Fatimetu Salec Mohamed

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fatimetu Salec Mohamed

Bizitza
JaiotzaTichla1978ko apirilaren 6a (46 urte)
Herrialdea Mendebaldeko Sahara
BizilekuaOiartzun
Hezkuntza
HizkuntzakHassania
arabiera
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista

Fatimetu Salec Mohamed (Tichla, 1978ko apirilaren 6aMendebaldeko Saharako ekintzailea. Gizarteko esparru askotara zabaltzen du bere ekintzaile jarduna, besteak beste, mugimendu feministara.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatimetu Aljeriako Tindufeko Errefuxiatuen kanpalekuetan jaio zen, Tichla-n. 1975. urtean bere gurasoak Sahara Okupatutatik ihesian joan ziren Fronte Polisarioak eraikitako kanpalekuetara eta bertan bizi izan zen, 22 urte bete zituen arte.

Argeliako errefuxiatuen kanpalekuak

Kanpalekuetan buztinez egindako etxeetan eta haimetan bizi ziren, baina ongi antolatutako kanpalekuetan. Bost uilaies [hiri] daude: Aaiun, Auserd, Smara, Rabuni eta Dakhla. (Marokoko Sahara okupatuan, izen bereko hiriak daude). Hiri bakoitza herri eta auzo multzoak osatzen dute. Hiriburu administratiboa Raboni herrian kokatzen da.[1]

Bere ama Ghalouha Ebboy da eta aita Omar Bolsan, Polisarioko kidea eta 2020tik Polisarioko enbaxadore Kuban.[2]

Bost senideren artean, bera da zaharrena. Kanpalekuetan eskolatu zen, batxilergoa egitera iritsiz.

Mendebaldeko Sahararen historia makurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Sahara
Marokoren okupazioaren ondorioa

Fronte Polisarioa 1970eko hamarkadan sortu zen, eta 1973an hasi zen errepublika edo herrialde gisa funtzionatzen. Espainiak Marokori Saharako eskuduntza eman ondoren, marokoarrek herrialdea bitan zatitu zuen:[3][4]

  1. Mendebaldeko Sahara, gehienbat, Marokok okupatzen eta administratzen du, eta Hegoaldeko Probintziak deitzen dio. Gainerako lurraldea Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak kontrolatzen du, eta Eremu Librea deitzen dio.
  2. Eremu Librea, Lurralde Liberatuak ere esaten zaiona, Fronte Polisarioak bere kontrolpean dagoen Mendebaldeko Saharako zatia deskribatzeko erabiltzen duen terminoa da, Marokoko mugako harresiaren ekialdean eta Aljeria eta Mauritaniako mugen mendebaldean eta iparraldean dagoena, hurrenez hurren. Eremu Librea Mendebaldeko Saharako gainerako lurraldetik 2200 kilometroko harresi batek banatzen du, eta munduko lehorreko bonba-eremurik handienetako batek babesten du.

“Ez duzu inoiz ikusiko saharar familia bat osorik. Marokoarrek Lotsaren Harresia egin zutenean familia asko zatitu ziren. Batzuk kanpamentuetan, besteak lurralde okupatuetan, besteak kanpoan, besteak hilak… Familia saharar guztiek dituzte martiriak, guztiek.” [1]

Atzerriratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fatimetu, 22 urte zituela eta haur txikia gainean, iritsi zen lehenengo aldiz Kanariar uharteetara 2000. urtean. Hor eman zion hasiera bizitza ibiltari eta gogorrari. 2001ean Andaluziara joan zen, Malagara. Gero berriz Kanarietara; handik Badajozera, aitaren laguntzaz paperak egitera, zeren bertan onartutako lege batek aukera ematen zien dokumentu kolonial zaharrak zituztenei "jatorrizko espainiartzat"  hartzeko.[5] Hamabost egun behar izan zituen bizileku-baimena lortzeko eta behin paperak eskuan, Kanarietara bueltatu zen.

Bizileku baimenak maila batean erraztu zion bizitza, baina ume txiki batekin zailtasun handiak zituen aurrera egiteko. Bassiri bere semeak bi urte zituen eta bion bizitza aurrera ateratzea ezinezkoa egiten zitzaionez, amonarengana bidali behar izan zuen, kanpalekuetara.  

Kanarietan lan franko egin zuen, garbitzen-eta… Baina ez ziren lan onak. Hortik Valladolidera joan zen eta etxe batean sartu zen garbitzaile. Ondoren, arrautza fabrika batean aritu zen. Hurrena, erresidentzia batean hasi zen lanean; gauez erresidentzian eta egunez jatetxe bateko sukaldean. Eta bitarte guzti horretan erizaintzako ikastaro bat egiteko aukera izan zuen.[1]

2004ean Oiartzunera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko urte bukaeran etorri zen Oiartzuna bizitzera. Bertan bizi zen bere osaba eta haren bitartez eta "El Watan" Sahararen Lagunen Oiartzungo Elkarteko kideen laguntzaz, lortu zuen bere bizitza egonkortzea eta familia osatzea. Bassili semea ekarri zuen berarekin eta gerora jaioko ziren beste hirurak: Sidi-Brahim, Gabal, eta Saleh. Bere bikotea Hadamin Mahmud da.[1]

Saharar izatearekin batera, oiartzuar eta euskaldun ere sentitzen da. Familia euskalduna sortu du. Herriko beharretan eta ekintza sozialetan integratzen da eta maite du Oiartzun, bertan ongi hartua izan dela sentitzen baitu.[6]

Sahararen aldeko ekintzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Asociación Colectivo Saharaui en Gipuzkoa (ACSAG) taldeko partaide da eta bertako lehendakaria izan zen 2011-2016 bitarte.
  • "El Watan" Sahararen Lagunen Oiartzungo Elkarteko zuzendaritzako batzordekidea da.[7]

Beren egiteko da, alde batetik Saharar herriak independentziarako duen eskubidea defendatzea eta honekin batera, Saharar kolektiboaren aldeko jarduerak egitea; Saharar guztien topagunea izatea; Saharar aldarrikapen nazionalekin bat datozen sentsibilizazio-ekintzak sustatzea[8] edota Euskal Herriaren eta Saharako herriaren arteko elkartasuna eta kultur harremanak sustatzea, bai eta bien arteko lankidetza ere.[9]

Beste esparruetako ekintzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EH Bilduko agerraldian

Saharar militantea izatearekin batera, ekintzaile feminista ere bada, bere partaidetza zuzena eskaintzen duelarik.[10]

Politikoki EH Bildurekin lerratua dago. Arnaldo Otegik bere hautagaitza aurkezteko eskubidearen defentsan atera zen 2016ean egindako kanpainan[11] eta 2023ko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan babesa eman zion EH Bilduri, Bidasoa-Oiartzun barrutiko zerrendetan azalduta.[12]

Oro har, edozertan laguntzeko prest azaltzen da. Denbora libre guztian badu zeregina, Izan jendearen beharrei laguntzeko, izan eskolako eskaerei erantzuteko edo herri mailan egiten den edozein ekintzetan parte hartzeko.[13]

2018an Herritar aitortza jaso zuen “Oiartzuar emakumeak udalekuetan" egitasmoaren barruan, bere izena eraman zuelarik udalekutako haur-talde batek.[14]

Saharar aldarrikapen publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautu pertsonala egin du saharar ezaugarriak gainean ibiltzeko. Urte asko zeramatzan europar janzkerak erabiltzen, baina 2016tik aurrera hartu zuen erabakia saharar modura agertzeko kalean, melhfa jantzita. Bere identitatea hobeto adierazten dela sumatzen du eta bere sentimendu nazionalista hobeto islatzen dela. Sahara librearekin amesten du:

“Sahara libratzen den egunean itzuli egingo gara”[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Saiz, Imanol. (2022-06-17). «Elkarrizketa: Familia saharar guztiek dituzte martiriak, guztiek» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  2. (Frantsesez) LNR, Rédaction. (2022-04-04). «La position unilatérale de Sanchez concernant le Sahara occidental fait fi du droit du peuple sahraoui à l'autodétermination» La Nouvelle République Algérie (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  3. «Saharako gatazka 3000 hitz baino gutxiagotan» Google Docs (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  4. «Saharako gatazka 3.000 hitz baino gutxiagotan - komikipedia» www.komikipedia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-30).
  5. (Gaztelaniaz) Bárbulo, Tomás. (2006-02-19). «Miles de saharauis acuden a Badajoz para recuperar la nacionalidad española» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  6. «Udala informatzen 78» issuu.com (Oiartzungo Udala) 2015-12-17 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  7. «2015 Urtekaria» issuu.com (Oiartzungo Udala) 2016-07-30 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  8. (Gaztelaniaz) Blasco, Roge. (2013-11-11). La Casa de la Palabra lunes 11 de noviembre 2013. Ciclo de cine submarino en Donostia. Semana de los Pueblos. Rumbo a Tristán de Acuña | El blog de Roge. (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  9. Erik, Gartzia(e)ko. (2017-04-04). «Sahararen egoera Oiartzuna hurbilduko dute» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  10. Martxoak 8, 2023 - Oiartzun. (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  11. Erik, Gartzia(e)ko. (2016-09-07). «Otegiri bozetara aurkeztea debekatu izana salatu dute hainbat herritarrek» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  12. «Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» egoitza.gipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  13. Johelly. (2022-11-19). MUNDUKO ARROZAK. (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).
  14. Oiartzun urtekaria 2019. Oiartzungo Udala 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-10-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]