Joxe Ripiau

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Joxe Ripiau
Datuak
Jatorria Euskadi
Musika mota Reggae
Ska
Cumbia
Musika latino
salsa
merengea
Instrumentuak baxua
akordeoia
guiroa
perkusioak
tronboia
Urteak 1996-2001
Produkzioa
Diskoetxea(k) Esan Ozenki
Taldekideak
Iñigo Muguruza
Jabier Muguruza
Sergio Ordoñez
Asier Ituarte
Informazio gehigarria
MusicBrainz 11000bd5-c804-4049-9f62-0305797d443e

Joxe Ripiau 1996. urtean Euskal Herrian Iñigo Muguruzak sortutako euskal musika taldea izan zen[1]. Honek Puerto Ricora egindako bidaia baten ostean sortu zen, Perico ripiao taldeetan oinarrituz. Bere musika reggae, ska, erritmo latinoak, salsa eta merengearen arteko fusio bat da. Taldearen izena perico ripiao izeneko merenge dominikarretik datorkigu.

Iñigok (baxua) hasierako formazioan Jabier anaiarekin (akordeoia) eta Sergio Ordoñezekin (perkusioa) bat egin zuen, eta horrela euskal musika-taldeen artean sekulan ikusi gabeko hirukotea agertu zen jendartera. Hasieran dibertsiorako jotzen zuten, Iñigok oraindik Negu Gorriak taldean gitarra jotzen baitzuen. 1996an Positive Bomb diskoa atera zuten, Katarain Estudioetan grabatuta. 1996ko urrian, Negu Gorriak taldearen banantzea jazo zen, eta Iñigo buru-belarri jarri zen Joxe Ripiau taldearekin. 1998an Asier Ituarte sartu zen taldean bere tronboiarekin.

1997an taldearen bigarren lana atera zuten Karpe Diem, oraingoan ere Katarain Estudioetan grabatutakoa, Kaki Arkarazo teknikari lanetan zegoela. Urte berean, Margarita abestiaren asturierazko bertsioa egin zuten L'asturianu muévese bildumarako.

1998an Paradisu Zinema diskoa atera zuten eta 2000n Bizitza Triste eta Ederra.

Taldearekin batera, Txaranga Farrantxi asmoa zegoen. Kasu honetan, Iñigok baxua utzi eta perkusioa jotzen zuen, eta Joxe Ripiau taldea kalejira bihurtzen zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joxe Ripiau 1996an eratu zen, Iñigo Muguruzak Puerto Ricora bidaia bat egin ondoren. Bertako perico ripiao taldeek eraginda, karibear musika taldea sortzea erabaki zuen. Horretarako bere anaia Jabier eta Sergio Ordoñezekin batu zen. Hasiera batean, taldea ondo pasatzeko besterik ez zen, Iñigo Negu Gorriakeko kide baitzen.

Lehengo diska Positive Bomb izan zen, Katarain estudioetan grabatua. Taldeak raggamuffin, cumbia, ska eta reggae estiloak fusionatzen zituen, eta kanten artean Eric Donaldsonen «Cherry Oh Baby» eta The Maytalsen «Pressure drop» ska klasikoen bertsioak zituzten. Zenbaitetan, taldearen lanetan punk eraginak ere suma daitezke, erritmo karibearrekin nahasita. Diskoan, besteak beste, Fermin Muguruzak eta Andoni Basterretxeak (Delirium Tremenseko ahotsa) hartzen dute parte. Disko honekin Negu Gorriaken banantzearen zurrumurruak zabaldu ziren, nahiz eta talde honek oraindik bizirik jarraitu. Hala ere, 1996 bukaeran Fermin Muguruzak Negu Gorriaken desegitea ezagutarazi zuen. Ondorioz, Iñigo Joxe Ripiauen proiektuan zentratu zen.

1997an taldearen bigarren lana azaldu zen, Katarain estudioen bitartez, Kaki Arkarazo ekoizle lanetan zela. Karpe Diem, erritmo jamaikarrak alde batera utziz erritmo latinoetan murgildu zen. Urte hartan lehenengo albumean azaltzen den «Margarita» abestiaren bertsio bat grabatu zuten asturieraz, “L'asturianu muévese” musika bilketarako (non Espainiako beste 19 musika talde agertzen diren).

Lehendabiziko bi urteetan Euskal Herrian eta Katalunian jo zuten batik bat, baina Katalunian arrakasta handiagoa izan zuten. Musika berri honek, instrumentu konbinazio xelebre horrekin batera, harrituta utzi zituen bere jarraitzaileak. Bere zuzeneko saio bereziei esker, onarpen handiagoa eskuratu zuen Joxe Ripiauk.

1998an Paradisu Zinema hirugarren disko kaleratu zuten. Planteamendu berezia zuen diska honek. Izan ere, kantu bakoitza film batean inspiratua zegoen. Bertan aurki dezakegu «Kaiser Sose» bezalako abestia, Bryan Singerren The Usual Suspects filmeko gangsterraren izena berau.

2000an Bizitza Triste eta Ederra kaleratu zuten. Kantu malenkoniatsuz osaturiko disko hau taldearen agurra izan zen.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Joxe Ripiau, http://www.badok.eus/euskal-musika/joxe-ripiau. Noiz kontsultatua: 2017-03-23 .
Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.