Elsa Serrano
Elsa Serrano | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Elsa Romio |
Jaiotza | Corigliano Calabro, 1941eko uztailaren 13a |
Herrialdea | Italia Argentina |
Heriotza | Buenos Aires, 2020ko irailaren 16a (79 urte) |
Heriotza modua | : asfixia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | diseinatzailea, enpresaburua eta jostuna |
Elsa Romio de Serrano, ezagunagoa Elsa Serrano izenez (Corigliano Calabro, Cosenza, Calabria, Italia, 1941ko uztailearen 13a – Buenos Aires, Argentina, 2020ko irailaren 16a) italiar-argentinar jostuna, moda-diseinatzailea eta enpresaburua izan zen.[1][2][3][4][5]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Checchina Malavolta eta Espedito Romioren alaba, Corigliano Calabron jaio zen, Cosenzako probintzian, Calabrian, Italian, 1941ean. 1955eko abenduaren 7an iritsi zen Argentinara gurasoekin eta bederatzi neba-ahizpekin batera, hamalau urte zituela. Autodidakta, ez zuen diseinu ikasketa formalik egin.
Lan ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belgrano auzoan inportatutako jantziak eskaintzen zituen boutique batekin hasi zen moda munduan.[6][7] 1968an hasi zen diseinatzen, estilo propioa erabiliz; hainbat urtez, denboraldi bakoitzeko lau bilduma diseinatu zituen, goi mailako joskintzakoak eta prêt-à-porter-ak. Geroago, goi-mailako joskintzan baino ez zuen jarraitu. 1977an bere bildumako lehen desfilea antolatu zuen.[8]
Berrogeita bost urteko ibilbidean, hainbat pertsona ezagunek erabili zituzten haren diseinuak. Claudia Villafañeren, Diego Maradonaren emaztearen, ezkontza-soinekoa nabarmendu zen.[9] Argentinako Mirtha Legrand, Susana Giménez eta Norma Aleandro izen handiak janzteaz gain, atzerrikoak ere jantzi zituen, hala nola, Sophia Loren, Joan Collins, Gina Lollobrigida, Catherine Deneuve edo Maya Plisétskaya dantzaria.[7] Halaber, Argentinako politikako hainbat ordezkari jantzi zituen, hala nola Carlos Menem Argentinako presidente ohiaren alaba, Zulema Menem, amaren dibortzioaren ostean aitarekin batera Argentinako presidente ohiarekin egindako biretan bidaiatu zuena, eta Maria Lorenza Barreneche, Raúl Alfonsin Argentinako presidente ohiaren emaztea.[10][5]
2001ean zailtasun ekonomikoak izan zituen, Argentinan nagusi zen egoerarekin bat eginez, eta, ondorioz, bere enpresako ateak itxi egin behar izan zituen eta bere jabetzako etxebizitza bat errematatu, Mansilla kalean, Buenos Aires hiriko Iparraldeko Auzoa izenez ezagutzen zen sektorean, baina suspertzea lortu zuen.[11][12]
2020an, Andrea Polittik gidatutako Corte y confección (es) (Mozketa eta jantzigintza) saioan parte hartu zuen telebistan, epaimahai lanetan.[5]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2020ko irailaren 16an hil zen, 79 urte zituela, Maipu kaleko 986. zenbakiko hirugarren solairuan, Retiro auzoan, zuen etxebizitzan piztutako sute baten ondorioz. Autopsiaren arabera, kea arnasteagatik itota hil zen, eta suhiltzaileen peritu taldeak egindako ikerketen arabera, zirkuitulabur elektriko batek eragin zuen ezbeharra.[13][14][15]
Bizitza pribatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi aldiz egon zen ezkonduta, eta bere bigarren ezkontzatik Serrano abizena hartu zuen bere bizitza profesionalerako.[6] Hiru alaba izan zituen: Roxana, Maria Soledad eta Maria Belen; eta sei biloba.[8][16]
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jantzien arduradun:
- 1982: Lorategiko bidaiariak
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Argentinako Modaren Ganberak ematen zuen Zilarrezko Guraizeak saria hainbat aldiz irabazi zuen.
- 2014an aitorpen berezia jaso zuen tokiko modan egindako ibilbidearengatik.[17]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «El trágico final de Elsa Serrano, la modista de la jet argentina: muere carbonizada en su casa» ELMUNDO 2020-09-22 (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Elsa Serrano: emotivo adiós de una muerte inexplicable» Perfil 2020-09-19 (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ «Elsa Serrano» Bing (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Larrea, Por Agustina. (2020-09-17). «Elsa Serrano, la identidad de una mujer con más de cuatro décadas de trabajo en el mundo de la moda» infobae (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ a b c «Horrible muerte para Elsa Serrano» laubfal.com.
- ↑ a b Vidal, Dolores. «Elsa Serrano» Nubilis.
- ↑ a b Larrea, Agustina. (11 de noviembre de 2018). «De dormir en el Kremlin y vestir a las primeras damas a quebrar en 2001 y ser monotributista: la sorprendente vida de Elsa Serrano» infobae.
- ↑ a b Mascareño, Pablo. (28 de enero de 2020). «Elsa Serrano: "Me separé hace 23 años y nunca más estuve en pareja "» www.lanacion.com.ar.
- ↑ «Los vestidos de Elsa Serrano: desde Claudia Villafañe a las figuras del poder» www.lanacion.com.ar 17 de septiembre de 2020.
- ↑ «Quién fue Elsa Serrano, un ícono de la moda argentina | Apodada como “la modista del poder”» Página/12 17 de septiembre de 2020.
- ↑ Lanús, Catalina. «Elsa Serrano, hoy, como ayer» www.lanacion.com.ar.
- ↑ «Elsa Serrano: “Yo no llevaba las cuentas, una creadora nunca está en los números”» Diario26 2 de junio de 2011.
- ↑ «Murió Elsa Serrano: se incendió su vivienda en Retiro» La Nación (Argentina).
- ↑ «Confirmado: murió Elsa Serrano al incendiarse su departamento» ambito.com.
- ↑ (Gaztelaniaz) Clarín, Redacción. (2020-09-17). «Murió Elsa Serrano: la autopsia reveló que la diseñadora falleció por asfixia» Clarín (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Grosso, Gabriela. (2023-08-23). «Elsa Serrano. Sus hijas la recuerdan a tres años de su muerte y comparten su fabuloso álbum privado» LA NACION (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
- ↑ «María Pryor, Lage y Guevara, los grandes ganadores de las Tijeras de Plata» Diario Popular 12 de noviembre de 2014.