Euskara eta generoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Beharrezkoa da hausnartzea euskararen erabilpenaren inguruan generoari dagokionez: erabiltzen da edo erabil daiteke euskara desegoki generoari dagokionez? Batzuen ustez ez, euskara ez delako genero hizkuntza eta ez omen dagoelako aukerarik erabilpen sexistarik egiteko. Alegia, batzuen ustez euskara ez da hizkuntza sexista.[1][2]

Ideia horiek auzo-erdaren konparaziotik abiatzen dira: bai gaztelania bai frantsesa -beste hizkuntza erromanikoak bezala eta beste hainbat hizkuntza bezala Europan eta mundu osoan - genero hizkuntzak dira; genero kategoria daukate. Alegia, gaztelaniak eta frantsesak femeninoa eta maskulinoa dauzkate (garai bateko neutroaren aztarna batzuez gain): “niña / niño”; “actrice / acteur”. Hizkuntza horien sisteman, gainera, maskulinoa generiko gisa erabiltzen da, hau da, izendatutako errealitatea gizonek eta emakumeek osatzen dutenean edo errealitate horren konposizio generikoa ez dakigunean: “los  niños de la escuela”, “les acteurs”.

Hainbat ahotsek arbuiatu dute maskulino generikoaren erabilpena hizkuntza horietan, emakumeak ezkutatzen dituela argudiatuta eta emakumeak momentu oro izendatu behar direla defendatuta. Horren ondorioz beste alternatiba batzuk proposatu dira, eta arrakasta gehiagoz edo gutxiagoz erabiltzen ari dira: @ ikurra, femenino eta maskulinoren alternantzia, izen orokorrak kolektibo mistoei erreferentzia egiteko… Alternatiba horiek hainbat gidatan[3] jaso dira azkeneko urteetan. Haien benetako erabilpena, baina, nahiko urria da[4]. Erdaretan dagoen maskulino generikoa euskaran ez egoteak nabarmen errazten du hiztunon adierazpena eta hainbat buruhauste aldentzen dira, baina alderdi horrek bakarrik ez du arreta erakarri behar. Euskaran ere badaude hainbat aspektu “generoz” tindatuta daudenak, eta horiek hausnartzea beharrezkoa da. Bestalde, hizkuntza batek generoa edukitzeak ala ez loturarik ez daukala, berez, gizartea parekoagoa edo ez-parekoagoa izatearekin. Munduan badaude generoa daukaten hizkuntzak (bi genero frantsesean eta gaztelanian, hiru genero alemaneran, sei genero swahilian…) eta badaude generorik gabeko hizkuntzak, euskara eta mongoliera bezala. Ezin da sailkapen sinplerik planteatu aipatu parametroen arabera; ez da zuzena esatea generoa daukatenak sexistagoak direla besteak baino. Izan ere, esparru pribatua eta publikoaren banaketa generoen artean eta esparru publikoarekin lotutako prestigioa gizarte guzti-guztietan -euskal gizartean ere- hautematen dira, ikerketek kontrakoa frogatu arte; hori bai, era desberdinetan eta gizarte eta garai bakoitzari egokituak. Euskaldunak elebidunak dira eta paradoxikoa izango litzateke pertsona berberak hizkuntza batean adieraztea modu sexista batean eta beste hizkuntzan modu egokian. Ziur aski generoei buruzko ikuspegia eta jarrerak antzekoak izango dira erabiltzen diren bi hizkuntzetan eta bi hizkuntzetan islatuko dira.

Hitanoa[5][6][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitanoa erabiltzeak eskatzen du hiztunak solaskidearen generoa kontuan izatea; aditzean marka desberdina utziko du generoaren arabera: “erretzeari utzi iezaion!” (emakume bati, noka) eta “erretzeari utzi iezaiok!” (gizon bati, toka).

Erabilpenean, baina, arazoak sortzen dira solaskidea ez denean genero bakar batek osatutako taldea edo ez nor den ez dakigunean. Kasu horietan hitanoa desegoki baliatzen da maiz: atzizki maskulinoak erabiltzen dira. Eta hori gertatzen da bai ahoz (lagunartean, familiartean, abestietan…), bai idatziz (oharretan, iragarkietan…).

Zein da erabilpen desegoki horren alternatiba? Alde batetik, “zu” tratamendua erabiltzea dago. Baina beste estrategiak ere erabili daitezke: inperatiboan, kasu, ez da ezinbestekoa aditz laguntzailea jartzea.

Hitanoaren erabilpen desegokia saiheste aldera, aukera aitzindari bat aipatu ahal da: femeninoa era maskulinoaren atzizkiak elkartzea, adibidez, ez "dun" eta ez "duk" baizik eta "dunk". Antton Olariaga marrazkilariak estrategia hori erabiltzen du “Zakilixut” izeneko komiki-tiran (Berria egunkarian argitaratzen da). Telebista programa baten izenburuan estrategia berbera erabili da: “Wazemank” (“goazen” aditzaren baliokidea hitanoan, telefonoen sms-n estiloa erabilita).

"Gizona" erabilera espezifikoa[7][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioan eta literaturan “gizona” hitza erabili dela bai gizonak bakarrik bai gizonak eta emakumeak izendatzeko. Hiztegi batzuek oraindik bi esanahiak jasotzen dituzte:

Gizon. 1. Gizakia, lurreko abere mota garatueneko kidea. Ikus giza-. [Adibideak]. 2. Gizaki arra. Ikus gizonezko; gizaseme; emakume. [Adibideak]. […]

Gizon. 1. Lurreko abere mota garatueneko kidea, gizakia. 2. Gizaki arra, gizonezkoa. […]

Azpimarratzekoa da bai Euskal hiztegia-k bai Erein euskarazko hiztegia-k lehendabizi zentzu generikoko adiera jartzen dutela. Elhuyar hiztegia–n lehenengo zentzua espezifikoa da. 3000 hiztegia-k, berriz, ez du zentzu generikoa jasotzen, espezifiko moduan soilik azaltzen du hitza.

Argi ikusten da, baina, bi erabilerak bereizteko premia, anbiguotasunak saihesteko. Izan ere, ondorengo esaldia bi modutara uler daiteke, gizonezkoak izan edo gizon eta emakumeak izan: Auzo horretan bost mila gizon bizi dira

Anbiguotasun hori ekiditeko eta “gizakia = pertsona arra” eragiketa ere saihesteko, “gizona” zentzu espezifikoan (pertsona arra izendatzeko) soilik erabiltzeko aldarrikatu behar dugu. Desegokia da, beraz, modu orokorrean edo generikoan (emakumeentzat ere) erabiltzea. Baina, oraindik “gizona” generiko moduan erabiltzen da: Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia… (“Izarren hautsa” abestian).

"Gizona" hitz elkartuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat hitz elkartu daitezke “gizon” osagaiarekin: lege-gizona, enpresa-gizona, industria-gizona, kultur gizona, elizgizona, plazagizona, itsasgizona...

Hitz konposatu hauek egokiak izango dira baldin eta esanahi espezifikoa badaukate. Erreferentzia egiten badio talde anitz bati edo ezagutu gabeko generoko pertsona bati, “gizon” osagaia aldatu beharko dugu, “-ari” atzizkia, “langile”, “pertsona” etab. erabiliz: legelaria, enpresaria, industrialaria, kultur-pertsona, eliz-pertsona, plaza- pertsona, itsas-langilea…

Posible da, noski, kolektiboa erabiltzea (jendea) eta generoa zehaztuko dugu pertsonarena baldin badakigu: kultur gizona, kultur emakumea, kultur jendea...

"-Sa" bukaerako femeninoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubereran “-sa” atzizkia izen femeninoak osatzeko erabiltzen da. Atzizkia daramaten hitz batzuk, bestalde, berriak dira edo maileguak. Hona hemen adibide batzuk: alkatesa, aktoresa, jainkosa, alarguntsa, artzaintsa, laborarisa, ostalersa, idazlesa, betsolarisa, idazkarisa, langilesa, euskaltzaintsa, iragarlesa, dantzarisa, ikaslesa, doktoresa, abadesa, dukesa...

Hitz horien erabilpen orokorra nahiko mugatua izan arren, gero eta hedatuago daude haietako batzuk: “alkatesa”, “aktoresa”… Baliteke hedatze hori politikoki zuzena izateko joerarekin lotuta egotea eta gaztelanian eta frantsesean emakumeak izendatzeko aldarrikapenekin zerikusirik izatea, baina bide hori ez doa euskararen izaerarekin bat eta hizkuntzak ez du estrategia hori behar. Hortik jarraitzekotan, euskaran ere “bikoteak” joango dira sortzen, frantsesa eta gaztelaniaren erara (doctora / doctor; doctoresse / docteur).

“-Sa” atzizkia erabiltzeak ondorio bat dauka: “–sa” atzizkirik gabeko izena maskulino bihurtzen du. “Langile” hitzak, berez, ez dauka generorik -euskaran hitz gehienekin gertatzen den bezala- eta emakumeei eta gizonei aplika dakieke. Baina “langilesa” erabiltzen hasten bagara, “langile” hitza espezifikoagoa geldituko da, gizonentzat bakarrik.

Generorik gabeko izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaran substantibo gehienek ez daukae generorik. Hala ere, generorik gabeko substantiboak entzutean edo irakurtzean, nortaz hitz egiten den jakin gabe, zer irudi etortzen zaigu gogora, emakume bat edo gizon bat? Horra adibide bat:

Aita-semeak motorrez doaz. Istripua izaten dute eta aita bertan hiltzen da. Semea larri zaurituta geratzen da. Anbulantzia batek ospitale hurbilenera eramaten du eta han denak hasten dira zirujauaren bila. Zirujauak oihu egiten du gaztea ikustean: “Ezin diot ebakuntzarik egin, nire semea da”.

Gakoa ez dago hizkuntzan, hiztunon burmuinean baizik. Inertzia batzuk gelditzen zaizkigu oraindik eta pertsona –ez badakigu zein generotakoa den– gizon moduan irudikatzen dugu berez, batez ere historikoki gizonek egin duten lanbide batekin lotuta badago. Hiztunon inertziak dira, ez dut uste hizkuntzarenak.

"Gizon" terminoa eta "gizon portatu" ezaugarri positibo moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal hiztegia-k adiera hau ere jasotzen du “gizon” hitzaren azalpenean: Gizona, adorearen, ausardiaren eta dagozkion gainerako tasunen jabetzat hartua. Etor hona, gizona bazara!

Terminoa, beraz, bertute multzo baten moduan ulertu da, eta batez ere adorea eta ausardia barneratzen ditu. “Emakume” hitzari ez zaio, berriz, esanahi hori eman. Hiztegiak “gizona” ilustratzeko jarritako adibidea esanguratsua da: Etorri hona, gizona bazara.

"Neska" eta "emakume" irain moduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Gizona” terminoak esanahi positiboa dauka; “neska” eta “emakume” terminoak, berriz, irangarriak izan daitezke. Hitz horiek, irain moduan, gizonei eta mutikoei zuzentzen zaizkie. Kalean erabiltzeaz gain, umeentzako pelikuletan, marrazki bizidunean... maiz entzuten dira zentzu horiekin. Emakumeen edo nesken inguruko estereotipoekin lotuta daude: neskak eta emakumeak dira berritsuak, pinpirinak, txepelak, tuntunak... Horra adibide batzuk: Aizu, neska txotxolo baten moduan jokatzen ari zara! Emakume negarti bat dirudizu!.

Jauzi semantikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Termino bat erabiltzen da generikoa (emakume eta gizonentzako) dela ulertaraziz, eta gero, momentu jakin batean, aditzera ematen da termino hori ez zela benetan orokorra, baizik eta maskulinoa soilik. Alegia, orokorretik espezifikora pasatzen da abisurik gabe eta solaskidea konturatzen da orduan testuaren igorleak lehengo izena maskulino moduan ulertu zuela. Esan dezagun, gainera, jauzi semantikoa egiten duten hiztunen artean, ia denak gizonak direla, eta ez bakarrik jarrera kontserbadorea daukaten gizonak, baizik eta baita ere bere burua progresistatzat jotzen dutenak. Fenomenoa beste hizkuntzetan ere gertatzen da. Ikus ditzagun adibide batzuk (azken adibidea mikroipuin bat da eta osorik transkribatu dugu).

Adibidea: Gazteen aisialdia errutina hutsa da: telebista ikusi, tragoak hartzera joan,

neskekin ligatzen saiatu…

Egokia: Gazteen aisialdia errutina hutsa da: telebista ikusi, tragoak hartzera joan, ligatzen saiatu… / beste gazte batzuekin ligatzen saiatu…

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Alvarez Uria, Amaia. (2004). Euskara sexista al da?. Erabili.com..
  2. Alvarez Uria, Amaia. (2004). Euskara eta diskriminazio sexuala. Jakin.
  3. Errazu Colás, Mª Angeles. (1995). Hacia una utilización no sexista del lenguaje. Instituto Aragonés de la Mujer-Gobierno de Aragón.
  4. Muruaga, Begoña. (2003). Sexismo en el lenguaje. Sexismo en el mensaje. Emakunde.
  5. Alberdi Larizgoitia, Xabier. (2003). Hitanoa non eta nork erabiltzen duen. Erabili.com.
  6. Ibarra, Itsaso. (2007). Hitanoa. Berrorek nahi baduzu egingo yau. Argia.
  7. Juanena, Agurtzane. (1991). Hizkuntza, sexismoa eta euskara. Jakin.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]