Elhuyar anaiak
Elhuyar anaiak Juan Jose eta Fausto Elhuyar Zubize anaiak izan ziren. Ezagunak dira munduan lehen aldiz wolframa bakartzea lortu zutelako, 1783an, Bergarako Mintegian Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen baitan.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biak Logroñon jaio ziren, Juan Jose Elhuyar 1754ko ekainaren 15ean eta Fausto 1755eko urriaren 11n. Gazteak zirenean, 1772an, hasi ziren kimika eta mineralogia ikasketak egiten Parisen Hilaire-Marin Rouellekin, han zientzialari handien lanak ikusteko aukera izan zuten. Handik Freiberg, Abraham Wernerrekin ikasteko, eta Uppsalara joan ziren beren ikasketak jarraitzeko.
1781ean banandu ziren, Juan Jose Suediara joan baitzen eta Fausto, aldiz, Bergarara itzuli, hango mineralogia mintegiaren kargu egitera. 1785. urtean utzi zuen kargua, ikasleen interes murritzagatik. Bitartean, 1783an, bi anaiek wolframa bakartu zuten.
1786an Fausto Espainia Berriko Meatzaritza Zentroaren zuzendari nagusi izendatu zuten, eta bere lehen ahaleginak Mexikon, Bornen amalgamatze prozesuaren eraginkortasuna neurtzera bideratu zituen.
Faustoren lorpen handienetarikoa Espainia Berriko Meatzaritza Errege Mintegia sortzea izan zen 1792an, Freibergeko Meatzaritza Eskolako antolakuntza ereduan hartuta. 1833ko otsailaren 6an hil zen Madrilen.
Joan Jose Granada Berriko (orain, Kolonbia) meatzetan lan egitera joan zen eta Mutis-en espedizio botanikoan parte hartzeko aukera izan zuen bertan lanean ari zela. Bogotan hil zen, 1796ko irailaren 20an.
Elhuyar-Zubize anaien abizenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biografia batzuetan Elhuyar y de Zubice esaten dute, beste batzuetan Elhuyar y de Subisa, beste batzuetan Delhuyar-Zubice. 1954. urtean argitaratu zuen "Los Apellidos de los hermanos Elhuyar" artikuluan Salvador Sáenz Cenzanok honako hau idatzi zuen (berak gaztelaniaz, hemen euskaratua):
« | Juan Jose eta Faustok desberdin idatzi zuten beren abizenak 1783 urteaz geroztik. Juan Jose Delhuyar abizenarekin aurkezten zen; Faustok, berriz, De Elhuyar idazten zuen abizena... Abizen bakarra erabiltzea artikulu hau idazteko hoberena izango delakoan, De Elhuyar abizena aukeratu dut espainiar hizkuntzan hobeto dagoelako idatzita (Delhuyar izenak frantses itxura du), famatuago egin den anaiak horrela aukeratu duelako eta tungstenoaren aurkikuntza erakusteko argitaratu zuten liburuaren lehenengo orrialdean anaia bien abizenak horrela idatzita daudelako. | » |
Hala ere, haien aita Juan Hazparneko semea izanda, bataiatzean Delhuyar abizenarekin aurkeztu zenez, bataiatze aktan Delhuyar abizena egokitu zitzaien anaia biei.
Sáenz Cenzanok segitzen du bere artikuluan:
« | Bigarren abizenarekin ere beste eztabaida bat agertzen da. Lubice abizena aipatzen da bataiatze aktan eta horrek ez du zerikusirik hainbat idazlek idatzi dituzten Zubice edo Subice abizenekin... Hartu berri dudan Bernardo J. Caicedo, Juan Joseren hereniloba Bogotan bizi denen eskutitz batean, esaten da Lubice abizena idatzi izan dela betidanik sendiko artxiboetan... | » |
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aranberri Mendizabal, Luis Alberto (Amatiño). 1997/11/01. Elhuyar aldizkaria. Elhuyar anaiak. https://zientzia.eus/artikuluak/elhuyar-anaiak/ [ikusia: 2020-06-15]
- (Gaztelaniaz) Enciclonet
- (Ingelesez) Minas.upm.es[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Etxebeste Aduriz, Egoitz. 2013/09/01. "Elhuyar anaiak, espioi baino zientzialari hobeak". Elhuyar zientzia. https://aldizkaria.elhuyar.eus/istorioak/elhuyar-anaiak-espioi-baino-zientzialari-hobeak/ [ikusia: 2020-06-15]