitartean. [2]

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaye-k kritikaren onespena lortu du garai guztietako saio-baxu-jotzaile onenetako moduan. Michael Molendak, Bass Player aldizkarian esan zuen Kaye beste musikari batzuk entzun eta abestiarekin bat egingo zuen baxu-lerro gogoangarri bat garatzeko gai zela, hala nola Sonny & Cher- en " The Beat Goes On "-en detaileak. Paul McCartneyk esan du bere baxua The Beatlesen Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band kantuan, Pet Sounds-en Kaye-k egindako lanetan inspiratu zela. [1] Alison Richterrek, Bass Guitar aldizkarian idazten duenak, Kaye baxua jotzeko "Lehen Dama" izendatu du, eta "bere estiloa eta eragina zure ADN musikalean daude". [13]

Spector-en " River Deep, Mountain High " kantuaren produkzioaren "Wall of Sound" sortzeko Kayeren bakarkako baxu-lerroa funtsezkoa izan zen. Grammy Hall of Fame-an dago grabazioa. [14] Quincy Jonesek 2001eko bere Q autobiografian esan zuen "Carol Kaye bezalako Fender baxu-jotzaile emakumeek edozer egin eta gizonezkoak hutsaren pare utz zitzaketen". Brian Wilsonek esan du Kaye-k "Good Vibrations" kantuan jo zuena moldaketaren funtsezko atal bat izan zela. "Carol-ek baxua zia batekin jotzean egindako soinuan oso ondo josten zen kantuarekin. Soinu gogor hori eman zion." [11] Dr. John-ek esan du Kaye "baxu-jotzaile mundiala bezain maitagarria dela". [4]

Estudioko handietako bat bezala miretsia izan arren, Kayek ez zuen pentsatzen jendea berataz oroituko zenik. Grabaketa-saioen garaian, musikari gehienek uste zuten pop musikak ez zuela hamar urte baino gehiago iraungo, eta harrituta dago jendeak oraindik berak grabatutako kantuak entzuten dituelako. [1] Amazoneko The Marvelous Mrs. Maisel serie arrakastatsuak Kayeri eta bere ibilbideari omenaldia egin zion Carole Keen pertsonaiarekin, hirugarren denboraldian aurkeztua eta Liza Weilek antzeztua. Kaye-k pertsonaiak "nirekin edo nire historiarekin zerikusirik ez duela" esan du. "Nire liburutik gauza batzuk atera zituzten eta ni batere ez den pertsonaia bat sortu zuten." [15] 2020an, Rolling Stone aldizkariak Kaye bosgarren postuan sailkatu zuen garai guztietako 50 baxu-jotzaile handienen zerrendan. [16]

Kaye baptismoan hezi zen, baina judaismoa praktikatu zuen 1960ko hamarkadaren hasieran. [5] Hiru aldiz ezkondu da eta bi seme-alabe bizirik ditu. [5] [17]

Diskografia hautatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaye-k komertzialki kaleratutako ehunka grabazio eta soinu-bandetan jo du. Zerrenda honek grabatutako emanaldien zati txiki bat baino ez du adierazten. [18] [19]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k Riley, Phoebe. (April 16, 2016). «The Beach Girl Behind the Beach Boys» New York Magazine.
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Murphy, Bill. (August 10, 2012). «Forgotten Heroes: Carol Kaye» Premier Guitar.
  3. Berklee College of Music. (October 18, 2000). Berklee Welcomes Legendary Studio Bassist Carol Kaye. .
  4. a b c d e Biography. Carol Kaye (official website).
  5. a b c d e f g h i Hartman 2012.
  6. ISBN 978-1-60974-367-3..
  7. «Guitar Hits» Carol Kaye (official website).
  8. «FAMOUS ON THE WEB: This Working Mom Played Bass for the Best of Them» The New York Times June 7, 2000.
  9. a b c «Carol Kaye: my 10 greatest recordings of all time» Music Radar October 26, 2011.
  10. Hopper, Jessica. (February 18, 2010). «Ace of Bass: Carol Kaye» LA Weekly.
  11. a b Pinnock, Tom. (June 8, 2012). «The Making Of… The Beach Boys Good Vibrations» Uncut (Time Inc. UK).
  12. a b Steward & Garratt 1984.
  13. Richter, Alison. (December 7, 2015). «The First Lady: Carol Kaye» Bass Guitar Magazine.
  14. «6 Famous Musicians You've Never Heard Of» Tone Deaf May 21, 2014.
  15. «'Gilmore Girls' actress is unrecognizable in 'The Marvelous Mrs. Maisel'» TODAY.com.
  16. Bernstein, Jonathan. (July 1, 2020). «The 50 Greatest Bassists of All Time» Rolling Stone.
  17. «Top Album Picks» Billboard: 70. October 30, 1976.
  18. Carol Kaye : Credits. AllMusic.
  19. Bass Hits. Carol Kaye (official website).
  20. Ritchie Valens, Ritchie Valens in Come On. Let's Go, Del-Fi Records, CD liner notes

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]