Eli Gallastegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Eli Gallastegi
Bizitza
Jaiotza Bilbo1892ko uztailaren 20a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntza gaztelania
Heriotza Donibane Lohizune1974ko urtarrilaren 25a (81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
Jarduerak
Jarduerak politikaria eta kazetaria
Kidetza Euzko Mendigoxale Batza
Euzko Gaztedi
Izengoitia(k) Gudari
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Aberri (EAJ)
Jagi-Jagi (1932)

Elias "Eli" Gallastegi Uriarte[1], ezizenez Gudari (Bilbo, 1892ko uztailaren 20a - Donibane Lohizune, 1974ko urtarrilaren 25a) euskal herritar politikari abertzale eta jeltzale independentista bat izan zen.

Garai hartako politikari, idazle eta kazetari abertzale askoren antzera, Gallastegik bere artikuluak idazteko unean ezizen ugari erabili zituen bere bizitzan zehar, bere kazeta-artikulu asko sinatzeko: Arrantzale, Baltzuri, Errementari, Gudari (ezizen erabiliena), Nik, Peli Azkasibar, Javier de Urroz, Luki Ibañeta, Usune Irugara eta Zuriñe.

Inongo zalantzarik gabe, Eli Gallastegi XX. mendearen lehenbiziko erdialdeko eusko abertzaletasunaren eta bereziki euskal independentismoaren ideologo nabarmen eta garrantzitsuenetakoa izan zen. Maiz, XX. mendearen hasiera eta Frankismo garaiko bi belaunaldi ezberdinen arteko zubilana burutu izan zuela aipatu ohi da, belaunaldi berriei antzinako belaunaldien berri emanez, haien artean jazotako Espainiako Gerra Zibila bi belaunaldien arteko eten ikaragarria suposatu baitzuen, antzinako abertzale historikoen belaunaldiaren derrigorrezko erbesteratzeak sarritan haiek eta Hego Euskal Herrian jaiotako belaunaldi berrien arteko ezagutza eza suposatu baitzuen. Eli Gallastegik hein handi batean, Telesforo Monzónen antzera, bi belaunaldi horiek elkar ezagutu eta elkarlotzeko saiakera gauzatu zuen:

« Behin baino gehiagotan belaunaldi berrietako abertzale askok euren iraganari buruz ezer jakin nahi ez dutela ikusi dut, ezta egon ziren alderdi eta taldeei buruz ere, haien arteko liskarrei buruz mespretxuz mintzatzen dira, baita haien leloei buruez ere, azken hauek gaur egunerako zaharkituak eta desegokitzat jo ohi dituzte. Hau, halere, beste atzerriko gizon, antzinako mugimendu eta herrialdeei buruzko jakin-mina izateko ez da beraintzentzat eragozpena izaten.  »
Gallastegik Txillardegiri zuzendutako gutuna.[2]

Bestalde, Gallastegiren pentsamoldean, aurreko abertzaleek ez bezala, munduko beste herrialdeetako nazionalismo eta independentismoek eragin handia izan zuten: Kuba, Rif eta Indiako nazionalismoak, eta bereziki irlandar nazionalismoaren eragin handia jasan zuen, gehienbat Gallastegiren gaztaroan, 1916-1922 bitartean Irlandako Estatu Askearen independentziaren lorpenarekin Europako estaturik gabeko gainontzeko herrialdeentzat ispilu eta adibide arrakastatsua izan baitzen. Gainera, jatorrizko Sabin Aranaren pentsamoldeari beste pentsamolde berritzaile, ezkertiar edo aurrerakoiak gehitu zizkion, horien artean gizarte klaseen borroka eta langileen eskubideak topatu daitezkeelarik, honek EAJko alderdi kontserbadore, estatutista eta eskuindarrekin etengabeko eztabaidak izan eta azkenik alderdi hartatik alde egin eta Jagi-Jagi aldizkaria eta talde independentista sortzera derrigortu zuten arte[3]. Historialari batzuen iritziz, Espainiako Gerra Zibilak talde hura alderdi politiko izatea ezgaitu zuen. Askok Jagi-Jagi taldean gaur egungo Ezker Abertzalearen aurrekaria ikusi ohi dute, bai eta gerora gure garaian eusko abertzaletasunaren barnean orokorrean eman ohi diren ezker eta eskuin abertzaletasunaren arteko polarizazioaren jatorria ere[4].

Gainera, Eli Gallastegik bizi izan zen garaian bizituta ere abertzaletasunaren barnean eman izan diren talka eta gertakizun batzuk aurreikusi edo igartzeko gai ere izan zen, adibidez, batzuentzat Gallastegiren 1970ko honako esaldi honek gaur egun Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintzaren sorkuntza eta Ezker Abertzalearekin manifestapenetan izandako gertakarien deskribapen edo aurreiragarpen bat izan zen:

« Noizbait Espainiak Katalunia, Galizia... eta Euzkadiri ere autonomia handi bat emango die. Orduan, Unionistek, Espainiak armatutako euskal gudaroste erregular bat osatuko dute, eta harekin su eta odolez, gupidarik gabe, euskal matxinatu separatistak borrokatuko dituzte... Eta orduan, eurek, gure aberkideek! fusilatu egingo gaituzte... ez gara hau puztutzen ari.  »
Eli Gallastegi, 1970.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Gazte onek zarata atarako dau.  »
Kirikiñok Eli Gallastegiri buruz.[5]

1905. urte aldera Gallastegik Bilboko institutuan Merkataritza ikasten ari zen unean, bertako ikasle gazte guztietatik dozena erdiren bat besterik ez zen abertzalea izango. Gallastegik ziurtasun osoz hiru bakarrik oroitzen ditu, haiekin bere iritziak trukatu zitzakeelarik. Haietako bat Gregorio Errazti izan zen, gerora Euzko Mendigoxale Batza erakundeko presidentea eta Gallastegiren bizi guztiko adiskide eta lankide fidela. Guzti haiek espainiar nazionalismoaren eraginpean zegoen giroaz inguraturik bizi ziren. Gallastegiren hitzetan oso gazteak ginen hain itsaskorra zen guzti hura gainetik kendu eta ekintzara iragateko.

Institutuko ikasgaietako bat takigrafia zen. Behin batez, ikasleak oporretatik itzuli ondoren gaztelaniazko irakasleak takigrafiako etxeko lan bat erredaktatu eta irakasleak testua idatzi zuen ikaslea bere alboan zutik eta entzuten zegoela klase osoaren aurrean ahots ozenez irakurriz aurkeztuko zuen. Gallastegi gazteak aukera hura bere klasekidei jada berarentzat obsesio bat bilakatu zen arazoa aurkezteko baliatu zuen:

« Aurkeztu nuen lana, lehenbiziko aldiz Arturo Campiónen "Zuri eta Beltz" eleberrian irakurri eta hainbeste hunkitu ninduen eraztunaren istorio ankerra izan zen, honetan eszenatokian Martiniko, Balda maisua eta "Kuadrau" pertsonaiak indar handiz agertzen direlarik... Eta pertsonaia mutu gisa, metalaren antzeko hoztasun salatzailez, bere lagun euskaldunekin euskaraz mintzatu izanagatik zigor anker modura haur euskaldun gaixoak daraman eraztun zitala. Honela irakatsi nahi zitzaien haurrengan koldarkeria, salaketa eta espainieraren inposaketa eragiten zituen sistema barbaroa, nonbait baldin bada.

Maisua ahots normal eta apur bat monotonoaz eserleku batetik hainbat zuzenketa irakurriz zihoan. Ni bere alboan, zutik eta hunkiturik begira nengoen, isiltasun handiaren erdian eszena anker hura deskribatzen zihoan heinean. Irakurtzetik amaituta harriturik begiratu zidan, zalantzarik gabe ohiko ariketa errutinario hura errepasatuz zihoalarik gure herrialdearen dramaz ohartu baitzen (...) Txoko batean izututa gordetako "Martiniko" pertsonaiaren oroipen biziarekin nire mahaira itzuli nintzen, han bertan, Espainiak murder machine modura erabili ohi zuen heziketa sistema ikasle eta espainiar irakaslearen aurrean nabarmen utzi izanaren gozamenaz, gure hizkuntz eta nortasun nazionalaren makina hiltzailea.

 »
Eli Gallastegi.[6]

1907ko gertakizun hura jazo zen une hartan Eli Gallastegik hamabost urte zituen. Ondorengo urteetan zehar Gallastegik euskara ikasi, artikulu batzuk idazten hasi eta Euzko Gaztedi erakunde abertzalera afiliatu zen. Laster bere izaera eta gaitasunek erakunde hartako buruzagien arreta piztu eta Euskadi Buru Batzarreko bulegoetan, Luis Arana Goiriren alboan, postu bat eman zioten. Honek mugimendu abertzalearen barnealdea ongi ezagutzeko aukera ez ezik, Sabin Aranaren anaia ere ezagutzeko parada eskaini zion. Bere anaiaren heriotzaren ondoren Luis Aranak EAJ alderdiaren hasierako pentsamolde independentista mantentzen saiatua zen, 1908an alderdiko presidentea bilakatu zen, baina 1915eko abenduan aurkarien barne maniobra batzuen ondorioz alderditik kaleratua izan zen. mozkotea

Eli Gallastegirentzat bulegoko idazkari lanean jardundako urteak gerora buruzagi independentista garrantzitsua izateko trebakuntza denboraldia izan ziren. Garai hura eta Luis Aranarekin izandako hartu emana honako paragrafo hauetan deskribatzen du:

« Eguneko lanak bere karguan amaitzen genituen, hauei inongo atsedenik gabe bere denbora osoa eskeintzen zien, aldiz, hain lagunkoia zen bere sotiltasunez solastera hurbildu ohi zitzaidan. Zutik, Txakurraren kalera jotzen zuen lehioaren alboan, Abertzaletasunaren arazo eta proiektuei buruz gogo biziz mintzatzen zen, eta 1914ko Lehen Mundu Gerra aldarrikatu zen hasierako egun haietan. Nik hitz edo keinuren bakar bat bera galdu gabe entzun ohi nion, abertzaletasunaren aurrekariei buruzko galderak eginez; gizon zintzo, fedez betea eta begietan abertzale zirrara eta sentipenak islatzen zitzaizkion haren presentzian; gizon mozkote baina sendo, bizkar zabal eta pentsakera irmodun haren aurrean, jada segurtasun eta oreka sentsazio bat sentitu nuen.  »
Eli Gallastegi.[7]

Gallastegi ez zen oroitzen inoiz espainiar sentitu izana, jada gaztaroan independentista gisa ailegatu zen, beretzat izendapen hura nahiko eta sobera izan ohi zen, inongo beste apaindura edo izendapen gehitu gabe. Hortaz, Luis Aranaren idazkari gaztea, abertzale guztiak independentista zirelako ustea zuen militante independentista bat zen. Ez hori bakarrik, gainera abertzale guztiak beti eta amaiera arte independentistak zirelako ustea zuen. Jada, handik aurrera pentsamolde hura bizitza osoan lagun izan zuen.[8]

Autodidakta ona izanik, nazionalismoaren klasikoak irakurriz jarraitu zuen, halere beste pentsamolde eta asmo ezberdinetako idazleak ere irakurri zituen. Gandhi, Patrick Pearse, James Connolly, Augusto César Sandino, José Martí, Mercier kardinala edota Europa, Amerika eta Asiako edozein buruzagi independentistak bere gogoa eta irriki independentista elikatu zuten, bere heziketan eragina izan zuten gizon bikain askoren antzera bizitza osorako idealista utopiko bat izatera bultzarazi zutelarik. Nazionalismo erromantiko bat bizi izan zuen, honetan garaipena beti ziurtatua zegoen, berak esan ohi zuen bezala, norberak baitzuen jokoaren azken karta: bakoitzak norberaren pentsamoldeari fidel izanez jokatu izana.[8]

Bere militantziaren hasierako fase hura 1919an Euzko Gaztediko presidentea izendatu zutenean amaitu zen.[9]

Jarduera politikoaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an Francesc Cambó katalan politikariaren Euskal Herrirako bisita ospetsua jazoko da, eta bilbotar gazte-talde bat amorratu egingo da euskal nazionalismo "ofizialak" euren "Aberri" aldizkaria bahitu eta gero, Comunion Kataluniako Lliga Regionalista alderdirantz hurbiltzen hasten direnean. 1920an Gallastegi Bizkai Buru Batzarreko diruzain izendatuko dute, baina liskarrek oraindik badiraute, eta 1921ko uztailean Euzkadi Buru Batzarrak Bilboko Euzko Gaztediarekin hartu-emanak behin betiko hautsiko ditu. Horrela, "Aberri" aldizkaria Euzko Gaztediren kazeta organo gisa geldituko da; "Euzkadi" aldizkaria, aldiz, Comunión Nacionalista Vascaren bozeramailea izango da. Une hartatik aurrera, euskal abertzaletasuna edo nazionalismoa bitan bananduko da: alde batetik Elias Gallastegi, Luis Arana Goiri, Angel Zabala Ozamiz edota Manuel De La Sota "Txankaren" EAJ ("Aberri"), eta bestetik Comunión Nacionalista Vasca, Luis Eleizalde, Landeta eta "Kizkitzarekin"[10]. Halere, banatze hau ez zen oso nabaria izan gainontzeko euskal herrialdeetan eta ia ez zen batere nabaritu Gipuzkoan. Bizkaian, baina, Gallastegi eta "Aberri"ko bere jarraitzaileak sorkuntza politiko berri batean buru-belarri sartuko dira[11]. Zoritxarrez, sorkuntza hark etorkizun laburra izango zuen, zetorren diktatura zela eta.

1923. urteko Aberri egunkari abertzalearen azala.

1922an Emakume Abertzale Batza taldea sortzen zuen, irlandar "Cumann na mBan" erakundearen ereduari jarraiki, eta berak hainbeste miresten zuen Luis Arana Goiriren jarrera latz eta patriarkalarekin kontraesan garbian. Luis Arana Goiriren "Euzkeldun Batzokija"k Euzko Gaztediari bere elkartasuna agertuko dio. 1923an, Mendigoizale Batzaren lehendakari hautatuko dute Gallastegi, garai hartako euskal abertzaletasunaren motorra zena. Euskal nazionalismoaren sortzailearen tesiekin koherente izanik, jarrera antikolonialista irmoa mantenduko du Rifeko Gerraren aurrean, Abd el-Krim buruzagi riftarrarenganako elkartasuna erakutsiz, Sabin Aranak kubatar matxinoekin 1898an egin zuen bezala[12]. Horretarako tablaratuko du "Pedro Mari de Campión" antzezlana gerra absurdo horrekiko euskal jarreraren paradigma gisa, eta mobilizatuak eta euren familiak laguntzeko Laguntza Komitea martxan jarriko du.

Haren jarrera ez zen bat etorri besteenarekin, nahiz eta ulergarria izan, "Euzkadi" egunkarian beste abertzale batzuekin izandako eztabaidaren gaiarekin: 1923ko abuztuaren 23an Óscar Pérez Solísek eta komunista talde batek Bilboko Herriko Etxea gotorlekutzat hartu eta han euren burua babestu zuten[12]. Beste abertzaleek erakusten zuten "espainiar proletalgo gorri baten" aurkako susmo edo ikarari, Gallastegik "euskal kapitalismo gorri-horiarekiko" zuen konfiantza ezarekin erantzuten die. Urte hartako iraileko gertakizunek Bilboko hainbat lokalen itxiera ekarriko dute eta "Aberri" aldizkariaren desagertzea.

Estatu kolpea gertatu baino bi egun lehenago, Elias Gallastegi Kataluniako Diadan egona zen, Casanova kontseilaria omentzen eta Abd el Krim buruzagi matxinoaren alde topa egiten. Halere, Gallastegiren erbestealdia handik bi urtera hasiko zen, 1925eko maiatzaren 3an poliziak bere ezkongai agurreko bazkaria eten ostean, ospakizun hau ezkutuko ekitaldi politikotzat hartu baitzuten.

Abertzaletasunaren banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzko Gaztediko antzerki taldeko kideak 1923an herriz-herri Pedro Mari antzezlana taularatuz burutu zuten biran zehar. Hauen artean Eli Gallastegi eta handik gutxira bere emaztea izango zen Margari Miñaur gezi batez adierazita daudelarik.
« Euskadiren patuaren arrisku handiena, ez dago espainiar "proletalgo gorrian", Comunión Nacionalista Vasca alderdikoei errepikatzea gustatzen zaien bezala, aldiz bai "euskal kapitalismo gorri horian".  »
1923ko abuztuaren 23an Euzkadi egunkarian "Borroka eta Gizarte Mailak Euskal Herrian" eztabaidako Eli Gallastegiren gutun bidezko erantzuna Comunión Nacionalista Vasca alderdiko Engrazio Kizkitza Aranzadiri.

Emakume Abertzale Batza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Emakume Abertzale Batza»

1922ko martxoaren amaiera aldera, Aberri aldizkarian Bilboko Euzko Gaztedi erakundearen egoitzako aretoan ekitaldi abertzale bat burutuko zela argitaratu zen. Euskal Herrian 1916ko Irlandako Pazkoko Altxamenduko heroien omenez burutu zen lehenbiziko ekitaldia izan zen, bertara Euskal Herrira etorritako Sinn Féin irlandar alderdiko politikoko Ambrose Martin politikaria parte hartzera gonbidatu zutelarik. Irlandar politikaria hau Bilbo hirian apirilaren 1a eta 28 bitartean egon zen, data horien artean irlandarrak Euzko Gaztediko kideez gain Eusko Langileen Alkartasuna sindikatuko kideekin ere solastu zen, azken hauei Eusko Alderdi Laborista baten sorrera proposatu zielarik.[13]

Irlandar politikariak apirilaren 10ean Euzko Gaztediren egoitzako aretoan ikusle abertzale eta emakume talde baten aurrean hitzaldiak eman zituen. Egun hartako hitzaldia Eli Gallastegik aurkeztu eta zuzendu zuen, bertan irlandar emakumeen irlandar mugimendu errepublikarraren barneko gizarte eta politika jarduerak deskribatu ziren, irlandar emakume hauek talde bateko kideak zirelarik: Cumann na mBan edo Emakumeen Liga delakoa. Euskaldun askok euren antzekotzat jo ohi zuten irlandar nazionalismoaren barnean emakumeak burutu ohi zituzten jarduerak hitzaldi hartara bertaratu ziren emakumeen interes bizia piztu zuten. Gallastegik aurkera hartaz ongi ohartu eta antzeko euskal talde erakunde bat sortzea proposatu zuen[12]. Berrogeita hamar emakumek, guzti haien buru Karmele Errazti zutela, bat-batean sortutako ekimen hura aurrera eramatea erabaki zuten eta handik egun batzuetara Emakume Abertzale Batza taldea sortu zuten.[13]

Emakume Abertzale Batza erakundearen hedatze fase baten ondoren, 1923an eta Primo de Riveraren diktaduraren ondorioz etenaldi bat eman zen, halere Espainiako Bigarren Errepublikaren ezarpenarekin batera erakundeak bere jarduerei berrekin eta euskal gaztedian onarpen handienetakoa zuen erakunde abertzaleetako bat bilakatu zen.[14]

Bitxikeria gisa, garai hartako emakume abertzale asko ez ziren EAJ alderdian afiliatzen, bai ordea Emakume Abertzale Batza taldean, ondorioz 1930eko hamarkadaren hasieran Bizkaian EAJ alderdian afiliatutako emakume kopurua 276ko besterik ez zen, aldiz Emakume Abertzale Batzan afiliatutakoak milaka ziren.[14]

Lehenbiziko erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zumarragan bizi izan zen, hainbat aldiz kartzelatua izanik. Azkenik, hamabi urteko kartzelatzea eskatzen zion Gerra Kontseilu baten mehatxupean zegoela, lehenik Hendaiara joatea erabakitzen du, eta gero Donibane Lohizunera. Donibanen Euskal Independentziaren Aldeko Batzorde bat antolatu eta Francesc Macià eta beste hainbat katalanistekin harremanetan jarrita Herrialde Zanpatuen Liga bat sortzeko oinarriak ezarriko ditu.

Mexiko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1926an Patxo Belaustegigoitia industriari euskaldunak Mexikoko Torreón (Coahuila) udalerrian zuen kotoi-bulego bateko arduradun izateko eskaintza probestuko du. Urte hartako abenduan, Margarita Miñaur Mujika emaztea eta Iker semea Mexikorantz doaz. Herrialde honetan finkatu eta 1928tik aurrera "Patria Vasca" aldizkaria sortuko du, Amerikako eta mundu osoko euskaldunen iritziak argitaratzeko. Aldizkari horretan -"Aberrirekin" batera- hitz-jario sutsu, humanista eta solidarioa aurkituko dugu. Mexikar kazetan eginiko bere iritzi eta parte-hartzeek diktatura enbarazuan jarriko dute, honek bera kaleratzen saiatuko delarik, nahiz eta inoiz ez lortu.

Abertzaletasunaren berrelkartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931an euskal nazionalismoaren bi adarren berbateratzearen ostean (1930ko azaroaren 16a, Bergara), Gallastegi bere jarraitzaileen laguntzarekin Euskal Herrira itzultzen da. "EuzkoErin" izeneko merkatal enpresa euskal-irlandarra zuzenduko du. Espainiako Bigarren Errepublikan euskal mugimendu estatutista errespetatzen du nahiz eta honen helburuekin batere ados ez egon, bere ustetan euskal abertzaletasunarentzat sekulako arriskuak baitzekartzaten.

Aberri Eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1932ko Aberri Eguna»

1932ko martxoaren 27an lehendabiziko Aberri Egunaren kudeatzaileetako bat izango da, nahiz eta bere alderdi politikoarekin gero eta desadostasun handiagoak izan.

Jagi-Jagi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jagi-Jagi»

Batasunaren inguruko hasierako ikuspuntu kritiko batetik, estatutismoaren porrota, euskal nazionalismoa eta espainiar eskuin antierrepublikarraren arteko harremanak (Lizarrako Estatutuko bateratasun klausula) eta zalantzazko AVASC erakundearen sorrerak Gallastegi eta Jagi-Jagi taldeko jendea banaketara bultzarazi zituzten[15][16], azken hau Gallastegik zuzendutako mendigoizaleen kazeta organoa zen. 1933an Euskal Askatasunaren Alde (Orlegiak, 350 orr.) izenburupean argitaratutako bere kazeta artikuluen bilduma argitaratuko du.

Hurrengo urtean "Sólo JEL basta" liburuxkaren harira Jemeinekin izandako liskarraren ostean Gallastegi eta beste hogeita hamabi kideek Euzko Alderdi Jeltzalea behin betiko utziko dute.

Espetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gose greba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Larrinagako espetxe bedeinkatua, abertzaletasunaren propagandaren tribuna bikaina, handik sakrifizio idealistaren adibidea aldarrikatzen da.  »
1933ko udan argitaratutako Jagi-Jagi aldizkariko 46. zenbakiko editorial anonimoa.[17]

1931ko udan zehar Bilbo hirian abertzale eta alderdi errepublikar eta sozialisten arteko liskar eta kale borrokak jazo ziren, azken horiei Gallastegik bere idatzietan "gobernuaren elementuak" deitzen dien. Iraileko gau batez Bilboko Euzko Gaztediko lokalaren aurkako espainiar ezker taldeen erasoaldi saiakera, tiroketa bat eta espainiar ezkertiar baten heriotza jazo zen, Gallastegiren hitzetan "gobernuaren aldekoek kale eginez euretako bat hil zuten".[18]

Bigarren aldi batez, espainiar ezkertiar talde bat Euzko Gaztediko lokalera indarrez sartzen saiatu zen, 1919. urtetik egoitza hark jada gisa hartako taldeen hiru eraso jasan zituen, sarritan bertan zegoen bandera abertzalea kentzeko asmoz. Honako honetan eta une hartan lokalaren barnean zegoen Gallastegiren bertsioaren arabera, tiroketa bat egon eta haren ondoren barnean mantendu zien Euzko Gaztediko hamalau kideak atxilotuak izan ziren, horien artean Eli Gallastegi bera. Larrinagako espetxean preso sartu eta handik hiru egunetara epaileak aska zitzaten agindu zuen.[18] Halere, Bizkaiko Gobernu Zibilak epailearen autoa desobeditu eta presoak espetxean mantendu zituen. Gertakari hartaz Gallastegik honako hau esan zuen:

« Orduan izan zen Abertzaletasunaren lehenbiziko gose greba aldarrikatu zen unea, herriarengan harridura handia piztu zuen greba izan zen, gogo biziz erantzun zuelarik.  »
Eli Gallastegi.[18]

Atxilotutako abertzaleen artean gehiengoa hogei urte inguruko kide gazteak ziren, haien artean Gallastegi berrogei urterekin zaharrena zelarik. Denen artean gobernuaren injustiziaren aurkako muturreko protesta bat egiteko ideia gorpuztu zen. Bapatean erresistentzia estrategia berri baten entsegua egiteko ideia sortu zen: gose greba.

1931ko irailaren 16ko gauean Gallastegik euren erabakiari buruzko manifestu bat idatzi zuen, haren gogoan Irlandako Cork hiriko Terence MacSwineyren oroimena zetzalarik[19]:

« Espetxean sartzeko prest egotea (honek ez du esan nahi hortarako irrikia izatea) erbesteratzea, desjabetza, gizartean gaizki ikusia izatea, lanaren galera, baserritik kanporatzea, hondamendia, boikota eta heriotzara daraman aurreko urratsa da. Menperatuta baina leku gutxitan ez bezala ongi jan, jantzi, bizi eta negoziatzen den herrialde batean, Aberri Egunean manifestatu ziren 65.000 lagunei, zenbatek espetxean sartzeko gogoa prest edo gura luketeen galdetu beharko litzaieke. Gandhi, MacSwiney edota Martí imitatu beharreko adibideak dira. Haiek gabe, ez India, ez Irlanda, ezta Kuba ere, ez lukete esklaboak ez izateko eskubiderik bereganatu ahal izango.  »
Eli Gallastegi, 1933ko otsailaren 4ean argitaratutako Jagi-Jagi aldizkaria.[17]

Ez ezazue Idiakez ahaztu![aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzisko Idiakez Getariako 21 urtetako gazte abertzalea eta gaztelaniaz mintzatzeko ia gai ez zen euskaldun elebakarra zen[20][21], bere anaia erasotzera zihoan bizilagun bat hiltzea leporatu zioten. Epaimahaiak, hau ere euskaldun elebakarrez osatua, epaiketaren gaztelaniazko lege izendapenak eta epaialearen galderak ulertzeko zailtasun handiak izanik, Idiakez errudun deklaratu zuen. Ondorioz, Idiakezi 21 urte eta 6 hilabete eta 21 egunetako espetxe zigorra ezarri zitzaion. Gallastegi espetxean zegoela mota honetako kasuak ezagutu eta erabat harrituta gelditu ohi zen, honetan akusatuak gaztelaniaz mintzatzeko gai ez zenez, inongo babesik gabe eta euskaraz defendatzeko aukerarik gabe gelditu ohi zen. Hortaz, kasu hau ezagutu bezain laster, Idiakezen aldeko defentsa irmoa burutzea erabaki zuen.[22]

1933ko otsailaren 25eko Jagi-Jagi aldizkariaren 22. zenbakian kasu honen berri eman zen. Aldizkari abertzaleak epaiketaren sinbolismoa azpimarratu eta euskararen maginazioa eta ez ofizialitateak euskaldunei sortzen zizkien arazoak nabarmendu zituen. Honekin kasu honetako sententziaren aldeko berrirakurketaren aldeko elkartasun kanpainia bati ekin zitzaion, garai hartako hedabide abertzaleetan ohiartzun handia izan zuelarik. Ondorengo asteetako Jagi-Jagi astekariko orrialdeek Idiakezen kasuaren sugarra pizturik mantendu zuten, epaiketa nahiz epaimahaiaren inguruko datu eta xehetasunak argitaratuz, betiere giburu hau irakur zitekelarik: Ez ezazue Idiakez ahaztu![22]

Azkenik, Gipuzkoako EAJren kasuarekiko interesa piztu eta Getarian bertan ere elkartasun mugimendu herrikoi bat jazo zen, ondorioz kasuaren berrikuspen bat egin eta Idiakezen zigorra 8 urtetara jeitsi zen.[22]

Handik hilabete batzuetara Gallastegi eta Idiakez une labur batez espetxean topatu ziren. Gallastegik honela oroitzen du topaketa hura: Niretzat oraindik haur bat xalo, garbi... baten antzekoa zen. Maiz, Gallastegi erbestean zegoela bere buruari Idiakezen patuaz galdegin ohi zion. Bere izateaz ere jakin nahi izan zuen baina arrakastarik gabe. Azkenik Frantzisko Idiakez euskal presoaren biziaz ezer jakin gabe hil zen.[23]

Frantzisko Idiakez getariarra Espainiako Gerra Zibila hasi bezain laster aske utzi zuten. Euzko Gudarosteko Amaiur Batailoian gudari gisa borrokatu eta Santoñan preso egin zuten. Gerra amaitu ondoren Getariara itzuli, ezkondu eta hiru alaba izan zituen, arotz modura lan eginez. 1989ko martxoan 77 urte zituela hil zen.[23]

Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallastegik Espainiako Gerra Zibilan euskal eskuhartzearen erabateko aurkako jarrera agertuarazi zuen[24]. 1937ko ekainean Bilboko erorketa baino egun handik aterarazi egin zuen.

Bigarren erbestealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait hilabetez Frantziako Saint-Amand Montrond errefuxiatu gunean egon zen.

Irlanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren, Gallastegitarrak Irlandara ailegatu ziren. Beranduago Eli Gallastegik bere semeei oroitu zien moduan:

« Euzkaditik atera baino urte batzuk lehenago ez geunden Irlandak bizi zuen drama nazionala, ez eta bere ilusio garestiekiko hotz. Irlanda Ingalaterrarekin zuen lehiaren ondorioz estualdi ekonomikoan zegoenean, lagun batek irlandar produktuei merkatu berriak irekitzen laguntzeko eskatu zigun. Honela Bilbon enpresa berri bat eratu genuean, abertzalea zela ere esango nuke; gerra pzitu aurretik negozio hura finkatuz zihoan eta nonbait bizi behar zenez, Euzkaditik ateratzekotan, Irlanda hautatu genuean, aurretik honi gogoz, ekonomiaz eta adiskidetasunez lotuak baigeunden.  »
Elias Gallastegi[25]

Behin Irlandako Meath konderriko Gibbstown (gaur egungo irlanderazko izen ofiziala Ráth Cairn) herrian ezarrita, Gallastegik bizikleta fabrika bat sortzeko proiektuan lan egin zuen, bertan "gerraren ondorioz erbesteratutako hogeiren bat eibartar" enplegatzea pentsatua zuen. Nahiz eta proiektu honek porrot egin, irlandar nazionalisten laguntzarekin egur edo baso ustiapen bat martxan jartzea lortu zuten, Gallastegiren hitzetan "egurra komertzialki erabiltzeko zuhaitzak mozten hasi ginen", honi ganadutegi bat ere gehitu ziotelarik.[26]

Piskanaka-piskanaka euskal emigranteak bertako irlandarren artean integratzen hasiko dira. Gallastegi irlandera ikasten saiatuko da, bere semeek bertako ikastetxean ikasi eta mintzatuko dutelarik. Gallastegitarren etxeak Erresiñoleta izenaz zuen eta euskal museo txiki bat bilakatu zuten, bertara euskal kultura, historia, ohiturak eta hizkuntzari buruz ikasi edo jakinmina zuten irlandar ikasleak hurbiltzen zirelarik. Erresiñoleta III zen, jada izen hori zeraman Gallastegitarren atzerriko hirugarren etxebizitza baitzen, besteak Donibane Lohitzune eta Mexikoko Torreón hirikoak izan zirelarik.[26]

Lasterrera, Gallastegitarren etxea Espainiako Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerratik ihez egindakoen euskal-irlandar babeslekua bilakatu zen. Eli Gallastegik zioenez:

« Egun batez Cork hiritik irlandar poliziak deitu zuen. Bertara arrantzontzi batean alemaniar inbasiotik ihez etorritako hamaika lagun zetozen, hauek poliziari geure izena eman zietelarik.  »
Elias Gallastegi.[26]

Eli Gallastegiren antzinako adiskide batzuk ziren, hauekin batera errepublikar batzuk eta hegazkin pilotu komunista bat zetoztelarik. Irlandar poliziak euren datuak eta aterpelekuren bat ote zuten jakin nahi izan zuen. Gizon haietako bat Espainiako Bigarren Errepublika garaian Gipuzkoako Gobernadore Zibila izandakoaren semea zen, hain zuzen ere bere aita garai hartan Gallastegi Ondarretako espetxean preso izandako aldian bere Eliasen espetxezaina izana zen. Gizon hura Jose Antonio Castro zen, eta Gallastegitarren etxean bizitzen izan zen denboraldi osoan ez zuen gertakari hura Eli Gallastegiren ahotik inoiz jakin izan.[26]

Honela bada, etxebizitza hartan hamaika kide berriei ateak ireki eta denera bertan hogei lagun bizitzen zeuden. Egoera zeozer zaildu zen, baina apika-apika eta baldintzek uzten zuten einean, denek elkarlagundu eta bizirautea lortu zuten, honela ereun kontinenterako itzulera gero eta gehiago hurbilduz.[26]

Ipar Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1958an Ipar Euskal Herrira itzuli eta bere behin-behineko bizilekua Donibane Lohizunen kokatuko du. 1974ko urtarrilaren 25an zenduko delarik. Gaur egun bere hilobia udalerri hartako hilerrian dago, eta bere hilerrian euskaraz honako bi esaldi hauek irakur daitezke:

« Euzko Askatasunaren Alde.
Eman argia eta herriak bere bidea aurkituko du
Gallastegi'tar Eli.
"Gudari"
1975ko uztailaren 25a.[5]
 »

Esanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Behin baino gehiagotan belaunaldi berrietako abertzale askok euren iraganari buruz ezer jakin nahi ez dutela ikusi dut, ezta egon ziren alderdi eta taldeei buruz ere, haien arteko liskarrei buruz mespretxuz mintzatzen dira, baita haien leloei buruez ere, azken hauek gaur egunerako zaharkituak eta desegokitzat jo ohi dituzte. Hau, halere, beste atzerriko gizon, antzinako mugimendu eta herrialdei buruzko jakinmina izateko ez da beraintzentzat eragozpena izaten.
Gallastegik Txillardegiri zuzendutako gutuna.[2]

Gallastegiri buruz esandakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gazte onek zarata atarako dau. Kirikiñok Eli Gallastegiri buruz.[5]
  • Gallastegik aranismoaren atal aurrerakoienak nabarmentzea, garatzea eta gorpuztea jakin zuen. Bienbitartean bere aurkariek Sabin Aranaren ikuspuntu atzerakoiena ikustea besterik ez zuten jakin izan, eta modu honetan aranismoa eusko herriaren sentimendu sakonenaren adierazpen gisa landu zuten, gizarte zapalkuntzaren erreakzioa eta klerikalismo ilun absurduaren zerbitzura.
    Federiko Krutwigen aipamena Eli Gallastegiri buruz.[2]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1892 - Uztailaren 20ean Elias Gallastegi Uriarte Bilbon jaio zen. Gurasoak Santiago Gallastegi eta Gillermina Uriarte izan zituen, bost haurretatik anai nagusia izan zen, beste lauak neskak zirelarik.
  • 1916 - Euzko Deya aldizkaria lehenbiziko aldiz argitaratu zen. Euzkeltzale Bazkuna erakundearen aldizkari ofiziala zen, eta bertan Eli Gallastegi, Zeferino Jemein eta beste hainbat gazte abertzalek euren iritzi artikuluak idatzi ohi zituzten.
  • 1919 - Eli Gallastegi Euzko Gaztedi erakundeko presidente hautatua izan zen.
  • 1920 - Eli Gallastegi EAJ alderdiko Bizkai Buru Batzar organoko diruzaina izendatu zuten.
- Apirilean alde batetik Elizalde eta Kizkitza eta bestetik Gallastegi eta Egileorren arteko aranismoaren ortodoxiari buruzko interpretazioari berrekin zitzaion.
- Azaroan Eli Gallastegik Comunión Nacionalista Vasca alderdiaren jokabidearen aurkako memoriala idatzi zuen.
  • 1921 - Aberri (EAJ) alderdiko kideak eta Comunión Nacionalista Vasca alderdiko kideak den Kizkitzaren arteko gutun bidezko liskarra okertuz doa. Aberri egunkariak doktrinaren garbitasunaren aldeko kanpaina bati ekiten dio, honi hainbat erakunde abertzale eta Kondaño atxikitzen zaizkio. Gallastegik bi alderdien arteko jende aurreko eztabaida bat proposatu zuen, baina hau ez zen inoiz burutu izan.
  • 1922 - Campión-Etxabe antzerkigilearen Pedro Mari antzezlana estreinatu eta Manuel de la Sota eta Gallastegik sortutako antzerki konpainiak Euskal Herrian herriz-herriko bira bat egingo dute. Gallastegi eta obrako antzezle den Margarita Miñaur bikote bilakatuko dira.
- Aberri (EAJ) alderdiak Sukarrietan Sabin Arana omentzeko ekitaldia egin zuen. Gallastegik bertaratu ziren Aberriko 25.000 kideei hitzaldia eman zien. Han bildutakoen artean Euzkeldun Batzokija erakundeko Luis Arana zegoen. Handik gutxira Aberri alderdian sartu zen Luis.
  • 1923 - Abuztuan Gallastegi espainiar poliziek tirokatutako bilbotar komunisten alde idatzi zuen, bestalde eta horren harira Comunión Nacionalista Vasca alderdiko Euzkadi egunkariarekin gizarte klaseen arteko borrokari buruzko idatzizko eztabaida izan zuen.
- Irailean Primo de Riveraren diktadura gailendu, Aberri egunkaria itxiarazi eta bere zuzendaria espetxeratu egin zuten.
  • 1925 - Maiatzean Artxandan Eli Gallastegiren ezkondu aurreko agur bazkaria erabiliz ekitaldi politiko bat burutu zen. Bertara 500 abertzale joan eta Francesc Macià, Irmandades da Fala eta Rif eskualdeko independentisten elkartasun gutunak jaso eta irakurri ziren. Hitzaldian espainiar polizia bertaratu zen arte Luis Arana, Manu Egileor eta Gallastegi bera mintzatu ziren.
- Ekainean Elias Gallastegi Uriarte eta Margarita Miñaur Mujika ezkondu ziren, Gallastegiren lantokia zen Gipuzkoako Zumarraga udalerrian bizitzen jarri zirelarik.
- Urrian fiskaltzak Gallastegirentzako hamabi urteko espetxe zigorra eskatu eta senar-emazteak lehenbiziko aldiz Ipar Euskal Herrira ihes egitea erabakiko dute.
  • 1927 - Gallastegi familia Belaustegigoitia euskal enpresaburuaren lan eskaintza bati baiezkoa emanez Mexikoko Coahuila estatuko Torreón udalerrian bizitzen jarri zen.
  • 1928 - Eli Gallastegik Patria Vasca aldizkariaren lehenbiziko zenbakia argitaratu zuen.
  • 1930 - Azaroa. Bergarako biltzarrean Abertzaletasunaren berrelkartze prozesuaren amaiera jazo zen. Comunión Nacionalista Vasca alderdiak bere izena laga eta EAJan sartu zen. Bestalde, prozesu honetan zehar eta bere ondorio gisa Euzko Abertzale Ekintza alderdi berria sortu zen, hau abertzaletasunaren eszisio laikoa izan zelarik.

Biltzar honetan Gallastegiren falta berrelkarketa hura zuzendu zuten Manu Egileor eta Zeferino Jemein politikariek ordezkatu zuten.

  • 1931 - Eli Gallastegi Bilbora itzuli zen. Apirilaren 15ean Gallastegi buru duen bat-bateko manifestapen abertzale batek Bilboko kaleak zeharkatu eta udaletxean Ikurrina zintzilikatu zuen.
- Jose Antonio Agirrek Euskal Herriarentzako Sortarauaren aldeko udal mugimenduari ekin zion. Eusko Ikaskuntzak estatutu proiektu bat landu eta Lizarran opsatutako alkateen bilera batean onartu zen.
- Abertzale eta sozialisten arteko liskarra: Sozialistek Bilboko Euzko Gaztediren lokala erasotu eta hamalau kide abertzale atxilotu zituzten. Larrinagako espetxean abertzaletasunaren lehenbiziko greba burutu zen.
- Euskal patronalaren AVASC erakundearen inguruko eztabaida. Erakunde honen presidentea Jose Antonio Agirre zen, beste kide nabarmen batzuk: Marcelino Oreja, arrasatear enpresaburua, hainbat apaiza eta Luis Villalonga.
- Iraila. Jagi-Jagi aldizkariaren lehenbiziko alea argitaratu zen.

Gallastegiren idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere idazlan guztiak Por la libertad vasca izenpean argitaratu zituen. 4 liburukiez osatutako lana:

  • I. Liburukia, (En Plena Lucha. Euskadi esclava bajo el imperio de la España monárquica y dictatorial- 1914-1925);
  • II. Liburukia, (Durante el exilio. En tierra vasca, humillación. Libertad en el destierro. 1925-1931);
  • III. Liburukia, (Regreso al Hogar. Euskadi esclava bajo el mando de la españa republicana. 1931-1933);
  • IV. Liburukia (¡A la vista el primer centenario de la esclavitud!. 1933 hacia 1939. Hacia la Libertad).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b c Lorenzo 1992, Hitzaurrea 7. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  3.   de la Granja Sainz, José Luis (2008), Nacionalismo y II República en el País Vasco:estatutos de autonomía, partidos y elecciones : historia de Acción Nacionalista Vasca, 1930-1936, Siglo XXI, ISBN 8432313092, http://books.google.es/books?id=KXIbfxcBfJQC&pg=PR31&lpg=PR31&dq=Elias+Gallastegui&source=bl&ots=oY651fEvkR&sig=89G5WrwwR6-RDMcz2ladkQJKS6M&hl=en&sa=X&ei=iihjT8aaPIiy0QWP7oWjCA&ved=0CB4Q6AEwATgK#v=onepage&q=Elias%20Gallastegui&f=false .
  4.   Unzueta, Patxo (1982-3-30), «Disidentes del PNV crean el colectivo 'Euzkotarrak' para recuperar la pureza sabiniana», El País, http://elpais.com/diario/1982/03/30/espana/386287222_850215.html .
  5. a b c Lorenzo 1992, Hitzaurrea 11. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  6. Lorenzo 1992, Hitzaurrea 32. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  7. Lorenzo 1992, Hitzaurrea 33. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  8. a b Lorenzo 1992, Hitzaurrea 34. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  9. Lorenzo 1992, Hitzaurrea 33-34. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  10.   Beramendi, Justo G.; Máiz Suárez, Ramón; Aguilera de Pra, Cesáro R. (1991), Los Nacionalismos en la España de la II República, Siglo XXI, 104. orrialdea, ISBN 8432307106, http://books.google.es/books?id=G1dyGgwZuQkC&pg=PA104&lpg=PA104&dq=Elias+Gallastegui&source=bl&ots=ol62BQGmCe&sig=NJ37NyvLBl8IvHRwOqXRZU1LV0I&hl=en&sa=X&ei=iihjT8aaPIiy0QWP7oWjCA&ved=0CDEQ6AEwBDgK#v=onepage&q=Elias%20Gallastegui&f=false .
  11.   Zirakzadeh, Cyrus Ernesto (1991), A rebellious people: Basques, protests, and politics, University of Nevada Press, 132. orrialdea, ISBN 0874171733, http://books.google.es/books?id=OEeSgsl2XcEC&pg=PA132&lpg=PA132&dq=Elias+Gallastegui&source=bl&ots=MTxmTPlGwF&sig=uNLmlD9Sy20RPmN0VwFBYMzloI8&hl=en&sa=X&ei=diVjT4aqJeGg0QW6_qywCA&ved=0CGUQ6AEwCA#v=onepage&q=Elias%20Gallastegui&f=false .
  12. a b c   Auñamendi Eusko Entziklopedia, Elías Gallastegui Uriarte, http://www.euskomedia.org/aunamendi/55939 .
  13. a b Lorenzo 1992, Hitzaurrea 64. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  14. a b Lorenzo 1992, Hitzaurrea 66. orr. (Iker eta Lander Gallastegiren aipamena)
  15.   Ugarte, Javier (2006-10-09), «Dos estatutos cabales (1936-1979)», El País, http://elpais.com/diario/2006/10/09/paisvasco/1160422805_850215.html .
  16.   Sebastián García, Lorenzo (1995), "Euzkadi Mendigoixale Batza" Durante la Guerra Civil Española (1936-1939), Cuadernos de Sección. Historia-Geografía, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 339. orrialdea, ISSN 0212-6397, http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/vasconia/vas23/23335358.pdf .
  17. a b Lorenzo 1992, 197. orr.
  18. a b c Lorenzo 1992, 192. orr.
  19.   Ayestarán, José Antonio (1995-08-31), «Claves de un paralelismo», El País, http://elpais.com/diario/1995/08/31/opinion/809820006_850215.html .
  20. (Euskaraz)(Gaztelaniaz)  «Coacción armada intolerable contra los visitantes que hablaban en euskera con F. de Idiaquez», El Dia (Euskaraz.org), 1933-III-7, http://euskaraz.org/donostia/gorosti/testuak/00115.htm .
  21. (Euskaraz)(Gaztelaniaz)  «La enemiga a nuestro idioma. Del incidente en la cárcel de Ondarreta», Euzkadi (Euskaraz.org), 1933-III-8, http://www.euskaraz.org/donostia/gorosti/testuak/00117.htm .
  22. a b c Lorenzo 1992, 200. orr.
  23. a b Lorenzo 1992, 204. orr.
  24.   Aguilar Fernandez, Paloma (2000-02-29), «Nacionalismo, fratricidio y memoria», El País, http://elpais.com/diario/2000/02/29/opinion/951778806_850215.html .
  25. Lorenzo 1992, 241. orr.
  26. a b c d e Lorenzo 1992, 242. orr.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz)(Euskaraz) 

Lorenzo Espinosa, Jose Maria (1992), Gudari, una pasión útil: vida y obra de Eli Gallastegi (1892-1974), Orreaga Saila (1.a. argitaraldia), Tafalla: Txalaparta, 294. orrialdeak, ISBN 8486597455, http://books.google.es/books/about/Gudari_una_pasi%C3%B3n_%C3%BAtil.html?hl=es&id=qqgQFltPrpYC .

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eli Gallastegi Aldatu lotura Wikidatan