Edukira joan

Elizabeth Gould Bell

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elizabeth Gould Bell

Bizitza
JaiotzaNewry1862ko abenduaren 24a
Herrialdea Irlandako Errepublika
 Erresuma Batua
HeriotzaBelfast1934ko uztailaren 9a (71 urte)
Hezkuntza
HeziketaBelfasteko Queen's unibertsitatea
Royal University of Ireland (en) Itzuli 1893)
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmedikua, sufragista eta sufragettea
KidetzaUlster Medical Society (en) Itzuli

Elizabeth Gould Bell (Newry, 1862ko abenduaren 24a - Belfast, 1934ko uztailaren 9a) Ipar Irlandako lehen emakume medikuetako bat izan zen. Emakumeen boto-eskubidearen aldeko aktibista zen, eta Royal Army Medical Corps-ekin Maltan mediku gisa jardun zuen lehen emakumeetako bat.[1]

Gaztaroa eta familia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizabeth Gould Bell Newryn jaio zen (Armagh konderria, Irlanda), 1862ko abenduaren 24an. Aita, Joseph Bell de Killeavy Castle, bulegoko enplegatua zen, eta ama, Margaret Smith Bell, Newrytik hurbil zegoen Carnegaten bizi zen nekazari-familia batekoa zen. Bost anai-arreba ziren.[1]

Lieutenant Hugh (Hugo) Bell Fisher
Hugo Bell Fisher (1897-1917), Elizabeth Goulden semea, Passchendaeleko guduaren ondoren hila.

Margaret Bell, Elizabeth Gould Bellen bi ahizpetako bat, familiako medikua zen Manchesterren. Bi ahizpak izan ziren Irlandan medikuntza-diploma lortu zuten lehen emakumeak.[2]

Elizabeth Gould Bell Belfasteko Fitzroy eliza presbiteriarrean ezkondu zen (1896)

1896an, Elizabeth Gould Bell Hugo Fisher familiako medikuarekin ezkondu zen, Belfasteko Fitzroy eliza presbiteriarrean.[1] Senarra sukar tifoidearen ondorioz hil zen 1911n, eta Elizabeth Gould Bell alargun geratu zen, seme batekin: Hugh Bell Fisher (Belfast, 1897ko apirilaren 5a) . Medikuntza ikasi zuen Belfasteko Queen's Unibertsitatean, amaren alma materra.[3] Royal Munster Fusiliers taldeko bigarren batailoiko kidea zen, teniente mailarekin, eta 1917ko azaroaren 23an hil zen Belgikako ospitale batean, Passchendaeleko batailan izandako zaurien ondorioz.[1]

Elizabeth Gouldek Belfasteko Queen's Unibertsitatean ikasi zuen. 1889an, urtebeteko ikasketak amaitu zituen Queen's College-ko Arte Fakultatean.[3]

Urte berean, Margaret Smith Bell ahizparekin eta Harriette Rosetta Neilekin batera, ikasketak Medikuntza Fakultatean jarraitzeko eskatu zuten. Hori dela eta, Queen's College-ko Medikuntza Fakultateko lehen bost emakume ikasleetatik hiru ziren.[4] Elisabeth Gould Bellek, beste bost emakumerekin batera, Belfast Royal Ospitalean (Frederick Streeten) jarraitu zuen prestatzen, 1893an graduatu zen arte. Ospitale horietako langileak ez ziren emakume ikasle horiek medikuntzan egotearen aurka agertu. Elizabeth Gould Bellek eta Henrietta Rosetta Neillek bakarrik lortu zuten azkenean unibertsitate-titulua; gainerako ikasleak lizentzia-erakundeen diplometara mugatu ziren. 1893aren amaieran, bere izena Irlandako direktorio medikoan agertu zen, eta Ulster Medical Societyko kide bihurtu zen, zeinak gaur egun jardunean jarraitzen baitu.[2]

Jardun medikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Semea jaio aurreko urteetan, Elizabeth Gould Bellek A Curious Conditions of Placenta and Membranes idatzi eta argitaratu zuen 1895-1896ko British Medical Association delakoaren Ipar Irlandako sekzioaren urteko txostenean.[1]

Royal Army Medical Corps-eko jarduera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1916an, Royal Army Medical Corps-ek (RAMC) emakume medikuak errekrutatzeko egindako deialdiari erantzun zion. Bera izan zen talde horrekin bat egin zuen lehen emakumeetako bat. Armadan lanaldi osoan lan egiten zuten emakume medikuak zirujau zibil gisa sailkatuta zeuden, RAMCri lotuak. Gizonezko lankideek egiten zuten lan berbera egiten zuten, ez zuten ez gradu ez estatus militarrik, baina soldata bera jasotzen zuten, errazio berberak, desplazamenduko kalte-ordain berberak eta Royal Army Medical Corps-eko aldi baterako ofizialen eskersari berberak.[5]

1916ko abuztuaren 2an, Elizabeth Gould Bell Malta uhartera joan zen ontziz, Emakumeen Unitate Medikoarekin lan egitera St. Andrew ospitale militarrean.[5] Une hartan, Maltan zerbitzua ematen zuten medikuak arduratzen ziren potentzia aliatuen kanpainen ondorioz Turkiako penintsulan zauritutako soldadu britainiar, frantses, australiar eta Zeelanda Berrikoez, batez ere.[6]

Familiako mediku jarduerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917ko uztailaren 27an, Elizabeth Gould Bell Belfastera itzuli zen familiako mediku orokor gisa lan egitera.[5] Mediku zen Women's Maternity Home-n, Belfast Babies Home-n eta Grove prestakuntza-eskolan, Belfasten. Batez ere emakumeez eta haurrez arduratzen zen. Halaber, mediku-burua zen Malone Palace ospitalean, Belfasteko prostitutez, etxe-gabeez eta atzerritarrez arduratzen den ongintzako erakundea. 1919ko otsailean, Elizabeth Gould Bell mediku higienista bihurtu zen Queen's Unibertsitatean.[2]

1919ko otsailean mediku izendatu zuten Riddel Hall-en, Eliza Riddelek (1831-1924) eta Isabella Riddelek (1836-1918) fundatu eta hornitua.[2]

Elizabeth Gould Bell, ahalber, Slainte gaixotasun-aseguruaren aholkulari medikoa zen. Diakono presbiterianoen etxeko ikasleei irakasten zien, eta Ulster Women's Christian Temperance Association-i lagundu zion.[2]

Ibilbide profesionalaren amaieran, 1922tik 1926ra, Belfast Corporation's Babies' Club Welfare Scheme proiektuan parte hartu zuen. Pobrezia-egoeran zeuden amei esnea emateko proiektua zen.[1]

Emakumearen eskubideen aldeko jarduerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizabeth Gould Bell Erresuma Batuko emakumeen boto-eskubidearen aldeko mugimenduko kidea zen. Lehen Mundu Gerraren aurreko mugimenduan zen aktibo, batez ere.[2]

Belfasten ezarritako lehen sufragio-elkartea 1870ekoa izan arren, XX. mendearen lehen urteetan zabaldu zen Ulsterren. 1909an, Irish Women’s Suffrage Society (IWSS) (Emakumeen Sufragiorako Irlandako Elkartea bihurtu zen North of Ireland Women's Suffrage Society. Klase ertaineko emakume eskolatuek osatzen zuten, batez ere, mugimendu sufragistaren muina: "Emakume hauek beren kanpaina ikusi zuten demokraziaren testuinguruan, eta esan zuten Estatuko erakunde gobernatzaileetan emakumerik ez izateak arreta falta eragiten zuela emakumeengan gizonengan baino eragin handiagoa izan zezaketen arazoetan. Funtsean, botoak sinbolizatu zuen emakumeen emantzipazioa gizarte-lanetik, konbentzio bertutetsuetatik eta men ekonomiko eta politikotik. Sufragisten helburua zen emakumeak beren patuaren, seme-alaben eta, oro har, beren generoaren arduradun sentitzea».[7][2]

1903an, Emmeline Pankhurstek eta haren alabek, Sylvia, Christabel eta Adelak, Women's Social and Political Union (WSPU) sortu zuten, sufragismoaren alde beste taldeek baino estrategia militanteagoak erabiltzeko xedearekin, hala nolaNational Union of Women's Suffrage Societiesek (NUWSS), zeinak ekintza pazifikoak eta legezkoak gauzatzen baitzituen; esaterako, eskakizunak eta lege-proiektuak aurkeztea parlamentuan eta haien kausaren aldeko argitalpenak banatzea.[8][2] Sufragio-elkarte gehienek ez bezala, WSPUk uko egin zion NUWSSrekin bat egiteari, metodoei buruzko desadostasuna zela-eta. WSPUren lema Deeds not Words zen (ekintzak, ez hitzak).[2]

Elizabeth Gould Bell Emmeline Pankhurstekin eta Lady Balfour garai hartako beste ekintzaile feminista batekin elkartu zen.

1911ko azaroaren 21ean, WSPUren manifestazio batean parte hartu zuen Londresen. Manifestazioan, parte-hartzaileek harriak bota zituzten dendetako erakusleihoetara. Ekintza horren ondorioz, Elizabeth Gould Bell atxilotu eta, Hollowayko kartzelan espetxeratu zuten.[2]

Espetxeratutako manifestariek gose-greba hasi zuten preso politiko estatusa lortzeko.[2] Haien heriotzak saihesteko, horrek sufragistak ezagunago egingo zituzkeela iritzita, agintariek gose-grebalariak bortxaz elikatu zituzten. Bortxaz elikatzea bortitza eta mingarria zen, emakumeak gaixoarazten zituen eta jendeari haserrea eragin zuen.[2]

1912an, Elizabeth Gould Bell Belfasteko Crumlin Road espetxean bortxaz elikatutako sufragisten mediku bihurtu zen. Lan horregatiko, WSPUren ziurtagiria jaso zuen, bere ekintza eta sufragio-mugimenduan egindako lana eskertzeko.[2]

Hollowayko kartzelan, sufragista bat bortxaz elikatua, 1911n emakumeen boto-eskubidearen aldeko gose-greban.

1913an, Gobernuak Prisoners Temporary Discharge for Ill Health Act Legea aldarrikatu zuen, Cat and Mouse Act (en) gisa ezagututako legea, zeinari esker emakume presoak askatzen baitzituzten osasun-arrazoiengatik, indarberritu eta gero berriz kartzelaratzeko. Lege horrek sufragistak kontrolatzea zuen helburu, baina huts egin zuen erabat. Askatutako sufragista askok militante izaten jarraitu zuten askatu eta gero ere, eta legez kanpoko ekintzak ezkutuan egiten jarraitu zuten, eta, gainera, iritzi publikoaren babesa areagotu egin zen.[2]

Mila emakume inguruk parte hartu ei zuten Ulsterreko emakumeen boto-eskubidearen aldeko mugimenduan 1914an, baina jarduera gehienak gutxitu egin ziren Lehen Mundu Gerraren hasieran, eta 1928an baino ez zen onartu Equal Franchise Act Legea, Ulsterreko emakumeei gizonek zituzten eskubide berberak ematen dizkiena.[7]

1925etik aurrera, Belfasteko 4 College Gardens-en bizi izan zen, eta bertan zendu zen 71 urte zituela, 1934ko uztailaren 9an.[1]

Elizabeth Gould Bell ezaguna zen komunitate medikoan “nortasun deigarria” eta adimen handia zituelako.[9] Bere ohar nekrologikoan honela deskribatu zuten: "Gerraosteko mugimenduaren defendatzaile sutsuenetako bat" .[10]

2016ko urriaren 11n, Ulster History Circle taldeak oroitzapenezko plaka bat jarri zuen Elizabeth Gould Bell-en omenez Newry Union Workhouse and Infirmary Erizmary aurrean, geroago Daisyhill Hospital izena hartu zuena.[2]

  • (en) Laura Kelly, Irish Women in Medicine, c.1880s-1920s: Origins, Education and Careers, Oxford, Oxford University Press, 2012, 272 p. (ISBN 978-0719088353)
  • (Ingelesez) Leah Leneman, Medical women in the First World War - ranking nowhere. British Medical Journal, 1993.
  • (Ingelesez)Leah Leneman, Medical Women at war 1914–1918. Medical History 1994, 38: 160–177.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Shelagh-Mary Rea. (21 July 1934). «Dr. Elizabeth Gould Bell» BMJ 2 (3837): 146.  doi:10.1136/bmj.2.3837.146. ISSN 0959-8138. OCLC .5849977 PMID 29581632..
  2. a b c d e f g h i j k l m n o Shelagh-Mary Rea. (12 September 2017). «Dr Elizabeth Gould Bell (1862-1934) - The First Woman to Graduate In Medicine And Practice In Ulster» The Ulster Medical Journal 86 (3): 189–195.  doi:10.1136/bmj.2.3837.146. OCLC .5849977 PMID 29581632..
  3. a b «Bell Eliza Gould» www.maltaramc.com.
  4. Logan, Mary S T.. (10-1990). «The centenary of the admission of women students to the Belfast Medical School» The Ulster Medical Journal 59 (2).
  5. a b c «Bell Eliza Gould» www.maltaramc.com.
  6. «Why did Malta become one of WW1's biggest hospitals?» BBC Guides.
  7. a b D. Urquart. (2002). «An articulate and definite cry for political freedom: the Ulster Suffrage Movement» Women’s Hist Rev. 11.
  8. «Elizabeth Gould Bell: Feminist trailblazer whose life was sadly blighted by family tragedies» www.newsletter.co.uk.
  9. «Herstory III: profiles of a further eight Ulster-Scots Women» Ulster-Scots Community Network.
  10. SM Rea. (21 July 1934). «Obituary» BMJ 2 (3837): 146.  doi:10.1136/bmj.2.3837.146. ISSN 0959-8138. OCLC .5849977 PMID 29581632..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]