Igotz Mendi itsasontzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Igotz Mendi
Euskal Herria
Ontziola: Euskalduna
Mota: zamaontzi
Agintze data: 1916
Uretaratze data: 1916
Zerbitzua: zama lehorra eramateko
Ezaugarriak
Luzera: 121 m. m

Igotz Mendi 1916ko urtarrilean Euskalduna ontziolan egin zen zamaontzia izan zen. Sota eta Aznar konpainiari eman zitzaion. Konpainia horrek bere ontziei Bizkaiko mendien izenak emateko ohitura zuen. Igotz mendia Aulesti eta Markina-Xemein artean dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ontziak lau soto zituen eta zama lehorra (ikatza) eramateko prestatuta zegoen. Mundu osoan ibili zen, ingelesen zerbitzuan, Lehen Mundu Gerran. 1917an Wolf alemaniar ontzi korsarioak harrapatu zuen Indiako ozeanoan eta haien agindupean jarri zuten. Bidai luze baten ondoren, Danimarkako itsasertzean hondoratu zen eta ihes egin lortu zuten. Portutik irten zenetik bederatzi hilabete geroago Santurtzira itzultzea lortu zuen.[1] Espainiako Gerra Zibilean Igotz Mendia Euskal Gobernuaren agindupean lan egin zuen. Gerra bukatuta, 1939an, frankistek Monte Mulhacen izena ezarri zioten.[2] 1953an Bizkaiko Labe Garaiak lantegiak erosi zuen, izen berri bat emanez: José Villalonga. Azkenik, 1969an, Bilbon, ontzia desegin zuten.[3]

Ofizialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren garaian ofizialak hauek ziren:

Gerra-bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela laburtu ditu gertaerak Hektor Ortegak: 1917ko irailak 23an Igotz Mendi zamaontzia Valentziatik atera zen, Indiako bidean. Azaroaren 10ean Sri Lankarako bidean zegoen, inguru hartan ziharduten ingeles gerra ontzietarako ikatza zeraman eta. Heldu baino lehen, Madagaskar inguratzen ari zenean, Wolf alemaniar ontzi kortsarioa agertu zen. Wolf, berez, merkantzia ontzia zen, baina gerrarako egokituta. Hidrohegazkina ere bazeraman ezkutatuta. Igotz Mendi ikustean, hegazkina aireratu eta Bilboko baporearen ondora hurbildu zen. Alemaniar ofizial bi ontzira igo ziren eta ontziaz jabetu ziren. Aginduak, handik aurrera, haiek eman behar zituzten. Bahiketa ziurtatzeko zortzi lehergailu jarri zituzten baporeko leku desberdinetan, ihes egiteko aukerak mugatzeko.

Beraz, Wolf ontziaren atzetik joan behar zuen zamaontzia. Bost egun geroago, jenderik gabeko uharte batzuetan, Igotz Mendiko ikatz kargaren zati bat Wolfera eraman behar izan zuten, baita jakietako parte bat ere. Eskifaiakoei aske uzteko aukera eman zieten, baina ez zuten onartu. Ondoren, Bilboko baporeko kroskoa urdinez margotu eta, azkenik, euskal ontzira eraman zituzten 26 gerra gatibu, gehienak ingelesak. Handik elkarrekin bi ontzi abiatu ziren, hegoalderantz. Esperantza Oneko lurmuturra gainditu eta Atlantikoan murgildu ziren, Wolf aurretik eta Igotz Mendi atzetik, segika. Bitartean, Bilbon baporea galdutzat eman zuten. Igotz Mendi, aldiz, Brasil aldean zegoen. Ondoren Ekuatore zeharkatu eta Europarako bidea hartu zuten biek. Orduan Wolf aurreratu zen. 1918ko otsailak 3rean euskaldunek alemaniar ontzia azkenekoz ikusi zuten. Wolfek Alemaniara itzultzea lortu zuen, atzean txikizio handiak utziz.

Ondoren, Igotz Mendi bakarrik ibili zen, beti ere alemaniarren aginduetara. Lehenik, Islandia aldera iritsi ziren eta, ondoren, Norvegiako kostaldera hurreratu ziren. Handik Danimarkara jaitsi ziren, Baltikora sartzeko asmoz. Bertan, Skagen aldeko itsasartean, alemaniar ofizialen erabaki oker batek bidaiaren amaiera ekarri zuen. Otsailaren 24an Igotz Mendi daniar kostaldean hondoratuta gelditu zen. Ondoren, alemaniarrak baporetik atera ziren eta, lekukoen arabera, lehergailuak piztu zituzten. Baina ontziko kapitainak, Kintin Uraldek, eztanda egin aurretik, itsasora bota zituen . Beharrezko konponketak egin eta gero, Igotz Mendi Santurtzira heldu zen ekainaren 21ean. Bederatzi hilabeteko zeharkaldiaren ostean, milaka milia egin eta gero, baporeko eskifaia Bilbon zen berriro ere.[4]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hektor Ortega: Gomutan, Bilboko historiaren atal ezezagunak. Bilbo: Erroak, ISBN: 978-84-948076-0-2.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]