Hizkuntza-interpretazio
Hizkuntza-interpretazioa, edo interpretazioa besterik gabe, hizkuntza-bitartekaritzako jarduera bat da, ahozko edo keinu-hizkuntzazko diskurtso baten diskurtso baliokide bat hizkuntza ezberdin batean ematean datzana, ahoz edo keinu-hizkuntzan. Jarduera horren emaitzari ere interpretazioa deritzo.
Interpretazioa gauzatzen duen pertsonari interprete deitzen zaio. Bere eginkizuna jatorrizko diskurtsoko mezua helaraztea da hainbat alderdi kontuan hartuz: erabilitako erregistroa, mezuko informazio inplizitua eta emozioak, besteak beste.
Interpretazioa eta itzulpena bereiztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta sarri bereizketarik gabe erabiltzen diren, interpretazioa eta itzulpena ez dira sinonimoak. Itzulpen hitza zentzu zabalean erabili daitekeen arren, normalean idatzizko transmisioari egiten dio erreferentzia.
Interpretazioa itzulpenetik bereizten duen ezaugarri nagusia da aurrez aurre eta berehala egin ohi dela, hau da, interpretea jatorrizko diskurtsoaren lekuko zuzena dela, fisikoki edo ikus-entzunezko transmisio bidez (telebistaz edo telefono bidez). Ondorioz, itzultzaileak, interpreteak ez bezala, iturri ugaritara jotzen du (hiztegiak, glosarioak, antzeko testuak etab.), eta horrek guztiak laguntzen du xede dokumentua jatorrizkoarekiko ahalik eta leialena izan dadin.
Gai honetan jantziak ez diren askok uste dute interpretazioa modu literal batean egiten dela. Hots, jatorrizko mezuarekiko sintaktikoki baliokidea den itzulpen bat egiten dela, hau da, hitzez hitzekoa. Modu horretara interpretatzea ez litzateke hain eraginkorra izango, xede hizkuntzan birsortutako mezua ulertezina izango litzatekeelako hartzailearentzat. Adibidez, ingelesetik euskarara He is travelling perpausa literalki itzuliko bagenu, honako hau lortuko genuke: Bidaiatzen ari da. Zentzua baduen arren, euskaldunentzat ez da jatorra."Kanpoan dago", aldiz, askoz ere interpretazio egokiagoa izango litzateke. Hau da, interpreteak mezua osotasunean hartu behar du eta gainera, kontuan izan behar du sorburu hizkuntzako hizlariak erabilitako tonua eta estiloa, batez ere hizkuntza batetik bestera baliokide zuzenik ez duten esapideak itzultzean. Adibidez, ingeleseko It's raining cats and dogs esapidea euskarara ezin dugu literalki itzuli, Txakurrak eta katuak euria ari da moduko esaldi zentzu gabe bat lortuko baikenuke. "Euria barra-barra ari du" itzulpena, aldiz, egokiagoa izango litzakete.
Bestalde, interpretazioari eskatzen zaion fideltasun eta zehaztasun maila ez da itzulpenari eskatzen zaionaren berdina. Denbora faltaren ondorioz, interpreteak lehentasunak ezarri behar izaten ditu, jatorrizko diskurtsoko xehetasun garrantzitsuenak transmitituko direla bermatzeko. Hori garrantzitsua da bereziki hizlariak oso azkar hitz egiten badu edo diskurtsoak zenbaki asko edo zerrenda luzeak baditu. Zenbait alorretan zehaztasunak bereziki garrantzitsuak dira. Adibidez, arlo judizialean, hitz bat "aintzakotzat ez hartzea, ez esatea edo orraztea" auzitegiko partaideen akatsen sorburu izan daiteke.
Erronka horiei aurre egiteko, interprete profesionalak hainbat teknika eta baliabide ikasi ditu. Horiei esker, mezua xede hizkuntzan informaziorik galdu gabe ematea lortzen du.
Dena den, interpretearen jarduera intelektual handiak txandakako lana eskatzen du. Normalean, bikoteka egiten da lan, eta, batek interpretatzen duen bitartean, besteak lagunaren lana kontrolatzen du; bigarren interpreteak sor litezkeen arazoei aurre hartzen die eta horien berri ematen dio lankideari idatzizko oharrekin.
Azkenik, hizlariak asko baldintzatzen du interpretazioaren kalitatea. Bereziki, asko lagunduko du esaldi mota bakoitzari intonazio egokia ematen badio eta paragrafoen amaieran etenalditxo bat egiten badu. Uste daitekeenaren kontra, interpretatzeko zailena ez da azkar hitz egiten duen hizlaria, baizik eta ahoz gora irakurtzen duena, bat-bateko diskurtso bat balitz erabiliko lukeenaren oso bestelako intonazioa erabiliz. Sarritan onargarria da hizlariaren ahots tonu berdina erabiltzea, egoerak eta interpretea kontratatu duenak hala eskatu badu.
Interpretazio teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garrantzitsua da interpretazioko teknikak eta modalitateak bereiztea. Interpretazioan teknikei buruz hitz egitean, prozesuan gertatzen diren jarduerei egiten zaie erreferentzia, eta, modalitate hitza erabiltzean, aldiz, interpretazioaren testuinguru komunikatiboari eta egoera sozialari buruz ari gara.
Oro har, aldibereko interpretazioa eta esan ostekoa bereizten dira. Aldiberekoan, interpreteak berehala esaten du mezua xede hizkuntzan, hizlariak etenik gabe hitz egiten jarraitzen duen bitartean; esan ostekoan, aldiz, hizlariak diskurtsoa eteten du noizbehinka, interpreteak bere lana egin dezan.
Jarraian azaltzen den moduan, bi teknika hauek zenbait aldaketa onartzen dituzte.
Aldibereko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldibereko interpretazioan, interpreteak ahal bezain laster itzultzen du mezua sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara. Bitartean, hizlariak jatorrizko hizkuntza horretan hitz egiten jarraitzen du. Interpreteak bere lana burutzeko, kabina intsonorizatu batean kokatzen da. Bertatik hizlaria ikusten du, baita entzungailuen bitartez entzun ere. Interpreteak mikrofono bat du eskura mezua helarazteko. Hartzaileek entzungailuen bitartez entzuten dute interpretazioa xede hizkuntzan. Aldibereko interpretazioa da keinu hizkuntzako interpreteek gehien erabiltzen duten interpretazio modua.
Keinu hizkuntzaren kasuan izan ezik, aldibereko interpretazioa kabinetan egin ohi da. Bertan, interpreteek hizkuntza konbinazio bera duten bikoteetan lan egiten dute, denbora tarte baten ondoren txandatuz.
Gai honetaz ez dakitenek aldibereko itzulpengintza eta aldibereko itzultzailea terminoak erabiltzen dituzte aldibereko interpretazioa edo aldibereko interpretea erabili ordez, itzulpengintza terminoa idatzizko hizkuntza-bitartekotzari erreferentzia egiteko erabiltzen dela aintzat hartu gabe.
Interpretazio xuxurlatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazio xuxurlatuan (chuchotage, frantsesez), interpretea xede hizkuntzako entzuleria txiki baten ondoan eserita edo zutik geratzen da, eta hizketa-gaiaren aldibereko interpretazioa xuxurlatzen die. Interpretazio modalitate hau burutzeko ez da ekipamendu berezirik behar. Giza talde bateko zati handienak sorburu hizkuntza hitz egiten duenean erabiltzen da, eta soilik gutxiengo batek ez dakienean (3 pertsona baino gehiago ez izatea da egokiena).
Esan osteko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan osteko interpretazioan, sorburu hizkuntzako hizlariak hitzaldia bukatu duenean hasten da hitz egiten interpretea. Hitzaldia hainbat zatitan banatzen da, eta esan osteko interpretea hizlariarengandik gertu eserita edo zutik geratzen da, hari entzuteko eta esaten duenaren inguruan oharrak hartzeko. Hizlariak eten bat egiten duenean edo hitz egiten amaitzen duenean, interpreteak mezu osoa helarazten du xede hizkuntzan.
Metodo honekin interpretatzen diren hitzaldiak edo hitzaldi zatiak motzak izan ohi dira. Duela berrogeita hamar urte, esan osteko interpreteek 20 edo 30 minutuko hitzaldiak interpretatzen zituzten. Gaur egun, aldiz, 10 edo 15 minutukoak izaten dira gehienez, batez ere publikoak ez duelako atsegin 20 minutuz egotea ulertzen ez duen hitzaldi bat entzuten.
Sarritan, sorburu hizkuntzako hizlaria ez da jabetzen luze eta zabal hitz egin dezakeela esan osteko interpretazioa egin aurretik. Horregatik, esaldi bakoitzaren amaieran eten bat egiten du, xede hizkuntzara interpretatzeko. Batzuetan, interprete hasiberriak edo esperientziarik gabekoak esaldi bakoitzaren amaieran gelditzeko eskatzen dio hizlariari.
Esaldiz esaldi interpretatzearen abantaila informazio kantitate txikiagoa memorizatu behar izatea da. Hala ere, interpreteak oraindik ez du hitzaldi osoa edo haren oinarrizko zatia entzun eta, ondorioz, zailagoa da mezu osoa itzultzea, oinarrizko testuinguru hori falta baita eta etenaldi asko egon baitira. Esate baterako, nahikoa da txiste bat zatika kontatzearen prozesua imajinatzea, zati bakoitza itzultzeko egin diren etenaldi guztiekin.
Metodo hau askotan erabiltzen da hitzaldiak, deklarazioak, grabatutako komunikatuak, auzitegi bateko lekukoen testigantzak eta laneko zein medikuntza arloko elkarrizketak interpretatzeko; baina hobe da beti ideia oso bat izatea itzultzen hasi aurretik.
Esan osteko interpretazio osoak (ez zatikatuak) sorburu hizkuntzako mezu osoaren esanahia ulertzea ahalbidetzen dio interpreteari, xede hizkuntzara interpretatu aurretik. Horrela, aldibereko interpretazioa egiten denean baino interpretazio leialagoa, zehatzagoa eta ulergarriagoa lortzen da.
Esan osteko interpretazioak bi bertsio ditu: "esan osteko interpretazio laburra" eta "esan osteko interpretazio luzea". Esan osteko interpretazio laburrean, interpretea bere memoriaren menpe dago, mezuaren segmentu bakoitzak memorizatu ahal izateko bezain motza izan behar baitu. Esan osteko interpretazio luzean, interpreteak entzuten duen heinean oharrak hartzen ditu, bukatu ostean hitzaldia itzultzen lagunduko diotenak. Banaketa informal hauek bezeroarekin adosten dira interpretazioa burutu aurretik, eta hizketa-gaiaren, zailtasunaren eta interpretazioaren helburuaren arabera erabakitzen dira.
Loturazko edo aldebiko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esan osteko interpretazioak hizlari bat eta hartzaile asko izatea eskatzen du. Loturazko interpretazioa, berriz, bi pertsona edo gehiagoren arteko elkarrizketa batean esaten dena elkarri helaraztean datza.
Hitzaldi labur baten ondoren egin daiteke, esan osteko forman edo chuchotage modalitatean (interpretazio xuxurlatua). Oharrak hartzeaz gain (eta hori ere ez da beti egiten), ez da ekipamendu berezirik behar.
Errele bidezko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errele bidezko interpretazioa (relay interpreting, ingelesez) egiten da sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara zuzenean itzultzeko gai den interpreterik ez dagoenean baina bi hizkuntza horiek hirugarren hizkuntza batekin lotu ditzakeen interpreteren bat badagoenean.
Kasu horretan, interpreteak mezua sorburu hizkuntzatik hirugarren hizkuntzara itzultzen du, eta, jarraian, beste interprete batek hirugarren hizkuntzako mezua xede hizkuntzara itzuliko du.
Sarri, hirugarren hizkuntza hori edo errele-hizkuntza komunikazio egoera gertatzen ari den tokiko hizkuntza izaten da. Adibidez, Italian egindako kongresu batean, baliteke alemanetik arabierarako interpreterik ez egotea, baina bai aleman-italiera eta italiera-arabiera hizkuntza konbinaketak dituzten interpreteak.
Ikusizko itzulpena, izatez, interpretazio mota bat da. Kasu honetan, interpreteak ozenki irakurtzen du sorburu hizkuntzan idatzitako dokumentua, baina unean bertan itzultzen du xede hizkuntzara, xede hizkuntzan idatzita balego bezala. Ikusizko itzulpena ohikoa da osasun-arloan eta arlo judizialean.
Interpretazio modalitateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konferentzia-interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konferentzia-interpretazioa konferentzia edo mintzaldi baten interpretazioa egitean datza. Konferentzia hitza sektore berdineko profesionalen arteko batzar gisa ulertzen dugu (kongresu profesionalak, batzar politiko internazionalak, etab.). Interpretazioa esan ostekoa edo aldiberekoa izan daiteke; hala ere, azken 20 urte hauetan esan osteko interpretazioaren erabilera gutxitu egin da topaketa eleanitzetan.
Konferentzia-interpretazioa bi merkaturen artean banatzen da: instituzionala eta pribatua. Instituzio edo erakunde internazionalek (EB, NBE, etab.) topaketa eleanitzak egiten dituztenean, atzerriko hizkuntzetatik interpreteen ama-hizkuntzetara interpretatzea hobetsi ohi dute. Merkatu pribatuan, batzar elebidunak egiteko joera dago (tokiko hizkuntza eta beste bat), eta, askotan, interpreteek bi norabideetan lan egiten dute. Bi merkatu hauek ez dute batak bestea baztertzen.
Konferentzia Interpreteen Elkarte Internazionala (AIIC frantsesez, nahiz gaztelaniaz) konferentzia-interpreteen munduko elkarte bakarra da. 1953an sortu zen, eta 90 herrialde baino gehiagotako 2.800 konferentzia-interprete profesionaletik gora biltzen ditu.
Arlo judizialeko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpretazio juridikoak sorburu hizkuntzako hitzaldiaren edukiari soilik egiten dio erreferentzia, eta zinpeko interpretazioak interpreteak bere lanarekiko duen erantzukizun legez arautua adierazten du. Arlo judizialeko interpretazioa, aldiz, nahitaez egiten da justizia- edo administrazio-auzitegietan. Batzuetan esan osteko interpretazio teknika erabiltzen da, adibidez, auzitegian atzerriko hizkuntza batez mintzatzen den lekuko bat aurkezten bada. Aldi bereko interpretaziora jotzen da, berriz, atzerriko hizkuntzan mintzatzen diren parte-hartzaile gehiago daudenean, Nurenbergeko epaiketetan eta 2004ko martxoaren 11ko atentatuen epaiketetan, esate baterako.
Justiziaren funtsezko arautzat jotzen da auzitegian mintzatzen den hizkuntza ulertzen ez duten pertsonek interprete bat edukitzeko eskubidea izatea, bereziki epaiketa kriminal bateko akusatu batek. Hori dela eta, eskubide hori askotan bermatzen da konstituzio nazionaletan, eskubideen aitorpenetan, sistema judizial bat ezartzen duten funtsezko legeetan edota goi-auzitegiek finkatutako aurrekarietan.
Indarrean dauden erregulazioek eta estandarrek diotenaren arabera, auzitegiko interpreteek bakarrik egiten dute lan esan osteko interpretazioa egiten dutenean, eta taldean aldibereko interpretazioa egitean. Sorburu- eta xede- hizkuntza ondo menderatzeaz gain, interprete horiek legeen eta tramite legal eta judizialen ezagutza zabala izatea eskatzen du interpretazio mota honek. Askotan, interpreteei Estatuaren baimen formala izatea eskatzen zaie auzitegietan lan egin ahal izateko. Kasu horretan zinpeko interpretea deitzen zaie. Jurisdikzio askotan, interpretazioa testigantzaren oinarrizko zatitzat jotzen da. Interpretazio txar batek edo interpreteak zin ez egite hutsak epaiketa baliogabetzea ekar dezake.
Talde-bileren interpretazioa (marketina)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talde-bileretan egiten den interpretazioan, interpretea kabina intsonorizatu batean edo ikus-entzuleen aretoan kokatzen da bezeroekin batera. Normalean, norabide bakarreko ispilua ezartzen da interpretearen eta eztabaida taldearen artean. Horri esker, interpreteak parte-hartzaileak ikus ditzake, baina taldekideek euren islapena soilik ikus dezakete. Interpreteak, entzungailuen bitartez, sorburu hizkuntzako elkarrizketa entzuten du, eta aldi berean xede-hizkuntzara itzultzen die bezeroei. Horrelako eztabaida-taldeetan 2 eta 12 partaide artean egoten direnez (batzuetan gehiago), esperientziadun interpreteek ez dute soilik hitzaldia interpretatzen, baizik eta intonazioa, hitzaldiaren patroiak, tonua, barrea eta parte-hartzaileek igorritako sentimenduak ere interpretatzen dituzte.
Laguntza-interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mota honetako interpretazioan, interpreteak pertsona bati edo ordezkaritza bati laguntzen dio tour, bisita, batzar edo elkarrizketa batean. Eginkizun hori betetzen duen interpreteari laguntza-interpretea deritzo. Gauzatzen duen interpretazio modalitatea loturazko interpretazioa da.
Sektore publikoko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komunitateko interpretazio izenez ere ezagutzen da. Legearen, osasunaren eta tokiko gobernuaren arloetan gauzatzen den interpretazio mota bat da; baita zerbitzu sozialen, etxebizitzaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren arloetan ere. Komunitateko interpretazioan, hizkuntza eta komunikazioaren ekoizpena baldintzatzen dituzten hainbat faktore daude. Honako hauek dira faktore horiek: hitzaldiaren eduki emozionala, inguru sozial polarizatu edo tirabiratsu bat, sorrarazitako estresa, parte-hartzaileen arteko botere-erlazioak eta interpretearen gain geratzen den erantzukizuna (kasu askotan muturrekoa); batzuetan, beste pertsonaren bizitza ere interpretearen lanaren menpe egon daiteke.
Ikusi Interpretazio Soziala.
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasun arloko interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasun arloko interpretazioa zerbitzu publikoetako interpretazioaren azpimota bat da, eta osasun-langileen eta gaixoaren nahiz familiaren arteko komunikazioa erraztean datza. Normalean, prozesu honetan parte hartzen duen interpreteak prestakuntza berezia duela egiaztatzen duen tituluren bat izan ohi du, eta zerbitzu mota hau emateko beharrezko baldintzak betetzen ditu. Egoera batzuetan, osasun-arloko profesional eleanitzek lanaldi partzialean lagun dezakete osasun-etxe barneko hizkuntza bankuetako kide gisa. Osasun arloko interpreteak medikuntzaren ezagutza handia izan behar du, eta ondo ezagutu behar ditu ohikoenak diren mediku praktikak, gaixo bat elkarrizketatzearen prozesua, osasun azterketak, eta lan egiten duen ospitalean edo klinikan egiten diren eguneroko zereginak. Gainera, oso garrantzitsua da kontutan hartzea, osasun arloko interpreteak lotura kulturalak direla askotan, hizkuntza alde batera utzita, ospitale edo mediku-etxeak ezagutzen ez dituzten edo halako lekuetan deseroso sentitzen diren pertsonentzat.
Keinu-hizkuntzen interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Entzumen arazorik ez duen pertsona batek hitz egiten duenean, interpreteak keinu-hizkuntzan transmititzen du hiztun horren mezuaren esanahia, pertsona gorrek uler dezaten. Pertsona gor batek keinuak egiten dituenean, interpreteak keinuen esanahia ahozko hizkuntzan transmititzen du entzun dezaketen pertsonentzat, eta horri ahozko interpretazioa ere deitzen zaio batzuetan. Praktika hau aldibereko edo esan osteko interpretazio bidez egin daiteke. Ondo prestatutako interpreteek gela edo leku egoki batean egon behar dute, interpreteek eta parte-hartzaile gorrek elkar ikusteko moduan eta interpreteek eta entzumen-arazorik ez duten parte–hartzaileek elkar entzuteko moduan. Zenbait egoeratan, interpreteak keinu-hizkuntza batetik beste keinu-hizkuntza batera interpreta dezake.
Pertsona gorrek ere egin dezakete lan interprete gisa. Taldeak osatzen dituzte entzun dezaketen pertsonekin, herrialdean erabiltzen den keinu-hizkuntza estandarra partekatzen ez duten pertsona gorrei interpretazioa emateko helburuz. Hizkuntza-modu batetik bestera ere transmititzen dute informazioa.
Komunikabideetako interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere izaera dela-eta, komunikabideetako interpretazioak aldiberekoa izan behar du. Bereziki zuzeneko telebista saioetan eskaintzen da: prentsaurrekoetan, politikoei, musikariei, artistei, kirolariei edota negozio munduko pertsona ospetsuei eginiko elkarrizketa grabatuetan edo zuzenekoetan. Interpretazio mota honetan, interpretea kabina intsonorizatu batean egoten da, ahal dela hizlariak pantaila batean ikusi ahal izateko moduan. Grabatu aurretik, tresneria ondo dabilela egiaztatu behar izaten da. Bereziki, satelite bidezko konexioak bi aldiz egiaztatu behar dira interpreteak bere ahotsa bueltan entzun ez dezan eta kanalak banan-banan entzun ditzakeela ziurtatzeko. Estudiotik kanpora grabatutako elkarrizketen eta gaurkotasuneko hainbat programaren kasuan, interpreteak telebistako pantailan ikusten duena interpretatzen du. Atzeko zarata arazo larria izan daiteke. Komunikabideetan lan egiten duen interpreteak telebistako aurkezle bat bezain trebea eta seguru dela erakutsi behar du.
Komunikabideetako interpretazioa nabariagoa eta agerikoagoa bihurtu da urteak pasa ahala, batez ere Golkoko Gerratik aurrera. Telebistako kanalak aldibereko interpretazioan aritzen den jendea kontratatzen hasi dira. Eremu honetan lan egiten duen interpreteak prentsaurrekoak, mezu telefonikoak, elkarrizketak eta zuzeneko beste saio batzuk interpretatu behar ditu. Gainerako interpretazioak baino estresagarriagoa da; izan ere, interpreteak arazo tekniko ugariri egin behar die aurre, baita zuzeneko emankizunetan kontrol gelan sortzen den iskanbilari ere.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harrigarria dirudien arren, historian egon den lehen interpretea topatzeko Antzinarora arte egin behar dugu atzera; baina pertsona guztiz anonimoak zirenez, haien izena ez da inoiz historiaren lerroetan ageriko. Momentu hartaz geroztik, gaur eguneraino, interpretazioa aldatzen joan da, egun ezagutzen duguna bilakatu arte.[1]
Interpreteak Antzinaroan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat interpretazio mota daude, eta aldibereko interpretazioa, adibidez, Nurenbergeko epaiketetan sortu zen arren, badira historian zehar berebiziko garrantzia izan duten beste interpretazio motak ere, besteak beste, esan ostekoa eta xuxurlatua. Antzinaroko inperio handietan jada existitzen ziren interpreteak, eta pertsonaia anonimo horien bizitza eta garrantzia desberdina izan da kultura eta gizartearen arabera.[1]
Antzinako Egipton, interpretea maila gorenean:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Interpreteak historian berebiziko garrantzia izan du hizkuntza-bitartekari modura eta horregatik aspalditik topa daitezke interpreteen lanaren arrastoak, besteak beste, antzinako Egipton. Horren adierazgarri da Tutankhamon faraoiaren irudietako bat, zeinean, pertsona bat ageri den, makurtuta, bai faraoiari eta baita enbaxadore asiriar bati xuxurlaka. Ogibide horri buruzko lehen testigantzek 5000 urte baino gehiago dituzte eta gehienbat arlo komertzial, militar eta administratiboarekin dute zerikusia
Hori dela eta, zerbitzu linguistikoak eskaintzeko gai ziren pertsonak estimu handikoak ziren Egiptoko gizartean, hainbeste non faraoiak maila goreneko interpreteen tituluak ematera iritsi ziren (garrantzi handikoak eta oinordetzakoak). Hasieran, lan horretarako esklabo eta gatibuak erabili ziren arren, denborarekin, kanpoan ikasketak egindako Egiptoko nobleziaren semeek hartu zuten ogibidearen ardura, baita atzerriko printzeen semeek ere. Antzinako Egipton interpreteen erregistro bat ere osatu zuten, eta inperioaren gainbehera heltzerakoan, interpreteek, desagertzetik urrun, lurraldea islamera bihurtzeko ardura izan zuten.[1]
Grezia eta Erroma: bi ikuspuntu desberdin interpretazioaren inguruan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Grezian eta Erroman ere aurki daitezke interpreteen arrastoak; kasu horretan baina, profesional horiek zuten ospea oso bestelakoa zen. Erroman berebiziko garrantzia zuten inperioaren, kolonien eta konkistatutako lurraldeen artean komunikazioa bermatu ahal izateko. Grezian, berriz, ez zuten inolako entzuterik, menderatutako herriekin komunikazioa bermatzen zuten arren, greziarrek herritar barbaroak baino gehiago zirela uste zutelako eta beraz, uste zuten haiek zutela greziera ikasteko ardura.
Erdi Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurutzadekin batera, interpreteek lan diplomatikoetan hasi ziren lanean. Hala ere, Erdi Aroan zehar, ezaugarri bereziak zituen beste interprete mota bat ere sortu zen, arlo ekonomiko eta komertzialari lotuta. Figura horrek berebiziko garrantzia hartu zuen Mediterraneoko hegemonia politikoa eskuz aldatu zenean, arabiarren eskuetatik, kristauen eskuetara, hain zuzen ere. Bi herrialde horiek, haien artean erlazio komertzialak mantentzera behartuta ikusi ziren, eta bera zen bi kultura desberdin horien artean bitartekari lanak egiten zituena. Geroztik, arabiar eta europar kolonia eta herrialdeen arteko funtsezko bitartekari linguistiko bihurtu zen.
Bestetik, Amerikako kontinentearen konkistan interpreteek ere berebiziko garrantzia izan zuten. Konkista horretan eman zen ezagutzera garaiko lehen interpreteetako bat, Malintxe. Istorioak dioenaren arabera, Malintxe, printzesa azteka bat zen, bai maia bai nahuatl hizkuntzak hitz egiten zituena, eta Centla-ko gudaren ostean, Hernan Cortesi entregatu zioten. Harrez geroztik, Cortesen interprete, bitartekari eta aholkulari bilakatu zen, baita amorante ere eta Mexikoko konkistan funtsezko papera jokatu zuen.[1]
Aro Modernoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Westfaliako bake itunaren ostean, frantsesa diplomaziaren hizkuntza ofiziala bihurtuko da Lehenengo Mundu Gerrara arte. Horretaz gain, XIX. mendetik aurrera, Amerikako Estatu Batuak potentzia moduan garatzen hasten dira eta, ondorioz, ingelesak ere indarra hartzen du. Gauzak horrela, interpreteen garrantzia arlo politiko eta ekonomikoan erabakigarria izango da eta lehen aldiz, anonimo izateari utziko diote.
Gerra arteko aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai horretan hasiko da gaur egun ezagutzen dugun interpretazioa garatzen: konferentzietako interpretea jaioko da eta interpretazioaren garrantzi historikoak gailurra joko du.
Lehenengo Mundu Gerran, hizkuntza desberdinak hitz egiten zituzten unitate militarren artean bitartekari linguistiko lanak egiten hasten dira interpreteak. Azken horiek, gerrako interprete deiturikoak dira, eta gerraren bilakaeran funtsezko papera jokatuko dute. Horietako askok, 1919. urtean, Parisen burututako Bake Konferentzian ere hartuko dute parte, bertan, Versailleseko ituna adostu eta Nazioen Liga sortuko dituzte.
Bilera horretan, frantsesa eta ingelesa izango dira hizkuntza ofizial bakarrak, eta beraz, interpreteek, esan-osteko interpretazioa egingo dute hizlarien diskurtsoak helarazteko. Bertan beraz interpreteek oso paper garrantzitsua jokatuko dute eta lehen aldiz historian, haiek izenak aditzera emango dira eta haien lana goraipatu. Bertan parte hartu zuten interpreteen artean, Paul Mantoux, Antoine Vellemane eta Jean Herbert azpimarratu daitezke, besteak beste. Lehenengoak interprete bikaina izatearen sona irabazi zuen, eta bada esaten duenik 2 orduko diskurtsoak ere interpreta zitzakeela. Antonine Vellemanek, bestetik, Ginebrako Interpreteen Eskola sortu zuen urte batzuk geroago. Azkenik, Jean Herbertek orduko Nazioen Ligan Batzar Nagusirako lehen interprete taldea eratu zuen. [2]
Horretaz gain, 1926. urtean, aldibereko interpretazioa egiteko lehenengo patentea sortu zuten: “Hushaphone Filene-Finley IBM” deiturikoa. 1927. urtean erabili zuten lehen aldiz, Nazioarteko Lan Erakundean (NLE). Bertan, ingelesa eta frantsesaz gain, baziren beste hainbat hizkuntza ofizial eta esan osteko interpretazioa oso astuna egiten zenez saiatu ziren aldiberekoa erabiltzen. 1931 eta 1932 urteen bitartean, sistema Nazioen Ligan erabiltzea lortu zuten arren, ez zuen arrakastarik izan Nurenbergeko epaiketak burutu arte.[3]
Bigarren Mundu gerraren ostean, nazio aliatuek martxan jarri zituzten hainbat prozesu judizial erregimen nazionalsozialistako ordezkari, agintari, funtzionario eta kolaboratzaileak epaitzeko. Nurenbergeko epaiketak deituriko prozesu horretan, lau herrialde garaileek (Amerikako Estatu Batuak, Britania Handia, Frantzia eta Sobietar Batasuna) eta herrialde galtzaileek (Alemania) hartu zuten parte. Beraz, hizkuntza aniztasuna argia zen, eta egoera horren aurrean, kolokan jarri zen esan-osteko interpretazioaren funtzionaltasuna, epaiketak asko luzatzea eragingo zuelako.
Gauzak horrela, aldibereko interpretazioa erabiltzea proposatu zuten. Leon Dorstet izan zen proiektuaren arduraduna. Interprete izateko froga batzuk jarri zituzten martxan; aipatu beharra dago ez zegoela aldibereko interprete profesionalik, denak esan osteko interpreteak baitziren eta bien arteko desberdintasunak nabariak dira. Horregatik froga horien bidez 12 interprete hautatu eta prestakuntza azkar bat burutu zuten. Ondoren, hiru talde osatu ziren, bakoitza hizkuntza bateko interprete batekin: alemana, ingelesa, frantsesa eta errusiera. Aldibereko interpretazioaren arrakasta itzela izan zen, eta beste hainbat eremutara hedatu da geroztik. Aipatu beharra dago Dorstet berak osatu zuela Nazio Batuen Erakunderako (ONU) lehen interprete taldea. Nurenbergeko epaiketen ostean beraz jaio zen egun ezagutzen dugun konferentziako interpretea.[1]
Non egiten dute lan interpreteek
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lanaldi osoz lan egiten duten konferentzietako interprete profesional gehienek, nazioarteko erakundeetan egiten dute lan, esate baterako Nazio Batuen Erakundean, Europar Batasunean eta Afrikar Batasunean.
Gaur egun, mundu guztian interprete gehien kontratatzen dituen erakundea Europako Batzordea da. Europar Batasuneko hizkuntzekin lan egiten duten ehunka interprete ditu kontratatuta langile gisa edo freelance gisa . Europar Batasunarekin erlazionatutako beste erakundeek (Europako Parlamentua eta Europako Justizia Auzitegia) beren interpretazio zerbitzuak dituzte hedadura txikiagokoak.
Nazio Batuek munduan dituzten ia egoitza guztietan erabiltzen dituzte interpreteak. Sei hizkuntza ofizial bakarrik dituen erakundea denez, Europar Batasunak baino kontratazio ahalmen txikiagoa du.
Interpreteek freelance gisa egin dezakete lan euren tokiko, eskualdeko eta nazioko komunitateetan, sarritan interpreteen agentzien bitartekaritzaz.
Ameriketako Estatu Batuetako Armadak ehunka interprete erabili ditu Irakeko eta Afganistango okupazioetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) «Historia de la interpretación | Lema Traductores» Lema Traductores 2017-04-12 (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Historia de la Traducción y la Interpretación Simultánea. (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
- ↑ (Ingelesez) «Breve historia de la interpretación» Los Lenguas (Noiz kontsultatua: 2017-10-25).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Bertone, Laura: The Hidden Side of Babel: Unveiling Cognition, Intelligence and Sense. 2006. ISBN 987-21049-1-3
- (Ingelesez) Chuzhakin, Andrei: "Applied Theory of Interpretation and Note-Taking", "Mir Perevoda 1 to 7", Ustny Perevod, Posledovatelny Perevod, Ace Perevoda 2007, [Mir Perevoda].
- (Ingelesez) Gillies, Andrew: Note-taking for Consecutive Interpreting. 2005. ISBN 1-900650-82-7
- (Ingelesez) Jones, Roderick: Conference Interpreting Explained. 1998. ISBN 1-900650-57-6
- (Frantsesez) Rozan, Jean-François: La Prise de Notes en Interprétation Consécutive. 1956. ISBN 2-8257-0053-3
- (Frantsesez) Seleskovitch, Danica: L'interprète dans les conférences internationales. 1968, Cahiers Champollion
- (Ingelesez) Taylor-Bouladon, Valerie: Conference Interpreting — Principles and Practice. 2007, 2nd Edition. ISBN 1-4196-6069-1
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- What is conference interpreting?[Betiko hautsitako esteka]
- Interpreter Training Resources
- Sign Language Intepreter
- California Health Care Interpreting Association
- International Association of Conference Interpreters
- European Commission's Directorate General for Interpretation — SCIC
- European Court of Justice Directorate for Interpretation
- National Association of Judiciary Interpreters and Translators
- Asociación Profesional de Traductores e Intérpretes Judiciales y Jurados (APTIJ)
- National Council on Interpreting in Health Care
- Interpreter Training Resources
- Assointerpreti — Italian Association of Professional Conference Intepreters
- European Forum of Sign Language interpreters
- The Association of Finnish Sign Language interpreters
- The Interpreter's Code of Ethics in Finland
- National Association of Judiciary Interpreters and Translators
- Translation and interpreting course directory
- Asociación de los Miembros de la Asociación Internacional de Intérpretes de Conferencias (AIIC) en España (ESPaiic)
- Asociación de Intérpretes de Conferencia de España
- Thoughts and pictures on conference interpreting