Francesc de Cabo
Francesc de Cabo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1910eko azaroaren 10a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | 1997ko urtarrilaren 15a (86 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Kidetza | Lanaren Konfederazio Nazionala |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Batasun Marxistaren Langile Alderdia |
Francesc de Cabo Vives (Buenos Aires, 1910eko azaroaren 10a[1] - Bartzelona, 1997ko urtarrilaren 15a[2]) politikari eta iraultzaile katalana izan zen. XX. mende hasierako mugimendu anarkosindikalistaren ekintzaile nabarmenetakoa izan zen. Familiaren lan-arazoak zirela eta, Argentinatik Bartzelonara jo zuten, 1917an. Goi-mailako ikasketarik ez zuen egin, baina kultura handia bereganatu zuen, edozer irakurtzeko zaletasuna baitzuen, eduki filosofiko-politikoko obrak, batik bat. Kropotkin, Trotski eta Bakuninen ideiek eragin handia izan zuten berarengan. Bigarren Errepublikaren aurreko urteetan, hainbat talde ezkertiar-errepublikazaletan ibili zen, eta garai horretan egin zen CNT sindikatu anarkistako kide ere. Organizazio- eta propaganda-lan handiak egin zituen CNTn, eta hantxe ezagutu zuen Andreu Nin iraultzaile katalana. 1930 aldera sartu zen Nin buru zuen alderdian, ICEn (Espainiako Ezker Komunista). Nin eta Trotski elkarrekin haserretu (1934) eta handik bi urtera sortu zuten Cabok eta Ninek POUM (Batasun Marxistaren Langileen Alderdia), Errepublikaren garaiko erakunde eraginkorrenetakoa, Leninen zalea, anarkista- eta troskista-joerako komunista asko erakarri zuena. Gerra Zibila hasi (1936) eta Nin estalinistek bahitu eta hil ondoren (1937), Francesc de Cabo bihurtu zen POUMeko buruzagi. Alderdia borrokarako talde antifaxistetan eratu zuen berriz, eta gogor jardun zuten POUMekoek Aragoiko frontean. Buenaventura Durrutirekin ibili zen Cabo Ebroko gudu sonatuan. Gerra amaitzean (1939), Argentinara alde egin zuen, politika utzi, eta irakaskuntzari ekin zion. 1982an itzuli zen Kataluniara, Andreu Nin Fundazioaren presidente gisara. Bertan hil zen, 1997ko urtarrilean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ www.fundanin.org
- ↑ Pages i Blanch, Pelai. (1997-1-22). «Frances de Cabo Vives, fundador del POUM» El País.