Ibarrako piperra
Ibarrako piperrak (izen komertziala Ibarrako piparrak) Euskal Herria ekoitzitako pipermin ekotipoa da, izenak dioen bezala, batez ere Gipuzkoako Ibarra herrikoa eta inguruetakoa. Hala ere, Ibarrako piparrak eusko labela izateko, ez dute Ibarrakoak edo inguruetakoak izan beharrik, EAEko Kantauri isurialdean ekoitziak eta erkidegoan ontziratuak izan daitezkeelako.[1]
Bertakoek sarritan Ibarrako langostinoak izenez deitu ohi dituzte.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piper espezie guztiek bezala, jatorria Ameriketan dute.
Ibarran, XX. mende hasieran baratzaren iskin batean, perrexil moduan, gorritu arte uzten zen piperra. Ondoren, garrafoietan sartzen hasi ziren, eta oso aspaldikoa da San Bartolome egunean herriko tabernetan dastatzeko ohitura ere. Ondoren etorri ziren langostino hitza, Eusko Labelean sartzea eta herriko motor kulturala bilakatzea[2].
Azken hamarkadetan, bultzada berrituarekin eta ontziratzaileek produktua hautatu eta ontziratzeko duten jakintzarekin, produktuaren ospea handitzen joan da. Aldi berean, Ibarrako piperra izendapenak berak produktuaren ikusgarritasuna handitu du, piper hori prestatzeko ekoizle eta ontziratzaile garrantzitsuak aurkitu izan dituen herria izenean oinarritzen dena. 1997ko urrian, Kalitatea Fundazioak Elikagaien Kalitatearen Eusko Labela eman zien ozpinetan ontziratutako piperrei, betiere Fundazioak idatzitako araudian zehaztutako kalitate-parametroak betetzen badituzte. Ibarrako piperra Kalitatearen Euskal Labelaren helburua da kontsumitzaileari modu fidagarrian eta ondo identifikatuta helaraztea EAEn ekoitzi eta ontziratutako piperra, araudi bereizi batean zehaztutako kalitate-maila zorrotzera iristen dena.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibarrako piperra izena, baldintza geografiko eta klimatiko egokienak betetzen dituzten eremuetan dauden euskal baserrietan ekoitzitako piperra da. Hauek dira, batez ere, altitude txikia (450 metrotik beherakoa), tenperatura leunak, hezetasun maila eta plubiometria handia (urteko 1000 eta 1500 mm artean).
Landaketa apirila eta maiatza bitartean egiten da. Uztail amaieratik urriaren amaierara edo azaroaren erdialdera arte biltzen da. Piperra bi egunetik behin biltzen da hilabete eguzkitsuetan eta 15 egunetik behin euri garaietan.
5–12 cm luze dira eta txorten luze eta estua dute. Azal fina eta ia batere mina ez den mami samurra du, kolore berde-horixkakoa.
Prestaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sukaldaritzan oso aintzat hartuak dira, aperitibo gisa edo beste plateren osagarri. Garraztasun eta gatz kopuru gutxiko ardo zuriaren ozpinetan ontziratzen dira, edo oliotan frijitu.
- Sarrera gisa, plater batean gatz pittin batekin eta oliba olio zorrotadatxo batekin.
- Gilda pintxo gisa, antxoa eta olibarekin (zotz batean).
- Pipermin freskoa oliba oliotan frijitua eta gatz pittin batekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ REGLAMENTO DE LA MARCA “IBARRAKO PIPARRAK - GUINDILLAS DE IBARRA” CON DISTINTIVO EUSKO LABEL.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Josu Ozaita. (2020). Piparra. Ibarrako udala ISBN 8409208652..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ibarrako piparrak[Betiko hautsitako esteka] Eusko Label webgunean