Faszitis nekrosatzaile

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Faszitis nekrosatzaile
Deskribapena
Motafaszitisa, necrotizing soft tissue infection (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateainfektologia
Identifikatzaileak
OMIM607395
DiseasesDB31119
MedlinePlus001443
eMedicine001443
MeSHD019115
Disease Ontology IDDOID:9602


Faszitis nekrosatzailea faszian eta azalpeko ehun zelularrean zehar hedatzen den infekzio larria da, gorputzeko ehun bigunen heriotza edo nekrosia eragiten duena [1]. Oso azkar hedatzen den infekzioa da, sarritan heriotza dakarrena, eta gorputz-adarrak, batez ere, kaltetzen ditu.

Gangrena mota honek larruazaleko zaurietan, erreduretan edo traumatismoetan du iturburua. Garbitu edo desinfektatu gabeko zauriak oso aproposak dira faszitisa sortzen duten bakterioak ehun konektibora irits daitezen eta faszia infektatu dezaten. Herriko hizkeran bakterio hauei "haragijaleak" deritze.

Gaitzak pertsona immunogutxituak jotzen ditu batik bat, hots, immunitate-sistema ahula dutenak edota gaixotasun kronikoak dituztenak (diabetesa, adibidez).

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterio askok parte hartu dezakete infekzio larri honetan. Ohikoenak A taldeko estreptokokoak (Streptococcus pyogenes) eta Staphylococcus aureus dira, baina enterobakterio batzuk (E. coli, Enterobacter, Klebsiella...) eta Clostridium eta Bacteroides bezalako anaerobioak ere egon daitezke. Sarritan infekzio polimikrobiarra da, hots, bakterio bat baino gehiago dago gaitzaren atzean.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zauria sortu den tokian min handia, berotasuna, hantura eta gorritasuna agertzen dira, sukarrarekin batera. Hauek lehenengo sintomak dira, zauria agertu eta lehenengo 24 ordutan agertzen direnak. Infekzioa oso azkar zabaltzen da. Gero, ehunen nekrosia azaltzen da: mina desagertzen da (nekrosiak azalaren azpiko nerbioak apurtzen ditu) eta kaltetutako gorputzeko arean babak, ilun edo more koloreko mantxak, gangrena, gasa eta edema ere agertzen dira. Septizemia ohikoa da.

Diagnostikoa eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faszitis nekrosatzailea hilkortasun handiko gaitza da (%25-%45) [2] eta diagnostiko goiztiarra ezinbestekoa da, tratamendua lehenbailehen ezartzeko.

Zauri edo traumatismo baten osteko sintomatologiak asko laguntzen du gaitza antzemateko. Odol-analisi batean leukozitosi agertzen da, eta exudatuaren behaketa mikroskopikoan bakterio ugari.

Tratamenduari dagokionez, antibiotikoak eta kirurgia erabiltzen dira. Antibiotikoak zain barneko bidetik aplikatzen dira, eta bat baino gehiago erabiltzen da (bankomizina, penizilina, gentamizina...) ahalik eta bakterio gehien hiltzeko (gogoratu infekzio polimikrobiarra izan ohi dela). Kirurgia ezinbestekoa da hildako ehunak kentzeko eta infekzioaren hedadura mozteko. Kasu larrienetan kaltetutako gorputz-adarraren anputazioa behar da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Necrotizing Fasciitis, Centers for Disease Control and Prevention June 15, 2016
  2. Hakkarainen, Timo W.; Kopari,Nicole M.; Pham, Tam N.; Evans, Heather L. «Necrotizing soft tissue infections: Review and current concepts in treatment, systems of care, and outcomes». Current Problems in Surgery, vol. 51, 8, 2014,344–62 orr. DOI

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]