Jose Galo Zudaire

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Galo Zudaire
Jose Galo Zudaire.jpg
Bizitza
JaiotzaIdiazabal1865eko urriaren 16a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaIdiazabal1940ko otsailaren 26a (74 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Felipe Gorriti
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea eta organista

Jose Galo Zudaire Arsuaga (Idiazabal, Gipuzkoa, 1865eko urriaren 16an - ib., 1940ko otsailaren 26an) organo-jotzaile, konposatzaile, zuzendari eta musika irakaslea izan zen. Lan hauek guztiak Idiazabalgo udaletxeko idazkari ofizioarekin bateratu zituen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Galo Zudaire Idiazabalgo Lardizabalene berria etxean bizi izan zen. Bere gurasoak Vicente Zudaire Etxeberria eta Maria Antonia Arsuaga Mugika ziren. Bikoteak zortzi seme-alaba izan zituen, erdiak, ordea, ume zirela hil ziren, eta lau anai arreba bizi izan ziren.

1891ko urtarrilaren 22an, Jose Galo Zudaire Teresa Jauregi Agirrerekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan zituzten Feliz (1891) izeneko semea eta Fabiana (1894) alaba.

Fabiana jaio eta gutxira, garai ilunak bizitzea tokatu zitzaion Zudaireri. Alabak bi hilabete bete aurretik, Teresa Jauregi emaztea hil egin zen, eta Jose Galo alargun geratu zen. Handik lau urtera, berriz, Jose Galok semea galdu zuen, Feliz, 7 urte bete aurretik hil baizen.

Alargundu ondoren, bikote berria izan zuen Jose Galok, Idiazabalgo Katea etxeko Manuela Imaz.

Musikan hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikarekiko zaletasuna txiki txikitatik piztu zitzaion Jose Galori. Gregorio Telleria (Ignacio Telleria Zabalo konposatzaile ezagunaren aita) zen herriko organista, eta honen ondoan eman zituen lehen pausoak.

Gerora, Tolosan jarraitu zituen musika ikasketak Felipe Gorriti, organo-jotzaile eta erlijio musika konposatzaile ezagunaren alboan. 1886. urtean soldaduska egitera joan zen Madrila. Soldaduska musikan sakontzeko aprobetxatu zuen, Musika Kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak, armonia eta instrumentalizazioa ikasiz Valera Silvan zuzendariaren pean.

1889an Idiazabala itzuli zen Jose Galo. Urte bete lehenago, Gregorio Telleria organista eta koru zuzendaria hil zen, eta honen lekukoa hartu zuen.

Musika irakasle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko umeei musika formazioa emateaz arduratu zen. Idiazabalgo eskolan musika derrigorrezko irakasgaia zen eta Zudairek ematen zituen eskola hauek dohainik.

Solfeoa irakasteaz gain, piano jotzen eta bandako instrumentuak jotzen ere irakasten zuen. Biolina eta txistua jotzen ere irakatsi zien idiazabaldar askori. Instrumentu berriekin ere ausartu zen, Erroman egindako egonaldi baten ondoren, esaterako, okarina izeneko instrumentua ekarri zuen bertatik, eta herriko umeei hau jotzen irakatsi zien.

Gauzak honela, herrian musikazaletasuna asko zabaldu zen eta baita instrumentuak bikain jotzen zituzten herritarrak ere. Azpimarratzeko moduko ikasle horietako bat, Jose Maria Gorrotxategi izan zen. Gerora, txistulari eta Legazpiko bandaren zuzendari izan zena.

Ahots grabeen korua ere sortu zuen Zudairek. 30 herritar inguru biltzen zituen koru honek. Guztiak gizonezkoak. Gorriti, Eslava, Santesteban, García, Perosi eta beste hainbat konposatzailek idatzitako mezak abesten ziren herrian. Gerora, gregoriano kantuak ere interpretatzen hasi ziren 1910 inguruan.

Konposatzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konposatzaile gisa, Zudairek, motete izeneko korurako konposatutako musika lan laburrak idatzi zituen, urte luzez Idiazabalgo parrokian abestu zirenak. Pasodobleak ere konposatu zituen. Pasodoble horietako bat, urtetan zehar, Bilboko Garellano bandak interpretatu zuen.

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1939ko otsailaren 4ean, gerrate betean, herriko organista bezala 50 urte bete zituela eta Idiazabalgo herriak omenaldia egin zion.
  • 1970. hamarkadan Idiazabalgo udalak kale bati bere izena eman zion.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zudairek konposatutako obrak: https://wdfm.eresbil.eus/fmi/webd/eresbi_lw