Nafarroako armarria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nafarroako Foru Erkidegoko armarri ofiziala, 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoaren arabera.

Nafarroako armarria ikur heraldiko bat da, mendeetan zehar Nafarroaren eta Nafarroako Erresumaren ikur nagusia izan dena. 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoak (NFEBHLO), ondokoa adierazten du 7.1 artikuluan:

« Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa.[1]  »

Egun Nafarroako Foru Erkidegoko armarri nagusia da. Euskal Herriko armarrian agertzen da, baita Espainiako armarrian ere eta Nafarroarekin harremana izan duten hainbat lurralde eta herrien armarrietan ere.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Armarrira diseinatzeko eredu gisa erabiliak izan ziren eta Orreagako kolegiatan gorderik dauden kateak.

Kondairaren arabera, Antso VII.a Azkarraren armarria izan zen, bereizgarritzat hartu zuena 1212an, penintsularen Errekonkista garaietan, Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko erregeek gerlari musulmanak garaitu zituztenean Navas de Tolosako guduan, oraingo Jaengo probintzian. Armarriko kateak Miramamolin Berdea (Muhammad An-Nasir) errege mairuaren denda inguratzen zutenak dira, Antso Azkarrak berak hautsi baitzituen bere ezpatarekin. Erdian dagoen esmeraldak errege mairuak durbantean zeramana irudikatzen du. Antso Azkarrak irudi hori aukeratu zuen bereizgarri heraldikotzat, ordu arte erabiltzen zuen Arrano Beltzaren ordez.

Dena den, 1512an aipatu zen testu batean lehen aldiz Nafarroako bandera, Nafarroaren konkistan, hain zuzen. Correa gaztelar konkistatzaileen kronikariak dioenez, aurrean topatu zituzten nafarrek zerrenda urreztako bandera gorri bat zeramaten, Frantzia, Alemania eta Nafarroaren alde oihuka, gaztelarrek "Gaztela" eta "Espainia" aipatzen zituzten bitartean.[2] Erregearen armarria Erresumaren armarri bihurtu zen, eta era desberdinetan irudikatu zen kate, barra edo esferatxoekin.

Erregearen armarria Erresumaren armarri bihurtu zen, eta era desberdinetan irudikatu zen (kate, barra edo esferatxoekin) 1910era arte, urte hartan Foru Diputazioak armarriaren irudi ofiziala izanen zena onartu baitzuen. 1931n, Espainiako Bigarren Errepublika eratu zenean, errege koroaren ordez gaztelu edo gotorleku baten antza zeukan koroa bat jarri zen armarriaren goialdeen, eta 1937an errege koroa berreskuratu zen Frankismoan. Urte berean San Fernandoren Gurutze Ereinozduna gehitu zitzaion armarri ofizialari, Franco diktadoreak kondekorazio hori eman baitzion Nafarroari 1936ko estatu-kolpeari lotzeagatik. Nafarroako Parlamentuak, 1981eko Arau batez, lehengo itxurarekin moldatu zuen armarria, eta handik hilabete batzuetara NFEBHLOk lege lerrunaz jantzi zuen.

Bilakaera estilistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIII. mendean, jatorrian zortzi besoko gurutzea zen armarria kate bihurtzeko eboluzioari ekin zion. Tibalt I.aren garaian, erdigunetik izpi itxuran garatzen ziren hagatxo lauz osatua zegoen, gerora inguruko hagatxoekin topo egiten zutenak. Tibalt II.arekin iltze-buruz edo biribiltxoz apaindua agertu ziren hagatxook, tarte bakoitzean bat baino gehiagorekin. Erdialdea, ordea, era askotan apaintzen zen, hala nola iltze-buru arrunt batez edo lis-lore batez, Tuterako katedralan agertzen den bezala. Batzuetan eraztunez eta lauhostoz apaintzen ziren. Baina antolaketa hauek guztiak ez zuten errubi edo esmeraldarik gogora ekartzen, ezta ere hagatxoen iltze-buruek katebegirik.

XIV. mendean zehar, iltze-buruen edo biribiltxoen kopurua txikitu zen. Inguruko hagatxoekiko lotuneetakoek eta tarteko bat edo bi baino ez zuten iraun. Karlos III.aren garaian, Ororbiako koruaren aurrealdean (eta Orendaingo koruko gangan) agertu ziren lehen aldiz katebegiak gogora ekartzen dituzten hagatxoen zabaltzeak. Hala ere, Erdi Aro guztian zehar, nagusi den ikurra iltze-buru ugariko hagatxoak dira.

XVI. mendetik aurrera, kate itxurako diseinua orokortzen hasi zen, katebegi borobildu edo eliptikoekin, edo laukiantzekoekin, Orreagan eta Iratxekoak bezalakoak. Baina aurreko itxura ez da guztiz bertan behera uzten. Nafarroako Armategiaren Liburuko marrazkilariek, adibidez, ohiko itxura nahiago izan zuten[3].

Nafarroako armarriaren garapena
Nafarroako armarriari, zortzi hagatxoz osatutakoa jatorrian, borobiltxoak gehitu zitzaizkion eta itxi egin zen. Denborarekin, katetzat hartu ziren[4].

Beste diseinuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo arautzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

24/2003 foru legean, apirilaren 4koa, Nafarroako sinboloei buruzkoa, 15. artikuluan, Nafarroako armarri ofizialaren erabilera publikoa arautzen da[5]:

Nafarroako armarria edo bere logotipoa, Nafarroako banderaren barrenean ez ezik, hauetan ere egonen da:
a) Foru Komunitateko erakundeetako agintarien langeletan eta egoitzetako bilera-geletan.
b) Foru Komunitateko erakundeen Ibigailuen Parkeko ibilgailuetan.
c) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek luzatutako edozein diploma, ziurtagiri edo titulutan.
d) Foru Komunitateko erakundeetan ofizialki erabiltzen diren agiri, inprimaki, zigilu eta idazpuruetan.
e) Foru Komunitateko erakundeen argitalpen eta iragarki ofizialetan.
f) Foru Komunitateko erakundeen ordezkari diren agintariek erabiltzen dituzten adierazgarri ofizialetan.
g) Erabilera ofizialeko beste zenbait toki edo objektutan, haien esanahai (sic) edo adierazgarritasunagatik hala erabakitzen denean.
h) Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen duen kasuetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nafarroako Sinboloak: Armarria, bandera eta ereserkia.
  2.   Esparza, Jose Mari (2017-05-18), Bandas, banderíos y bandera de Navarra, Naiz .
  3. El Escudo de Armas de Navarra, 2. atala: Nafarroako ikurrari buruz, arranotik "kateetara". Faustino Menendez Pidal eta Javier Martínez de Agirre (2000, Nafarroako Gobernua, ISBN 84-235-2016-1)
  4. Nafarroako armarriaren historia eta eboluzioa
  5. 24/2003 foru legea, apirilaren 4koa Nafarroako Aldizkari Ofiziala

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nafarroako armarria Aldatu lotura Wikidatan