Edukira joan

Gernika Batailoia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gernika Batailoia
2014ko Gernika Batailoiaren errekreazioa
Sorrera1944
FideltasunaEuskal Herria Eusko Jaurlaritza
Ofizial ezagunakKepa Ordoki
GuduakBigarren Mundu Gerrako Frantziako Pointe de Graveko askapena
EreserkiaEusko gudariak
Ikurra

Gernika Bataloia Bigarren Mundu Gerran Frantziako hego-ekialdean jardun zuen Eusko Gudarostearen batailoi bat izan zen. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen eta Kepa Ordoki irundarraren buruzagitzan borrokatu zen.

Gernika Gudarosteari gorazarrea Gernika-Lumon.

1941ean Bigarren Mundu Gerran parte hartuko zuen Euskal Batailoi baten buruan Ikurrina egoteko lehen saiakera Manuel Irujo nafar politikari abertzaleak burutu zuen. Garai hartan, jada Londres hiriko Euskal Etxean egoitza zuen Atzerriko Euskal Jaurlaritzak Hego Euskal Herria munduan zehar ordezkatzeari ekin zion, Britainiar Gobernuarekin gauzatutako akordio baten bidez euskal ekintzaileek indar aliatuen alde elkarlanean aritzea ahalbideratu zuen. Frantziari dagokionez, 1941eko maiatzean Irujok eta Frantziar Kontseilu Nagusiaren ordezkari gorenena zen Charles de Gaulle frantziar jeneralak euskaldunez bakarrik osatutako batailoi bat osatzea adostu zuten: III. Itsas Infanteria Batailoia, Nafarroako kateen barnean zegoen Gernikako Arbola ikur zuela. Aldiz, Winston Churchill buru zuen Britainiar Gobernuak batailoi hark gerran parte hartzeari uko egin, eta azkenik, 1942ko maiatzean gerran partu hartu gabe desegin egin zen[1].

Hurrengo ekimena jada arrakastatsuagoa izan zen: Gernika Batailoia. 1944an Atzerriko Euskal Jaurlaritzaren aginduz sortutako batailoi honek Eusko Abertzale Ekintzako kide eta lanbidez igeltseroa zen Kepa Ordoki iruindarra buru izan zuen eta Ikurrina bere bandera gisa erabili zuen. 1945eko apirilaren 14tik 20rarte Pointe de Graveko guduan (Pointe de Grave, Gironda) eremuko alemaniar kokalekuen aurka borrokatu zen. Ondoren, batailoi horretako gudariek Bordelen burututako desfilea Ikurrinarekin egin zuten, Ikurrina hark esanahi eta sinbolismo handia zuen, 1936ko Gerran Kandido Saseta hondarrabiar ofizial karismatikoaren gudarosteak erabili zuena izan baitzen[2].

Borrokaldien ostean, Ikurrinak Frantziako Gerra Gurutzearen domina jaso eta Charles de Gaulle jeneralak Montolivet udalerriko aerodromoan tropei errebista pasatzerako unean Ordokiri honakoa aipatu zion: "Nire Komandantea, Frantziak ez du inoiz ahaztuko euskaldunok geure lurraldea askatzeko egin dituzuen ahaleginak.". Gernika Batailoiko hamalau gudari Gerra Gurutzearen dominarekin sarituak izan ziren, nahiz eta haietako hamar bakarrik jasotzera joan izan. Haietako batek, Antonio Lizarraldek, hil ondoren jaso zuen. Besteak, Ordokik berak, ez zion De Gaulleri domina bere bularrean jartzen utzi, eta batailoiaren Ikurrinean jarri zuen[3].

Ikurrinaren azken agerraldia Bigarren Mundu Gerran haren amaiera aldera eman zen. AEBetako Washington Hirian EAJak Aliatuekin gerran zehar izandako elkarlanaren une batean, eta Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun jeltzaleek estatubatuarrekin burututako negoziazioen bitartez, lehenak bigarrenei jarraiko elkarlan hori mantentzearen trukean Ameriketako Estatu Batuetako Armadak entrenatutako euskaldunez osatutako talde militar bat osatzea. Honela bada, AEBetako Armadako ofizialek eta Shangaiko Poliziako buruzagia izan zen britainiar koronel batek Primitivo Abad buru zuen 114 gizonez osatutako taldea Paristik hogeita hamarren bat kilometrora zegoen Cernay-la-Ville udalerriko gazteluan entrenatu zituzten, gehienak Gernika Batailoitik berreskuratutako gudariak ziren. Lehenbizi, beren helburua nazien gotorleku bat erasotzea izango zela aipatu zitzaien, ondoren Hego Euskal Herrian barneratu eta Franko diktadorea irauliko zuten hainbat abangoardiako taldeetako bat izango zirela, baina asmoak-asmo, ez zen halako kasurik eman. Hori bai, talde hura osatu zuten gazteek "Euzkadi" hitza Ikurrinaren ondoan zeraman Ameriketako Estatu Batuetako uniforme bana jantzi zuten[4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. En la Segunda Guerra Mundial, 101-102. orr. Ikurriña, cien años de historia.Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  2. En la Segunda Guerra Mundial, 104. orr. Ikurriña, cien años de historia.Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  3. En la Segunda Guerra Mundial, 104. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994
  4. En la Segunda Guerra Mundial, 105-106. orr. Ikurriña, cien años de historia. Egaña, Iñaki. Txalaparta, 1994

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]