Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Gailur ekaiztsuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Gailur ekaiztsuak
Wuthering.jpg
Datuak
Idazlea Emily Brontë
Argitaratze-data 1847
Generoa eleberri gotiko
Jatorrizko izenburua Wuthering Heights
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
OCLC 71126926

Gailur ekaiztsuak (ingelesez: Wuthering Heights) Emily Brontëren eleberri bakarra da. 1845eko urria eta 1846ko ekaina artean idatzia[1], 1847an argitaratu zen "Ellis Bel" izenaren pean. Brontë hurrengo urtean hil zen, 30 urte zituela. Thomas Newby editoreak Wuthering Heights eta Anne Brontëren Agnes Grey eleberriak onartu zituen ahizpa zaharrena zen Charlotte Brontëren Jane Eyre eleberriak arrakasta izan aurretik. Emilyren heriotza eta gero Charlottek Wuthering Heightsen eskuizkribua editatu zuen eta 1850an argitaratu zen bigarren ediziorako prestatu zuen[2].

Eleberria ingeles literaturako klasikotzat hartzen da gaur egun, baina kritiko garaikideek ez zuten hain argi ikusi; eleberri gatazkatsutzat hartzen zen, krudeltasun fisiko eta mentala modu ez ohikoan aipatzen zuelako, eta Viktoriar Aroaren ideal erlijoso, moral eta sozialak, zein genero ezberdintasuna zalantzan jartzen zituelako[3][4][5]. Dante Gabriel Rossetti ingeles poeta eta margolariaren arabera "liburu-deabrua da - monstruo izugarri bat [...] Akzioa infernuan ematen da, baina badirudi bertako leku eta pertsonek izen ingelesak dituztela."

Eleberriaren hainbat adaptazio egin dira, filme, irrati eta telebistarako dramatizazioak barne, Bernard J. Taylorren musikal bat eta Bernard Herrmann, Carlisle Floyd eta Frédéric Chaslinen operak.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Lockwood izeneko gizon bat Gailur Ekaiztsuak etxaldera iristen da Heathcliff etxeko nagusia ezagutzeko, etxe bat alokatu dio eta: Birigarro Gurutzeko Etxaldea. Heathcliffek harrera oso hotza eta desatsegina egiten dio. Etxean bi gazte bizi dira: Catherine, begi urdin politeko eta urre koloreko ile kizkurreko neska eder bat, alabastro azalekoa; eta Hareton Earnshaw altu, baldar, beltzaran eta trakets itxurakoa. Hiru pertsonaia hauek baldarrak eta saminduak iruditzen zaizkio Lockwoodi. Lockwooden neskameak (Dean anderea), zeinak Catherine eta Hareton zaindu zituen haurrak zirenean, inguruko bi familiaren historia kontatzen dio Lockwoodi: Linton eta Earnshaw familiena.

Earnshaw jaunak, Gailur Ekaiztsuen jabeak, egun batean ume abandonatu bat (Heathcliff) jasotzen du etxean, harena balitz bezala hezteko. Earnshawen seme-alabek harrituta hartzen dute Heathcliff. Denborarekin Catherine, alaba, haren lagun mina bihurtzen da, baina seme helduak, Hindleyk, gorroto dio eta etengabe ahalegintzen da hura umiliatzen. Heathcliff, ordea, gogorra eta azkarra denez, trebetasunez eta zakartasunez defendatzen da.

Urte batzuen ostean, Catherineren eta Hindleyen gurasoak hil egiten dira. Hindley Frances deituriko emakume batekin ezkontzen da eta seme bat dute: Hareton. Francesek Catherinekin egotea debekatzen dio Heathcliffi. Hala ere, haien laguntasuna ezkutuan mantentzen jarraitzen dute, eta laster maitasun kartsua piztuko da haien artean. Egun batean, Birigarro Gurutzeko Etxaldeko bizilagunak zelatatzea erabakitzen dute, Linton familia. Linton familiak ihesi doazela harrapatu egiten ditu, baina txakur batek Catherineri hozka egiten dio. Linton familiak Catherine etxean jaso, zaindu eta ostatu emango dio denboraldi batez. Heathcliff, berriz, etxetik botatzen dute, zerbitzari bat baino gutxiago dela uste dutelako, haren ijito itxura dela eta. Catherine, Gailur Ekaiztsuetara itzultzean, aldatuta dago: jada ez da ume basati bat, andere bat baizik, Isabellaren, Lintondarren alaba ederraren, heziketaren eraginagatik.

Catherine Linton familiako semearekin, Edgarrekin, ezkontzen da. Baina etxezainari, Nelly Deani, Heathcliffez maiteminduta dagoela aitortzen dio. Heathcliffek hizketaldia ezkutuan entzuten du eta irainduta sentitzen da, Catherinek Heathcliffekin ezkontzeak bere estatus-maila jaitsiko lukeela esaten baitu. Bere harrotasuna minduta, desagertu egiten da. Hiru urteren ostean, negozio ilunetan aberastuta itzultzen da. Edgar haserrearazteko eta Catherine jeloskor jartzeko, Isabella gorteatzen du, Edgarren arreba gaztea. Azkenean, harekin ezkontzen da eta seme bat dute: Linton.

Catherine bere senarraren eta Heathcliffen arteko liskarren ondorioz gaixotu egiten da eta lehen alabaz erditzen den gau berean hil egiten da. Edgar Lintonek, umearen aitak, emaztearen izena jartzea erabakitzen du: Catherine. Hindley, mozkorti eta jokozale bihurturik, Gailur Ekaiztsuak Heathcliffi saltzera behartuta ikusten du bere burua. Azkenik, hil egiten da eta Heathcliffek beretzat hartzen ditu Hindleyren etxea eta haren semea, Hareton. Hareton analfabeto eta basati mantentzen du haren aitari mendekua hartzeko. Isabellak Gailur Ekaiztsuetatik ihes egiten du eta bere bizia Linton bere semearen zaintzari eskaintzen dio. Azkenean, hil egiten da eta Linton Heathcliffekin itzultzen da; Linton ume gaizbera da, Heathcliff ez bezalakoa guztiz, eta Heathcliffek gutxietsi egiten du horregatik. Hamasei urte igaro ondoren, Catherine Lintonek, Catherine eta Edgarren alabak, Gailur Ekaiztsuetako istorioa ezagutu gabe Linton lehengusua bisitatzen du. Heathcliffek bi lehengusuen arteko harremana bultzatzen du eta haiek ezkontzea lortzen du. Horrela, Edgar hil eta gutxira, Heathcliffek Birigarro Gurutzeko Etxaldea oinordetzan hartuko du eta hura gorrotatu zuten bi familien ondasunak hartuko ditu. Lockwood jauna Gailur Ekaiztsuetara bueltatzen da, eta han kontatzen diote Heathcliff hil egin dela, Catherine maitearen mamua bila joan zaiola konbentziturik. Haretonek, Heathcliffengandik tratu txarrak jaso bazituen ere, negar egiten du haren heriotzagatik, aita baten gisakoa izan baita berarentzat. Catherinek hasieran Hareton gutxiesten zuen arren, haren ezjakintasunagatik lastima sentitzen du eta ezkutuan irakurtzen irakasten dio. Haien erlazioak hobera egiten du: azkenean, ezkontzea erabakitzen dute eta familien gorroto eta desadostasunen istorioari amaiera zoriontsua ematen diote.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Heathcliff: gizonezko protagonista da. Liburuan izaki hotz eta baldar gisa deskribatua dago. Haren helburu bakarra adoptatua izateagatik baztertu zuten pertsonez mendekatzea zen.
  • Catherine Earnshaw: emakumezko protagonista da. Emakume adoretsu, apetatsu eta berekoia da. Heathcliffez maitemindua zegoen, baina Edgar Lintonekin ezkontzeko erabakia hartu zuen, konpromisoz, ohituraz edo mendekuz.
  • Nelly Dean: etxaldeko etxezaina eta Lockwood jaunari istorioa kontatzen dion pertsona da.
  • Hindley Earnshaw: Catherinen anaia biologikoa eta Heathcliffen anaiordea da. Haren aita hil eta gero, Earnshaw jauna Gailur Ekaiztsuen jabe bihurtzen da. Haren emaztea, Frances, hiltzean sentitzen duen minak bizioz betetako bizimodu batera bultzatuko du eta suntsipena iritsiko zaio handik.
  • Hareton Earnshaw: Hindleyren semea; Nellyk deskribatzen duen moduan alferrik galdutako gaitasuna duen umea da. Izaera hori Heathcliffek eragina da batez ere, hasieratik mespretxatu zuelako eta aurrerapenak egitea zaildu ziolako. Liburuaren bukaeran Catherine Lintonekin ezkontzen da.
  • Catherine Linton: Catherine Earnshawen eta Edgar Lintonen alaba da, edertasun handiko ume gisa deskribatzen da. Bi familien tasunak ditu. Linton familiarengandik: fintasuna, bihotz-onekoa izatea eta azkartasuna jaso zituen. Earnshaw familiarengandik: begi ilunak, indar fisikoa eta bidean topatzen dituen ezbeharrei aurre egiteko adorea.
  • Isabella Linton: Edgar Lintonen arreba, Heathcliffen emaztea eta Linton gaixotiaren ama da.
  • Lockwood: istorioaren kontalaria, kontaketan parte hartu gabe entzule moduan agertzen da bakarrik.
  • Kenneth jauna: Catherineri atari-txakurrak hozka egin eta gero Birigarro Gurutzeko Etxaldean sendatzen duen medikua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)  Brontë, Emily (2009) Wuthering Heights Infobase Publishing ISBN 9781438114880 . Noiz kontsultatua: 2017-07-30 .
  2.   [http://academic.brooklyn.cuny.edu/english/melani/novel_19c/wuthering/charlotte.html Wuthering Heights: Publication & Contemporary Critical Reception] . Noiz kontsultatua: 2017-07-30 .
  3.   Later Critical Response to Wutheirng Heights . Noiz kontsultatua: 2017-07-30 .
  4.   Excerpts from Contemporary Reviews . Noiz kontsultatua: 2017-07-30 .
  5.   [http://academic.brooklyn.cuny.edu/english/melani/novel_19c/wuthering/charlotte.html Wuthering Heights: Publication & Contemporary Critical Reception] . Noiz kontsultatua: 2017-07-30 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gailur ekaiztsuak Aldatu lotura Wikidatan