Edukira joan

Indiar azpikontinentearen konkista musulmana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erlijio nagusitasuna India britainiarrean, 1909an. Berdez musulmanak nagusi ziren eskualdeak, gaur egungo Bangladesh eta Pakistan aurreikusten zutenak.

Indiako azpikontinentearen konkista musulmanak XII eta XVI. mendeen artean gertatu ziren batik bat, eta eskualde osoa erabat menderatu ez bazuten ere, Britianiar dominazioaren aurretiko mendeetan musulmanen erresuma eta aginteak nagusi izan ziren Indian, nahiz eta, oro har, azpikontenentearen biztanlego gehiena hindua izaten jarraitu zuen, indiarren portzentaia handi bat Islamera bihurtu ziren; eta eskualde batzuetan nagusi ziren.

India musulmanek hartzeak, beraz, ondorioak izan zituen ondorengo fase historikoetan, bai Britainiar Raj-aren ezarpen eta agintean, eta baita kolonizazioaren amaieran, non bi estatu bereizi sortu ziren, Pakistan gehiengo musulmaneko eskuadeetan (Ekialdeko Pakistan izan zena geroago Bangladesh bilakaturik) zein nagusiki hindua zen Indiako errepublikan. Are kulturan eta hizkuntzetan ere eragina izan zuen musulmanen etorrerak, eta India eta Pakistan arteko bi hizkuntza nagusiak, hindiera eta urduera, funtsean bat bera dira, urduera hindieratik sortutako aldaera, nagusiki musulmanek hitz egiten dutena, eta alfabeto desberdinez (pertso-arabiar karaktereez) idatzia.

Ghaznavidarren Inperioa, 975 - 1187
Ghuridarren hedapen handiena, 1200. urtearen inguruan
Delhiko sultanerriaren eboluzioa.
Mogol Inperioa, 1700. urtearen inguruan.
Indiaren partizioa estatu musulman eta hindu baten artean, Pakistan-India, 1947; Dekkan erdialdean, Hyderabad estatua, musulmanen konkisten azken hondarra, 1948 arte nominalki independente izan zena.

Arabiarren iritsiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islama garatu aurretik ere, arabiarrak Indiako mendebaldeko kostaldera etorriak ziren. Malabar kostaldean merkatari ohikoak ziren, eta Konkan eta Gujarat kostaldean barrena ere ibiliak ziren IV. mendeaz geroztik. Gujaraten, batzuk beren familiekin geratu ziren merkataritzarako komunitate gisa.

Arabiar haien ondorengo batzuk, Malabarko Mappila musulmanak, izan ziren Indiako lehen komunitate musulmana; arabiar merkatarien eta bertako emakumeen ondorengoak ziren, eta Arabian Islama zabaldu bezain laster bihurtu ziren fede berrira. Laster beste konbertitu batzuk elkartu ziren talde honetan, eta mendeen buruan, Keralako biztanleriaren laurdena osatzen dute musulmanek 21. mendean[1].

Arabiar armada musulman baten lehen konkista 712. urtean izan zen, Muhammad bin Qasimek ipar-mendebaldeko Sindh probintzia konkistatu eta Omeiar Kaliferriko probintzia izendatu zuenean[2].

X. mendean izan zen hurrengo konkista nagusia, Mahmud Ghaznik Afganistango hegoaldetik ekin zion, Punjab konkistatu eta bere Ghaznavidarren Inperioa eta dinastia hasi zuen, Indiako lehen estatu musulman sendo eta iraunkorra.

XII. mendean, beste afganiar batek, Ghorreko Muhammadek, Ghaznavidarrak garaitu eta India iparraldetik egotzi zituen. Ghuridar zeritzoten inbaditzaile hauek Lahore konkistatu zuten 1186an eta haien buruzagi Muhammaden buruzagi militar batek, Qutbuddin Aibak-ek, zeina turkiar jatorriko mameluko teoriokoki esklaboa zen, Delhiko lehen sultan bihurtzeko aprobetxatu zuen egoera. Delhiko Sultanerriaren aroak 13. mendetik XVI. mendera iraun zuen eta huraxe izan zen musulmanen Urrezko Aroa Ondoa. Bost dinastia izan ziren garai hartan: Mamelukoak, Khaljiak, Tughlaqak, Sayyidak eta Lodi dinastia. Dinastia hauetako lehen laurak Asia erdialdeko turkiarrak izan ziren, eta azkena, Lodi dinastiaa, Paxtun jatorrikoa kulturaz eta hizkuntzaz[1].

Delhiko sultanerriaren ondorengo entitate politiko handia, Mogol edo Mughal Inperioa, inbasioen ondorioz sortua izan zen: 1526an sortua, XVII. eta XVIII. mendeen zehar hegoaldeko Asiako gehiena inbaditu eta gobernatu zuen XIX. mendearen erdian amaitu arte.

Indiako hegoaldean barneratuz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Delhiko sultanerriaren ezarpenaren India iparraldea eta Ganges ibaiaren arro osoa musulmanen kontrolpean egon zen. Hegoalderako, India hegoaldeko Dekkan eskualdea eta kontinenteko hegoaldeko muturra kontu desberdina ziren, erresuma hinduen esku.

1294an, Alauddin Khalji Delhiko Enperadoreak Dekkan inbaditu zuen. Konkista ez zen erabatekoa izan, baina 1338an Muhammad bin Tughluq sultanak osatu zuen konkista. Hegemonia inperiala laburra izan zen, dena dela, hegoaldean Vijayanagara Inperioa indartu baitzen erreakzio gisa, Indiako azken entitate hindu boteretsua.

14. mendean Bahmani sultanerria sortu zen India erdialdean Ala-ud-Din Bahman Shah-ren eskutik, eta 16. mendera arte iraun zuen, non Dekkango sultanerrien multzoak ordezkatu zuten Bahmanitarren agintea. Geroago, sultanerri hauen koalizio batek Vijayanagara garaitu zuten azkenik Talikotako guduan (1565).

17. mendean mogolen interesa zuzendu zen hegoalderantz. Ahmadnagar anexionatu zuten 1636an, Bijapur 1686an, eta Golkonda 1687an. Bitartean beste erresuma hindu bat sortu zen inguruan, Maratha inperioa, eta honek musulmanen kontrako zenbait gerra egin zituen, eta baita britainiarrak denbora batez geldiarazi ere. Hala ere, britainiarrak Indian sartzearekin bateratsu, hegoaldeko Indian azken bi entitate musulman indartsu eratu ziren, Nizam-ul-Mulk-ek Hyderabadeko estatua sortu zuen 1724an, eta Mysoren agintari jarri zen garai bertsuan Hyder Ali.

Entitate hauen artean Hyderabadekoak, Nizam izeneko agintari musulmanek gidatua, iraun zuen nominalki independente baita britainiar agintean ere. Are Indiaren partizioa gertatu zenean ere, botere koloniala amaitzean (1946), estatu independente gisa geratu zen Dekkan eskualdean, India erdian. Nizama eta aginteko elitea musulmanak ziren, baina biztanle gehienak drabidiar hinduistak (teluguera da bertako hizkuntza), eta 1948an Indiak militarki okupatu eta anexionatu zuen estatu hau[3].

Hizkuntzetan eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Delhiko Sultanerriarekin batera turkiar kultura eta hizkuntza iritsi ziren Indiara. Mogolen artean ere, lehen enperadorea, Babur, uzbekera hiztuna zen jatorriz. Hala ere, sultanen zein mogolen aginteko hizkuntza ofiziala, gorteko mintzaira eta literatura jasoaren bidea, persiera izan zen mendeetan, hau ere musulmanek ekarria[1].

Musulmanen artean beste hizkuntza bat izendatzen eta garatzen hasi zen 1700. urtearen inguruan, non Hyderabad hirian, Dekkango metropoli musulmanean, Jafar Zatalli poetak persiera alde batera utzi zuen, eta bere ghazal edo poemak hindieraren forma filo-persiar batean idatzi zituen: urdu deitzen dugun hizkuntzaren lehen urrats literarioak izan ziren haiek[4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c (Ingelesez) Mohan, Peggy Ramesar. (2021). «5. To Urdu and Hindi via Turki» Wanderers, kings, merchants : the story of India through its languages. ISBN 978-0-670-09368-7. PMC 1241164314. (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
  2. «The Arab Invasion of Sind under Mohammed-bin-Qasim» www.mapsofindia.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
  3. (Ingelesez) «Hyderabad | historical state, India | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).
  4. (Ingelesez) DELHI - Conversation about the controversial Mughal poet Jafar Zatalli. (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]