Edukira joan

Aukeramen

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erabakimen aske» orritik birbideratua)

Arrazakeriaren aurkako manifestaldia Madrilen. Bertan parte hartzen dutenen erabakia, printzipioz, askea da.

Erabakimena, hautamen edo aukeramena, gizakiok libreki hautatzeko eta ondoren jokatzeko gaitasuna dugula baieztatzen duen doktrina filosofikoa da. Aginpide erlijioso askok doktrinaren alde egin dute. Zenbait pentsalarik, ordea, kontra egin dute ideologia indibidualista dela adieraziz. Azken horien artean, Baruch Spinoza, Arthur Schopenhauer, Karl Marx eta Friedrich Nietzsche dira esanguratsuenak. Iritzi kontrajarriak badaude ere, erabakimen askearen existentzia gai zentrala da filosofiaren eta zientziaren historian[1].

Arlo erlijiosoan, etikoan, psikologikoan, juridikoan eta zientifikoan pisu handiko kontzeptua da. Etikak, adibidez, norbanakoen ekintzen erantzukizunaz mintzatzeko erabiltzen du[1].

Askatasuna eta erabakimen askea[2]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Askatasun» eta «aske» gisako terminoak egunerokoan erabiltzen dira, askotan gizakiak ez direnen inguruan mintzatzeko ere. Orokorrean, askatasunaz aritzen garenean, ekintza-askatasunarekin lotzen dugu terminoa. Hau da, Hobbesek esango zukeen moduan, oztoporik gabeko mugimendua. Baina, ekintza-askatasuna gaitasun bat besterik ez da; hortaz, eduki daiteke edo ez, eta gaitasuna, izatekotan, erabili daiteke edo ez.

Olerkigintzan, askatasunaren eta erabakimenaren gaia askotan jorratu izan da: Harekin aurrez-aurrekoan, bereari eusten, berea eraikitzen hasi zen. Beraren kontra, baina, nolabait ere, beraren baimenaz, inoiz errieta etorriko ote zitzaion beldurrari ukoaz, bere erabakimena haundituz joan zen. (Esteban, Mari Luz; 2013)[3]

Erabakimen askea, ostera, hitz teknikoagoa da, eta, horren ordez, «borondate askea» erabili ohi da. Askatasun eta erabakimen aske kontzeptuen artean lotura badago ere, zenbait ñabardura daude: lehen terminoa animaliei egotz ziezaiekeen; bigarrena, aldiz, gizakien bereizgarri da. Erabakimen askea, gainera, konplexutasun maila altuagoa duen gaitasuna da, beste gaitasun batzuen beharra baitu. Hala nola aukerak irudikatzeko gaitasuna, horien inguruko argudioak eta kontra-argudioak imajinatzeko gaitasuna eta hizkuntza eta kontzeptuak erabiltzeko ahalmen€a.

Laburbilduz, esan genezake askatasuna jokatzeko gaitasuna dela, eta erabakimen askea, ordea, jokatzeko aukeren artean erabakitzeko gaitasuna. Hala ere, edozein erabaki ez da erabakimen askeaz baliatzen, horretarako zenbait baldintza bete behar baititu agente moralak.


Kontrola eta erabakimen askea[2]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabakimen askearen erabilpenaz mintzatzeko, agente moralak hautuen gaineko kontrola izan behar du[4]. Kontrola izateko baldintzen artean, bi izan ohi dira esanguratsuenak: autodeterminazioa eta aukera aniztasuna. Hala ere, badaude beste baldintza batzuk:

  1. Borondatezko hautua izatea: Kontzienteki hartzen ez diren erabakiak edo hartu nahi ez direnak ez dira askeak.
  2. Alternatibarik edukitzea: Aukera aniztasunik egon ezean, ez da erabaki librerik egongo.
  3. Arrazionaltasuna: Argudiorik gabeko eta erabat arbitrarioa den erabakia ez da librea.
  4. Egiletza: Erabakiak subjektuarena izan behar du, subjektutik at dauden indarrek ezin baitute baldintzatu.

Kausalitatea eta askatasuna[5]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizkiak joera dauka gertakarien arteko harreman kausaletan arakatzeko. Zer edo zer gertatzen denean, ohikoa izaten da zergatik? galdera egitea. Gertakarien zergatia edo kausa ezagutu nahi dugu gertakariak berak ulertzeko edo hobeto ezagutzeko eta gertakarien gaineko kontrola lortze aldera. Mundua, gertakarien mundua, kausalitatean blaituta ikusten dugu. Humek zioen moduan, kausalitatea unibertsoaren porlana da. Kausalitateari esker, gertakariak elkarren artean lotzen dira, eta kausalitatea ez da soilik kontu zientifikoa. Esan bezala, kausalitatea eguneroko bizitzaren ikerketan txertatuta dago. Rusellek dioen eran, propaganda politikoak, zuzenbide penalak eta jendearengan eragiteko idatzitako liburu orok zentzu osoa galduko lukete kausatzeko ahalmenik ez balute. Hortaz, kausalitatea kontzeptu zentrala da munduaren gaineko ikuskeran. Arazoak kausalitatea askatasun kontzeptuarekin elkartu nahi denean sortzen dira, eta hori da, hain zuzen, erabakimen askearen eztabaidaren sorburu.

Erantzukizun morala eta erabakimen askea[5]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabakimen askearen auzia funtsezkoa da etikaren arloan; izan ere, erantzukizun moralak erabakimen askearen kontzeptuarekin lotura zuzena du. Erantzukizun morala honela defini daiteke: agente morala bere ekintzekiko erantzule izatea da. Era berean, erantzukizunak lotura zuzena du sari eta zigor sistemarekin.

Ordenagailu baten barnealdea. Richard Dawkinsen arabera, gizaki baten garunaren modukoa.

Erabakimen askearen existentzia ukatzen duten pentsalarien artean, joera handia dago gizakiek sari-zigor sistematik at egon beharko luketela baieztatzeko. Horren adibidea da Richard Dawkins biologoa; izan ere, honelako ideiak defendatzen ditu: giza garunak eta ordenagailuak desberdin funtzionatzen badute ere, biak ala biak fisikaren legeek arautzen dituzte. Ordenagailua puskatzen denean eta gaizki egiten dituenean bere eragiketak, ez da zigortzen. Normalean, konpondu egiten da. Modu berean, pertsona batek gaizki jokatzen duenean edo delitu edo hilketa bat egiten duenean, ez du, ez gaitzespenik, ez zigorrik merezi. Inork ez du saririk edo zigorrik merezi.

Dawkinsen arabera, giza garuna lege fisikoen menpe egoteak gizakion ohiko praktika batzuen desagerpena dakar; besteak beste, erabakiei edo ekintzei egozten dizkiegun merituak eta demerituak ez dira egokiak, askatasuna desagertu baita. Aldiz, egin behar dena da giza garuna konpondu.

Hortaz, Dawkinsek ere, beste bide batetik, askatasunaren intuizioa zalantzan jartzen du, bide batez pertsona, garuna eta ordenagailua identifikatuz edo elkarrengandik gertu jarriz. Hortaz, zalantzan jartzen du sistema etiko-moral judiziala, ez baitago lekurik sari eta zigorrarentzat. Hala ere, Dawkinsena ez da aukera bakarra, erantzukizun moralaren auziak ez baitu oraindik behin-betiko irtenbiderik.

Determinismoa eta erabakimen askea[2]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Determinismoa gertaera guztiak aldez aurretik existitzen diren kausengatik erabat determinatuta daudela defendatzen duen teoria filosofikoa da. Horrela, dena kausa-efektu kate batez gertatzen da, erabakimen askea eta zoria ukatuz. Horren haritik, hainbat pentsalari deterministak (Spinoza, Hume, Locke…) defendatu izan dute gizakiok huts egiten dugula askeak garela uste dugunean, askatasun edo ausazkotasun hori gertaera eragiten duten kausa eta faktoreak ez ezagutzeagatik sortzen den irudipena baino ez baita[6].

Bateraezintasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bateraezintasunaren aldekoen arabera, erabakimen askea eta determinismoa ez dira bateragarriak. Hortaz, erabakimen askea egiatzat jotzeak determinismoaren teoria ukatzen du, eta determinismoa egiazkotzat jotzeak erabakimen askea ukatzen du. Bateraezintasunaren teoria frogatzeko, honelako argudiaketak erabili dira:

Entxufe ezberdinak; horietatik bat bera ere ez da bateragarria.

(P1) Erabakimen askea izateko alternatibak edukitzea ezinbestekoa da.

(P2) Determinismoa egiazkoa bada, aukera bakarra dago kausalitateak eraginda.

(O) Determinismoa egiazkoa bada, ez dago aukeramen askerik.

(P1) Erabakimen askea izateko, agente moralak bere ekintzen eta erabakien egiletza izan behar du.

(P2) Determinismoa egiazkoa bada, agente morala ez da bere erabakien egile.

(O) Determinismoa egiazkoa bada, ez dago aukeramen askerik.

Bateraezintasunaren baitan, oinarrizko bi joera daude: determinista hertsiak eta libertaristak. Lehenengoek determinismoa egiazkotzat jotzen dute, eta, hortaz, erabakimen askea ukatu. Bigarrenek, aldiz, erabakimen askea jotzen dute egiazkotzat, edonolako baldintzapena ukatuz. Hala ere, badaude bi korronte horien barruan ñabardurak dituzten zenbait bertsio.

Bateragarritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bateraezintasuna ez da aukera bakarra determinismoaren eta erabakimen askearen harremana finkatzerako orduan. Izan ere, Hobbes eta Humeren eskutik, beste irtenbide bat proposatu da: bateragarritasuna. Izenari erreferentzia eginez, teoria horrek determinismoaren eta erabakimen askearen bateragarritasunaren alde egiten du. Pentsalari horien aburuz, hein handi batean, askeak izan gaitezke determinaturik egonda ere. Hortaz, bateragarritasunaren aldekoentzat, ekintza libre bat ez da kausarik gabe gauzatzen dena, gure desirek bultzatuta dagoena baizik. Hala ere, desirek ez dute zertan ekintza gauzatu, hori subjektuaren esku geratuko baita. Beraz, desiratzen den hori gauzatzeko erabakitzeko gaitasuna da askatasuna.

Aurreko baieztapenek bateragarritasun klasikoarekin bat egiten dute; hau da, Hobbesek, Humek eta Stuart Millek defendatu zuten teoriarekin. Baina zenbait autorek, hala nola Harry Frankfurt-ek, zenbait akats dituen teoria dela baieztatu dute. Izan ere, bateragarritasun klasikoak ekintza askatasunaz mintzatzen da, ez, ordea, erabakimen askeaz. Frankfurtek bateragarritasun aldeko klasikoekin bat letorke aukeramen askea desira batek bultzatutako jokabidea dela esanez, baina, desira horrekin, subjektua identifikatu beharko litzatekeela gehituko luke. Hortaz, ez da jada ekintzari lotutako teoria, borondateari lotutakoa baizik. Laburbilduz, Frankfurtek maila psikologiko desberdinetan gertatzen diren desiren antolaketan eta desira horien gaineko gogoetan oinarritzen du bateragarritasun teoria.

David Hume. Bateragarritasunaren aintzindarietako bat.

Hala ere, Harry Frankfurt ez da bateragarritasunaren baitan alternatiba bat proposatu zuen bakarra. Izan ere, John Fischerrek eta Mark Ravizzak argudiaketa irizpide gisa izango duen bateragarritasun baten alde egin zuten. Hau da, agente moralak argudiaketa sendoena duen aukeraren alde egingo du. Gainera, azken horiek determinismoaren eta erantzukizun moralaren arteko lotura ezarri zuten[7]. Izan ere, aukera ezak ez du zertan erantzukizun morala baztertu. Hori frogatzeko, «Frankfurt kasuetan» oinarritu ziren, non agente moral batek libreki eta boluntarioki jokatzen duen eta hortaz erantzule morala den nahiz eta hark ez jakin ez zuela jokatzeko beste aukerarik.

Azkenik, egiletza argudioaren inguruan (vid. Kontrola eta Erabakimen askea), bateragarritasunaren aldekoek –agente moralak bere desirak bultzaturik jokatzen duela baieztatuz– berriz ere baieztatu dute determinismoa eta aukeramen askea bateragarriak direla. Baina, azken argudiaketa horri bateraezintasunaren aldekoek kritika egin diote bateragarritasunaren aldekoen egiletzaren ideia oso azalekoa dela esanez.

Hautamenaren zientzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian, pertsonek, erabaki askearen galderei, printzipio zientifikoen bidez erantzuteko saiakerak egin dituzte. Lehen pentsaera zientifikoak, askotan, Unibertsoa determinista zela erakutsi zuen, eta pentsalari askok uste zuten nahikoa informazio bildu besterik ez zela egin behar etorkizuneko gertaerak zehaztasun osoz iragartzeko.

Horrek erabaki askea ilusiotzat ikustera bultzatzen ditu norbanakoak. Zientzia modernoa teoria deterministen eta estokastikoen nahasketa da. Adibidez, dekadentzia erradioaktiboa aurreikus daitekeen probabilitatearekin gertatzen da, baina ezin da esan, ezta teorian ere, zehazki, nukleo partikular bat noiz eroriko den. Mekanika kuantikoak probabilitate terminoetan bakarrik iragartzen ditu behaketak. Horrek zalantzak ezartzen ditu Unibertsoaren determinismoari buruz. Zenbait zientzialari deterministek, hala nola Albert Einsteinek, ezkutuko aldagaiaren teorian sinesten dute, hau da, mekanika kuantikoaren probabilitateen azpitik aldagai gehiago daudela (ikus EPR paradoxa).

Bell-en ezberdintasunak direla eta, zeinak iradokitzen duten azken finean «Jainkoak benetan dadoetara joka dezakeela» –agian, Laplace-ren deabruaren iragarpenak zalantzan jarriz–, teoria horrek bere buruari buruzko zalantza handiak ekarri ditu. Askatasun bateraezina defendatzeko mekanika kuantikoaren eta kaosaren teoriaren arrakasta kapitalizatu duen filosofo garaikide garrantzitsuena Robert Kane da Erabaki askearen garrantzia lanean eta beste idazki batzuetan. Kaneren argudioak, hala ere, oso ondo aplikatzen zaizkio mekanika kuantikoaren arabera jokatzen duen edozein entitate pentsaezini.

Fisikariek bezala, biologoek ere zalantzan jarri dute erabaki askea. Biologiaren eztabaida gorrotatuenetako bat da «sortzetikoa eta eskuratua». Eztabaida horrek zalantzan jartzen du genetikak eta biologiak giza portaeran duten garrantzia kulturarekin eta ingurumenarekin konparatzen denean. Genetika-ikerketek gizabanakoaren nortasunari eragiten dioten faktore genetiko asko identifikatu dituzte –hala nola begien bistako kasuetan, hots, Down sindromean– ondorio sotilagoetara, eskizofreniarako joera estatistiko batera esaterako.

Hala ere, ez dirudi zentzuzkoa denik ingurumen-determinazioak determinazio genetikoak baino gutxiago eragitea erabaki askeari. Giza genomaren azken analisiek hogei mila gene baino ez dituela erakusten dute. Gene horiek, eta berriro kontuan hartutako introi material genetikoa, eta miRNA berriak, giza portaeraren konplexutasunaren pareko konplexutasun-maila ahalbidetzen dute. Desmond Morrisek eta beste antropologo batzuek gizakien eta beste primate batzuen portaera eta hautespen naturalaren arteko erlazioa aztertu dute.

Bi ikerketa-eremu horien sintesia da giza genetika behar bezain konplexua izan daitekeela portaeraren joerak azaltzeko eta eboluziorako onuragarriak diren ingurumen-faktoreak azaltzeko; esate baterako, gurasoen jokaerak eta estandar kulturalek faktore genetiko horiek aldatzen dituzte. Fenomeno horiek, konplexutasun genetikoak edo kultura-portaeraren desabantailek ez dute erabaki askearen beharrik giza portaera azaltzeko. Hala ere, jokabide batzuetan zeregin bat duten geneen presentzia –esate baterako, desordena mentalak– ez du portaera automatiko batera itzultzen, eta ikerketek iradokitzen dute pertsona batzuek lehergarriagoak izateko joera genetikoa dutela, baina, indarkeriazko portaera, ez da nahitaez ezaugarri bihurtzen gizabanakoaren jokabidean.

Dirudienez, gene bat baino gehiago –eta ingurumen-erregai bat ere bai–, behar da ezaugarria adierazteko; horrek esan nahi du naturak eta hazkuntzak garrantzi handia dutela gure jokabidean. Batzuk desberdinak dira, eta erabaki askearen formaren bat oraindik egon daitekeela diote; izan ere, giroak, erabaki askean, pertsonari ahalbidetzen dio giro hori nahi duen modura manipulatzea, eta manipulazio horrek norberaren gorputzaren eta buruaren arteko konpromisoa eskatzen; bada, ekintza isolaturik ez dago; bien antzeko ekintza edo motibaziorik badago, eta, faktore genetikoei esker, ekintza bi edo gehiago horiek edozein egoera edo unetan har daitezke, baina konpromiso horrek batzuetan bakarrik adieraz dezake ausazkoa ez den gertaera bat; kasu batzuetan bederen, argudioak inplikatzera jotzen du.

Hemengo hazkuntzaren alderdia gatazkan egon daiteke epe laburreko informazioarekin; beraz, ez du zertan aurresan edo azaldu hartu beharreko ekintzaren emaitza. Hala ere, beste batzuek eztabaidatzen dute faktore horiek bakarka jokatzearen emaitza esplika dezaketela «erabakimen askearen» beharrik gabe. Gaiaren inguruko ikerketek bidean jarraitzen dute.

Gizakiaren burmuina. Benjamín Libetek egindako ikerketa batzuen bidez pertsona batek hartutako erabakiak, lehenik, unibertso inkontziente batean hartzen direla iradokitzen da, eta, ondoren, «erabaki kontziente» batera itzultzen dira, eta subjektuak hori bere borondatez gertatu zela uste izatea gertaeraren atzera begirako ikuspegiari soil-soilik zor zaio.

Garun bizia aztertzea ere posible bihurtu da, eta, orain, ikertzaileek ikus dezakete lanean erabakiak hartzeko makineria. Arlo horretako esperimentu bat Benjamín Libetek gidatu zuen 1980ko hamarkadan: eskumuturra astintzeko edozein une aukeratzeko eskatzen zitzaien hark garunaren jarduerarekin lotzen zuelarik.

Libet konturatu zen eskumuturra mugitzeko erabaki kontzientera zeraman garuneko jarduera inkontzientea, berez, subjektuak nahita mugitzea erabaki baino segundo erdi bat lehenago hasten zela. Karga-masa elektriko horri «prest egoteko potentziala» deitu zaio (edo prestatzeko ahalmena). Libeten aurkikuntzek iradokitzen dutenez, subjektu batek hartutako erabakiak, lehenik, unibertso inkontziente batean hartzen dira, eta, ondoren, «erabaki kontziente» batera itzultzen dira, eta subjektuak hori bere borondatez gertatu dela uste izatea soil-soilik zor zaio gertaeraren atzera begirako ikuspegiari. Bestalde, Libetek, oraindik, lekua aurkitzen du bere eraba kimen askerako ereduan betoaren boterearen nozioan: eredu horren arabera, ekintza itzulgarri bat eragingo duten bulkada inkontzienteak subjektuaren ahalegin kontzienteen bidez ezaba daitezke. Esan daiteke horrek ez duela esan nahi Libetek uste duenik oharkabean bultzatutako ekintzek kontzientziaren berrespena behar dutela; aitzitik, kontzientziak bulkada inkontzienteen eguneratzea ukatzeko ahalmena atxikitzen du[8][9].

Esperimentu horren antzeko bat, geroago, Álvaro Pascual-Leone doktoreak egin zuen, eta, subjektuei, zein esku mugitu nahi zuten galdetzean oinarritzen zen. Burmuinaren hemisferio ezberdinak estimulatzeko eremu magnetikoak erabiliz, eskuaren aukeraketan eragin handia izan zezakeela aurkitu zuen. Normalean, eskuineko eskua aukeratzearen autua egiten zuen jendeak denboraren % 60 esku hori mugitzea aukeratuko zukeen, baina, eskuineko hemisferioa estimulatzen zutenean, ezkerreko eskua aukeratuko zuten % 80an; garunaren eskuineko hemisferioa arduratzen da gorputzaren ezkerraldeaz, eta alderantziz. Erabakiak hartzerakoan kanpoko eragina izan arren, subjektuek erabakia libreki hartu zutela uste zutela jakinarazten jarraitzen zuten. Libetek berak[10], ordea, ez du bere esperimentua interpretatzen erabakimen askearen kontzientearen eraginkortasun ezaren esperientzia gisa —hark dio botoi bat sakatzerakoan eta 500 milisegundoz pilatzean, kontzienteak, azken milisegundoetan, ekintza horri betoa jartzeko eskubidea atxikiko duela—. Golf jokalari batekin konpara daiteke, hark putterra behin baino gehiagotan mugi dezakeelako asmatu aurretik. Horretan oinarritzen bagara, ekintzak, azken milisegundoan, onespen estanpa besterik ez du jasotzen. Etorkizuneko edo ordubete barruko jarduerak planifikatuz ere, milisegundoen etengailua hutsaren hurrengoa da.

Baliteke, edo ez, azken errealizazio zientifiko bat lortzea erabakimen askearen posibilitatea gure pentsamendu kontzienteen jatorrietan barneratuz. Ikuspegi zientifikotik, esperientzia kontziente oro kontingentea da neuronekiko —buruan kolpe gogor bat hartzea froga gisa erabil daiteke puntu horretan, baita lesio neurologikoen kasu dokumentatuak ere[11].​ Garuna milaka milioi neuronaz osatua dago, eta mila bilioi konexio ditu haien artean. Maila biokimiko batean, neurona baten zeregin nagusia da bulkada elektrokimikoak beste neurona batzuetara hedatzea, zirkuitu integratu bat eratuz, zeinak etengabe zentzumenen informazioa jasotzen duen (ikusmena, usaina, ukimena eta dastamena) eta informazioa itzultzen muskuluak eta organoak kontrolatzeko. Nerbio-sistemako neuronen % 10ek bakarrik tratatzen dituzte bulkada sentsorialak eta muskuluen kontrola; gainerako neuronek sarrera edo irteerako seinaleak integratu, findu eta prozesatzeko balio dute.

Horrela, erabakimen askearen esperientzia kontzeptualizatzen da neurona horien konbinazioren batetik sortuta, baina nola irits gaitezke gure kontzienteari, emozioei eta sentimenduei boterea eman diezaioketen neuronen metaketa honetara, bulkada elektrikoak jasotzeko potentziala duten gantz-hari finak direnean? Nola liteke ni kontzeptuak eta gure erabakimen askeak kontrolatzea neuronak eta gure portaera, eta garuna gantz-, kolesterol- eta neurotransmisore-zopa epel bat besterik ez izatea? Argitu gabeko misterio hori da nagusi gure kontzientziaren existentziari eta erabakimen askearen posibilitateari buruzko eztabaida modernoan.

Bateragarritasunaren aurkako argudioak[2]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi dira bateragarritasuna ukatzeko erabili ohi diren argudioak: Manipulazioaren argudioa (Derek Perebom) eta Zigotoaren argudioa (Alfred Mele). Bateragarritasunaren aldekoek erantzukizun moralaren inguruan ematen dituzten baldintzak eskasegiak direla frogatu nahi dute bi argudioek. Gainera, bateragarritasunaren aldekoek egiletzaren baldintza ere kostata frogatu dezaketela diote.

Manipulazioaren argudioa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adibide batean oinarritutako argudioa da hau: Plum irakasleak ekintza inmorala egitea erabakitzen du boluntarioki. Alegia, bere lankidea den White irakaslea akatzea.

Ekintza hori lau eszenatoki deterministan kokatzen dute egileek. Lehendabiziko kasuan, neurozientzialari batzuek Plum irakaslearen garunean White irakaslea hiltzeko arrazoia atzematen dute; hortaz, kostata baiezta daiteke Plumek libreki erabaki zuenik bere lankidea hiltzea. Bigarren kasuan, zientzilariek Plum irakasleari jaiotzetik programa bat ezartzen diote, halabeharrez, etorkizunean White lankidearen hiltzea ondorio izango duena. Behin ere, kostata baiezta ahalko litzateke Plum dela erantzule. Hirugarrenik, Plum, bere izaera eta ahalmenen ondorioz, ekintza aurrera eramatera dago bideratua. Hirugarren kasu horretan, familiak eta sozializazio prozesuak du eragina, eta, hortaz, askoren aburuz, ez litzateke errudun izango. Azkenik, determinismo hertsiaren markoan jartzen da Plum irakaslea, eta, hortaz, erailketa iraganetik zegoen idatzita kausalitate saihestezinen katearen bitartez. Beraz, aurreko kasuen emaitza bera lortzen da.

Emakume bat haurdun. Mundu determinista batean, haurrak etorkizuna idatzirik izango du.

Zigotoaren argudioa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argudio honek ere adibide bat hartzen du irizpide: Dianaren adibidea, hain zuzen:

Diana mundu determinista bateko jainkosa da. Berak iraganeko eta lege naturalen gaineko jakintza du, hortaz aurreikus dezake zer gertatuko den. Dianak, etorkizunean ekintza bat gerta dadin, emakume baten baitan, zigoto bat ezartzen du, eta, denborarekin, zigoto hura Ernesto izeneko gizaki bilakatzen da. Dianak hura sortzean ezarritako baldintzen ondorioz, Dianak eragin nahi zuen ekintza burutzen du Ernestok. Beraz, Ernesto ez da librea, ez baitu bere ekintzen egiletza.

Bi argudio horiek onargarriak badira ere, ez du esan nahi aukeramen askearen auzia konpondu dutenik; izan ere, oraindik irekita dagoen eztabaida da.

Bateraezintasunaren aurkako argudioa[2]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bateraezintasunari kritika egiteko argudiorik ohikoena, zoriaren argudioa da. Hau da, erabakimen askearen existentziarako egoera indeterminatuen beharrak egoera zorizkoak sortzen ditu, eta, hortaz, ezin daiteke jakin erabakiak libreak diren edo zortearen ondorio besterik ez. Horren arabera, bateraezintasuna faltsua izango litzateke, erabakien gaineko kontrola eta zoria ezin baitira elkartu.

Bestetik, Neil Levy[12] ikerlariak zioen erabaki libre bat hartzeko gutxienez bi erabaki posibleen artean aukeratu behar zela. Bi horiek kontrastatzea eta argudiaketa egitea ezinbestekotzat jotzen zuen. Baina, egoera indeterminatu batean, ez legoke arrazoirik bata edo bestea hautatzeko, eta erabakia zorizkoa izango litzateke. Hortaz, kostata baiezta daiteke erabaki askea dela.

Bateraezintasunaren aldekoak, hala ere, ez dira besoak gurutzaturik geratzen argudioaren aurrean, eta zenbait aukera proposatzen dituzte haien teoriari eusteko:

  1. Kontrastea ez da beharrezkoa; hautatutako erabakiari zenbait arrazoi egoztea nahikoa da, eta, hori kontrol arrazionalaren adierazgarri denez, erabakimen askea existitzen da.
  2. Subjektuak arrazoiei pisua ematen die aktiboki; ez du horien pisua hark pasiboki jasaten. Hortaz, erabakitzeko askatasuna du.
  3. Argudio pisutsuak dituzten bi aukeren kasuetan, determinismoak ezin du azaldu zer dela eta baten alde egiten den, ezta zalantza eragitearen zergatia ere.
  4. Erabakiak ezin dira zoriarekin alderatu zoria kontroletik at dagoen egoera delako, eta erabakiak beti subjektu baten esku egongo dira.
«Egoismoaren aurka borroka ezazu». Ezintasunaren aldekoek diote erabakimen askea egoa puzturik duten gizakien burutazioa dela, nolabait, gizakiek sentitu nahi dutelako haien ekintzen egile direla.

Erabakimen askearen auzian, badaude horren existentzia ukatzen dutenak ere, eszeptikoak alegia. Azken urteetan defendatzaile ugari izan duen jarrera da eszeptizismoa, batez ere Derek Pereboom filosofoaren eskutik, baina baita Spinozaren jarraitzaileak izan direnen artean ere[13]. Jarrera honi bateraezintasun hertsia ere deitu izan zaio.

Eszeptizismoaren arabera, erabakimen askea ez da bateragarria, ez determinismoarekin, ezta indeterminismoarekin ere. Izan ere, erabakimen askearen lekua oraindik ezagutzen ez ditugun gertakari neuronal eta psikologikoek soilik betetzen dute. Gainera, azken urteetan egin diren jokabidearen inguruko zenbait ikerketa zientifikok kanpoko baldintzen eragina azpimarratu dute gizakion kontrol arrazionala ukatuz.

Horrez gain, ezintasunaren aldeko korrontea aipatu beharra dago. Hain zuzen, erabakimen askea gizakion handinahiak sortutako inkoerentzia dela dioen jarrera. Nietzsche izan da ordezkari nagusia, eta, gaur egun, G. Strawson-ek eta S. Smilansky-k defendatzen dute gehien bat.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) Libre albedrío. 2021-01-25 (kontsulta data: 2021-04-06).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) Libre albedrío | SEFA. (kontsulta data: 2021-04-07).
  3. «Euskal Poesiaren ataria - AMAREN HERIOTZAK LIBREAGO EGIN ZUEN - Mari Luz Esteban» www.basquepoetry.eus (kontsulta data: 2021-04-07).
  4. O'Connor, Timothy; Franklin, Christopher. (2021). Zalta, Edward N. ed. «Free Will» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (kontsulta data: 2021-04-07).
  5. a b Arrieta Urtizberea, Agustin. (2019). Gogoeta-bide irekiak: Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat. Euskal Herriko Unibertsitatea, 185-201 or. ISBN 9788413190907..
  6. Determinismo. 2021-03-14 (kontsulta data: 2021-04-08).
  7. (Ingelesez) John Martin Fischer. 2021-02-26 (kontsulta data: 2021-04-08).
  8. Mind time: the temporal factor in consciousness, Benjamin Libet, 2004, ISBN 0-674-01320-4
  9. Perros de paja: reflexiones sobre los humanos y otros animales (2002), John N. Gray, Paidós, 2003, ISBN 84-493-1457-7, pág. 63
  10. Libet, (2003). "Can Conscious Experience affect brain Activity?", Journal of Consciousness Studies 10, nr. 12, pp 24 - 28.
  11. Wegner, D. (2002). The Illusion of Conscious Will. Cambridge: Bradford Books.
  12. (Ingelesez) «Neil Levy» www.philosophy.ox.ac.uk (kontsulta data: 2021-04-09).
  13. (Ingelesez) Derk Pereboom. 2020-01-02 (kontsulta data: 2021-04-11).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]