Joanes Etxeberri Ziburukoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joanes Etxeberri Ziburukoa
Bizitza
JaiotzaZiburu, 1580
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaZiburu, 1665 (84/85 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakpoeta, teologoa, apaiz katolikoa eta idazlea
MugimenduaSarako Eskola
Izengoitia(k)Etxeberri Ziburukoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 618

Joanes Etxeberri (Ziburu, c.1580 - ib., c.1665) XVII. mendeko euskal idazlea izan zen.

Biografia

Bere jaioteguna ez da ezaguna, baina bere lehendabiziko liburua 1627an argitaratu zela eta eginiko erlijio ikasketak kontuan harturik, ziur asko 1580 inguruan izan zen Ziburun. Pauen, Jesusen Konpainian, Teologia eta latin ikasi zituen, Teologian doktore izatera iritsirik. Sarako Eskolaren barruan kokatzen da bere lana.

Lanak

Hiru liburu argitaratu zituen, denak poesia erlijiosozkoak. Arnaud Oihenartek dioenaren arabera,[1] bazituen beste zenbait idazlan, berak bere begiz ikusi zituenak, artean gutunak, Eguneroscoa izeneko beste liburu bat eta euskal hiztegi bat.

  • Manual debozionezkoa: Manual Devotionezcoa, edo ezperen oren oro escuetan erabilltceco liburutchoa: Bordelen, 1627an lehenengoz argitaratua (ikus Gallica-n) eta bigarrenez 1669an. Azken honen faksimilea dugu eskura (Hordago, 1978) eta Patxi Altunak egindako lehendabiziko zatiaren edizio kritikoa (Euskaltzaindia, Euskararen lekukoak 3, 1981). Bi zati ditu:
    • Lehendabizikoa (3.814 bertso): katolizismoaren doktrinaren azalpena.
    • Bigarrena (4.000 bertso): otoitzak.
  • Noelak: Noelac eta berce canta espiritual berriak Iesus Christoren biciaren misterio principalen gañean eta sainduen ohoretan besta buruetacotz, 1631n argitaratua eta askotan berrargitaratua. Lau zati ditu:
  • Elizara erabiltzeko liburua: Eliçara erabilltceco liburua, lehendabizikoz 1636an argitaratua eta 1665 eta 1666an berrargitaratua. Bertrand Etxauzi eskainia. Liburu honen atarikoan ageri dira Klaberiaren bertso ospetsuak:
« Burlatzen naiz Garibaiez,

bai halaber Etxabez,

zeñak mintzatu baitire

erdaraz eskaldunez.

Ezen zirenaz geroztik

eskaldunak hek biak,

eskaraz behar zituzten

egin bere historiak

»


  • Eguneroscoa: Ezezaguna dugu. Batzuek pentsatu dute Manual Devotionezcoa bere liburu nagusiaren zati bat baino ez dela,[2] baina Oihenarten hitzek argi xamar aditzera ematen dute beste liburu bat dela.
  • Hiztegia: Oihenart eta Pouvreauren arteko gutuneriari esker ere ezagutzen da. Gutunetan eta Pouvreauren hiztegian bertako sarrera batzuk gorde dira, azken honetan eskuarki E laburdurapean. Hauen arabera, baliteke euskara-latin hiztegia izatea.[3] Hona adibide batzuk:
«

bethurusa, supercilium, E

deithorezco eresia, cantus lugubris, E

durdoa, trocus qui baculo ejectur a pueris, E

eliçateguia, munus eccl[es]ia, E

erkhatcea, comparer, comparare, E

hiroia, apostema, E

»


Bertsogintza

Honako hauek dirateke Manualaren ezaugarri behinenak:[4]

  • Lerroak 15 silabakoak dira, eta binaka hoskide, hots, distikoak.
  • Bertsoaren eskema 4/4/4/3 da, zesura zortzigarren silabaren ondoan.
  • Metri causa hitzak ohiko hurrenkeratik at kokatuak ager daitezke, bai eta zangalatrauan ere: adibidez, aditz nagusia eta laguntzailea bi lerrotan banatuta.

Kritika

Joanes Etxeberri gizon jantzia zen eta euskaraz eta latinez idatzi zuen poesia. Dudarik ez dago bere garaian oso jakintsu, azkar eta argitzat edukia zela: horrela diote bere liburuen eliz-oniritziek, eta liburu guztietan lagun eta miresleek eskainitako poesiak agertzen dira. Axular eta biak dira XVII. mendeko euskal literaturaren gailurrak, bata hitz lauz eta bestea hitz neurtuz.

Trento ondoko katolizismoak bultzatu zuen literaturaren testuinguruan ulertu beharreko idazlea dugu. Bikain menderatzen zituen erretorikaren legeak: "...no solamente la inventio, sino la dispositio, la elocuencia, y particularmente la declamatio, cultivando la pintura de las imágenes, la teatralidad. Etxeberri es un perfecto representante de los "estilos jesuitas" en lengua vasca" [5]

Hizkuntza

Zenbait ezaugarri:[6]

  • Izena sarritan mugagabe agertzen da (dagoque guerla eta içurri).
  • Ergatibo plurala "-ek" izan arren, puntuak hala eskatuta inoizka "-ak" ere erabili zuen.
  • Soziatiboan "-kin" nahiz "-kien". Itxura berekoak dira genitiboaren formak ere: hequin "haien", auaritiosequien "abariziosen"...
  • Posesibo arruntak (ene, hire, gure...) eta posesibo indartuaen (neure, heure, geure...) arteko banaketa zaharra beti gorde zuen.
  • Izenondoa izenaren ondoan (falta venialac) zein aurrean (venial faltac) ager daitezke.
  • Eta juntagailuaz lotutakoetan bigarrenak bakarrik ohi darama mugatzaile eta atzizkia.
  • Konparaketetan ecen baino-ren baliokide da.
  • "-ela" eta "-en" atzizkiak baliokide gisa ager daitezke, baita perpaus berean ere (...pensatcen / Gu çurruac guiñela eta onac erho ciraden).
  • Hasieran drik ez duten subjuntibozko formak ditu (ezazun "dezazun") eta d duten aginterazkoak (heda dieçadaçu "heda iezadazu").
  • Hitanoa oso maiz erabili zuen.

Kanpo loturak

Bibliografia

Erreferentziak

  1. Lafitte, Pierre, 1967, L´art poetique basque d´Arnaud d´Oyhenart (1665), Baiona: Gure Herria. P. Urkizuren berrarg., Oihenart 15 (1997), 177-207.
  2. Altuna, Patxi (1981), Manual Devotionezcoa (lehen zatia), 10. or.
  3. Urquijo, Julio de, 1909, “Las citas del Diccionario de Pouvreau”, RIEV 3, 504-519.
  4. P. Altuna (1981: 25-29)
  5. Arcocha, Aurélie & Beñat Oyharçabal (2009), Siglo XVII. Desarrollo y edición de las letras vascas septentrionales, http://www.basqueliterature.com/es/basque/historia/klasikoa/XVII.%20mendea
  6. Ezaugarri andana bat bildua du Patxi Altunak Manualaren edizioaren hitzaurrean (1981: 16-25).