Itsas Enara Ornitologia Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas Enara OE-ren logotipoa

Itsas Enara Ornitologia Elkartea Gipuzkoan diharduen elkarte ornitologiko bat da.

Itsas Enara OE 1992an sortu zen Donostian. Hegaztiak eta haien habitata ikertzea eta kontserbatzea eta haiei buruzko jakintza hedatzea ditu helburu nagusiak.

Horien itzalpean hainbat ikerketa (hegaztien kontaketak, banaketa-azterketak, populazioen jarraipena...), ekintza dibulgatibo (hitzaldiak, txangoak, bisita gidatuak...) eta kanpaina publiko (ehizaren kudeaketa aldatzearen alde, naturagune babestuen kudeaketa hobetzearen alde...) egiten ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IEOE Grupo Ornitológico Motacillako eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko lagun batzuk elkartuta sortu zen, Gipuzkoan ornitologiaren arloan ez baitzebilen artean elkarterik (Aranzadi Zientzia Elkartearen jarduera oso utzita zegoen, izan ere). Txingudiren Aldeko Koordinadorarekin elkarlan handia egin zuten IEOEko kide batzuek eta Txingudi babesteko Plan Bereziaren eta Plaiaundiko Parke Ekologikoaren sorreran eragin zuten.

Lehen zuzendaritzako kideak hauek izan ziren: lehendakaria, Gorka Gorospe Rombouts; lehendakariordea, Rafael Saiz Elizondo; diruzaina, Mikel Etxaniz Aginagalde; idazkaria, Eva Fernandez d'Arlas; bokalak, Javier Ferreres Martinez eta Mikel Estonba Mintxero.

Jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu zenetik hona jarduera oparoa izan du, batez ere hegaztien populazioen ebaluazio-lanetan. Ur-hegaztien neguko eta udako zentsuak, itsas hegazti lehorreratuen kontaketak, limikolen zentsuak, okilen banaketa jakiteko laginketak, kaioen kolonien zenbaketak, ubarroi-kolonien zenbaketak...

IEOEko kideak eta bisitariak, Hegaztien Egunean, Plaiaundin

Kontserbazioaren alorrean inguru naturalaren aurkako proiektuetan bere aholku teknikoa eta iritzia eman du, eta iritzi publikoan eta politikoengan eragiten saiatu izan da, hala nola Zumaiako kirol-portua, Monpasko pasabidea, Talaia bidea... Balio handiko inguruak kontserbatzeko ahaleginak ere ugari egin ditu Txingudin, Ulian, Zumaian eta Getarian. Hegaztien gaineko gestio-neurri negatiboak salatu izan ditu (ubarroi handien hilketak, esaterako) edo bideratzen saiatu da (kaioak zabortegietan, adibidez). Itsas arrantzan eta ehizan, eta beste giza-jarduera batzuetan berdin, arauak egokiarazten saiatu da eta zaintza areagotzeko eskatu izan du, kontserbazioaren mesedetan.

Gipuzkoako Urtekari Ornitologikoa paperean argitaratu zuen hainbat urtetan. Komunikabideetan presentzia zabala du eta kolaborazio ugari egin ditu egunkari eta irratsaioetan. Hitzaldi, artikulu, txango eta itsas-irteerak antolatzen ditu hegaztien gaineko jakintza eta haiekiko ardura hedarazteko. Hegaztien Eguna urtero ospatzen du Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irun).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]