Edukira joan

Shanghai

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 31°13′57″N 121°28′09″E / 31.2325°N 121.4692°E / 31.2325; 121.4692
Wikipedia, Entziklopedia askea
Shangai» orritik birbideratua)

Shanghai
Udal-probintzia
Administrazioa
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
AlkateaGong Zheng
Izen ofiziala上海市
Posta kodea200000
HerriburuaHuangpu Barrutia
Geografia
Koordenatuak31°13′57″N 121°28′09″E / 31.2325°N 121.4692°E / 31.2325; 121.4692
Map
Azalera6.341 km²
Altitudea4 m
MugakideakJiangsu, Zhejiang, Suzhou eta Jiaxing
Demografia
Biztanleria24.870.895 (2020)
alt_left 11.995.684 (%48,2) (%51,8) 12.875.211 alt_right
Dentsitatea3.922 bizt/km²
Informazio gehigarria
Sorrera1292, 751 eta 1927ko uztailaren 7a
Telefono aurrizkia21
Ordu eremuaUTC+08:00
Hiri senidetuakEspoo, Yokohama, Osaka, Milan, Rotterdam, San Frantzisko, Zagreb, Hamhung, Manila, Karatxi, Anberes, Montreal, Pireo, Pomeraniako voivoderria, Chicago, Hanburgo, Casablanca, Marseilla, São Paulo, San Petersburgo, Queensland, Istanbul, Haifa, Busan, Ho Chi Minh Hiria, Port Vila, Dunedin, Taxkent, Porto, Windhoek, Santiago de Cubako probintzia, Rosario, Jalisco, Liverpool, Maputo, Txiang Mai, Dubai, KwaZulu-Natal, Guayaquil, Valparaíso, Bartzelona, Oslo, Kolonbo, Bratislava eskualdea, Erdialdeko Jutlandia, Cork, Ekialdeko Java, Rhône-Alpeak, Phnom Penh, Salzburgo, Quebec, Vladivostok, Hego Jeolla, Nagasaki, Ipar Jeolla, Basilea, Alexandria, Lille, Gdańsk, Londres, Hirakata, Neyagawa (en) Itzuli, Okahandja (en) Itzuli, Aden, Izumisano, Bangkok, Winston-Salem, Konstantza, Yao (en) Itzuli, Erevan, New York, Osaka prefektura, Budapest, Göteborg udalerria, Nicosia Municipality (en) Itzuli, City of London, Praga, Minsk, Tabriz eta Jakarta
Matrikula沪A
shanghai.gov.cn eta english.shanghai.gov.cn…

Shanghai[1] (txinera tradizionalez: 上海; pinyinez: Shànghăi) Txinako hiririk populatuena da eta bere metropolia Txinako bigarren populatuena da, Chongqing megalopoliaren atzetik. Iang-Tse ibaiaren deltaren hegoaldean dago, 6.340 km² azalera du eta 29,8 milioi biztanle zituen 2025ean.[2]

Txinako Herri Errepublikaren barruan, herrialdeko gobernu zentralak zuzenean administratzen dituen lau udalerrietako bat da. Shangai Txinako hiriburu ekonomikoa da eta 4.800 etxe orratz baino gehiago ditu.

Hiria kokatzen den eremua, K.a. 960-1126 inguruan mongolengandik ihesi zihoazen errefuxiatuentzat kolonizatua eta finkatua izan zen. 1842an, Nankingo bakea ituna sinatu zenean, Shanghaiko portua mendebaldeko merkataritzari zabaldu zitzaion, britainiarrek Opioaren lehen gerran okupatu ondoren. Ekialdeko zein mendebaldeko herritarrak elkarrekin bizi izan ziren Shanghain, kultura truke aberatsa bultzatuz, nahiz eta mendebaldeko populazioa Pazifikoko gerraren hasieran hasi zen alde egiten, 1941ean. Mendebaldeko jende gehienak behin betiko ihes egin zuen komunistak boterera iritsi zirelarik, hauek tokiko ekonomia eta Txina osokoa desjabetu eta nazionalizatu zutenean. Mao Zedongen agintepean, gune neuralgikoa izan zen Shangai, eta 1990eko hamarkadan hazkunde ekonomiko eta turistiko ikusgarria izan zuen, zenbait enpresa multinazionalen egoitza izatera iritsi baitzen, etxe orratz abangoardistenak eraikita. Shangaiko Expoarekin, 2010ean nazioarteko arretaren gune bihurtu zen, eta, gaur egun, herrialdeko hiririk kosmopolitena eta modernoena da.

Shanghaik euskal etxe bat du 2004az geroztik.[3]

Xangai escrit en Hanzi
Hanzin idatzitako Shangái
Shanghairen ikuspegia (2006).

«Shangai» izena osatzen duten txinerazko bi karaktereek (上, shàng eta 海, hǎi) esan nahi dute «gainean» eta «itsasoa», hau da, «itsasoaren gainean», Shangai Ekialdeko Txinako itsasoaren ondoan baitago. Izen horren agerpen goiztiarrena Song dinastiaren garaikoa da, XI. mendean, ordurako ibaien elkargune bat eta izen hori zeraman hiri bat zegoelarik inguruan. Eztabaidak daude hiriaren izena interpretatzeko moduari buruz, baina historia lokaleko adituek diote «itsasoaren goiko aldea» esan nahi duela. Hala ere, beste irakurketa batek, batez ere mandarineraz, «itsasorantz joatea» zentzua iradokitzen du, hiriko itsas portuarekin koherentea dena.[4]

Shanghai txineraz laburtzen da Hu (沪) edo Shen (申) gisa. Lehenengo izen laburtua Wusong ibaiaren antzinako Hu Du (txinera tradizionalez: 沪渎; txinera sinplifikatuz: ) izenetik dator, eta bigarrena, berriz, Chunshen Jun (txinera tradizionalez: 春申君) K.a. III. mendeko Chu Erresumako heroi noblearen izenetik. Txinera sinplifikatuko 沪 karakterea daramate Shanghaiko ibilgailuek.[5] Gazteen artean, «Modu »deitzen diote hiriari (txinera sinplifikatuz: 魔都).[6]

Euskarazko izena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz izen normalizatua Shanghai den arren,[1] historikoki Xangai egokitzapenaren bitartez aipatua izan da maiz, baita XXI. mendean ere, hedabideetan,[7][8] liburuetan,[9] itzulpenetan[10] edo literaturan.[11][12]

Shanghai garrantzia hartzen hasi zen Han dinastiaren garaian, gatzaren eta arrantzaren industriak garatzen hasi zirenean. XII. mendean, Shanghai kotoi industriaren gune garrantzitsu bat izan zen. 1553an, hiriko harresia eraiki zelarik, orduan esan daiteke sortu zela Shangai, gutxi gorabehera gaur ezagutzen dugun gisan.[13]

XIX. mendearen hasieran, Shanghai izan zen Txinako industria eta merkataritza gune nagusia, bere kokapen estrategikoari esker, Yang-tse ibaitik hurbil, mendebaldearekiko merkataritza errazten baitzuen. Opioaren lehen gerra amaitu zenean, 1842an, britainiarrek Shangai atzerritarrei zabaltzea ezarri zuten. Hiriko biztanleen eta britainiarren arteko harremanak adeitsuak izan ziren, oro har, elkarren arteko interesean oinarritzen baitziren.[14]

1920an, bertan sortu zen Txinako Alderdi Komunista jaio zen,[15] eta 1927an, Chiang Kai-sheken tropek okupatu zutenean, errepresio handia jasan zuen. 1930ean, Shangai Txinako Errepublikako udalerri bat bihurtu zen. 1932an eta 1937an, japoniarrek okupatu zuten, eta 1941ean atzerriko kontzesioak baliogabetu zituzten. 1945ean, Japoniako okupaziotik askatuta, Txinaren subiranotasunera itzuli zen. Bigarren Mundu Gerran europar askoren babesleku izan zen. Garai hartan juduei irekitako munduko hiri bakarra izan zen. 1949tik aurrera, hazkunde demografiko eta industrial izugarria izan zuen.[16]

1949an iraultza komunistaren garaipenarekin, atzerritar gehienek hiritik alde egin zuten. Txinatar enpresari batzuek ere alde egin zuten, izan ere, nahiago izan zuten negozioak Hong Kongera lekualdatzea. Urte luzez geldirik egon ondoren, Deng Xiaopingek bultzatutako irekierari esker, Shanghaik azkar berreskuratu zuen bere garrantzi ekonomikoa eta gaur egun Txinako motor industrialetako bat izateaz gain, Asiako finantza gune nagusietako bat da.[17]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Shanghairen banaketa administratiboa»

Shanghai administrazio zuzeneko udalerria da, hau da, gobernu zentralak kudeatzen du, probintziak bezala. Shanghai 18 hiri barrutitan eta konderri batean banatuta dago, nahiz eta barruti bakoitzak bere hirigune propioa izan. Barrutiotako bederatzi Puxiko eremuan daude, hiriko alde zaharrean, Huangpu ibaiaren hegoaldean. Erdialdeko finantza gunea Hongqiao eta Bundeko guneetan biltzen da Huangpu barrutian eta Lujiazuiko gunea Pudongen. Hiriko gobernua eta unitate administratibo nagusiak Huangpu barrutian daude, hiriko merkataritza gune nagusia bera baita, Nanjing kalea barne. Shanghaiko unibertsitateen egoitza asko Yangpu eta Putuo barrutietan daude.

Erdialdeko barrutiak dira:

Shanghaiko planoa

Horrez gain, kanpoaldeko barrutien artean, beste zortziok daude:

Pudong barrutia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pudong, Bundetik ikusia (2005).

Shangaiko alde berrian kokatua da. 1990eko hamarkada arte ez zen garatu. Gaur egun Txinako gune ekonomiko nagusia da eta dozenaka etxe orratz eta etorbide zabal eraiki dira bertan. 1992. urtera arte, Chuansha konderri izena izan zuen.

Chongming uhartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai Urdinaren erdian dauden hiru uharteren multzoa da. Gaur egun Shanghain geratzen den konderri bakarra da. Nekazaritza gunea da, baratze eta etxebizitza zahar ugari biltzen ditu oraindik ere. Chongmingeko Parke Naturala bertan dago.

Shanghai itsaso ondo-ondoan ez badago ere —itsasertza 40 kilometrora dago—, Ibai Urdinaren bokalea gertu dagoenez —20 bat kilometrora—, hiriak hezetasun indize handiak ditu urte osoan. Urtaro markatuak dituen klima du. Euriteak bereziki udako hilabteetan izaten dira, montzoiekin batera. Udan 40 °C gainditzera iritsi daitezke eta neguak gordinak izan ohi dira.

    Datu klimatikoak (Shanghai, Txinako Herri Errepublika)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8 8 13 19 25 28 32 32 28 23 17 12 20,4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1 -1 4 10 15 19 23 23 19 14 7 2 11,3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 48 58 84 94 94 180 147 142 130 71 51 36 1.135
Iturria: BBC[18] 2008
Shangaiko hirigunea (2005).

Shanghai Iang-Tse edo Ibai Urdinaren deltan dago, Txinako ekialdeko itsasertzean, Pekin eta Hong Kong arteko erdibide kilometrikoan. Udalerriak hartzen ditu Ibai Urdinaren eta Hangzhou badiaren arteko penintsula, Chongming uhartea (Txinako hirugarren handiena) eta uharte txiki ugari. Iparraldean eta mendebaldean Jiangsu probintzia du mugakide, hegoaldean Zhejiang probintzia, eta ekialdean Ekialdeko Txinako itsasoa. Ibai Urdinaren adar den Huangpu ibaiak bitan banatzen du hiria. Puxi erdigune historikoa Huangpu ibaiaren mendebaldean dago, eta finantza auzoa, berriz, ekialdean eraiki zen.

Shangaik hartzen dituen 6.218 km² gehienak eraikinez estalita daude, hego-mendebaldeko muino txiki batzuk izan ezik, batez beste 4 metroko garaieraz itsaso mailaren gainetik. Punturik garaiena Dajinshan uhartean dago, 103 m. Hiriak zenbait ibai, ubide, erreka eta aintzira ditu, eta ezaguna da Taihu aintziraren eremutik ateratzen den uraren kalitateagatik.[19]

1950eko hamarkadan, Herriko plaza eratu zuten agintari komunistek, britainiar hipodromoak hartzen zuen lekuan. Plaza horretan, hiriko eraikin enblematikoak ezarri ziren, hala nola udaletxea, Shanghaiko Museoa edo Shanghaiko Antzoki Nagusia. Bestalde, Lujiazuiko finantza zentroan 160 bat etxe orratz eraiki izan dira, asko estilo futurista batean. Bertan dago Shanghai Tower, Txinako eraikin garaiena, 632 metrorekin, 2014an zabaldua.[20]

Ingurumenaren aldeko kontzientzia gero eta handiagoa denez hirian, ingurumena babesteko proiektuetan inbertsio handiak egiten ari dira. Horietako bat da hirigunea gurutzatzen duen Suzhou ibaiaren garbiketa, 2008an amaitu zena.[21] Gobernua ibilgailu elektrikoak bultzatzen ari da garraio publikoaren sarean, baina hiriak hamarkada gutxitan izan duen garapen azkarraren ondorioz, kutsadura maila handiak pairatzen ditu batzuetan.[19]

Shanghaiko biztanleriaren bilakaera
urtea biztanleak
1950   4.288.000
1955   5.713.000
1960   6.865.000
1965   6.865.000
1970   6.052.000
1975   5.658.000
1980   5.928.000
1985   7.096.000
urtea biztanleak
1990   8.606.000
1995   11.072.000
2000   14.247.000
2005   17.056.000
2010   20.314.000
2015   23.482.000
2020   27.058.000
2025   30.482.000
Iturria: Shanghai, China Metro Area
Population 1950-2025
[22]

Shanghairen arrakasta ekonomikoak erakarpen handia sortzen du milioika txinatarrengan. Biztanleriaren hazkuntza kontrolatzeko, hiriko gobernuak erregistro sistema bat sortu zuen Shanghain bizileku baimena zuten egoiliarrentzat. Biztanleria aski egonkor mantendu zen XX. mendearen azkan hamarkadatan, baina XXI. mendearen lehen hamarkadatan bizkor hazi zen.

Shanghaiko biztanleen % 98,8 han etnia txinatarrekoak dira, eta % 1,2, berriz, beste talde txikiagoetakoak. Hala ere, gutxiengoen biztanleria oso bizkor hazi zen XX. mendearen lehen bi hamarkadatan, biztanleria orokorraren hazkundea baino askoz azkarrago.[19]

Shangaiko burtsa.

Txina kontinentaleko finantza eta merkataritzaren erdigunetzat hartzen da Shanghai. Garapen modernoa erreforma ekonomikoekin hasi zen 1992an, Txina hegoaldeko probintzia asko baino hamarkada bat geroago, baina ordutik Shangaik azkar gainditu zituen probintziak eta Txina kontinentalean duen negozio gune nagusi izateari eusten dio. Txina kontinentaleko merkatu kuota handiena du Shanghaik.

Shangai eta Hong Kong Txinaren erdigune ekonomikoa izateko lehiatu izan dira, azken hori Txinako Herri Errepublikaren esku guztiz gertatu zenez geroztik, 1997an. Hong Kongek bere alde du sistema juridiko indartsuagoa, nazioarteko goi mailako merkatuan integratzea, askatasun ekonomikoa, banka eta zerbitzuen espezializazio handiagoa, zerga apalagoak eta moneta bihurgarria. Shangaik, aldiz, lotura sendoagoak ditu Txinako barnealdearekin eta gobernu zentralarekin, eta oinarri sendoagoa manufaktura industrian eta teknologian. Shangaik bere jokabidea asko garatu du finantzetan, banku sisteman eta korporazio handien egoitza izateko eskaintzan, goi mailako hezkuntzaren eskakizuna eta lan modernizatuaren eskaintza areagotu baititu.[23]

Pudong barrutia eta Huangpu ibaia (2007)
Pudong barrutia eta Huangpu ibaia (2007)

Garraio publikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Shanghaiko metroa»

Shanghaiko metroa 1995ean zabaldu zen. Hedapen bizkor batez, 2024an 18 linea zituen, guztira 800 km inguruko sare batekin, eta urtean 10.280 milioi bidaiari eramaten zituen hiriko eta metropoliko bazter guztietara.

Sakontzeko, irakurri: «Shanghai Maglev trena»

2003az geroztik, Maglev lebitazio magnetikoko tren batek lotzen ditu Shangai eta Shanghai Hongqiao nazioarteko aireportua. 30 kilometroko ibilbidea egiten du 7 minutu eta 21 segundotan, 431 kilometro orduko abiaduraz.[24]

Shanghaiko portuko Yangshan gunea.
Kokapena NAZE NAGE Aireportuaren izena
SHANGHAI
Shanghai ZSSS SHA Shanghai Hongqiao Nazioarteko Aireportua
Shanghai ZSPD PVG Shanghai Pudong Nazioarteko Aireportua
Sakontzeko, irakurri: «Shanghaiko portua»

Shanghaiko portua Shanghai inguruko eta Yangshanen itsasoaren erdian eraikitako ur sakoneko kaiek osatzen dute. Munduko porturik aktiboenetako bat da. Shanghaiko portua munduko lehena izan zen 2023an, bai bideratutako zama kopuruari dagokionez, bai edukiontzi kopuruari dagokionez.[25]

Shanghaiko Museoa (2010).

Shanghaiko kulturaren oinarria eratu zen han kulturaren eta haipai (txinera tradizionalez: 海派; pinyinez: hepha, Shanghaiko estiloa) edo «ekialdeak mendebaldea aurkitu du»[26] kulturaren konbinazioz. Han kultura nagusiaren eragina shainghaiera hizkuntzan agertzen da —gertuko Jiaxing, Suzhou eta Ningbo hizkeren ezaugarriak biltzen ditu— eta Shanghaiko sukaldaritzan.[27] Haipai kultura Shanghai portu oparoa bihurtu ondoren sortu zen XX mendearen hasieran, Europako, Amerikako, Japoniako eta Indiako atzerritar ugari hirira iritsi zirelarik.[28] Mendebaldeko kulturen elementuak han kulturarekin fusionatzen ditu, eta bere eragina hiriko literaturara, modara, arkitekturara, musikara eta sukaldaritzara hedatzen da.[28]

Museoen atalean, nabarmentzen dira Shanghaiko Museoa, bilduma zabal bat duena brontze, zeramika, kaligrafia, altzari, txanpon, margolan eta eskultura esparruetan; Shanghaiko Arte Garaikideko Museoa, Txinako eta nazioarteko artista garaikideen lanetan espezializatua; eta Shanghaiko Hirigintza Erakusketen Museoa, hiriaren garapen urbanistikoa xehetasunez azaltzen duena. Museoen zerrenda luzea da, bereziki ireki baitziren museo espezializatu ugari Shanghairen egitasmo estrategikoen harira.[29]

Shangaik eskaintza kultural zabal bat du, besteak beste Shangaiko Ballet Konpainia, Shangaiko Orkestra Sinfonikoa, Shangaiko Orkestra Filarmonikoa eta Shanghaiko Udal Antzerki Taldea. Eraikin kultural nabarmenenen artean daude Shangaiko Auditorioa, Majestic Antzokia eta bereziki Shangaiko Antzoki Handia, hiriko musika, opera eta antzerki eszenaren epizentroa. Azken bi eraikin horietan opera tradizionalak zein modernoak antzeztu ohi dira.[30]

Arkitekturak estilo ugari eta askotarikoak ditu. Bund guneak, Huangpu ibaiaren ondoan, XX. mendearen hasierako eraikin bilduma aberatsa du. Beste eraikin neoklasiko batzuk ere badaude, hala nola HSBC Building, edo art déco estilokoak, besteak beste Sassoon House. Antzinako atzerriko emakida izandako zona batzuk oso ongi kontserbatuta daude eta, hiria azkar hazten ari den arren, hirigune historikoan estilo tradizionaleko eraikinak daude oraindik, Yuyuan lorategia kasu. XX. mendearen amaieraz geroztik, arkitektura estilo abangoardistaz egin izan dira, etxe orratz modernoak eta futuristak. Joera arkitektoniko berrien adibide batzuk izan daitezke Shangaiko Museoa eta Shangaiko Antzoki Handia.[31]

Shikumen berritu bat, Shanghain (2006).

Shanghaiko elementu kultural berezi bat dira shikumen (txinera tradizionalez: 石庫門; txinera sinplifikatuz: 石库门; pinyinez: shíkùmén) izeneko etxe tradizionalak. Etxe guztiak kalexka guztiz zuzenetan konektatuta eta antolatuta daude, lngtang (txinera tradizionalez: 弄堂) izenekoak. Eraikin mota hau, herrialde anglosaxoietako «terraced houses» etxeen antzekoa da, etxe bakoitzaren aitzindegia adreiluzko horma garai eta astun batek bereizten dituelarik. «Shikumen» izenak, hitzez hitz, «harrizko arkudun ataria» esan nahi du.[32]

Shangái World Financial Center zentroa etxe orratz garai bat da, 492 m dituena. Sortaldeko Perla Dorrea, Shangaiko ikurretako bat, 468 m garai da eta hiriaren erdigunean dago. Hala ere, Shanghai Tower da hiriko etxe orratz garaiena, 632 m.[33]

Shanghaiko gastronomia (txinera tradizionalez: 上海菜) edo hu cai (txinera tradizionalez: 沪菜; pinyinez: hù cài) txinatar sukaldaritzaren aldaera bat da, ez bakarrik Shangaiko hirian zabaldua, baizik eta Txinako biztanleen artean ere oso ezaguna. Esan daiteke ez dela nortasun berezi bat duen sukaldaritza, baizik aldaera bat dela, inguruko Jiangsu eta Zhejiang probintzietako gastronomien fintze edo aldaketa bat.[34]

Nanjing kalea, oinezkoen zatian.

Turismoa Txinako ekonomiaren sektore garrantzitsu bat da, eta Shanghai da turistek Txinara bidaiatzeko puntu erakargarrienetako bat. Turista ugari biltzen dituzten Shanghaiko barruti eta eraikinen artean daude, besteak beste, Bund, Jin Mao dorrea, 2010eko nazioarteko erakusketa, Nanjing kalea, Sortaldeko Perla dorrea, Pudong barrutia, Shanghai Disney Resort, Shanghai Tower, Shanghai World Financial Center edo Xintiandi.

Hiriaren alde erakargarrietako bat kale historikoak dira, Bund inguruan, non britainiar botere kolonialaren aztarnak agerian uzten dituzten 24 eraikin baitaude, estilo arkitektonikoen sorta oso bat osatzen dutenak, hala nola erromanikoa, gotikoa, errenazentista, barrokoa, neoklasikoa edo Art Déco. Horien artean nabarmentzen dira aduana, Hong Kong eta Shanghaiko Banku zaharra, Peace Hotela eta Txinako Bankua.[35]

Eraikin klasikoz inguratutako inguru horren aurrean, Pudong barruti moderno eta futuristaren kontrastea altxatzen da. Bundetik begiratuta, Huangpu ibaiaren beste ertzean ageri dira Sortaldeko Perla dorre ikusgarria, Jin Mao dorrearen 88 solairuak eta, guztien gainetik, Shanghai dorrearen 632 metroko garaiera . Yuyuan lorategiak eta bazarra 1559an sortu zituen Pan Yunduan funtzionarioak. Hiriaren erdigune historikoan daude, eta behin baino gehiagotan zaharberritu dituzte, besteak beste, XIX. mendean mendebaldeko kolonialistek arpilatu zituztelako. Txinako Alderdi Komunistaren lehen kongresu nazionalaren egoitza museo bihurtu zuten 1998an, eta lekukotza ogrdetzen du 1921eko uztailaren 23an Li Hanjunek eta Mao Zedongek eraikineko areto batean egin zuten bileraz.[36]

Herriaren Plaza hiriko hipodromo zaharra izandakoaren lekuan eraiki zen, ilargi erdi baten formaz. Bertan daude Shanghaiko Antzoki Handia, Shanghaiko Hirigintza Erakusketen Museoa, gobernuaren eraikina eta Shanghaiko Museoa. Historian zehar gertakari garrantzitsuak izan dira plazan, hala nola Guardia Gorriak 1960ko hamarkadan egindako manifestazioak eta 1989ko herri protestak. Plazara iristen den kaleetako bat da Nanjing kalea, denda eta saltoki ugari biltzen dituena, erakargarri turistiko nagusienetako bat da.[37]

Nazioarteko harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shanghaik senidetza hitzarmenak ditu 68 hirirekin, munduko 57 herrialdetakoak:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (kontsulta data: 2025-05-30).
  2. (Ingelesez) «Shanghai Population 2025» Populationu (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-30).
  3. «Euskal etxeak» Munduko euskal etxeen ataria (kontsulta data: 2025-05-30).
  4. Danielson 2010, 8-9. orr. .
  5. (Txineraz) «中华人民共和国机动车号牌 - License plate of motor vehicle of the People’s Republic of China» Txinako Herri Errepublikako Estatu Segurtasuneko Ministerioa: 14. or. 2007-09-28 (kontsulta data: 2025-05-30).
  6. (Ingelesez) «Shanghai Fact» Shanghai Fact (kontsulta data: 2025-05-30).
  7. Iban, Amagoia. (1991-06-19). «Markinakoek zerbait dute Amerikarekin» Argia (web.archive.org) 1342: 30. or. ISSN 0213-909X. (kontsulta data: 2025-05-30).
  8. Danyan, Chen. (1999-03-31). «Xangai, hiri berpiztua» UNESCOren Albistaria (www.ikasbil.eus - web.archive.org) ISSN 0256-985X. (kontsulta data: 2025-05-30).
  9. Altonaga, Kepa. (2001). Armand David, pandaren aita. Usurbil: Elhuyar (web.archive.org) ISBN 978-8495338754. OCLC .434346042.
  10. Lasa, Jesus Mari (itzultzailea). «Eça de Queiros - Mandarin zaharra» Armiarma (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-30).
  11. Bilboko Udala. (2007). Eskolarteko ipuin lehiaketa Rafael Mikoleta XIX. edizioa. Bilbo: Bilboko Udala, Euskara Zerbitzua (web.archive.org) ISBN 978-8488714435. OCLC .434736555.
  12. Iheslariak. (2003). «Guo jinen balizko Historia hiperlaburra» Ataramiñe (archive.org): 174. or..
  13. Danielson 2010, 10. orr. .
  14. (Ingelesez) Fay, Peter Ward. (1998). The Opium War, 1840-1842. The University of North Carolina Press ISBN 978-0807847143. OCLC .60191637.
  15. (Txineraz) «上海通志 总述 (Shanghairen historia – Gainbegiratu bat)» Office of Shanghai Chronicles 2008-07-01.
  16. Danielson2010, 30-34. orr. .
  17. (Ingelesez) Hou, Li. (2021). Building for oil: Daqing and the formation of the Chinese socialist state. Cambridge: Harvard University Asia Center ISBN 978-0674260221. OCLC .1240774797.
  18. (Ingelesez) British Broadcasting Corporation. (2008-12-18). «World Weather - Average Conditions Shanghai» BBC Weather (kontsulta data: 2025-05-31).
  19. a b c (Ingelesez) «2024上海统计年鉴(英文版) - Shanghai Statistical Yearbook 2024» International Services Shanghai (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-31).
  20. (Ingelesez) Rosenfield, Karissa. (2012-05-04). «China Builds A City Inside A Tower» HuffPost (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-31).
  21. (Ingelesez) ADB. (2014-07-21). «Restoring Shanghai's Suzhou Creek» Asian Development Bank (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-05-31).
  22. (Ingelesez) «Shanghai, China Metro Area Population 1950-2025» MacroTrends (web.archive.org/) (kontsulta data: 2025-06-05).
  23. (Ingelesez) Wang, Yizhi; Shibusawa, Hiroyuki; Leman, Edward; Higano, Yoshiro; Mao, Guoping. (2013-06-01). «A study of Shanghai's development strategy to 2020» Regional Science Policy & Practice 5 (2): 183-201. or.  doi:10.1111/rsp3.12003. ISSN 1757-7802. (kontsulta data: 2025-06-06).
  24. (Ingelesez) Rodrigue, Jean-Paul; Comtois, Claude; Slack, Brian. (2010). The geography of transport systems. London: Routledge ISBN 978-0415483230. OCLC .1414080778.
  25. (Ingelesez) Kerriou, Anne. (2024-04-03). «Containers: traffic from the world's major ports in 2023» Upply (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-05).
  26. (Ingelesez) Shenglan, Xu. (2012-12-16). «The Culture of Shanghai» www.chinaculture.org (kontsulta data: 2025-06-07).
  27. (Ingelesez) Falanitule, Dahvida. (2018-06-02). «The key ingredients of Shanghai culture» Shanghai Daily (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-07).
  28. a b (Ingelesez) «Shanghai Style Culture: Haipai Culture Development & Feature» Top China Travel (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-07).
  29. (Ingelesez) «Shanghai releases blueprint for becoming global cosmopolis by 2035» The Straits Times (web.archive.org/) 2018-01-05 (kontsulta data: 2025-06-07).
  30. (Ingelesez) Stock, Jonathan P. J. (2003). Huju: traditional opera in modern Shanghai. Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0197262733..
  31. (Ingelesez) «Architecture in shanghai» Designboom | architecture & design magazine (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-07).
  32. (Gaztelaniaz) González Martínez, Plácido. (2019-12-16). «La intervención en el tejido residencial histórico del shikumen de Shanghái: Xintiandi como paradigma» Loggia, Arquitectura & Restauración (32): 22.  doi:10.4995/loggia.2019.11218. ISSN 1136-758X. (kontsulta data: 2025-06-07).
  33. (Ingelesez) «Shanghai Tower» The Skyscraper Center (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-07).
  34. (Ingelesez) Liau, Monica. (2017-12-21). «A Brief Intro to Shanghai “Hu” Cuisine» Culture Trip (kontsulta data: 2025-06-08).
  35. (Ingelesez) «Tales of Old Shanghai - The Bund» Tales of Old China (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-08).
  36. (Ingelesez) «The 1st National Congress of the Chinese Communist Party, Representatives of the First National Congress of The Communist Party of China (CPC)» China Today (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-06-08).
  37. (Ingelesez) «Nanjing Road Pedestrian Walkway» Shanghai Travel Guide (kontsulta data: 2025-06-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]