Denbora mamuaren hipotesia
Denbora mamuaren hipotesia Heribert Illigek proposatutako konspirazio-teoria bat da.
1991an argitaratutako hipotesi honen arabera Oton III.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa, Silbestre II.a aitasantua eta agian Konstantino VII.a bizantziar enperadoreak Anno Dominia eraldatu eta erretrospektiboki faltsifikatu zuten euren erregealdea 1000. urtean jarrita, historia osoa berridatiz, Ottoren Germaniako Erromatar Inperio Santuaren legitimitatea aldarrikatzeko. Illigen arabera ebidentzia fisikoa dokumentuak eraldatuz, gaizki interpretatuz eta berridatziz egin zen. Bere pentsamenduaren arabera Karolingiar garaia, Karlaundi barne, asmakizun hutsa izan zen, 297 urteko "denbora mamu" bat eginez 614. urtetik 911ra. Proposamen honek ez du Erdi Aroko ikerlarien babesik.
Bere argudio nagusiak 614-911 urteen arteko arkeologia aztarnategi urriak dira, erradiometria eta dendrokronologiaren arteko ustezko diskordantziak, eta garai horretako Erdi Aroko idazkien elkar-dependentzia dira. Era berean Erromanikoa hain berandurarte hedatu izanak Antzinako Erromako kultura gertuago egoteak esan nahiko zuen. Era berean Juliar egutegia eta Gregoriar egutegiaren arteko diskrepantzia behar baino txikiagoa izatea aipatzen du, Gregorio III.a aitasantuak egun erreal eta egutegikoaren arteko diskrepantzia 13 egun beharrean (kalkulu matematikotik datozenak) hamar egun baino ez zituelako aldatu (konkretuki, 1582ko urriaren 4tik 1582ko urriaren 15era zuzenean aldatu baitzen).
Hala ere datu hauek ez datoz bat astronomiak egindako antzinako eguzki eklipseen errelatoekin, 600. urtea baino lehenagoko Europako iturriak baitaude. Errelato batean Plinio Zaharrak honakoa dio 59. urtean gertatu zen eklipseari buruz: "Eguzkiaren eklipsea, Maiatzako Kalendaren aurretik gertatu zena, Vipsano eta Fonteio Kontsulak zirenean, (eta ez dira urte asko pasa hori gertatu zenetik) Campanian ikusi ahal izan zen egun hartako 7 eta 8 ordu artean"; eta Fotioren Filosturgioren historia galduaren epitomean ere adierazi zuena: "Teodosio gaztetasun urteetan sartu zenean, uztailaren 19an, eguerdia eta pixka bat beranduago, eguzkia guztiz eklipsatua izan zen eta izarrak agertu ziren", 418. urtea zen. Bi data hauetan eklipse konfirmatuak daude. Gainera Tang Dinastiak Txinan, Halley kometa deskribatu zuen, inongo denbora gehigarririk edo ezabaturik detektatu gabe.
Dendrokronologiak, gainera, ez du bere teoria berresten.
Gregoriar egutegia, gainera, ez zen Juliar egutegiarekin batu bere sorrera kontuan izanda, K. a. 45. urtean, baizik eta Nizeako kontzilioaren datarekin, 325. urtean. Nizean ezarri zen Pazko Igandea kalkulatzeko metodoa, udaberriko ekinozioa martxoaren 21ean ezarrita. 1582ean udaberriko ekinozioa martxoaren 10ean gertatu zen, baina Pazko Igandea martxoaren 21ean izan zen. K. a. 45ean udaberriko ekinozioa martxoaren 23an izan zen. Beraz "falta diren hiru mendu horiek" K. a. 45etik 325. urtera doazenak izango lirateke.
Era berean Karlaundi asmakizuna izango balitz garai berdineko historia asmatu beharko litzateke beste herrialdetan, Ingalaterra anglo-saxoian, Aitasantuen eta Bizantziar Inperioan, adibidez. Garai horretan ere jaio zen Mahoma, eta Islamaren espantsioa eman zen Erromatar Inperioarenak ziren lurretan, Bisigodoen Erresuma barne (gaur egungo Espainian). Tang Dinastia eta Islamaren arteko harremana ere asmatua izango litzateke, adibidez Talaseko gudua.