Mendebaldeko Sahara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Mendebaldeko Sahara


الصحراء الغربية
( As-Ṣaḥrā' al-Ġarbiyyah )
Sáhara Occidental

Ez da estatua
Mendebaldeko Saharako bandera
Bandera
Mendebaldeko Saharako armarria
Armarria
LocationWesternSahara.svg
Mendebaldeko Sahara
Hiriburua -
Hiri nagusiak Aaiun
Administrazioa Estatus eztabaidatua
-Espainiak abandonatua: 1975 azaroaren 14a
-Marokoren agintepean: 1976 otsailaren 27a
Eremua 266.000 km²
Biztanleria 267.405 (2004)
Dentsitatea 1,3 biztanle/km²
Administrazioa Estatus eztabaidatua
-Espainiak abandonatua: 1975 azaroaren 14a
-Marokoren agintepean: 1976 otsailaren 27a
Dirua Marokoko Dinarra (MAD)
saharar pezeta (SAED)
Herritarra saharaui, saharar, Mendebaldeko Saharako
Hizkuntza(k) Arabiera eta gaztelania
Ofiziala(k) Arabiera de iure
gaztelania de facto
.eh domeinua du esleitua, baino ez dago erabilgarri.


Mendebaldeko Sahara[1] edo Sartaldeko Sahara Afrikako Sahara basamortuaren mendebaldean dagoen eskualdea da, Ozeano Atlantikoan. Nazio Batuen Erakundeko lurralde ez-autonomoen zerrendan ageri da.[2] Deskolonizazio prozesua 1976an eten zen. Urte horretan Espainiak, lurraren gaineko burujabetza zuen estatuak eta berez oraindik ere baduenak[2], Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen lurraldea Madrilgo Akordioetan ezarri zenaren arabera. Bi herrialde horiek lurraldea okupatu zuten baina 1979an Mauritania erretiratu zen. Marokok kudeatzen du ia lurralde osoa, baina NBEk ez du hori onartzen. Gainera Fronte Polisario izeneko erakunde armatuak independentzia aldarrikatu zuen eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (SAED) izena eman zion 1976an. SAEDek kudeatzen du Morokok okupatuta ez duen lurraldea. Marokoren arabera eskualdearen izena Hegoaldeko Probintziak da, hiru probintziatan banaturik: Guelmim-Es Semara, Laayoune-Boujdour-Sakia El Hamra eta Oued Ed-Dahab-Lagouira. De iure Sahara Espainiarra izena gordetzen du oraindik.

Mendebaldeko Saharako mapa.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde laua eta hareatsua da oro har. Gora egiten du itsasertzetik barrualdera egin ahala, eta garaiera txikiko mendi harritsuak eta hareatsuak daude. Barnealdean, halaber, itsas mailatik beheragoko haran antzuak dira. Klima kontinentala da, lehorra guztiz. Ez du ia euririk egiten eta ez da ezagutzen emari iraunkorreko ibairik. Sakia-el-Hamra da hango uadi nagusia.

Landareak eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaretzarik ez da ia, are gutxiago erdialdetik hegoaldera. Itsas bazterretik urrun akazia multzo txiki batzuk daude, eta El Aaiun, Smara eta oasi gutxi batzuetan baizik ez dira hazten palmondoak.

Fauna ingurugiro latzari egokitu zaiona da: sugeak, muskerrak, karraskariak, azeriak, hienak, ostrukak, lehoinabarrak dira basa abere arruntenak, eta ahuntzak eta gameluak, etxe abere arruntenak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu gutxi dago Mendebaleko Saharako historiaurreari buruz. Ehiztari eta artzain kulturen aztarnak aurkitu dira Sakia-el-Hamran. K. a. IV. mendean hasi ziren bertako biztanleak Ipar Afrikako Mediterraneoaren ertzean bizi ziren kartagotarrekin harremanetan; erromatarrekin ere izan zuten harremanik, baina ez sakonak. Behe Erdi Aroko mendeetan berbere herriak kokatu ziren lurralde haietan, eta arabiar beduinoak gero.

1346an egungo Rio de Oroko kostaldera heldu ziren portugesak, eta XIX. mendera bitartean europarrak eta musulmanak ibili ziren kostalde hartan.

1884an kokatu zen Rio de Oroko badian Sociedad Española de Africanistas y Colonistas izeneko espainiar elkartea eta, hango biztanleekin hitzarmen batzuk egin ondoren, bere babespeko lurraldetzat hartu zuen Espainiako gobernuak eremu hura. Espainiarren kolonizazioak oztopo batzuk izan zituen: Frantziak eskatu zuen lurralde hura, Mauritaniaren barneko lurra zelakoan, eta Ma' al-Aynyan arabiar buruzagiak lurralde burujabe bat eratu zuen Smarako hiria hartu ondoren (1904).

1916-1934 bitartean hartu zituen Espainiako gudarosteak Sahara Mendebaleko lurralde guztiak (Rio de Oro eta Sakia-el-Hamra). 1957an beretzat eskatu zuen Marokoko estatuak lurraldea, eta atzera bota zituen espainiar gudarosteak Marokoko osteak bi nazioen arteko mugetatik. 1958an Espainiako gobernuak Sahara Español izeneko herrialdea sortu zuen, eta 1960. urtean beretzat eskatu zuen Mauritaniako estatu berriak.

Horiz, Polisarioak kontrolatutako eremua; gainerako koloreek Marokok ezarritako hormen sistema da.

1963an aurkitu ziren fosfatoak Sahara Mendebaleko iparraldean (Bu Craa), eta 1972an hasi ziren espainiarrak Bu Craako fosfato meatzeak ustiatzen. Urte horietan independentzia gogoa handiagotzen zihoan bertako natiboen artean. Espainiak koloniari eusteko ahaleginetan, koloniari probintzia autonomoaren itxura eman zion: "parlamentu" propioa Yemaa, eman zion (1967). Gorteetako prokuradoreekin, kontseilari nazionalekin eta zigilu propioekin (1968). NBEk egoera hori ukatu egin zuen, 1965ean ≪saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea≫ aintzatetsi baitzuen.

Garai horretan hasi ziren sortzen lehen independentzia-mugimenduak, eta 1973. urtean sortu zen Fronte Polisarioa, sahararrek beren nazioaren independentziaren alde eratu zuten erakunde politiko-militarra. Bat-batean eta zarata eginez aurkeztu zen Fronte Polisarioa iritzi publikoaren aurrean: zenbait lehergailu jarri zituen Aaiunen, eta 1974. urtearen hasieran, pattruila militar batzuk eraso zituen. Aldi berean, Marokok Saharako lurraldeen eskaera formala egin zuen. Hala ere, aurkera gutxi zituela zirudien; batez ere, Nazio Batuen Nazioarteko Batzorde batek 1974an Sahara bisitatu eta gero, autodeterminazioaren aldeko txostena egin ondoren. 1975eko azaroan, Maroko eta Mauritania onartu zituen Espainiak hango administrazio kide gisa, eta 1976ko otsailean, Espainiak kolonia utzi ondoren, bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak. Hil berean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak (Nazio Batuen Erakundeko 70 estatuk onartu zuten errepublika berria), eta bi estatu haien eta saharar abertzaleen arteko gerra zabaldu zen.

Marokoar poliziaren kontrolgunea, Aaiun hiriaren kanpoaldean.

Mauritaniako gobernuak 1979an bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere gudarostea eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldera. 1980. urtetik aurrerako urteetan gerran jarraitu zuten sahararrek Marokoko gudarostearen aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaleko Saharan, 1974an espainiar agintariek egin zuten errolda abiapuntu gisa hartuta.

Nafarroa ospitalea, Fronte Polisarioak kontrolatutako Mendebaldeko Saharako zatian dagoen Tifariti herrian.

Ez da oraindik erreferendumik egin, etengabe oztopoak jarri baititu Marokoko gobernuak. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su-etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. 1992an Nazio Batuetako ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma prestatzeko, baina oraindik ez da egin.

2014ko irailaren 21ean, NBEren ordezkari bereziaren bisita oztopatzea egotzi zion SEADek Marokori. Bere misioaren mugak zehatz-mehatz azaltzeko eskatu zion Marokok Rossi, herrialdean sartzeko baimena eman aurretik[3].

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Saharako biztanleen bilakaera, 1961-2003. urteen bitartean. Iturria: FAO.

Mendebaldeko Saharako bertako biztanleei saharar deritze, eta berbere-arabiar nahasturako etnia dira, eta arabieraren hassania aldaera hitz egiten dute. Erlijioz musulmanak dira. Mauritaniako eta Marokoko estatuen inbasioaren ondorioz, bi estatu horietako biztanle eta kolonoak kokatu dira Mendebaleko Saharako lurraldean.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantzarik ez dago ia, klimaren gogortasunaren ondorioz. Hedadura txikiko gari soro gutxi batzuk, baratze txikiak eta artoa baizik ezin da aldatu oasi edo berdegune zenbaitetan. Garrantzi handiagoa du abere hazkuntzak (ardi, ahuntz eta gameluak), artzain nomaden eskuetan daudenak.

Kostaldean, berriz, arrantza eta lurpeko aberastasunen ustiapena dira bereziki ekonomia jarduera nagusiak. Fosfato hobi handiak daude kostaldean eta barnealdean; munduko hobirik handienetakoa da Bu-Craa izenekoa. Hala eta guztiz ere, garapen bidean dago Sahara, eta bizi duen gerra egoerak zailtzen du ekonomiaren suspertzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mendebaldeko Sahara Aldatu lotura Wikidatan