Euskal Herriarentzako Sortaraua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ikurrina izan zen Lizarran, 1931ko ekainaren 14an Euskal Herriarentzako Sortaraua onartu zuen batzarraren buru.[1]

Euskal Herriarentzako Sortaraua[2] —onartu zen lekuagatik Lizarrako estatutua eta aplikatzekoa zitzaion eremuarengatik Hego Euskal Herriko estatutua izenez ere ezaguna— 1930eko hamarkadan eta Espainiako Bigarren Errepublikaren barnean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lurraldeentzako autonomia-estatutuaren proiektua izan zen.[3]

1930 eta 1936 artean zenbait estatutu-proiektu egin zuten. Eusko Ikaskuntzak idatzitako zirriborroa oinarritzat hartuz[4], Lizarrako 1931ko ekainaren 14ren alkateen batzarrak, gehiengo karlista eta abertzaleak osatuak, proiektua onartu zuen, Espainiako Gorteek Konstituzioa onartu baino lehen. Proiektuak Eliza Katoliko Erromatarrarekiko harremanen aginpidea euskal gobernuarentzat gorde zuenez, Indalecio Prieto sozialistak Hego Euskal Herrian Gibraltar vaticanista ezarri nahi zutela esan zuen. Auzi hori eta beste batzuk gailentzeko, bigarren proiektu bat onartu zen, oraingoan Nafarroa bazter utzita: 1936ko Euskal Autonomia Estatutua, Gerra Zibilean onartua.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal estatutua lortzeko lehendabiziko pausoak 1917 eta 1919 bitartean eman ziren[5] eta, Primo de Riveraren diktadurapean ere (1923 - 1930), eman zituzten, baina Espainiako buruzagiek ez zuten erantzun ere egin[6]. Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu bezain laster, autonomia-estatutua eskuratzeko eskaria hasi zen. 582 udali galdetu ondoren, %83,30a alde agertu zen. Hori zela eta, alkate-batzorde iraunkorra aukeratu (Zangoza, Getxo, Azpeitia eta Laudiok osatuta), eta honek Eusko Ikaskuntzari eskatu zion proiektuaren zirriborroa idaztea.

1931ko Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak, berriz, 1931ko maiatzaren 13an aurreproiektu bi idaztea erabaki zuen: alde batetik, euskal-nafarra (lau lurraldeentzat) eta, bestetik, Nafarroa bakarrarena eta Nafarroako barne politikarako konstituzioa.[7]. Errioxako Ganbarak ere prozesuan parte hartzeko nahia azaldu zuen[6].

Eusko Ikaskuntzaren Batzordeak 1931ko maiatzaren 31n Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra izeneko txostena aurkeztu zuen[8][9]. Horren arabera, lau lurraldeak "espainiar estatuaren barruan estatu autonomo gisa" antolatuko ziren, eta Euzkadi izango zuten izena[10]. Espainiako Gobernuak kanpo harremanetan, komunikazioetan, moneta, penal eta merkataritza-zuzenbideetan, Eliza-Estatu harremanetan, Espainia mailako hauteskundetan eta armadan aginpideak izango zituen. Euzko Jaurlaritzak, berriz, bere mugen barne beste gaietan edukiko zituen, tartean polizia eta euskal armada (Euzko Gudarostea).

EAJk ekainaren 7an proiektua ontzat eman zuen, oztoporik oztopo, Elizarekiko harremanak Gobernua espainiarraren eskuetan uztea gogoko ez zuelako. Sozialistek, errepublikazalek eta karlistek ere onartzen zuten, bakoitzak bere kontrako arrazoiak zituena. Guztira, lau lurraldeetako 520 udaletik 480 aldekoak izan ziren

Iruñean ekainaren 14an udalen batzar orokorrera deitu zuten proiektua eztabaidatzeko. Hala ere, bertan oraindik EAJ kidea ez zuen Koalizio Katoliko-Foruzalearen mitina antolatuta zegoenez, Lizarran egitea erabaki zuten[7][11]. Batzarrean puntuz puntu eztabaidatu zuten proiektua eta 427 udalek onartu zuten aldaketa bakar nagusi eginez: Euskal Estatua eta Aulki Santuaren arteko harremanetan autonomia bermatzen zuen, Vaticano Hiriarekin konkordatua negoziatzeko gaitasuna izanik. Honek Lizarrako zuzenketa izan zuen izena. Bertan zeuden 220 nafar udaletatik 200k egin zuten alde (hau da, biztanleriaren %89,93a)[1]. Batzarrean izandako jarrera zela eta, Koalizio Katoliko-Foruzaleak EAJrekin bat egitea negoziatu eta onartu zuen. Batzar hori zela eta, proiektua Lizarrako estatutu bilakatu zen.

Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak ekainaren 15ean aipatutako hiru txosten argitaratu eta Eusko Ikaskuntzaren testua berridatzi zuen. Lau lurraldeetako proiektuaren hitzaurrean estatutu bakarraren alde egin zuen «Euskal Herriarentzako Sortarauak abantailak baino ez ekarriko dituelako"[7]. Uztailaren 13an Nafarroako Foru Aldundiaren Batzorde kudeatzaileak Lizarrako Batzarra ahaztu eta Iruñean udal batzar berria antolatu zuen. Testuak arreta handiagoz aztertzeko, ez zuten bozkatu, eta bost merindadeetan batzarrak egiten hasi ziren. Denek estatutu bakarraren alde egin eta 1931ko abuztuaren 10ean aukera guztiak bozkatu zituzten[7]:

Nafarroako Udal Batzordea (1931ko abuztuaren 10a)
Alde Udalak Boto  %
Euskal Herriarentzako Sortaraua 200 314.740 89,83
Estatuturik ez 15 30.290 8,64
Nafarroako estatutua 3 2.802 0,80
Eskualdeko autonomia 2 2.561 0,63
Guztira 220 350.393 100,00

Lizarrako zuzenketa onartzea arratsaldean bozkatu eta biztanleriaren %59,2ak onartu zuen[7]. Irailaren 22an 420 alkate-ordezkariak (horietatik 156 nafarrak[7]) Madrilera joan zen Niceto Alcalá Zamora behin-behineko gobernuaren presidenteari proiektua ematera. Irailaren 25 eta 26an Madrilgo gorteen batzordeak eztabaidatu eta Eliza-Estatuaren harremanei buruzko artikulua konstituzioaren kontrakotzat hartu eta guztiz errefusatu zuen proiektua.

Abenduaren 9an Errepublikaren Konstituzioa onartu eta honek Estatu espainiarraren izaera laikoa finkatzeaz gain, Aulki Santuarekiko harremanak Espainiako Gobernuarentzat erreserbatzen zituen. Eliza eta Estatua bereizi, Espainiatik bestaldeko autoritatearekiko mendetasun-botoa zuten ordena erlijiosoak (hau da, Jesusen Konpainia) legez kanpo utzi eta ordena erlijiosoei heziketan aritzea debekatu zuen. Lehendabiziko proiektuaren atzera botatzeak nolabait autonomia grina berpiztu eta, Konstituzio berriaren arabera, prozesua bultzatu behar zuten lau foru aldundiek Bilbon abenduaren 15an bildu eta Konstituzioarekin bat zetorren proiektua idazteko Batzar Kudeatzaile aukeratu zuten. Batzarrak 1932ko ekainean bukatu zuen bere lana. Proiektua berriak ez zuen Euskal Estatuaz hitz egiten baizik eta estatu espainiarren barnean izango zen unitate autonomo politiko-administratiboaz eta erakunde berriak gaztelaniaz País Vasconavarro eta euskaraz Euzkadi izango litzateke izena. Legearen arabera, lurralde bakoitzak bere kabuz udalen batzarra sortu eta honek elkarrekin edo bakarrik autonomia izatea erabaki behar izan zuen.

Proiektu berria ez zen guztiz karlisten gustukoa, eta bere buruzagiek jarraitzaileei boto askapena eman zien. Karlista askok foruen kontrakotzat bazuten ere, EAJk benetako foruak antzinako borondatean baino "gaur egunean bizi zirenean" zeudela erantzun zien.

1932ko urtarrilaren 31n nafar udalen batzarra egin eta hauek alde bozkatu zuten. Hala eta guztiz ere, Comunión Tradicionalistak kideei boto askapena eman eta Emilio Azarolak zuzendutako nafar-ezkerraren zati batek kontra egin zuen. 229 udaletatik 69k egin zuten kontra eta gainera Azarolak Nafarroako udalen eta, behin betiko bozketan, boz-emaileen bi herenak onartu behar zutela zioen zuzenketa ezartzea lortu zuen. Hona hemen emaitzak[7][12]:

Nafarroako Udal Batzordea (1932ko urtarrilaren 31a)
Alde Udalak Boto  %
Euskal Herriarentzako Sortaraua 160 209.479 64,46
Estatuturik ez 21 66.553 20,48
Nafarroako estatutua 36 28.891 8,89
Eskualdeko autonomia 12 20.044 6,17
Guztira 229 324.967 100,00

Aurreproiektu berria apirilaren 21ean argitaratu eta bozketa hasieran maiatzaren 22rako prest bazegoen ere, azkenean ekainaren 19an egin zuten.

Bitartean auziak eta eztabaidak Nafarroako alderdi guztietan izan ziren nagusi[7]:

Azkenean 1932ko ekainaren 19an Batzarra Orokorra egin eta hona hemen emaitzak[7]:

Batzar Orokorra (1932ko ekainaren 19a)
Lurraldea Udalak Biztanleak  %
Alde
Nafarroa 109 135.582 38,72
Araba 51 89.956 88,97
Gipuzkoa 84 281.827 95,13
Bizkaia 110 435.345 94,19
Guztira 354 942.710 79,25
Kontra
Nafarroa 123 185.666 53,04
Araba 11 3.496 3,46
Gipuzkoa 2 5.708 1,93
Bizkaia 1 1.066 0,23
Guztira 137 195.936 14,67
Abstentzioak
Nafarroa 35 28.856 8,24
Araba 15 7.647 7,57
Gipuzkoa 3 8.734 2,94
Bizkaia 6 25.800 5,48
Guztira 137 71.037 6,08

Ikusten denez, Nafarroako zenbakiak ez ziren zuzenketak eskatutako bi herenetik gertu ezta gehiengo soiletik ere. 1977an Jimeno Juríok, "Navarra jamás dijo no al estatuto vasco" bere liburuan, bortxaketa zela eta ordezkarien boto asko udalen mandatuaren aurkakoak zirela egiaztatu zuen. Honek salaketa asko sortu zituen baina ez zituzten kontuan hartu. Dena dela, 1931 eta 1932ko bozketen arteko aldea bortxakeria[13] ez ezik beste eragileak ere izan zituen kausak: karlistei auzi erlijiosoa kenduta ez zaie hainbeste interesatzen, ezker eta eskuindar alderdien barneko banaketa (Erriberan asko izan ziren estatutaren kontrakoak), 1932ko proiektua 1931ekoa baino zentralistagoa izatea, eta abar.

Harrezkero, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Eusko Abertzale Ekintzak jarraitu zuten Euskal Herriarentzako Sortarauaren alde, Nafarroan zenbait ezkertiar alderdiekin batera ("Acción Autonomista" izeneko koalizioa sortiu zutenak). Bere buruzagietako bat zen Mariano Ansónen esanetan estatutua Nafarroa "erreakzioaren barrutia" ez izateko beharrezkoa zen[14].

Nafarroa kenduta, gainontzeko hiru lurraldeek proiektua martxan ipini eta 1936ko Euskal Autonomia Estatutua lortu zuten, jadanik Gerra Zibilean onartua.

Laugarren idazpurua, 15. art.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Euskal Estatuak legeak egiteko, administratzeko eta epaitzeko eskumena du; eta bere lege eta dekretuak eta bere auzitegi eta epaitegien dekretu eta erabakiak ondorengo gai hauetan ezar daitezke: Euskal Herriaren konstizuzio eta erregimen autonomikoa (...); Justiziaren antolamendu eta administrazioa (...); zerga eta ekonomi erregimena (...); Euskal Herriko bizimodu eta politika ekonomikoa; segurtasun publikoa eta defentsa, polizia, armada eta itsas gudarostea barne hartzen dituela (...); osasungintza eta higienea (...); irakaskuntza, maila eta espezialitate guztietan (...); gizarte eta lan legeria (...) gutxienez langileriak lortu eta Espainiako legeriak berretsitakotik abiatuta (...); ongintza (...); herrilanak (...); barruko komunikazioak (..); legeria zibila, hipotekarioa, prozesala et notariala: [[Elizaren eta Euskal Estatuaren arteko harremana, Euskal Estatuak Aulki Santuarekin Konkordatua negoziatuko duelarik".

Zenbait autore: Historia general de la Guerra Civil en Euzkadi. Donostia, Haranburu, 1979, 64. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]