Bixente Ameztoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Bixente Ameztoi
Bizitza
Izen osoa Vicente Ameztoy Olasagasti
Jaiotza Donostia1946ko urtarrilaren 30a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Villabona-Amasa2001eko azaroaren 6a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Lanbidea
Lanbidea margolaria

Bixente Ameztoi Olasagasti (Donostia, 1946ko urtarrilaren 30a - Villabona-Amasa, 2001eko azaroaren 6a) euskal herritar margolari surrealista izan zen.[1]

Bere lanak urriak dira, batzuk Bilboko Arte Eder Museoan daudela. Zinemarako ere lan egin zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Olasagasti margolariaren iloba. Ascensio Martiarenarekin eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian ikasi zuen, eta hasiera-hasieratik lotu zitzaion euskal abangoardia historikoari; hamalau urte besterik ez zituenean 1960ko Hamarren Erakusketa deituan parte hartu zuen; 1967. urtean izan zuen bere lanen erakusketa bat antolatzeko aukera, Donostiako Barandiaran arte-galerian hain zuzen ere. Ameztoiren margolan bikainek gure garaiko Euskadi industrializatua, urbanoa, eta kaosaren eta irudi mitologikoaren arteko sintesia islatzen dute; hiri eta industria ikuspegi batetik aztertzen du izadia: paisaia kezkagarriak dira, denborarik gabeak, organikoak, eta ezin zehaztu daitezkeen izakiak bizi dira bertan. Ameztoiren pinturak –motelak, xeheak eta birtuosismoz beteak– aro industrialeko naturaren eta kulturaren arteko bateratzearen eta bereiztearen paradigma islatzen du: alderdi biek bizkar ematen diote elkarri, eta aurrez aurre egokitzen dira eguneroko bizitzan, baina artean elkartu egiten dira amets estetiko honi esker.

Magritte pintore belgikarraren lan ospetsuak zituen gogoan Ameztoik bere lanak itxuratzeko orduan. Haren koadroetan bezala, anbiguotasuna eta paradoxa dira Ameztoiren margolaritzaren osagarri funtsezkoenak.

Haren lanak ez dira munduaren lekukotza, aitzitik, zalantzan jartzen du munduaren ordena eta mundu desberdin baten irudia islatzen saiatzen da, mundu ezinezkoa agian, baina artearen bidez ikusgai bihurtu duena. Gai naturalen pusketak eta irudi familiarrak –landareak, harriak, animaliak, paisaia eta giza atalak– nahasten ditu, gai horien ordena naturala hautsiz, gai eta irudi sinesgaitzak, anbiguoak eta kezkagarriak sortzeko, atzematen dugun baino zehazten lortzen ez dugun zerbaiten sinbolo gisa.

Bestalde, arrunkeria kutsua dario Ameztoiren pinturari, guztiz oinarri egokia erabiltzen baitu irudi asaldagarri horiek indar handiagoz aurkezteko. Ameztoiren koadroetan aldi berean marko eta protagonista gisa aurkezten da izadi oparo eta fantasiazkoa, baina izadi horren barnean pertsonaia androginoak eta landare-gizakiak azaltzen dira, Arcimboldo pintore italiarraren margolanetan bezalatsu.

Ameztoiren pinturarik garrantzitsuenak, bere izaera eta ideologia surrealista berezia –belaunaldi oso batek bizi izan zuena, frankismoaren azken urteetan–, era askotan laburbiltzen duena, 1976 ondoko urteetan lortu zuen goren maila. Irudien arteko harremana, harridura pertsonala eta ideologikoa iradokitzen duen testuinguru batean, argi eta garbi ikus daiteke 1977an pintatu zuen Virginia y Blancanieves comen un bote de amanitas mientras el mundo se les viene encima izenburuko koadroan.

1979ko Sin título obra da garai hartako margolanik garrantzitsu eta esanguratsuenetakoa; bi androgino simetriko aurkezten ditu lan horretan, poxpolinaz jantzita daude aldatutako pinuak dituen soro batean, eta soroaren hondoan zehaztasun osoz marrazturiko birfindegi handi bat azaltzen da. Horra hor belaunaldi oso batek biziriko giza baldintza irudikatzen duen marrazkia: nortasun banandua, mundu zentzugabe batean aldatua, non mozorroturik baino ez daitekeen biziraun.

Bere burua ere «haragizko eta klorofilazko» pertsonaia balitz bezala pintatu zuen hainbatetan, eta horixe bera izan zen 1990. urtean egin zuen erakusketa antologikoaren leloa, fronte bi dituen bere kosmoseko izaera bikoitzaren erakusgarri.

Egilearen beste margolan aipagarri batzuk dira 1990-1992 urteetan pintatu zuen Sin título (olioa ehunean, 81 x 100 cm) eta 1992-1993ko Sin título (olioa ehunean, 81 x 100 cm) lanak.

2000. urteko udazkenean Donostian aurkeztu zuen Eliztarrak/Mundutarrak, Sagrado y Profano. Santoral de Remelluri, Paraíso y otras obras. Erakusketa horretan 1993az geroztik udaz uda Errioxako Remellurin egindako egonaldietan margotutako santu-irudiak aurkeztu zituen. Santutegi katolikoko hainbat santu Remelluriko ermitaren inguruetan kokatu zituen Ameztoik bere erretratuetan.

Bestalde, Zeruko Argia eta Euskadi Sioux aldizkarietarako azalak, marrazkiak eta diseinuak egin zituen, baita kultura-ekitaldiak iragartzeko kartelak ere. Erakusketa askotan egon dira erakusgai Ameztoiren margolanak eta sari ugari eskuratu ditu.

Ameztoi margolari surrealista berezia izan zen, 1960az gero euskal abangoardiari lotua ibili zena, pintore surrealistetan garrantzitsuena eta eraginkorrena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Biografia
Gipuzkoa
Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.