Fiat 500

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fiat 500
EkoizleaFiat
MarkaFiat
EzizenaCinquecento
Ekoizpen urteak1957-1975
AurrekariaFiat 500
OndorengoaFiat 126
SegmentuaA
Karrozeria2 ateko berlina
3 ateko familiar
KonfigurazioaAtzeko motorra
Motorragasolinazko motor
Luzera2.970 milimetro
Zabalera1.320 milimetro
Altuera1.325 milimetro
HarremanakFiat 600
DiseinatzaileaDante Giacosa

Fiat 500 (italieraz: Cinquecento, /ˌtʃiŋkweˈtʃɛnto/) 1957 eta 1975 artean, Italiako Fiat enpresak hirirako egindako autoa izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkadaren hasieran, Fiatek produktu nahiko arrakastatsua ipini zuen merkatuan, Balilla izeneko modeloa, baina haren prezioa ez zegoen oraindik langile-klasearen eskura. Orduan Benito Mussolini Fiateko zuzendari Giovanni Agnellirekin bildu zen, eta italiarrei 500.000 lira baino gutxiagoren truke auto bat eskaini behar zitzaiela esan zion. Ideia egokia zenez, eta Adolf Hitlerrek aliatu italiarraren bideari heldu zion: Ferdinand Porscheri 1.000 markotik beherako autoa egiteko eskatu zion; Volkswagen Beatle ezaguna jaio zen[1].

Torinoko fabrikan, 1931n prest zegoen Fiat 500 Tutto Avanti modeloaren prototipoa, baina autoa frogatzean, irten eta kilometro gutxira, su hartu zuen. Merkatura 1936an iritsi zen lehenengoz Fiat 500 A, gerora Topolino izenaz ezaguna egin zena. Harrera epel samarra izan zuen: ulergarria da, garai hartan 220 italiarretik batek baino ez baitzuen autoa; proportzioa hamar aldiz handiagoa zen Frantzian eta 40 aldiz handiagoa AEBetan.[1]

Faxismoaren eta Bigarren Mundu Gerrako porrotaren ondoren, krisi moral eta ekonomikoa automobilgintzan ere antzeman zen. Topolinoen salmentak behera egin zuen. Horregatik, 1953an, haren motorrari Hans Meter Bauhofek diseinatutako alemaniar karrozeria erantsi eta Fiat 600 eredua sortu zuten. Hala ere, haren bertsio atzerritarrek, Espainiako Seat 600ak batez ere, jatorrizkoak baino arrakasta handiagoa izan zuten.[1]

Arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957ko uztailaren 4an, Torinon (Italia), Dante Giacosak diseinatutako Fiat 500 berria aurkeztu zuten. Merkea zen (490.000 lira) eta orduko 85 kilometro egiteko gai zen. Berehala Nuova 500 Economica eta Nuova 500 Standard bertsioak merkaturatu zituzten, osagarri gutxi batzuk gehituta eta arrakasta etorri zen. Auto hura italiarraren neurrira eginda zegoen, industrializazioan oinarrituta, hamarkada hartan mirari ekonomiko betean zegoen herriarentzat. Italia berreraikitzeko motor nagusietakoa izan zen.[1]

Krisi ondoko gorakadaren ikur bilakatu zen, gazteriaren ikono. Eta Torinoko fabrikako muntaia-kateetan langileek klase kontzientzia berreskuratzen zuten bitartean, kanpoan italiarren bizimodua aldatu zuten autoak. Guztira, 3,9 milioi ale saldu zituzten merkatuan egon zen hamazortzi urteetan.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2007-12-02). «Cinquecento» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]