Edukira joan

Floorball

Wikipedia, Entziklopedia askea

Floorball lurzoruko hockey mota da, talde bakoitzean bost jokalari eta atezain bat dituena. Gizonek eta emakumeek leku itxian jokatzen dute 96-115,5 cm luzedun makila eta 70-72 mm diametro eta zulodun plastikozko bolarekin. Partiduak hogei minutuko hiru alditan jokatzen dira. Bandy kirolak zeresana izan zuen jokoaren garapenean.

Jokoa Suedian asmatu zen 1960ko hamarkadaren amaieran[1]. Oinarrizko arauak 1979an ezarri ziren, Suedian munduko lehen floorball kluba, Salako Sala IBK taldea sortu zenean[2]. Partiden arau ofizialak 1981ean idatzi ziren lehen aldiz[3].

Kirola, nazioartean, Nazioarteko Floorball Federazioak (IFF) antolatzen du. 2019an, mundu osoan, hirureun eta hirurogeita hamazazpi bat mila jokalari zeuden erregistratuta[4], 2014an zeuden hirureun bat mila gehiago, gutxi gorabehera[5]. Ekitaldien artean, urteko Champions Cup, EuroFloorball Cup eta EuroFloorball Challengea, kluben taldeentzako, eta bi urtean behin Munduko Floorball Txapelketak, gizonezkoen eta emakumezkoen sail bereiziekin. Klub profesionalen ligak dira: Finlandiako F-liga, Suediako Svenska Superliga, Suitzako A Liga Nazionala eta Txekiar Errepublikako Florbalu Superliga.

IFFk 75 kide dituen arren, floorball garatu den tokietan da ezagunena, hala nola Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Letonia, Norvegia, Suedia eta Suitzan. Hala ere, ospea hartzen ari da Australia, Zeelanda Berria, India[6], Kanada[7], Alemania[8], Irlanda[9], Japonia[10], Singapur[11], Malaysia[12], Estatu Batuak[13] [13] eta Erresuma Batua-n.

Floorball, Munduko Jokoetan, 2017an sartu zen lehen aldiz Wrocław-en, Polonian, eta, han, urrezko domina irabazi zuen lehen taldea Suedia izan zen.

Floorball jokoa beste izen askorekin ere ezagutzen da, hala nola salibandy (Finlandian), innebandy (Suedian eta Norvegian) eta unihockey (Suitzan eta Irlandan). Salibandy eta innebandy izenak bandytik eratorri dira, pasilloko bandy eta barruko bandy esan nahi dutenak, hurrenez hurren. Unihockey, berriz, hockey unibertsaletik eratorria da, hockey forma berezi eta sinplifikatu bat izan nahi baitu.

Suedian, ahotsak altxatu dira kirolaren izen gisa innebandy hitza kentzeko, bandyrekin nahasketak saihesteko.

Floorballa Europan sortu zen XX. mendearen bigarren erdialdean. Bandy kirolaren eskutik sortu zen. Ikastetxeetan praktikatzen zen, ez baitzen beste kirolak bezain arriskutsua eta ez zen patinik eta izotz pistarik behar. 1962an Michiganen jokatu zen lehen flloorball txapelketa eta berehala hedatu zen herrialde osoan. Une hartatik aurrera, kirol honen booma gertatu zen, Frantzia bultzatzaile nagusia izanik.

80ko hamarkadan lehenengo arauak garatzen hasi ziren eta jolas bat izatetik kirol formala izatera pasa zen Europa iparraldeko herrialdeetan. Urte batzuen ondoren, zenbait herrialdek federazioak sortu zituzten eta 1986an IFF (Floorballeko Nazioarteko Federazioa) sortu zen. Espainian, kirol hau bere programazioan sartu zuten ikastetxe eta institutuei esker ezagutzen da. Unihockey izenez deitzen hasi baziren ere Plasticbandy, Softbandy, Floorbandy, Innebandy, Floorhokey edo Unihoc ere deitu izan zaio. [14]

Euskal Herrira kirol hau modu profesionalean iritsi ez den arren, zenbait eskoletan praktikatua izan da kirol alternatibo bezala. Bestalde, kirol honen antzekoa den Hockey-a praktikatzen da Euskal Herrian.

Zelaiaren neurriak eta materiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko arauen arabera, zelaiak 36-44 metroko luzera eta 18-22 metroko zabalera izan dezake. Adin txikiko haurren partiduetan zelai txikiagoak baimenduta daude.

Zelaia laua da eta metro erdi neurtzen duen hesi batez inguratuta dago.

Zelai barruan bi ate daude, mutur bakoitzean kokatuak. 160 cm-ko zabalera, 115 cm-ko altuera eta 65 cm-ko sakonera dute. Gol-eremua 4 metro zabal eta 5 metro luzekoa da, eta, horren barruan, atezainaren area dago. Honek, 1 metro x 2,5 metro neurtzen ditu eta atezaina bakarrik egon daiteke bertan.

Makila edo stick-a plastiko gogorrez egina da, ez ditu 102 cm gainditzen, eta ez du gutxieneko luzerarik (umeek stick oso laburrekin jokatzen dute). Stick-ak 150-200g-ko pisua izan ohi du eta atezainak izan ezik jokalari guztiek bana dute.

Batzuetan, babesarekin jokatzen dute.

Taldeak eta jokoaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira 6 kide egongo dira zelaian, 5 jokalari eta atezain batekin jokatzen da talde bakoitzean eta jokalariek makila banarekin jokatuko dute. Atezainak gorputzeko edozein atalekin ukitu dezake pilota gol-eremuaren barruan, baita hortik kanpo ere baldin eta gutxienez atezainaren atalen bat eremuaren barruan mantentzen bada. Atezaina ere atera daiteke gol eremutik, baina orduan ezin izango du eskuekin pilota ukitu. Partida, zelai erdian pilota ukituz hasten da eta bi taldeak pilotaren kontrola eskuratzen saiatuko dira. Jokalariak edozein unetan ordezka daitezke, baina normalena 30-90 segundoan behin aldatzea izaten da, jokoa munduko azkarrenetakoa izanik oso nekagarria baita.

Oinarrizko arauak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokalariak edozein unetan eta nahi adina ordezka daitezke, ordezkatutako jokalariak lekua utzi beharko duelarik ordezkatzailea sartu baino lehen. Partidaren iraupena ondorengoa da:

  • 20 minutuko 3 zati, 10 minutuko atseden denbora zati bakoitzaren artean.
  • Kategoria txikiagoetan 15 minutuko 3 zati jokatzen dira.

Partida zelai erdian egiten den sake neutral batekin hasten da, pilota lurrean egonik epailearen txistuaren zain. Atzerantz jokatzen saiatzen da, horrela taldeak pilotaren kontrola eskuratuz. Arbitroaren txistu bakoitzeko denbora eten egiten da eta pilota berriro mugimenduan jartzean, kronometroa berriro martxan jartzen da. Penalti batean ere kronometroa geldirik egongo da. Denbora gelditzen denean, berriz jokatzen hasten da:

  1. Jaurtiketa sinple bat, aurkariaren falta baten ondoren.
  2. Sake neutral bat, gol baten ondoren edo epailea zer gertatu den ohartu ez den egoera baten ondoren.

Jokoaren arau nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Atezainak ezin du pilota 3 segundo baino gehiago mantendu.
  2. Kolpe franko bat jaurti behar denean, aurkariak pilotatik 3 metrora kokatu behar dira.
  3. Pilota, zelaiaren inguruan jartzen diren hesietatik kanpora irtetzen bada, beste taldeak jokoarekin jarrai dezake irten den puntutik 1,5 m-ra.
  4. Pilota behin bakarrik jo daiteke oinarekin, ondoren makilaren palarekin jo beharko litzateke. Taldekide baten pasearen ondoren oinarekin kontrola daiteke pilota, baina oinarekin pasatu ahal izateko aurretik palarekin kontrolatu behar da.
  5. Pilota airean dagoela joka daiteke, beti ere belaunen mailaren gainetik pasatu gabe.
  6. Sorbaldak sorbaldaren kontra da aurkariarekin izan daitekeen kontaktu fisiko bakarra.
  7. Ezin da makilarik gabe jokatu.

Baimenduta dago:

  1. Arerio bati pilota lapurtzea hura ukitu gabe.
  2. Makila goleko eremuan sartzea.
  3. Atezaina jokalari batengatik aldatzea, baina ezin da atezaina atera eta jokalari bat jokalari postuan sartu.
  4. Makila zure lagunaren oinetara edo pilotara botatzea atea defendatzeko.

Ez dago baimenduta:

  1. Atezainaren eremuan sartzea atezaina ez bazara.
  2. Atea mugitzea gol bat saihesteko.
  3. Pilotarekin belaunen mailatik gora jokatzea.


Beste ekintza batzuk: gol bat sartu ondoren, zelai erdian egingo den sake neutral batekin emango zaio berriro hasiera jokoari.

Penaltiak honela eramaten dira aurrera: jokalaria zelai erdian hasten da eta aterantz joaten da edozein momentutan jaurtiaz edo atezaina driblatuaz. Behin mugimenduan jarrita, pilotak ezin du atzera egin, ezta gelditu ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Floorball | IWGA» www.theworldgames.org.
  2. (Suedieraz) «Innebandyns födelse – Innebandy.se» Innebandy.se.
  3. (Danieraz) Houmann, Steen. (2006). Skolernes Floorball. Et samarbejde af Dansk Skoleidræt og Dansk Floorball Union. p. 2
  4. «Number of licensed floorball players in 2019» IFF Main Site 1 October 2020.
  5. «History in short – IFF» floorball.sport.
  6. «Floorball Australia > Home» Floorballaustralia.org.
  7. «What is floorball?» Globalnews.ca.
  8. (Alemanez) «Floorball Deutschland» Floorball.de.
  9. «Killarney Vikings» Killarneyvikings.yolasite.com.
  10. (Japonieraz) Floorball.jp.
  11. «Interview with GK from Singapore!» innebandyplaneten.se.
  12. «Malaysia Floorball Association» Floorballmalaysia.com.
  13. a b (Suedieraz) «"Wayne Gretzky älskar innebandy"» Aftonbladet.se.
  14. (Gaztelaniaz) SportZentral. «FLOORBALL» Floorball España (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).
  15. (Ingelesez) «This is Floorball» IFF Main Site (Noiz kontsultatua: 2021-04-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]