Gaztelako Komunitateen Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaztelar Komunitateen gerra» orritik birbideratua)
Gaztelako Komunitateen Gerra
Komuneroen kapitainen hilketa Villalaren 1521eko apirilaren 24an, 1860an Antonio Gisbertek egindako margolana.
Data1520-1522
LekuaGaztelako Koroa
EmaitzaKarlos I.aren jarraitzaileen garaipena.
Gudulariak
Komuneroak Erregezaleak
Buruzagiak
Juan de Padilla
Juan Bravo
Francisco Maldonado
Antonio de Acuña
María Pacheco
Juan de Zapata
Pedro Girón
Adriano Utrechtekoa
Iñigo Fernández de Velasco, Gaztelako kondestablea
Fadrique Enríquez,[1] Gaztelako almirantea

Gaztelako Komunitateen Gerra edo Komuneroen Matxinada Gaztelako Koroan 1520 eta 1522 artean, hau da, Karlos I.aren erreinaldiaren hasieran, izandako matxinada izan zen[2]. Matxinada zuzendu zuten hiriak Gaztelan zeuden, nagusiak Toledo eta Valladolid izanik. Historialarien artean bere ezaugarriak oso eztabaidatuak izan dira, jarrera eta ikuspuntu kontraesankorrak sortuz. Horrela, batzuen ustez, Gaztelako Komunitateen Gerra jauntxoen aurkako matxinada izan zen; besteek, berriz, Aro Modernoko lehendabiziko Iraultza burgesaren bat zela diote[3]; azkenekoz, badaude zergen aurkako mugimendu partikularista zela diotenak, Erdi Aroko mugimendu atzerakoitzat hartzen dutenak.

Matxinada gertatu zenean Gaztelako Koroan ezegonkortasun politikoa nagusia zen, 1504an Elisabet Katolikoa hil zenean hasi zena. 1517ko urrian, Karlos I.a Flandriatik atera (bertan 1516an bere burua espainiar lurraldeen errege aldarrikatu zuen) eta Asturiasera ailegatu zen. 1518an Valladolideko Gorteetara heldu zenerako apenas ez zuen gaztelaniaz mintzatzen eta, gainera, berarekin batera hainbat flandriar elizgizon eta noble ekarri zituen, gaztelar eliteen atsekaberako. Gaztelako aitoren semeek mesfidantzaz hartu zituzten etorriberriak, bere estatus eta boterearen galeraren beldur. Nahigabea herri xumeengan hedatu eta lehendabiziko kexua elizetan agertu ziren paskin batzuk izan ziren. Honela zioten:

« «Zu, Gaztelako lurraldea, zorigaiztoko eta madarikatua zara oso, hain erresuma noblea izanda ere, maite ez zaituztenak gobernatzen zaituztelako»[4] »


1520an Santiago Compostelakoan eta A Coruñan egindako Gorteetan onartutako zergek, Alemanian erregeak Germaniako Erromatar Inperio Santua zuzendu zezala, hiri-matxinadak sortu zituzten[5]. Hauek antolatu eta instituzionalizatu zirenean, koroa edukitzeko hautagai ordezkoa lortu zuten: Karlosen ama zen Joana Gaztelakoa. Hala ere, honek, bere eromena zela eta ezgaitutzat jota zegoela, ez zuen matxinadan parte hartu. Matxinadak urtebete izan zuenean, enperadorearen jarraitzaileak (goi noblezia eta Andaluzia bezalako kanpoaldean zeuden lurraldeak) berrantolatu eta bere armadak 1521eko apirilaren 23an Villalarreko guduan komuneroak menderatu zituen. Bertan, hurrengo egunean, komuneroen buruzagiak (Juan de Padilla, Juan Bravo eta Francisco Maldonado) burua moztu eta armada matxinoa desegin zuten[6]. Toledok, ostera, matxinada mantendu zuen 1522ko otsailean behin betiko errenditu arte[7].

Historiografian komunitateak arretatsu ikertuak izan ziren eta bere izena politikan erabili izan zen, batez ere, porrotaren hirugarren mendeurrena zela eta, 1821eko apirilaren 23an El Empecinadok Villalar bisitatu zuenean. Antonio Gisbert bezalako margolariek komuneroak izan zuten bere margolanen etorria eta Gaztelan askoei bere borrokaren oroimenak inspirazioa eman zien. Era berean, kontserbadore eta atzerakoiek enperadorearen aldeko eta komuneroaren aurkako jarrerak azaldu zituzten. Hala eta guztiz ere, XX. mendeko bigarren zatitik aurrera ikerketa berriak egin dituzten historialariek egungo metodologia erabiliz[8].

Espainiako Trantsizio Demokratikoaren hasieran, urtero apirilaren 23an porrota ospatzen dute eta Gaztela eta Leon autonomia erkidego bilakatu zenean bere eguna aldarrikatu zuen. Alderdi gaztelanistek ere komuneroak goraipatu dituzte. Luis López Álvarezek egindako Los Comuneros poema epikoak, Nuevo Mester de Juglaríak moldatua, komuneroen oroimena zabaldu du baita ere[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fadrique Enríquezen biografia
  2. Pérez, Joseph. (1970). La révolution des "Comunidades" de Castille (1520-1521). Institut d'Etudes Ibériques et Ibero-Américaines de l'Université.
  3. Maravall, José Antonio. (1963). Las comunidades de Castilla: Una primera revolución moderna. Revista de Occidente ISBN 978-84-487-0901-3..
  4. Díez, José Luis. (1977). Los Comuneros de Castilla. Mañana, 7 or. ISBN 84-7421-025-9..
  5. Danvila, Manuel. (1897-1900). Historia crítica y documentada de las Comunidades de Castilla. Memorial Histórico Español.
  6. Díaz Medina, Ana. (2006). «Héroes de Castilla: Los Comuneros» National Geographic (27): 92-103..
  7. López Álvarez, Luis. (1979). Los Comuneros. Laia ISBN 84-7222-341-8..
  8. Seaver, Henry Latimer. (1966). The Great Revolt in Castile: A Study of the Comunero Movement of 1520-1521. Octagon Books.
  9. Los Comuneros abestiaren webgunea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]