Epipaleolitoa
Historiaurreko aroak |
---|
Epipaleolitoa (Antzinako grezieraz: Epi=gainean) gizakien teknologiaren garapenean, Goi Paleolitoaren ondorengo aldia da,[1] Harri Aroko Neolitoaren aurrean doan garaia da.

Epipaleolitoa duela 22.000 urte hasi zen Asia hegomendebaldean (Ekialde Hurbila) eta duela 10.000 urte Europan, eta Mesolitoarekin edo nekazaritzaren sarrerarekin bukatu, duela zortzi bat mila urte. Ekialde Hurbileko, Anatoliako eta Zipreko aztarnategietarako erabili izan da batez ere Epipaleolito terminoa. Izan ere, hor glaziarren ondoko klima aldaketa ez zen oso nabarmena izan, eta Neolito Iraultza (nekazaritza eta abeltzaintza teknikak sartzea) goiz gertatu zen. Europa hegoalderako erabili daiteke kultura jakin batzuetarako.
Epipaleolitoko ehiztari-biltzaileek erlatiboki garatutako tresnak ekoiztu zituzten, mikrolito izenekoak, silexez edo obsidianaz eginak. Eskuarki nomadak izaten ziren, nahiz eta Natufiar kulturan,[oh 1] adibidez, herrixkak egon ziren.
Azken glaziazioa amaitu zenean, aldaketa klimatikoa gertatu zen, eta Holozenoari bide eman zitzaion, gaur egungoen antzeko ezaugarri klimatiko eta ingurumenekoekin. Testuinguru horretan kokatzen da Epipaleolitoa. Bertan, giza taldeek Goi Paleolitoaren amaierako bizimoduekin eta kulturarekin jarraitu zuten, Mesolitiko taldeen aldean, horiek nekazaritza eta abeltzaintza bereganatzeko lehen urratsak ematen ari baitziren. Epipaleolitoko industria litikoak mikrolitismorako joera hartu zuen, eta elementurik nabarmenenak mikrolito "geometrikoak" dira. Aurren prestatutako harietatik laminak lortzen zituzten, lamina horietatik pusketak atera eta pusketa horietan, ukituak egiten ziren ahoa edo heldulekua tailatzeko. Geometriko horien helburua arpoi- edo azagaia-hortz gisa erabiltzea zen, baita gezi-punta gisa ere. Mikroburilak ere egin ziren.

Hezur-industriari dagokionez, askotariko tresnak egin ziren, inguruneko behar berrietara egokituak.
Ekialde Hurbilean, Epipaleolito terminoak 22.000-12.000 B.P. inguruko industria-konplexuei egiten die erreferentzia, eta eremu horretan, Asiako kontinentearen barruan, ezagutzen da ondoen Pleistozenoko komunitate paleolitikoen eta Holozenoko lehen ekoizleen arteko joan-etorria. Ipar Afrikan eta Saharan, Epipaleolitoaren lehen faseek Europako Goi Paleolitoa gogorarazten dute; fase berantiarrek, berriz, gizarte ekoizle berriak iragartzen dituzte eta Neolitoaren baitan klasifikatzen dira.[1]
Epipaleolitoaren barruan aurki daitezkeen kulturak dira, besteak bestea, Aziliarra (Frantzia eta Kantauriar eskualdea), Souveterretarra (Frantzian),[oh 1] Tardenoistarrra (Frantzia mendebaldea, Luxenburgo, Alemania hegoaldea eta Suitza),[oh 1] Kabaratarra (Palestina eta Israel, Natufiar kulturaren aurrekoa da, eta leku berdinetan garatzen da).[1]
Epipaleolitoa, Mesolitoa eta terminologiaren nahasmena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urte askotan, Paleolitoaren (Harri zaharra) eta Neolitoaren (harri berria) arteko trantsizio-aldia Mesolitoa (Harri ertaina) izan zen. Termino horiek eta «historiaurrea» terminoa John Lubbock (1834-1913) matematikari eta dibulgatzaile zientifikoak zabaldu zituen. XX. mendearen hasieran, ordea, autore batzuk Epipaleolito hitza erabiltzen hasi ziren, "Paleolitoaren gainetik" esan nahi duena. Eta orduan nahasmena hasi zen.[2]

Glaziarrek eragin mugatua izan zuten lekuetarako, Mesolitoa beharrean, Epipaleolitoa izendapena hobesten da. Hori ondo egokitzen zaio Ekialde Hurbileko kulturei, Natufiar kulturari eta Kébaratar kulturari, besteak beste.
Hitz bat ala bestea zehazki aplikatzeko irizpideetan adostasunik ez dago. Batzuentzat, garai berean garatzen dira baina eskualde ezberdinetan, eta beste batzuentzat, aldiz, Mesolitoa Epipaleolitoaren ondoren sortu zen[3]. Oro har, Ekialde Hurbileko (Asia mendebaldeko) kulturetarako Epipaleolito hitza erabili izan da eta Europakoentzat Mesolitoa.
Larousee entziklopediaren arabera, gaur egun, bereizi egiten dira epipaleolitoa, glaziazio osteko fazies guztiak biltzen dituena, eta ehiztari-arrantzaleen ekonomia eta teknologia erabiltzen jarraitzen dutenak, eta Mesolitoa, ekoizpenak ezaugarritzen duen sistema ekonomikoa duena: etxegintza, abeltzaintza eta sedentarizazioa dakarren nekazaritzaren hasiera.[4]
Romain Sivignon arkeologoak, azken glaziazioaren ondoren agertu eta Neolitoa arte iraun zuten gizarteak izendatzeko Epipeleolitoa hitza erabiltzen du lehen zatirako, eta ondoren, kultura edo gizarte mesolitikoak agertzen dira.[5] Epipaleotiko kulturak, neurri handi batean, erabili zuten mikrolitoez osatutako tresneriari esker identifikatzen dira.
Gaur egun, izendapen hori Ekialde Hurbilari dagokionez batez ere, Goi Paleolitoaren amaieran sortu zen mikrolito-nagusitasuna duen industria oro epipaleolitotzat jotzen da, nahiz eta azken glaziarraren amaiera baino lehenagokoa izan (K.a. 8300). Euskal herrirako ere erabili izan da izendapen hau, eta Aziliensea, besteak beste, Epipaleolitikoko kulturen artean sailkatzen da.[6][7]
Azkenik, beste izendapen berri bat azaldu da: Azpineolitoa edo Paraneolitoa; Mesolitoaren azken aroa izango litzateke, Neolitoaren ezaugarri batzuk dituena eta Europa ipar eta ipar-ekialdean identifikatu dena[8].
Javier Rubi historia dibulgatzailearen esanetan, Epipaleolitoa ez du onartzen komunitate zientifiko osoak, eta, gaur egun, hainbat modutan erabiltzen da:
- Eremu anglosaxoian, oro har, Mesolitikoaren sinonimo gisa erabiltzen da.
- Frantziako eragin akademikoko eremuan alde nabarmena ezarri ohi da bien artean:
- Mesolitikoa ehiztari-biltzaile elkarteentzat izango zen, beren kabuz, denboran zehar beren barne-prozesuengatik, azkenean nekazari bihurtu zirenentzat.
- Epipaleolitoa, kanpoko eraginen ondorioz (jada neolitizatuta dauden herriekiko kontaktuen bidez) beren hasierako ekonomia harrapariaren ordez ekonomia ekoizlea hartu zutenei aplikatuko litzaieke, hau da, Epipaleolitotik Neolitora pasa ziren.
- Hirugarren joera epipaleolitikoa tradizio paleolitiko argiko hasierako Holozenoko gizarteekin eta Mesolitikoa ondorengoekin identifikatzen duten autoreena litzateke.[2]
1987an, Ignacio Barandiarán Maestu gipuzkoar arkeologoak, Epipalolitoa eta Mesolitoa sinonimotzat hartzen zituen bere "La Prehistoria de Navarra : estado actual de los estudios" artikuluan.[9] Baina indusketek aurrera egin hala, ikuspuntua eta interpretazioa aldatu dira. Adrian Carretón arkeologoak honela bereizten ditu bi kontzeptuok: Epipeleolitoko gizarteek, Paleolitoko bizimodua gordetzen du, gizarte mesolitikoek ordea, zenbait abere eta animali ekoizten hasten dira,[10] baina oraindik ez dira neolitikoak. Miguel Angel Fano arkeologoak antzeko moduan ulertzen ditu Epipaleolitoaren eta Mesolitoaren arteko desberdintasuna Iberiar penintsulako iparraldeko aztarnategiei buruz idatzi duen azterlanean: Epipaleolitoar gizartea Goi Paleolito amaieraren ostean sortzen diren Paleolitoaren ezaugarri asko gordetzen dituzte, eta Europa hegoaldean aurkitutako kulturak sailkatzeko erabili izan da, hala nola, Aziliar kultura eta Mediterraneoko mikroxaflen Epipaleolitoa. Europa iparraldean Mesolitoa izan da ia beti erabili izan dena, seguruenik, Paleolitoaren kulturaren ezaugarriak gordetzen dituzten kulturalak aurkitzea oso zaila delako. Gizarte mesolitikoetan, Peleolitoko kultura desagertu da, eta bizimodu berriak islatzen duten kultura materiala uzten dute erregistro arkeologikoan. Iberiar Penintsulako iparraldean maila mesolitikoak dituzten aztarnategiak ere atzeman dira.[11]
Espainiako Kultura Ministeritzak on-line argitaratutako Tesauroan honela irakur daiteke: Epipaleolitoaren eta Mesolitikoaren arteko desberdintasun kontzeptuala ez dute onartzen ikertzaile guztiek. Batzuek epipaleolito terminoa erabiltzen dute soilik Amaierako Goi Paleolito ondorengo kultura-taldeak izendatzeko, aurreko tradizio teknologikoen jarraitzaileak direnak. Gainerakoetarako, Mesolitiko* terminoa erabiltzen da.[12]
Adibidez, Arenazako leizeko aztarnategiaren kasuan, Paleolito ondorengo lehen aztarnak Mesolitikotzat klasifikatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ondare Zentroak.[13] Ikerketetan, ordea, Arenaza I-eko materialak Azilar kulturakotzat dituzte eta Azilar kultura Epipaleolitoaren barruan kokatu ohi dute.[6]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Tesauros - Diccionarios del patrimonio cultural de España - Epipaleolítico» tesauros.cultura.gob.es (kontsulta data: 2025-02-18).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Donzé, Javier Rubio. (2017-11-29). «¿Qué significan los términos "Epipaleolítico" y "Mesolítico"?» ACADEMIA PLAY! (kontsulta data: 2024-08-17).
- ↑ The Penguin archaeology guide. London : Penguin Books ; New York, N.Y. : Penguin Putnam 2001 ISBN 978-0-14-029308-1. (kontsulta data: 2023-05-12).
- ↑ (Frantsesez) Larousse, Éditions. «mésolithique - LAROUSSE» www.larousse.fr (kontsulta data: 2024-08-17).
- ↑ Sivignon, Romain. Chronologie générale de l'épipaléolithique, mésolithique et néolithique. (kontsulta data: 2023-05-12).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Berganza, Eduardo. (1990). «El Epipaleolítico en el País Vasco» MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) 42: 81-89. ISSN - 3414 0027 - 3414..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Aportavciones recientes al Epipaleolítico en Bizkaia» Kobie (Serie Anejos) (Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia) 6 (1 lib.): 151-160. ISSN 0214-7971..
- ↑ (Ingelesez) Piličiauskas, Gytis; Kisielienė, Dalia; Piličiauskienė, Giedrė. (2017-03-01). «Deconstructing the concept of Subneolithic farming in the southeastern Baltic» Vegetation History and Archaeobotany 26 (2): 183–193. doi: . ISSN 1617-6278. (kontsulta data: 2023-05-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Barandiaran Maestu, Ignacio. (1987). «La Prehistoria de Navarra: estado actual de los estudios» Príncipe de Viana. Anejo 6 (6): 63–88. ISSN 1137-7054. (kontsulta data: 2024-08-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Carreton, Adrian. (2018-10-11). «¿Qué fue el Epipaleolítico?» Patrimonio Inteligente (kontsulta data: 2024-08-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fano Martínez, Miguel Angel. (2004). «Un nuevo tiempo: El Mesolítico en la región cantábrica» Las sociedades del Paleolítico en la región cantábrica (Bilbao: Bizkaiako Foru Aldundia) 8: 337–402. ISSN 0214-7971. (kontsulta data: 2024-08-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Término: Epipaleolítico» Tesauros del Patrimonio Cultural de España (Espainiako gobernua. Kultura ministerioa).
- ↑ «Arenaza - I eko haitzulo» Arkeologia ondarea. Kultura Ondarea (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. Eusko Jaurlaritza).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «El Epipaleolítico de la Península Ibérica». Artehistoria. Artehistoria proyectos digitales, S. L.