Edukira joan

Epipaleolitoa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Epipaleolitoa Euskal Herrian, Paleolito amaiera eta Neolito artean garatzen den kultura edo garaia da, edo Epipaleolitoa bukatu eta neolitoa hasi bitartean. Mesolitoa ere esaten zaio, izendapen horren gainean ez baitago adostasun akademikoa. Eusko Jaurlaritzako Kultura departamentuak bere Euskadiko ondare Arkeologiaren online datu basean, Mesolitoa izendapena erabiltzen du[1]. Nafarroako Museoaren "Nafarroako Museoko Historiaurreko Gela" eskuliburuan, Epipaleolitoa izendapena aukeratu dute[2].

Pleistozenoan zehar gune oso murritzetara mugatu ziren basoak hedatzen joan ziren[3][4]. Megafaunaren desagerpenarekin, haragijale handiak ere desagertu ziren. Hartza, otsoa eta azeria izango ziren ehiztari handienak, eta oreina ez zen sarrioa bezain hain ondo moldatu baso itxietara. Basurdearen hazkuntza ere nabarmena da. Testuinguru horretan, haitzuloak utzi eta harpe zein gune irekietan instalatu ziren gizakiak: tresna litiko gutxiago, arte higigarri gutxiago eta portaera aldaketa egongo zen. Garai honetako kulturari dagozkion geruzak aztarnategi askotan aurkitu dira: Abittaga, Arenaza, Atxeta, Atxurra, Bolinkoba, Laminak II, Lumentza, Santa Katalina, Santimamiñe, Silibranka eta Urratxa Bizkaian, Aitzbitarte IV, Anton Koba, Ekain, Ermitia, Pikandita eta Urtiaga Gipuzkoan, Montico de Txarratu Araban, Abauntz, Berroberria, Portugain eta Zatoia Nafarroa Garaian, eta Izturitze Nafarroa Beherean. Jaizkibelen dagoen J3 hilobia berezia da, hareharrian egindako zulo bat harpe batean[5]. Hareak eta itsasoaren ekintzak hezurrak kontserbatzeko aukera gutxi ematen dituzte, baina hemen maskorrez osatutako sedimentuetan estali zuten gorpua, 30-40 urteko gizon bat. Bertan bizi zirenek lapak eta beste itsaski batzuk jatez gain, gaizki kontserbatzen diren arrainak jaten zituzten, nabarmen[6]. Klima aldaketarekin eta itsas mailaren igoerarekin, kostako gunearen okupazio berriak egon zirela uste da. Mendietara gehiago igotzen ziren, tenperatura epelagoei esker, eta gune irekiak aurkitu dira, horietako bat Idiazabalen dagoen Artegieta[7], Urbasako silexa oraindik lantzen zuten guneetako bat.

Klima aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Santimamiñe leizearen sarrera

Izotzaldietako azkeneko garaietan klima epelduz joan zen, aroz aro, geroz eta eguraldi gozoagoa zela, harik eta aldi luze baten ondoren gaur egungo klima baldintzak sortu ziren arte. Würm izotzaldiaren azken garaietan (Würm IV. edo Azken Izotzaldi izenez ere deitu ohi denean) zenbait gorabehera izan zituen klimak, aldi epelagoak eta aldi hotzagoak elkarren segidan, baina behin ere ez ziren itzuli lehengo aldi hotzak. Aldi epel horietan Alleröd epealdia (K.a. 10.000-8.500) izan zen Azken Izotzaldiko garairik beroena. Izotzaldia bukatu zenean Laugarren Aroaren bigarren aldia hasi zen, Holozenoa alegia, gaur egun gauden aldia hain zuzen. Gaur egun diren klima baldintzak azaldu arte Holozenoak beste aldi batzuk izan zituen, batzuk epelagoak, beste batzuk hotzagoak (Boreal aurrekoa, Boreala, Atlantikoa eta Boreal ondokoa). Holozenoak, bada, hegoaldeko izotz masa handiak behin betirako urtu eta desagertzea ekarri zuen. Klima berotuz zihoan ahala izotza atzeratuz zihoalarik, Europako eta Ameriketako iparraldeko inlandis zabalak urtuz joan ziren. Horren guztiaren lehenengo ondorioa itsasoaren azken goraldia berriro abiaraztea izan zen; zenbait lekutan 79-80 metroraino goratu baitzen itsas maila. Itsasoaren azkeneko goraldi horrek K.a. 18.000 inguruan du jatorria.

Bi izotzaldiren arteko epealdia izan zen garai hori; itsasoaren maila, astiro eta geldiro bada ere, goraka egiten hasi zen poliki-poliki; Azken Izotzaldiko aldi hotzetan baizik ez zen eten gorakada hori. Egoera horren ondorioz, ordura arte izotzak estalirik edukitako eremu handiak agerian geratu ziren; beste batzuk aldiz, ordura arte azalean egonak, urak estali zituen. Etengabeko aldaketak gertatzen diren egoera horrek berorrek beste zenbait aldaketa eragin zituen historiaurreko gizakiaren inguruan, eta aldaketa horien aurrean erantzun berriak ematera behartu zuen gizakia, lehengoak bezalakoak ez ziren inguruneak ustiatu ahal izateko tresneria eta langintza berriak asmatzera. Itsas bazterreko ordokiak ustiatzeko jardunbideak, esate baterako, orduan asmatu ziren, bai eta itsaskiak biltzeko, baso ingurunea ustiatzeko… tresnak ere. Izotzak libre utzitako eremuak berehala estali zituen landarediak. Itsasoaren mailaren gorakadak bultzaturik landare motek geroz eta lur barreneragoko eremuak hartu behar izan zituzten. Era berean tenperaturaren gorakadak aldaketa handiak eragin zituen lur azaleko landaredian ere, eta pinu, pago, haritz, haltz, urki eta hurritz basoak zabaldu ziren berehala.

Animaliek beste lekuetara emigratu behar izan zuten, biotopo eta klima baldintza egokien bila; beste animalia asko, klima aldaketekin desagertu zen. Hala, elur-oreinak Europako hego-mendebaletik alde egin eta iparraldean aurkitu zuen bere bizi lekua, eta han bizi da oraindik. Mamutak aldiz, Siberiako estepa gogorretan aurkitu zuen lehenik babeslekua, baina han desagertu zen. Animalia horiek hemendik alde egin ahala ordea, beste batzuk azaldu ziren joandakoen lekua hartzeko, basurdea adibidez.

Aldaketa horiek guztiak Euskal Herrian ere nabaritu ziren. Hala, K.a. 6500. urte inguruan itsasoaren maila gaur dena baino 33 metro beherago zegoen, K.a. 350 ingurua arte ez baitzuen hartu itsasoak gaur duen maila.

Kultura ereduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aziliar arpoia.

Goi Paleolito aroaren bukaeratik zeramika asmatu zen arteko aldi hau Epipaleolito eta Mesolito izenez deitu ohi da. Gure artean, Euskal Herrian bertan eta inguruko lurraldeetan lau mila urtez luzatu zen, gutxienez, aldi hori. Hobeto aztertu ahal izateko hiru aldi edo garai bereizi dira berorren barruan: Epipaleolito Zaharra, Epipaleolito betea edo Mesolito aroa eta Azken Epipaleolito edo Azken Mesolito aroa.

Epipaleolito Zaharrean Azil aldiko kultura eta aziliar ondoko mikroxaflen kultura izan ziren. Aziliar kultura oso goiz hasi zen azaltzen Pirinio mendien inguruetan, Alleröd epealditik aurrera, artean azken izotzaldia amaitu gabe zela. Kantauri itsasaldean berriz askoz geroagokoak dira lehenengo aztarrenak, Azken Izotzaldiaren azken aldi hotzean, Dryas III-an, hasi baitzen.

Aziliar kulturak zuzen-zuzenean hartu zuen bere ondarea azken Madeleine aldiko kulturatik.

Hainbesteraino, hala ere, non zenbait ikerlarik ez baitu zalantzarik izan "Goi Paleolito aroaren hil ondoko seme" deitzeko aziliar kultura. Hala ere, bere baitan darama bere desagertzea eragingo dion hazia; oso garbi ikusten da hori aziliar ondoko mikroxaflen kulturan. Bere ezaugarri nagusia karraska txikiak ditu; marruska horiek biribilak dira askotan, baina badira xaflazko marruskadurak ere, argi eta garbi Madeleine alditik datozenak. Burilak galduz joan ziren, erabat desagertu arte.

Xaflatxo meheak eta ertza jandako muturrak oso ugari ziren, are ugariago aldi horren bukaera aldera. Hezurrezko azagaiak eta eztenak egin ziren aurrerantzean ere; hortz ilara bateko edo biko arpoi zapalak, oinean botoi zulo baten gisa zulatuak dira tresna horietan berezienak.

Aldi horretan –iraultza aldia zenbaitentzat– Paleolito aroko artea gainbehera egiten hasi zen, eta uharri gainetan margotzen zen pintura mota ez figuraziozko batek hartu zuen haren lekua. Kultura hori itsasbazterreko lurraldeetan garatu zen batez ere, Goi Paleolito aroaren bukaera aldera biztanle asko zituzten lurraldeetan, eta apalago bada ere, Pirinio mendietatik hurbil dauden eta haien antza duten lurraldeetan.

Lurralde horietan giza industria oso desberdina zen, batean izan ala bestean izan, ekonomia jarduerak ere batean ala bestean desberdinak zirelako edo espezializatuak zirelako, agian. Garai honetako kulturari dagozkion geruzak aztarnategi askotan aurkitu dira: Abittaga, Arenaza, Atxeta, Atxurra, Bolinkoba, Laminak II, Lumentza, Santa Katalina, Santimamiñe, Silibranka eta Urratxa Bizkaian, Aitzbitarte IV, Anton Koba, Ekain, Ermitia, Pikandita eta Urtiaga Gipuzkoan, Abauntz, Berroberria, Portugain eta Zatoia Nafarroa Garaian, eta Isturitz Nafarroa Beherean.

Aziliar kulturaren ondoren datozenetako tresnagintzan beherakada handia sumatu zen hezurrezko eta adarkizko tresnetan.

Harrizko tresnagintzari dagokionez, mikroxaflaz egindako tresnak argi eta garbi nagusitu zitzaizkien gainerako tresna guztiei.

Horiekin batera triedro epaiko bestelako tresnak ere azaldu ziren, kamerrak edo horztunak. Era honetako tresnagintza aziliar kultura iritsi ez zen barreneragoko lurraldeetan agertu da batez ere –Montico de Txarratun, adibidez, Albaitan (Trebiñu)–, baina baita aziliar kultura ezagutu zuten beste zenbait aztarnategitan ere, Nafarroako Berroberria eta Zatoiako haitzuloetan, adibidez.

Itsasaldeko zenbait lekutan, aziliar kulturakoen gisako tresnagintza erakutsi duten zenbait aztarnategitan, edo haietatik hurbil ere aurkitu izan dira gisako tresnak. Horixe gertatzen da adibidez Arenazan eta Santimamiñen, Bizkaian, edo Ekainen eta Marizulon, Gipuzkoan. Epipaleolito aroaren aro zahar hau K.a. 6.500. urte inguruan amaitu zen, Boreal aldia iritsi zelarik, Holozenoan.

Epipaleolito betea, eta Mesolito aroa, oso aldi jakin mugatua da, eta Goi Paleolito aroko kultura antolamenduetatik datorren tresnagintzaren bilakaeraz kanpo dago itxura denez. Joera berri horren ezaugarri nagusia tresneria berria da; tresna horiek forma geometrikoz eginak ziren, txikiak, trapezioz, hirukiz zirkulu segmentuz eratuak. Geometrismo hori K.a. 6.000. urtera arte inguruan azaldu zen Euskal Herriko historiaurrean. Badirudi elementu geometriko horiek kanpotik iritsitako joera bat direla Euskal Herriko harrizko tresnagintzan, kanpotik inportatutako elementuak alegia. Tresneria geometriko hori Ebroko haraneko aztarnategietan aurkitzen da, itsasertzetik oso urrun beraz, haitzuloetan eta harpeetan, Mediterraneo kulturen eragin handia duten lekuetan alegia; lurralde honetara sartzeko igarobide naturaletan ere aurkitu izan da gisako tresneria: Fuente Hoz eta Kanpanoste Goikoako aztarnategietan (Araba), Aizpea, La Peña eta Aita Aresokoetan (Nafarroa). Tresneria geometriko hori zekarten gizataldeak mikroxaflazko tresneria erabiltzen dutenekin batera bizi izan ziren agian, baina haien tresneria aldatzera iritsi gabe ordea.

Epipaleolito-Azken Mesolito aldiaren amaieran oso klima baldintza onak izan ziren; gaur egungoak baino tenperatura beroagoak eta hezetasun maila ere gaurkoa baino altuagoa izan ziren. Atlantiko izenez ezagutzen da garai hori. Tresneria geometrikoa darabilten gizataldeak eta mikroxaflazkoa darabiltenak elkarrekin bizi ziren Euskal Herrian, batzuek besteei gaina hartu gabe ordea. Garai horretan berorretan beste gizatalde batzuk iritsi ziren Mediterraneo aldetik Euskal Herriaren hegoaldera.

Horiek ekarri zituzten Neolito aroko ezaugarri ziren berrikuntzak, zeramika eta abere hazkuntza, adibidez. Epipaleolito aroko azkeneko gizataldeek, Kanpanoste Goikoakoak, adibidez, etorri berri ziren gizatalde horiek ekarritako berrikuntzak beretu zituzten, baina lehendik zituzten ekonomia eta industria moduak aldatu gabe, itxuraz behintzat. Ehiztari eta biltzaile jarraitu zuten izanez –azkeneko ehiztariak eta biltzaileak–, baina Neolito aroak ekarritako teknika berrikuntzen jakitun, hala ere.

Estratigrafia esanguratsuenak dituzten aztarnategiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herrian garai honetarako aztarna esanguratsuenak eman dituzten aztarnategiak hauek dira: Araneza I, koba handia Galdamesen, Berroberria, Urdazubiko Alkerdi auzoan, Fuente Hoz, Pobesen, Sarratxo[8], Izki mendilerroko haitz-horma baten babespean egon zena eta ondoren, koba artifizial batean, Santimamiñe, Kortezubin, Urtiagan, Deban eta Zatoaiko leizean, Abaurregainean[9].

Epipaleolitoko ibilbide mentalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskematismoaren eta naturalismoaren auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraindik ez da azaldu paleolitotik irudiz­ko arte naturalistaren desager­tzea argiro adieraziko duen argudiorik. Hala ere, horrek ez du esan nahi arte eskematiko ala abstraktua, aurreko arte errealistaren ordez etorria zenik, jakina baita Goi-Paleolitoko itxura abstraktuaz hitz egin daitekeela. Arte eskematikoaren adibideak Asturiasko kobazuloetan nagusi dira Aurignak aldiko mul­tzoak eta batez ere Solutre eta Madeleine aldiko kobazulo ugarietan, sarritan marra, puntu eta man­txa soil baino direnak, egia bada ere askotan irudikapen naturalistei lo­tzen zaiz­kiela. Ezin hitz egin daiteke, beraz, figuratibotik abstrakziorantz eskematismoan zehar eman beharrez­ko garapen edo iragaitearen ondorioez, zenbaitek Levanteko arteari buruzko interpretazioa egin nahi izan duen arren. Eskualde horretan hain zuzen ere, animalia-irudi eskematiko ba­tzuk beste ba­tzuen gainean jarriak izan zirela ikusi da, horrela frogatuz, zenbaitetan bederen, “eskematismoa naturalismoa baino zaharragoa dela”.[10]

Denon gustura konpondu gabeko arazoa da egun oraindik: estilizazioaren eta eskematizazioaren erabateko zabalkundea eta, aldi berean, arte naturalistaren zokora­tzea zerk eragin ote zuen.

Errealitatearen ikuspegi estetikoaren sakon-sakoneko aldaketa da, gertakari bi­txia bereziki, artearen forma eta estiloaren garapena mendeetan zehar industria, ekonomia eta bizi moduaren eraginak adierazten dituzten historialarien­tzat; zeren eta an­tzina-an­tzinako garai horietako iker­keta ar­keologikoek azal­tzen dute Paleolitoaren hurrengo zenbait milurtekoetan hargin­tzako sistema berak jarrai­tzen duela, eta sistema ekonomiko berak, ehizak alegia, nahiz eta aldi batez kostaldeko itsaskiez lagundua izan zen. Azil aldia, tresnen teknika etenik gabe ager­tzen da erabileran, Az­ken-Madeleinearen jarraipen soil baten moduan, gutxiago­rako joera nabarmen­tzen den arren, beste zenbait aldaketen artean.[11]

Postpaleolitoko aldi hauetan, eskematara eta geometriaz­ko abstrakzioetarako joeran behin eta berriz­ko marrak besterik ez dira azal­tzen gizakiaren arima eta eskutik, bai arte higikorrean nahiz labar-artearen alorrean. Kanpoko munduaren egiturekiko joera figuratiboa desagertu egiten da. Mental egituren agintaldia da orain.

Aldaketa honen arrazoiak bilatu nahirik, hau da, mendeetako historian eman diren sen­tiberatasun estetikoan txandakako aldaketekin nolabaiteko an­tza baduen aldaketa horretan, tentaldia izaten du batek arrazoi psikologiko soilak ikusteko, egitura errealistak behin eta berriz errepika­tzen ibil­tzearen neke arrunta izan daitekeen horretan eta abar. Beste ba­tzuk arrazoi sakonagoen bila ibili ohi dira. Frantzisko Jordá Cerdák adibidez, arte eskematikoa Iberiar Penin­tsulan sorturiko erlijiozko sinesmenekin zerikusia duten mugimendu garran­tzitsuen ondorioa izan zela pen­tsa­tzen du.[12]

Uste izatekoa da, aldaketa eragin zuten arrazoien arazoetatik kanpo, ikuspegi pragmatikotik bederen, trantsizioko urra­tsak, mailaz maila irudiak sinplifika­tzearen bitartez, eskematiza­tze, sinboliza­tze eta az­kenik abstrakzioan amaitze alderako joeran eman zirela. Auzi hau Euskal Herrian. Agian, komeniko da hemendik jada az­pimarra­tzea arte abstraktuaren sorrera hau, hispaniar penin­tsulan aldi horretan arrunt samarra eta geografikoki orokorra izan bazen ere, Pirinioetako eskualde honetan nabarmen samarra dela eta, eskualde honen mendialdean, euskal arraza nolabait osa­tzen ari zenean gertatu zela.

Gure herriko zenbait aztarnategitan gai abstraktu ba­tzuk azal­tzen dira, hezurrean grabaturiko lerroak edo marrak, interpretatzen zailak; izan ere, hain zailak, non hezurrak haragitik aska­tzerakoan erabilitako tresnek eginiko marra soilekin nahas bailitez­ke. Ba­tzuetan zaila gerta­tzen da artistaren asmo garbia eta haragia ken­tzeko arrasto horietan muga bat jar­tzea. Esanahi “artistiko” garbiko lerroak ba­tzuetan marra txiki paraleloak izaten dira, esate baterako, Areatzan; sigi-sagan bestetan, Lumen­txan, esaterako.

Gure artean berriro labar-artea azal­tzeko, beste milurteko ba­tzuk gehiago itxaron behar­ko zen, Bron­tze Arora arte. Hain zuzen ere, aro honi eta gero etorriko den Burdin Aroari dagoz­kio gure herrian azaldu diren eta berehala kontatuko ditugun labar-artearen aur­kikun­tza aleak.

Epipaleolito eta Postpaleolitoko aztarnategiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko dira Paleolitoko geruzaz gainera, Epipaleolitoko tresnak aur­kitu diren aztarnategiak: Izturi­tze, Berroberria, Urtiaga, Ermittia, Lumen­txa, Bolinkoba, Santimamiñe, Mouligne, Kobeaga II, Areatza eta abar.

Baina, badira paleolito ondorengo aldikotzat har daitez­keen beste ba­tzuk. Halakoak direlako aipa daitez­ke, Araban, Montico de Charratu, Fuente de Hoz eta Kukumakoa.

Montico de Charratu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trebiñuko Albaitan dago Montico de Charratu J.M Barandiaranek (1965-1966), eta ondoren Amelio Baldeonek (1976-1978) ikerturiko aztarnategia da. Aire librean dagoen aztarnategia da. Finkapenik zaharrena Azil aldiko ez-geometrikoena da, Epipaleolito geometrikorantz gara­tzen doana, honen gainean ematen delarik zeramika duen neolitiza­zioa.

Araban, aldi horretako beste aztarnategi bat da Fuente Hoz deri­tzana, Anuzitan kokaturiko kobazulo­txoa, Baia ibaiaren ibarrean. Orain arte geometria itxurako Epipaleolitoko maila bat zulatu da eta C14ak K.a. 6.170 eta 4.170 aldeko data eman du, Neolitoko data da jada, eta tresna ugari ditu ostilamenduetan: armadura geometrikoak, ukituak emaniko xaflak, pieza hor­zdunak, harrastagailuak, karraska­tzaileak eta abar.

Arabako ipar muturrean koka­tzen da hirugarren epipaleolitoko aztarnategia, az­ken ehiztarien garaikoa: Kukuma. Altzania mendizerran (900 m-ko garaieran) Gipuz­koarekiko mugan bertan dagoen koba txiki bat da. Agian, hor izanak dira lehen ehiztari eta uzta-bil­tzaileak, izoztearen ondoren goialdeko lautadetara igaro­tzen zirenak. Harriz­ko erremintak, ehizarako eta animalien zati bigunak mozteko tresnak egiteko xaflak han utzi zituzten.[13]

Postpaleolito aldiko arte moduak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artistiko­tzat jo daitekeen guztia mia­tzea dagokigunez, tresnagin­tza jarduera soila adierazten duten harri-hondar guztiak alde batera utz di­tzagun, historiaurreko gizakiaren eskua, irudimen sor­tzaile baten eraginez mugi­tzen zela dirudien hartan koka­tzeko. Alor horretan ar­keologoen­tzat gustukoena den banaketan –lau eratako arte zatiketan– oinarri­tzen garela ohartaraziz hasiko gara, hala nola: errealismoa, estilizazioa, eskematismoa eta abstrakzioa. Erraza da nahiko argitasun teorikoz[14] zehaztea, baina, betiere onartuz, delako aldagai estilistikoen artean ez dagoela ondoriozko kronologiarik.

  • Errealismoa, izadiko formak leial­ki imita­tzen saiatuko den irudikapen modu bat da; gure zen­tzuek harrapa­tzen dituzten moduak eta adierazi nahi den objektuaren ideiara, berehala eta xehetasunez eramaten gaituena.
  • Estilizazioa adieraz­pen konben­tzionala da, hots, ezaugarrienak eta, nolabait esateko, egiturarenak diren zan­tzuetako ba­tzuk soilik nabarmen­tzen dituena.
  • Eskematismoa adieraz­pen konben­tzionala da, hots, irudi bat identifika­tzeko, gu­txiengo zan­tzu ba­tzuk baino ager­tzen ez dituena.
  • Abstrakzioa ideiaren bat edo sentimenduren bat adierazten saia­tzea da, formak lan­tzea, izadiaren ageriko irudiak gogora ekar­tzea edo imita­tzeko ahalegin guztiak utzirik.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zen­tzu hertsian hartuz gero, bistakoa da Euskal Herrian postpaleolitoko artea urria dela Penin­tsulako eta bereziki Levanteko eskualdeekin aldera­tzen badugu. Horregatik, duela urtera gu­txi, Araba eta Nafarroako zenbait kobazulo, haiz­peko babes eta aire libreko aztarnategietan, berehala adieraziko ditugun aur­kikun­tza garran­tziz­ko ba­tzuk egin dira, eta berriki aipatu dugun sailkapen estilistiko horretan egoki txerta­tzen dira.

Errealismoa
Inon ez da aur­kitu errealismo estiloko irudirik, ez behin­tzat hitz honi arte historialariek ematen dioten zen­tzu hertsian esatekorik, ezta Madeleineko arteak eskaini ziz­kigun adina ere, edo eredu hain ospe­tsurik ere.
Estilizazioak
Euskal postpaleolitoan giza irudiaren estilizazioak, ar­kularienak gehienetan, aur­kitu dira Araban Jokanoko Solacuevan eta Nafarroako Cortesen.
Eskematismoa
Hain zuzen ere, eskematizaziotzat hartu behar dira aipaturiko Solacueva kobazuloko irudiak eta Zarateko Lazaldaien, Atauriko Morosen eta Berriatuako Goikolauen azaldutako gu­txi ba­tzuk.
Abstrakzioa
Az­kenik, irudi abstraktuak dira Ardagoiako Lizitin aur­kituriko puntuak, marrak, guru­tzeak eta angeluak eta Biz­kaian, Oroz­koko Urra­txa IIIan margoturiko er­tzak.

Artelanen esanahiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nolako zen­tzua eman behar zaie aldaketa estilistiko hauei? Francisco Jordá Cerdá-ren iri­tziz, Neolitora bitarteko eskematismoaren hedapena, kronologikoki megalitoarekin uztartu behar da. Idazle honek hipotesi bat plantea­tzen du, alegia, Ekialdean ez bezala, non gizarte hiritartze alderako garapena egiten den, Sartaldean, larrez larreko ar­tzainen eta ehiztarien gizarte bat azal­tzen da, abel­tzain­tza eta hedaduraz­ko nekazari­tzan oinarritua. Komunitate zen­tzu bat gailen­tzen da, bai taldekako ehorz­ketatan eta bai megalitoetan, elizarik ez dutela eta beren sinesmena, idoloetara –ehorz­ketakoa, inper­tsonala eta eskematikoa– jo­tzen duen forma erlijiosoetan sustraitua dago, gizakia eta haran­tzagokoaren arteko harremanetako elementu moduan harturik.[15] Geldialdi bat egin dezagun, beraz, Baskonian megalito>aren gertakaria ingurumenaren arloan deskriba­tzeko.

Paleogenetika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horretako oso datu paleogenetiko gutxi ditugu, biztanleria dentsitatea oso txikia zelako, eta aurkitutako hezurretan DNAren degradazioa oso handia delako. Hala ere, Iberiar penintsulako zortzi gizakiren datuak badaude, eta Aizpeako[16] (Nafarroa Garaia) eta Santimamiñeko[17] bi DNA mitokondrial berreskuratu dira. mtDNA horretan oinarrituta, antzekotasun handiagoak ikusi dira Asturiasen aurkitutako beste gizaki batekin, eta ikerlariek proposatu dute amaren aldeko geneen nolabaiteko jarraikortasuna egon zela[17]. National Geographic Societyren Proiektu Genografikoak proposamen antzekoa egiten du emakumeen jarraikortasunaren inguruan[18]. U haplotaldearen U5b aldaera oso ohikoa da Mesolitikoan aztertutakoen artean eta, datu genetikoetan oinarrituta, azal iluna eta begi urdinak zituzten[19]. Stephen Oppenheimer Oxfordeko irakasleak (2006) euskaldunen Y kromosoma aztertu ondotik, proposatu du azken Izotz Aroaren hondarrean Pirinioetako magalean bizi ziren biztanleek iparraldera emigratu zutela: azaldu du euskaldunek lotura bat dutela zeltekin, irlandarrekin eta galesekin[20][21], baina baliteke R1b haplotaldearen ugaritasuna Erdialdeko Europatik etortzea Neolitoaren amaieran[22]. Iñigo Olalderen ikerketaren arabera, beste giza taldeekin harremana Erdialdeko Europatik Epipaleolitoan zehar iritsitako migrazioen ondorioa da, bereziki arrena[19].


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Periodoan arkeologia euskal ondarea. Mesolitoa. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria.» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2023-05-30).
  2. Nafarroako Museoko Historiaurreko Gela. Nafarroako Museoen Sistema. Nafarroako Gobernua.
  3. Iriarte Chiapusso, María José; Arrizabalaga Valbuena, Álvaro. (2003). «El bosque en el Pais Vasco prehistórico» Cuadernos de la Sociedad Española de Ciencias Forestales (16): 85–90. ISSN 1575-2410. (kontsulta data: 2025-03-23).
  4. Iriarte Chiapusso, María José; Pérez Díaz, Sebastián; Ruiz Alonso, Mónica; Zapata Peña, Lydia. (2008). «Paleobotánica del epipaleolítico y mesolítico vascos» Veleia 24/25 ISSN 0213-2095. (kontsulta data: 2025-09-15).
  5. Iriarte-chiapusso, María-josé; Arrizabalaga, Álvaro; Etxeberria, Francisco; Herrasti, Lourdes; Álvarez-Fernández, Esteban. (2010-07-14). Una ocupación con conchero en el norte de la Península Ibérica: nuevos datos acerca del abrigo mesolítico de J3 (País Vasco, España). ISSN 0514-7336. (kontsulta data: 2025-03-23).
  6. Iriarte, M. J.; Arrizabalaga, A. (2005). La inhumación humana en conchero de J3 (Hondarribia, Guipuzkoa). in: III Congreso del Neolítico en la Península Ibérica. Santander: Universidad de Cantabria, 607-613 or..
  7. Torregaray Pagola, Elena; Aragón Ruano, Álvaro. (2017). Gipuzkoako historiaren sintesia. Diputación Foral de Guipúzcoa = Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 978-84-7907-777-8. (kontsulta data: 2025-03-20).
  8. «MONTICO DE TXARRATU - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2023-05-30).
  9. (Gaztelaniaz) Berganza, Eduardo. (1990). «El Epipaleolítico en el País Vasco = The Epipaleolithic in the Basque Country» MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) (Aranzadi Zientzia Elkartea): 81-89. ISSN - 3414 0027 - 3414..
  10. A. BELTRAN, “Porto Badisco-ko kobazuloko pinturak eta labar-arte eskematiko espainiarra”. Zephirus-en 37-38, 1984-1985, 217-225 or.
  11. J. ALTUNA, Arte Vasco. Donostia 1982, 35 or. Ikusi halaber J. BARANDIARAN, “El proceso de transición Epipaleolítico-Neolítico en la cueva de Zatoya”. P. V. n 146,1077, 5-46 or.
  12. “Iberiar Penintsulan eskematiko artearen arazoei hitzaurrea”. Zephirus 36.ean,1983, 8. or.
  13. A. BALDEON eta E. BERGANZA, El yacimiento epipaleolítico de Kukuma. (Gasteiz, 1976) 34. or.
  14. F. JORDA CERDA, “Iberiar Penintsulako historiaurreko eskematismoaren kronologia eta aldikotasuna”. Zephirus 36.ean,1983, 27-35 or.
  15. F. JORDA CERDA, Introducción a los problemas del arte esquematico de la Península Ibérica, 9. or.
  16. (Ingelesez) Hervella, Montserrat; Izagirre, Neskuts; Alonso, Santos; Fregel, Rosa; Alonso, Antonio; Cabrera, Vicente M.; Rúa, Concepción de la. (2012(e)ko api. 25(a)). «Ancient DNA from Hunter-Gatherer and Farmer Groups from Northern Spain Supports a Random Dispersion Model for the Neolithic Expansion into Europe» PLOS ONE 7 (4): e34417.  doi:10.1371/journal.pone.0034417. ISSN 1932-6203. PMID 22563371. PMC 3340892. (kontsulta data: 2025-09-15).
  17. 1 2 (Ingelesez) Palencia-Madrid, Leire; Cardoso, Sergio; Keyser, Christine; López-Quintana, Juan Carlos; Guenaga-Lizasu, Amagoia; de Pancorbo, Marian M.. (2017-05). «Ancient mitochondrial lineages support the prehistoric maternal root of Basques in Northern Iberian Peninsula» European Journal of Human Genetics 25 (5): 631–636.  doi:10.1038/ejhg.2017.24. ISSN 1476-5438. (kontsulta data: 2025-09-15).
  18. (Ingelesez) Behar, Doron M.; Harmant, Christine; Manry, Jeremy; van Oven, Mannis; Haak, Wolfgang; Martinez-Cruz, Begoña; Salaberria, Jasone; Oyharçabal, Bernard et al.. (2012-03-09). «The Basque Paradigm: Genetic Evidence of a Maternal Continuity in the Franco-Cantabrian Region since Pre-Neolithic Times» The American Journal of Human Genetics 90 (3): 486–493.  doi:10.1016/j.ajhg.2012.01.002. ISSN 0002-9297. PMID 22365151. PMC 3309182. (kontsulta data: 2025-09-15).
  19. 1 2 Olalde, Íñigo. (2024). «El poblamiento de Vasconia: aportaciones pasadas y futuras del ADN antiguo» Entre el Ebro y el Garona: Espacios, sociedades y culturas durante la Prehistoria y la Antiguedad, 2024, ISBN 978-84-9082-657-7, págs. 399-429 (Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea): 399–429. ISBN 978-84-9082-657-7. (kontsulta data: 2025-03-27).
  20. Oppenheimer, Stephen. (2006). The origins of the British: a genetic detective story. Constable ISBN 978-1-84529-158-7. (kontsulta data: 2025-09-15).
  21. Xabier Irujo in Irujo, Xabier; Belaustegi, Unai; Lopez de Luzuriaga, Iñaki. (2025). Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia. Tafalla: Txalaparta, 28-34 or. ISBN 978-84-10246-51-5..
  22. (Ingelesez) Solé-Morata, Neus; Villaescusa, Patricia; García-Fernández, Carla; Font-Porterias, Neus; Illescas, María José; Valverde, Laura; Tassi, Francesca; Ghirotto, Silvia et al.. (2017-08-04). «Analysis of the R1b-DF27 haplogroup shows that a large fraction of Iberian Y-chromosome lineages originated recently in situ» Scientific Reports 7 (1): 7341.  doi:10.1038/s41598-017-07710-x. ISSN 2045-2322. PMID 28779148. PMC 5544771. (kontsulta data: 2025-09-15).

Bibliografia gehigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]