Infernuko makina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giuseppe Fieschiren "infernuko makina", Frantziako Nazio Artxibategietan gordea.

Infernuko makina Giuseppe Fieschi konspiratzaileak diseinatutako bolea kanoi bat izan zen, 1835ean Parisen erabili zena Frantziako Luis Filipe erregearen kontrako atentatu bat egiteko.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Infernuko makina" izena gaur egun Fieschiren gailuarendako erabiltzen bada ere, jakin behar da esamolde hau historian gutxienez bi aldiz lehenago erabilia izan dela, beste horrenbeste atentatutan erabilitako lehergailu inprobisatuak izendatzeko. Biak ala biak bonba-autoen antzinako bertsiotzat har daitezke:

  • 1585: XVI. mende amaieran Espainiar Herbeheretan gobernuaren aurka piztutako errebolten baitan, Alexandro Farnesek gidatutako espainiarrek Anberes setiatua zuten, hiriaren itsasorako irteera elkar loturiko ontzien pontoi batez blokatuz. Setioa hausteko, Federico Giambelli italiarrak "infernuko makina" bat diseinatu zuen: funtsean, lehergailuz betetako brulot bat, espainiar ontzien aurka bidali zena, 800 soldadu hilez eta pontoian 60 metrotako tartea irekiz.[1]
  • 1800: IX urteko elurkorraren 3an, Parisko Nicaise kalean, erregearen aldeko konspiratzaileek Napoleon Bonaparte Lehen Kontsula erailtzeko atentatua burutu zuten. Kasu honetan, "infernuko makina" gurdi batean muntatutako upel bat zen, bolboraz eta metrailaz kargatua. Gurdia zamari batek tiraturik eta neskato batek gidaturik eraman zen atentatuaren lekura; biak leherketan hil ziren, eta gainera beste 22 pertsonatik gora hil ziren, 100tik gora zauritu eraginez, eta 46 etxebizitza suntsituz.[2]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boulevard du Temple 42.

"Infernuko makina" eraikitzeko 500 liberak Pépinek eta Moreyek jarri zituzten, eta Fieschik estatu-armategian txatarra bezala saldutako kanoi akastunak eskuratu zituen. Haietako 25 bolea kanoi bezala muntatu zituen,[3][4] txasis inklinatu batean.[5]

Kanoi bakoitza 8 perdigoiz eta metrailaz kargaturik zegoen.[6]

Atentatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atentatuaren unearen errekreazioa (P. G. Geissler)

1835eko uztailaren 28an, Uztaileko Iraultzaren iraultzaren bosgarren urteurrenean, Luis Filipe erregeak guardia nazionalaren ikustaldia egin behar zuen bulebar handietan. Nahiz eta atentatu baten susmoak egon, erregeak ez zuen ekitaldia bertan behera utzi nahi izan. Tullerietatik ateratako segizioan Bastillara iritsi zen, ikusle hunkituen multzo handien aurrean. Mortier mariskala buru zela, erregea atzetik zetorren zaldi gainean eta erregina karrozan bere hiru seme zaharrenekin (Orleans, Nemours eta Joinville dukeak). Hainbat ministrok lagunduta zetozen, besteak beste, Broglie eta Thiers dukeak, baita hainbat mariskalek eta ofizialek ere.

12:00ak inguruan, Boulevard du Templeko 50 zenbakian, Jardin Turc kafetegiaren hirugarren solairuan, leiho baten sareta ireki zen; Fieschik pospolo batekin kanoi zuloetan zehar irekitako bolboro-erreskadari su eman zion. 400 jaurtigai inguruko bolea jaurti zuen.[6]

Leherketaren unean, erregea guardia nazional baten eskariari erantzuteko baztertu zen, eta aurpegian mozketa bat baino ez zuen jaso; bere zaldia, ordea, bai zauritu zen, eta handik egun batzutara hil.[7] Semeek berriz, ez zuten kalterik jasan. Unean bertan 13 lagun hil ziren, eta dozenaka zauritu izan ziren (haietatik 6 hurrengo egunetan hil ziren). Hildakoen artean: Mortier mariskala; Edmé La Chasse de Vérigny jenerala; Jean-Noël Rafé koronela; Joseph Rieussec teniente koronela, Marc Eugène Vilatte kapitaina; Girard generala; Alexandre Labrouste; bost guardia nazional. 42 zaurituen artean, 5 general zeuden.[8] Guztira, atentatuak 18 hildako eta 42 zauritu eragin zituen.

Biktimak artatzen zeudela, bigarren leherketa bat gertatu zen. Guardia nazionalak eraikinaren hirugarren solairura jo zuten; leihotik ke handia irteten ari zen, eta atea eraitsi eta gero makina aurkitu zuten; ondoan Fieschi zegoen, armaren leherketak zauriturik.[5]

Atentatu ondorena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biktima gehienak Jardin Turc kafetegira sartu zituzten, lehen sorospenak jasotzeko. Erregeak eta segizioak aurrera egin zuten, atentatuaren lekutik urrunduta. Fieschi bigarren solairura eraman zuten, non erregearen fiskala ikertzen hasi zen, bi komisarioren laguntzarekin. Ikusi zutenez, lehenengo salban, 25 kanoietatik lauk huts egin zuten; bat ezin izan zen kargatu, erabilezina zelako; eta beste lau lehertu ziren. Arma kokatu zen gelak kalte handiak jasan zituen, eta Fieschi bera zauriturik geratu zen buruan, aurpegian eta eskuetan; handik egun batzuetara bi atzamar anputatu behar izan zizkioten.[9] Uste denez, Pierre Morey konplizeak gehiegi kargatu zituelako lehertu ziren kanoiak; sabotaje honen helburua Fieschi bera hiltzea zelarik, lekuko ezeroso gisa ezabatzeko, eta legitimistak salatzeko (ganberan, Moreyk Henrike Artoiskoaren irudi bat eskegi baitzuen).[10] Fieschiren bi konplize nagusiak egun batzuk geroago atxilotu zituzten: Pierre Morey, konplotaren abiarazlea, eta Théodore Pépin, epizier-drogista, atentatuaren artifizea eta finantzarioa.

Epaiketa 1836ko urtarrilaren 30ean hasi zen. Fieschi motibazio politiko edo ideologikorik gabeko exekutore bezala agertu zen; baina konplizeek ez bezala, erruduna zela onartu zuen heriotza eskatuz. Epaiketan hiltzera kondenatuak izan ziren, eta egunsentian gillotinatu zituzten, 1836ko otsailaren 19an, Sant-Jacquesen langan.

Atentatuaren biktimetatik lau Père Lachaise hilerrian ehortziak daude, Aux victimes de juin monumentuan.

1835eko irailean, Erregeak atentatu hau lege errepresiboak ateratzeko aitzaki bezala erabili zuen ("infernuko legeak" bezala ezagutu zirenak).

Posteritatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolea kanoiak XV. mendetik existitzen badira ere, esaten denez Katyusha suziri-jaurtigailuaren ingeniari sobietarrak infernuko makinan inspiratu ziren. Hain zuzen ere jaurtigailuaren asmatzaileak, Kostikov jeneralak, Giuseppe Fieschiren aldeko meza bat enkargatu zuen Moskuko Arbat elizan.

"Infernuko makina" Musée des Archives Nationales museoan gordetzen da, Pariseko Marais auzoan. Kopia bat ere ikus daiteke poliziaren prefekturaren museoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Armas del pasado y combustibles del futuro - Retiario» blog.rtve.es 2016-08-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  2. TAWS, RICHARD. (2015). Dethloff, Diana ed. «Infernal Machines in Nineteenth-Century France» Burning Bright (UCL Press): 215–223. ISBN 978-1-910634-18-9. (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  3. Accoce, Pierre. (1999). Ces assassins qui ont voulu changer l'Histoire. Plon (ReLIRE) ISBN 978-2-259-24036-9. PMC 1049952145. (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  4. Jugnot, Gérard. (2017). «Le procès Fieschi : un procès politique ?» Histoire de la justice 27 (1): 55.  doi:10.3917/rhj.027.0055. ISSN 1639-4399. (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  5. a b Claire Béchu. (septembre 2010). «Louis-Philippe échappe à un attentat» Historia (765): 93...
  6. a b A., Bouveiron,. (1835). An historical and biographical sketch of Fieschi, with anecdotes relating to his life: preceded by a narrative of the circumstances attending the events of the 28th July, 1835.. PMC 315177202. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  7. "We have given elsewhere such extracts from the Paris papers of Friday as may serve to throw". The Times. No. 15858. London. 3 August 1835. p. 5.
  8. Colbert, Brayer, Heymès, Blin et Pelet.
  9. Harsin, Jill. (2002). Barricades : the war of the streets in revolutionary Paris, 1830-1848. (1st ed. argitaraldia) Palgrave ISBN 0-312-29479-4. PMC 48550993. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
  10. Pierre Morey, sellier-bourrelier, est comme Fieschi membre de la Société des Droits de l’Homme, organisation républicaine interdite à la fin de l’année 1833, et a l'a recueilli deux mois chez lui.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]