Edmund Leach

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Sir Edmund Ronald Leach (Sidmouth, Ingalaterra, 1910 - Cambridge, Ingalaterra, 1989) britainiar antropologoa izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingeniaritza ikasi zuen, eta Bronislaw Malinowskiren eta Alfred Reginald Radcliffe-Brownen ikasle izan zen. Cambridgeko King's Collegeko ikerketa-zuzendari izan zen, eta Stanfordeko Center for Advanced Studies in Behavioral Sciences erakundeko kide.

Ezaguna izan zen bere lan etnografikoengatik, eta Birmaniako katxiei buruzko lanengatik. Ortodoxiei, funtzionalismoari edo estrukturalismoari, batez ere, aurre egin zien beti.

Bi lanek eta artikulu-bilduma batek biltzen dituzte Leachen metodoaren oinarriak. Birmaniako goi lurretako sistema politikoak. Katxien gizarte-egituren analisia (1954) lanean, Leachek Radcliffe-Brown antropologoaren funtzionalismoa kritikatu zuen.

Bestalde, gizartearen egituraren eta kultura-aldaketaren teoria zalantzan jarri zituen.

Pul Eliya. A Village in Ceylan. A Study of Land Tenure and Kinship (1961) lanean, berriz, ahaidetasun-egitura sistema ideal gisa eman zuen, eta gizarte-jokaerak egokitzapen ekologikoko fenomenoaren bidez azaldu zituen; hortaz, antropologia estrukturalaren erabat kontrakoa zen haren pentsamendua. Critique de l'anthropologie (1961) artikulu-bilduman, bide taxonomikoaren mugak azaldu zituen. Nolanahi dela ere, eredu formalekiko zuen interesak, ahaidetasunaren terminologietara egokitutako ereduekikoak, batez ere, Lévi-Straussen estrukturalismora hurbiltzen dute.

Leachek, bestalde, etengabe jarri zituen zalantzan ahaidetasunaren, ezkontzaren edo errituen alorrean antropologiak, oro har, onartzen dituen oinarriak. Eragin handia izan du gaur egungo antropologian.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]