Edukira joan

Gorte frankistak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gorte frankistak
Datuak
Motagoverning body (en) Itzuli eta pseudo-parliament (en) Itzuli
HerrialdeaEspainia
Jarduera
Kide kopurua556
Agintea
Egoitza nagusi
Osatuta
Historia
Sorrera1942ko uztailaren 17a
Desagerpena1977ko ekainaren 16a

Gorte frankistak, ofizialki Gorte Espainiarrak deiturikoak, 1942ko uztailaren 17an sortutako diktadura frankistako erakunde bat izan ziren, 1936ko estatu-kolpearen seigarren urteurrenean hain justu. 1943ko martxoaren 17an zabaldu zituen bere saioak, eta sasi-parlamentu korporatibo gisa funtzionatu zuen[1]. Espainiako herriak Estatuaren zereginetan parte hartzeko goreneko organo gisa aurkeztu zuten —Gorteak Eratzeko Legearen lehen artikulua—, eta, teorian, bere funtzio nagusia legeak egitea eta onartzea zen, baina botere legegilea estatuburuari, Francori berari, zegokion. Espainiako tradizio parlamentarioaren jarraipen gisa identifikatzeko, Madrilgo San Jeronimo ibilbideko Gorteen Jauregian jarri zuten egoitza.

Hala ere, antzekotasun handiagoa zuen erakunde horrek Italiako faxismoaren sistema korporatiboarekin ordezkaritza organikoa eta ez-demokratikoa azpimarratzen zelako —«demokrazia organiko» terminoa erabiltzen zen—. Gorte frankistek ez zuten subiranotasun nazionalaren gordailu izan nahi, botere subirano osoa Estatuko burutzan kontzentratzen baitzen, botere-banaketarik gabe. Baztertu egiten zen demokrazia liberalarekiko edozein identifikazio, gizarte-klaseen eta lurraldeen arteko batasun nazionalaren ideologia disolbatzailetzat hartzen baitzen. Ez ziren onartzen alderdi politikoak, ezta hauteskunde demokratikorik ere.

Prokuradoreak eskubide propioko kideak ziren, Francok izendatuak edo erakunde korporatiboen artean hautatuak, eta, 1967 arte, ez zen zehaztu «familia-herena» aukeratzeko modua. Herena «erakunde naturalen» ordezkaritza organikoa izendatzeko ohiko modua zen, herri-borondatea adierazteko bide bakartzat joa (familia, udalerria eta sindikatua). Familia-herena aukeratzeko hauteskundeak 1967an eta 1971an egin ziren eta familia-buruek eta ezkondutako emakumeek zuten botoa emateko eskubidea.

1942ko Gorteen Legea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gorteen Lege Eratzailea 1942ko uztailaren 17an aldarrikatu zen eta zeharkako hautaketako ganbera bakarreko batzarra eratzea ezarri zuen. Gorteek lege-ekimen teorikoa zuten, nahiz eta hura Francorengan egon 1938ko urtarrileko eta 1939ko abuztuko legeak aldarrikatu zirenetik, zeintzuk eman baitzioten izaera orokorreko lege-arauak emateko gaitasuna, inolako baldintzatzailerik gabe.

Gorteak Espainiako herriak Estatuaren zereginetan parte hartzeko organo goren moduan definitzen ziren, zeinaren eginkizun nagusia legeak egitea eta onartzea baitzen, Estatuburuari zegokion berreste-botereari kalterik gabe.

Prokuradore hauek osatzen zituzten:

  • Gobernuko kideek.
  • Kontseilari nazionalek.
  • Justizia Auzitegi Goreneko, Estatu Kontseiluko, Justizia Militarreko Kontseilu Goreneko, Erresumako Kontu Auzitegiko eta Ekonomia Nazionaleko Kontseiluko lehendakariek.
  • Erakunde sindikalaren ehun eta berrogeita hamar ordezkarik.
  • Probintzia bakoitzeko udalerrien ordezkari batek udalek beren kideen artean aukeratuak; hirurehun mila biztanletik gorako udalerri bakoitzeko ordezkari batek; Ceutako eta Melillako udalerrien ordezkari banak udal batzako kideen artean aukeratutakoak; ordezkari batek probintzia-diputazio bakoitzeko; Kanariar Uhartearteko Mankomunitateren ordezkari batek, eta probintzietan eratu gabeko lurraldeetako toki-korporazioen ordezkariaek, modu berean hautatuak.
  • Probintzia bakoitzeko familien bi ordezkarki, familia-buruen errolda daudenek eta emakume ezkonduek hautatuak.
  • Unibertsitateetako errektoreek.
  • Espainiako Institutuko lehendakariak eta hura osatzen duten Errege Akademietako kideen artean aukeratutako bi ordezkarik; Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko lehendakariak eta bertako kideek hautatutako bi ordezkarik.
  • Ingeniari Zibilen Institutuko lehendakariak eta hura osatzen duten ingeniarien elkarteen ordezkari batek; abokatuen elkargoetako bi ordezkarik; medikuen elkargoetako bi ordezkarik. Honako elkargo hauetako bakoitzeko ordezkari banak: kanbio-eta burtsa-agenteena, arkitektoena, ekonomialariena, botikariena, zientzia eta letretako lizentziatu eta doktoreena, kimika eta fisika lizentziatu eta doktoreena, notarioena, auzitegietako prokuradoreena, jabetza-erregistratzaileena, albaitariena eta goi-mailako titulu akademikoko gainerako elkargo profesionalena. Merkataritzako ganbera ofizialetako hiru ordezkarik; hiri-jabetzaren ganbaretako batek eta maizterren elkarteen ordezkari batek.. Atal honetan hautatzen diren guztiek elkarte eta korporazio horietako kide izan beharko dute.
  • Eliza-, militar- edo administrazio-hierarkiagatik edo Aberriari emandako zerbitzu garrantzitsuengatik Estatuburuak izendatzen dituenak Erresumako Kontseiluari entzun ondoren, gehienez ere hogeita bost pertsona.

Gorteen funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorteek legegintzaldietan edo lau urteko aldietan funtzionatzen zuten, hautatutazko prokuradoreen agintaldiarekin bat etorriz. Funtzionamendua 1957ko Erregelamenduak arautzen du, prokuradoreen pribilegioak arautzen ditu lehenik: bortxaezintasuna, immunitatea, forua eta konpentsazio ekonomikoa.

Gorteak lehendakariak gidatzen zuen, Batzorde Iraunkor baten laguntzaz. Baziren Barneko Gobernu Batzordea, Estiloa Zuzentzeko Batzordea, testuak berrikusten zituena eta Legegintzarako Eskumenen Batzordea, Gorteen eskumenak defendatzen dituena. Gainerako batzordeak kidego espezializatuak ziren, printzipioz ministerio bakoitzeko bat, zeintzuk lege-proiektuak aztertu eta Osoko Bilkurari irizpena ematen baitzioten.

Bere eginkizunak ez ziren ohiko parlamentu batekoak, esan bezala, Francok zuelako legegintzaren ardura legez.

Gorteen eginkizunak zehazteko beharrezkoa da honokoa aintzat hartzea:

  • Ordezkaritza organoa da.
  • Eginkizun legegilea du: legeak prestatu eta lantzea, estatuburuaren berreste-eskumenari kalterik egin gabe beti ere[2].
  • Administrazioa nolabait kontrolatzen du.
  • Eginkizun berezia du Estatuko Burutzan ondorengotza zehazteko.
  • Funtsezko erabaki-funtzioa du Estatuburuaren ezintasun-aitorpenean.
  • Funtzio konstituziogilea du Erresumako oinarrizko legeen erreforman.
  • Espainiako erabateko subiranotasuna edo lurralde-osotasuna ukitzen duten nazioarteko itun edo hitzarmenak berrestea.
  • Estatuko buruari baimena ematea oinarrizko legearen arabera Gorteen esku-hartzea behar duten ekimenak burutzeko.
  • Estatuko Aurrekontu Orokorrak eta Estatuko Kontu Orokorra onartzea.

Lehendakariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francok izendatu zituen lehen hiru lehendakariak dekretu bidez eta Juan Carlos Iak azkenekoa, ganberak berak hautatu beharrean[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Santaolalla López, Fernando.. (2004). Derecho constitucional. Dykinson ISBN 84-9772-423-2. PMC 57059218. (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  2. Fernandez Miranda, Torcuato. (1968). El hombre y la sociedad,. , 198 or..
  3. Jerónimo Sánchez-Beato, Estefanía.. ([2005]). De las Cortes Españolas al Congreso de los Diputados: el devenir de su presidencia (1942-1978). Universidad de Almería, Servicio de Publicaciones ISBN 84-8240-787-2. PMC 433405488. (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]