Emily Brontë

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Emily Brontë
Emily Brontë by Patrick Branwell Brontë restored.jpg
Bizitza
Jaiotza Thornton1818ko uztailaren 30a
Herrialdea Britaina Handia eta Irlandako Erresuma Batua
Talde etnikoa Ingelesa
Lehen hizkuntza ingelesa
Heriotza Haworth1848ko abenduaren 19a (30 urte)
Hobiratze lekua Mendebaldeko Yorkshire
Heriotza modua berezko heriotza: tuberkulosia
Familia
Aita Patrick Brontë
Ama Maria Branwell
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, poeta eta eleberrigilea
Lantokia(k) Yorkshire
Lan nabarmenak Wuthering Heights
Poems by Currer, Ellis, and Acton Bell
Mugimendua erromantizismoa
Izengoitia(k) Ellis Bell
Genero artistikoa fiction literaturea
olerkigintza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa anglikanismoa
IMDb nm0111577

Emily Brontë (Thornton, Yorkshire, 1818ko uztailaren 30 a - Haworth, Yorkshire, 1848ko abenduaren 19a) idazle britainiar bat izan zen. Bere lanik garrantzitsuena Wuthering Heights (Gailur ekaiztsuak) da, 1847an argitaratua eta literatura ingeleseko klasikotzat hartua dena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emily Thorntonen jaio zen, Ingalaterrako Yorkshire konderrian. Sei anai-arrebatatik bosgarrena zen. 1820an familia Haworthera joan zen bizitzera, non bere aita errektore izendatua izan zen. Aita, Patrick Brontë, kezka intelektual handiko gizona zen, elizgizona, errementaria, oihalgile-mutila eta herriko eskolako maisua, eta seme-alaba guztiak eskolatzeaz arduratu zen. Bi liburu, poemak, liburuxkak eta sermoiak ere idatzi zituen[1], eta beraz, Brontë anai-arrebak giro intelektual batean hazi eta hezi izan ziren.

Ama, Mary Branwell, 1821eko irailak 21ean hil zen eta, 1824ko abuztuan, Charlotte eta Emily ahizpak, euren ahizpa nagusiak ziren Mary eta Elizabethekin batera, Clergy Daughters barnetegira bidaliak izan ziren, Lancashireko Cowan Bridgen. Bertan, bi ahizpa zaharrenak tuberkulosiak jota hil ziren, hurrez hurren hamaika eta hamar urte besterik ez zituztela. Emilyk eta Charlottek lortu zuten barnetegiko bizimodu lazgarri hari aurre egitea (hain zuzen ere, eskola horretan inspiratu zen Charlotte Brontë bere Jane Eyre izeneko eleberrian agertzen den Lowood eskola izugarria deskribatzeko), baina zuten osasun makala eta barnetegiaren baldintza txarrak medio, atera egin zituzten bi ahizpak eskolatik, eta hala, bizirik zirauten lau senideen arteko loturak estutu egin ziren[1].

Hasieran behintzat, idaztea jolasa besterik ez zen Brontë anai-arrebentzat. Bizi ziren inguru latz hartan, beste ezer baino gusturago asmatzen zituzten istorioak, idazten zituzten ipuinak eta eskura zuten guztia irakurri ohi zuten. Brontë anai-arrebek irudimenezko bi erreinu ere asmatu zituzten: Anglia eta Gondal. Angliaren jabeak Charlotte eta P. Branwell anaia ziren eta Gondal, berriz, Emily eta Annerena zen. Eta aipatu bi erreinu horietan girotutako hainbat istorio jaso zituzten dozenaka koadernotan.

1838an Emily etxe-irakasle bezala hasi zen lanean, Law Hillen, Halifaxetik gertu. Beranduago, bere ahizpa Charlottekin batera, Bruselako eskola pribatu bateko ikasle izan zen, bere izebaren heriotzak Ingalaterrara itzultzera behartu zuen arte. Ordutik aurrera, Emily familiaren etxeko administratzaile bezala geratu zen.

Baina bere azken urteetako ardurarik handiena bere anaia Branwell zaintzea izan zen. Margolaritzan porrot egin ostean, trenbideko bulegoetan lortu zuen lanpostu xumetik kanporatu zuten, eta baita Robinson izeneko gizon baten eskribautzatik ere, honen emaztearekin maitemintzeagatik. Aspaldidanik erakusten zuen edarirako adikzioa areagotu egin zen azken urteetan, arazo horri opioaren kontsumo neurrigabea gehituz. Emilyk, izaera zorrotzeko emakumea izan arren, beti pazientzia handiz eta dedikazio osoz zaindu zuen amaierara arte. Beti esna egoten zen, anaia Branwell mozkortua eta burua erabat nahastua etxeratzen zen arte, gaueko ordu txikitan oheratzen laguntzeko. Dirudienez, Gailur ekaiztsuak laneko orrialde asko eta bere olerki asko esna-aldi haietan idatziak izan ziren.

Bere ahizpen kasuan bezala, Emilyren osasuna beti izan zen oso hauskorra. 1848ko abenduak 19an hil zen tuberkulosiak jota 30 urte baino ez zituela, aurreko irailean bere anaiaren hiletan hotzeria hartu ondoren. Hawortheko Santu Guztien San Migel elizan lurperatua izan zen.

Literatur ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1844 urterako Emilyk bere gaitasun poetikoen gailurra erakutsi zuen, bere istorioen liburuxketan gordetzen zituen elegiazko idatziekin (esaterako, To Imagination, Remembrance, Anticipation)[2]. 1846an bere ahizpa Charlottek, kasualitatez, Emilyk idazten zituen olerkiak aurkitu zituen. Orduan, hiru Brontë ahizpek elkarren artean olerki liburu bat argitaratzea erabaki zuten. Emakumezko idazleei buruzko aurreiritziak eragozteko, hirurek gizonezkoen ezizenak erabili zituzten (Currer Bell, Ellis Bell eta Acton Bell, izengoitietan ahizpen inizialak gordetzen direlarik). Emilyren olerkiak dira, inongo zalantzarik gabe, liburuko hoberenak, eta ez dago Ingalaterrako olerkaririk onenetako bat izan zenaren zalantzarik. Anne ahizpak idatzitako poemak, Emilyrenak bezain maila altukoak ez baziren ere, Charlottenak baino hobeak dira, azken honen talentua nagusiki eleberrietan nabaritzen delarik. Liburuaren bi ale baino ez ziren argitaratu, oharkabean pasa zena, baina Brontë ahizpak ez ziren horregatik desanimatu, eta bakoitzak eleberri bana idaztea erabaki zuten. Hala, 1847an Gailur ekaiztsuak argitaratu zen, eta duen egitura berritzaileak kritikariak harritu zituen arren, literatura ingeleseko klasiko bat bilakatu zen.

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gailur Ekaiztsuak (Wuthering Heights, 1929), Donostia: Erein, 2017. Itzultzailea: Irene Aldasoro[3]


Gailur Ekaiztsuak, zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gailur Ekaiztsuak hainbat aldiz egokitu da zinera, zinema mutuaren garaitik. Baloraziorik onena jaso duen egokitzapena William Wylerrek 1939an zuzendu zuena izan zen, non Laurence Olivier, Merle Oberon eta David Niven ziren protagonista nagusiak. Eleberriaren bertsio partzial bat den arren, filmak eleberriaren berezko izpiritua ez traizionatzea lortzen du, eta dramatikoa, erromantikoa eta bizia da. 1953an, Luis Buñuelek eleberriarekiko are leialagoa zen egokitze bat egin zuen Mexikon, non pertsonaiak ez diren 1939ko bertsioan bezain seduktoreak. Gainera, ez zen Hollywooden gustura egokitzeaz arduratu; aitzitik, lehentasuna eman zion batez ere pertsonaien muturreko izpirituak berreskuratzeari.

Ez zuen inongo ahaleginik egin Heathcliff "maitagarri" egiteko, Brontëk berak deskribatu bezalakoa nahi zuelako: biolentoa, zakarra, egokitugabea, gorrotoz betea eta guztiz maitemindua. Halaber, ez zen Catherini "gizatasun" zertzeladak emateaz ahalegindu, zen bezalakoa nahi zuelako: guratsua, histerikoa, hauskorra, ume mizkin baten akats guztiekin eta guztiz maitemindua. Eta bi pertsonaien arteko ezberdintasun soziala nabarmenagoa egiten da horrela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Brontë, Emily (2017), Gailur Ekaiztsuak, Erein, 2017, Xabier Olarraren hitzaurrea. orrialdea, ISBN 978-84-9109-250-6 .
  2. (Ingelesez)  Brontë, Emily Jane [pseud. Ellis Bell (1818–1848), novelist and poet | Oxford Dictionary of National Biography], doi:10.1093/ref:odnb/9780198614128.001.0001/odnb-9780198614128-e-3524, http://www.oxforddnb.com/view/10.1093/ref:odnb/9780198614128.001.0001/odnb-9780198614128-e-3524?rskey=5v9roz&result=4. Noiz kontsultatua: 2018-04-20 .
  3.   NorDaNor | EIZIE, http://nordanor.eus/bilatu?n=l&e_or=&e_xt=Gailur+Ekaiztsuak&e_st=&e_eg=&e_it=&e_ar=&e_ge=&e_sh=&e_xh=&e_sd1=&e_sd2=&e_xd1=&e_xd2=. Noiz kontsultatua: 2018-05-04 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emily Brontë Aldatu lotura Wikidatan