Juan Kruz Unzurrunzaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Juan Kruz Unzurrunzaga
Bizitza
Jaiotza Zarautz1939ko irailaren 14a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Donostia2009ko uztailaren 13a (69 urte)
Jarduerak

Juan Kruz Unzurrunzaga Goikoetxea (Zarautz, Gipuzkoa, 1939ko irailaren 14a - Donostia, Gipuzkoa, 2009ko Uztailaren 13a) Euskal kulturgilea izan zen. Zuzenbidea ikasi zuen nahiz eta ez zuen ia praktikatu.

1973an, Salvador Allenderen gobernuak bultzaturiko Osev proiektuan parte hartu zuen Txilen. Proiektu haren helburua helduen alfabetizatzea zen. Bi urtez egin zuen lan bertan.

Euskal Herriko 70eko hamarkadako tentsio politikoa oso gertutik bizi izan zuen. ETA Politiko-Militarreko kidea izan zen. Euskal preso politikoen alde lanean jardun zuen 1975. urtean, bera ere preso sartu zuten arte. Carabanchelgo kartzelan egin zuen espetxealdia. 75eko abenduko amnistiari esker kartzelatik atera eta, presoen abokatu egin zen. 1976an, COPE (Coordinadora de Presos Sociales en lucha) sortzen lagundu zuen eta lehen Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea izan zen.

1979an, Infiltración liburua kaleratu zuen, Mikel Lejarzaren infiltrazioaren gainean. Liburua Montxo Martinez Antia etakideari eskeini zion, urte berean Madrilen hil zen eta.

Honen guztionen ostean, Albaina kultur promotoraren buru izan zen eta Donostiako Zinemaldiarekin ere kolaboratu izan zuen azken urteetan. Zum-Zum promotora ere sortu zuen. Promotora honen bidez, Joan Manuel Serrat, Els Joglars eta La Orquesta Mondragónen kontzertuak antolatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. La Orquesta Mondragón taldearen managerra ere izan zen lau urtez.

Raquel Martinez de Ubago eta Artemio Zarcorekin batera Donostiako Altxerri Galeria ireki zuen. Bertan, Eduardo Chillida eta Bixente Amestoiren lanak jarri zituzten erakusgai.

1993an, Txilera itzuli zen Ana Herrero eta Jesus Zubeldiarekin batera Sumendi jatetxea sortzeko, Pucos hirian.

1999an, Euskal Herrira itzuli eta Donostiako Ekain Galeria zabaldu zuen.

2009ko Maiatzean Berria egunkariaren erreportaje bati esker[1] jakin zen 1981ean Untzurruntzagak, Bixente Amestoiren eta hilerriko langile baten laguntzarekin, Joxe Arregik jasandako torturak frogatzen zituzten argazkiak atera zituela. Arregiren gorpua, tortura arrasto nabarmenak zituena, hilobitik atera eta argazkiak atera zizkioten. Argazki horiei esker, Espainiako Poliziaren bertsio ofiziala baliorik gabe gelditu zen. 2009ko Uztailaren 13an hil zen, minbizi baten ondorioz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]