Gravette aldia
| Gravette aldia | |
|---|---|
| Kultura arkeologikoa | |
| Ezaugarriak | |
| Hasiera | K.a. XXXIII. milurtekoa |
| Bukaera | K.a. XXII. milurtekoa |
| Aztarnategi eponimoa | La Gravette |
| Aztarnategi esanguratsuak | La Gravette, Dolní Věstonice, Chauvet leizea, La Garma, Willendorf, Paglicci leizea eta Brassempouy |
| Honen parte da | Goi Paleolitoa |
Kultura gravettiarra edo Gravette aldia[1] Europa osoan izandako Goi Paleolitoko kultura arkeologikoa izan zen[2][3]. Izena Dordoinako La Gravette leizetik datorkio. Batzuetan, Goi-perigordiarra izena ere eman zitzaion.[4]
| Historiaurreko aroak |
|---|
Antzinako aurignaciar kulturan sortua, K.a. 28.000 eta K.a. 22.000 urteen artean iraun zuen. Bere industriak xafla puntazorrotzak eta beranak sortu zituen. Artistikoki, bere ezaugarri nagusia Venus figuratxoak sortzea izan zen, erdialdeko Europan eta Errusian topatu dituztenak.

Chatelperroniarra baino hedatuagoa egon zen: Kantaurialdea, Frantzia, Austria, Hungaria, Txekia, Polonia, Errumania, eta beste eskualde batzuetan aurki daiteke.
Harrizko tresnerian, mousteriar kutsuko tresna gehienak galdu egin ziren, marruskak (ijelki gainekoak) zulakaitzak baino urriagoak dira. Zulakaitzetan ugariagoak dira moztura gainekoak (Noailles-ak eta beste) diedroak baino. Gravette-puntak, ijelki bizkardunak.. Interes berezikoak dira: Noailles-zulakaitzak; gezitxoak (flechettes), Font Robert-puntak eta mozturadun aleak.
Hezurrezko tresnerian: azagaia isturiztarra, makila zulatuak, leuntzaileak, ziriak, zintzilikarioak, txirulak, eta beste ditugu.

Aurignac eta "Perigord" (Gavetiarra barne) aldietan agertzen dira artelan zaharrenak: venusak, giza-irudiak, animaliak, erliebeak, ehiza-markak tresnetan... Goi-Perigordiarreko arte higigarriko aztarnak ugariak dira: Predmost-eko mamuta, Dolni Vestonice-ko buztinezko irudia –venusa-, beste venusak (Kostienki, Gagarino, Baikal eta Maltá), Lespugue, Brassempouy, Grimaldi, Tursac -Noailles industria duena-, Sireuil, Laussel.
Aztarnategia esanguratsuenak dira : La Gravette, Font Robert, Noailles, Brassempouy, Pataud, El Castillo(Cantabria), La Viña (Asturias), Barranc Blanc (BValentzia), Reclau Viver (Kataluina), Amalda, Bolinkoba, Aitzbitarte III, Usategi, Antoliña eta Isturitze.[4]

Pavloviarra edo Eki-Gravetiarra (27.000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txekiako Pavlov herrian, 1952. urtean, aurkitutako aire zabaleko aztarnategian oinarritzen da kultura honen definizioa. Ezaugarri hauek ditu: Ijelki aurignachtarrak, marruska gilatuak, zulakaitz ugari, bizkardun ijelkiak, moztura laprandun, ijelkiak, Font-Yves puntak, kamerdun puntak. Ebakidura eliptikodun azagaiak, gai geometrikoz apaindutako elur-orein hagaxkak, mamut-omoplatoz egindako palatxoak, leuntzaileak... Bolizko edo buztinezko (zutan gogortuak) emakume- eta animali iruditxoak.
Aztarnategi esanguratsuenak dira: Dolni-Vestonice (Moravia, Txekia), Predmost (Moravia), Willendorf (Austria), Gagarino, eta Kostienki (Errusia).[4]

Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gravette aldia oso goiz agertu zen, Noailles mota deitzen den teknologiarekin[5], Izturitzen eta Aizpitarte III leizean, baina aire zabaleko aztarnategiek garrantzi berezia dute. Epe luzea da, orain dela 29.000 urte hasi eta orain dela 20.000 urte inguru amaitu zena[6]. Goi Paleolitoko periodoen artean, aire libreko aztarnategi gehien dituena da, adibidez Pelbarte, Prado, Mugarduia Hegoalde, Ametzagaia edo Irikaitz. Mugarduiako aztarnategian (Urbasa) neandertalen suharri ustiaketa gune baten hegoaldera bi mila objektutik gora aurkitu dira[7]. Hala ere, zaila da jakitea Gravette aldiak ezaugarri bereziak ote zituen, batez ere industria litikoa aurkitu delako, eta Izturitzeko objektuek pisu handiegia dutelako alderaketa egin ahal izateko[6]. Izturitze motako azagaiei izena eman die euskal aztarnategi horrek, ezagutzen diren bi heren bertan aurkitu direlako. Izturitze motako azagaiak aurkitu dira Usategin, Bolinkoban, Askondon eta Aizpitarte IIIn[6].
Gravette aldiko artearen estiloa Askondon[8], Danbolinzulon edo Baltzolan bat dator Kantabrian aurkitutakoekin, baina Aizpitarte, Erberua eta Alkerdikoak Pirinio eta Périgordekoekin daude harremanetan[9][10]. Hala ere, aurkitutako portaera sinbolikoa oso eskasa da[6].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Arkeologia Hiztegia] [2018]
- ↑ Peñalver Iribarren, Xabier. (1996). Euskal Herria en la Prehistoria. Donostia: Orain ISBN 84-89077-5-4..
- ↑ M.H. Alimen & M.J. Steve, Prehistoria. Siglo XXI. 1970. ISBN 84-323-0118-3
- ↑ a b c «Historiaurrea» Unibertsitateko Indar Batasuna. Apunteak: 39..
- ↑ (Ingelesez) Calvo, Aitor; Perales, Unai; García-Rojas, Maite; Normand, Christian; Arrizabalaga, Alvaro. (2019-06). «Just before sewing needles. A functional hypothesis for Gravettian Noailles-type burins from Isturitz cave (Basque Country, southwestern France)» Journal of Archaeological Science: Reports 25: 420–432. doi:. (kontsulta data: 2025-09-15).
- ↑ a b c d (Frantsesez) Arrizabalaga, Alvaro; Iriarte-Chiapusso, María Jose. (2019). «The Gravettian on the Basque Crossroads: a glimpse of Palaeolithic territoriality» Comptes Rendus Palevol in: Palaeolithic of Northwest Iberia and beyond: multidisciplinary approaches to the analysis of Late Quaternary hunter-gatherer societies. 19 (8): 137–151. doi:. (kontsulta data: 2025-09-20).
- ↑ Barandiarán, I., Benéitez, P., Cava, A., & Millán Chagoyen, M. A. (2009). El taller gravetiense de Mugarduia sur (Navarra): identificación y cronología. Zephyrvs, 60.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Recent advances in paleolithic rock art in the Basque Country (2010-2015)» arkeobasque 2015-04-28 (kontsulta data: 2025-09-20).
- ↑ (Ingelesez) Maidagan, Diego Garate. (2018-06). «New Insights into the Study of Paleolithic Rock Art: Dismantling the “Basque Country Void”» Journal of Anthropological Research 74 (2): 168–200. doi:. ISSN 0091-7710. (kontsulta data: 2025-09-20).
- ↑ (Ingelesez) Garate, Diego; Rivero, Olivia; Rios-Garaizar, Joseba; Arriolabengoa, Martín; Intxaurbe, Iñaki; Salazar, Sergio. (2020-10-28). Petraglia, Michael D. ed. «Redefining shared symbolic networks during the Gravettian in Western Europe: New data from the rock art findings in Aitzbitarte caves (Northern Spain)» PLOS ONE 15 (10): e0240481. doi:. ISSN 1932-6203. PMID 33112862. PMC 7592797. (kontsulta data: 2025-09-20).
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Marco de la Rasilla Vives; Lawrence Guy Straus «El poblamiento en la región cantábrica en torno al último máximo glacial Gravetiense y Solutrense». Kobie, 8
- Ripoll Perelló, E., & Ripoll López, S. (1990). «Gravetiense y Solutrense en la Península Ibérica.» Espacio Tiempo y Forma. Serie I, Prehistoria y Arqueología, (3). https://doi.org/10.5944/etfi.3.1990.4529
- Juan Manuel Fernández López (2019-03-26) «Gravetiense». Paleoantropología hoy
- Tapia, Jesús; Arrizabalaga, Álvaro; Iriaate, Maria José eta Calvo, Aitor (2009) «El campamento gravetiense de Ametzagaina (Donostia, País Vasco). Un avance a su estudio arqueológico». Munibe (Antropologia-Arkeologia) ISSN 1132-2217, 60. 99-115 or.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- José Manuel Quesada López; David Álvarez Alonso eta Clara Gómez Sánchez (2008-11-17) «Paleolítico Superior Inicial: Auriñaciense y Gravetiense». Geografía e Historia en Radio 3. UNED.
| Aurrekoa Aurignaciar kultura |
Europa erdialdeko kulturak K.a. 28.000– K.a. 22.000 |
Ondorengoa Solutrear kultura |