Edukira joan

Juan Vázquez de Mella

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Vázquez de Mella


Gorteetako diputatua

1904ko martxoaren 10a - 1918ko urtarrilaren 10a
Barrutia: Agoitz, Iruñea, Oviedo

Gorteetako diputatua

1893ko martxoaren 12a - 1899ko martxoaren 16a
Barrutia: Lizarra
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan Vázquez de Mella y Fanjul
JaiotzaCangues d'Onís1861eko ekainaren 8a
Herrialdea Espainia
HeriotzaPrado pasealekua1928ko otsailaren 26a (66 urte)
Hobiratze lekuaLa Almudenako hilerria
Hezkuntza
HeziketaSantiago de Compostelako Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, idazlea eta filosofoa
Lantokia(k)Madril
KidetzaZientzia Moral eta Politikoen Errege Akademia
Real Academia Galega
Real Academia Española
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Alderdi politikoa Elkarte Tradizionalista

Juan Vázquez de Mella y Fanjul (Cangues d'Onís, 1861eko ekainaren 8a - Madril, 1928ko otsailaren 26a) espainiar filosofo eta politikaria izan zen.

Politikoki karlista, Nafarroako diputatu hautatu zuten 1893 eta 1919 artean. Karlismo tradizionala berritu eta Partido Católico Tradicionalista izeneko alderdia sortu zuen.

Juan Vázquez de Mella y Fanjul Asturiasen jaio zen, Cangues d'Onisen, 1861eko ekainaren 8an. Bere aita Juan Vázquez de Mella y Varela zen, erretiratutako teniente koronela, Boimortokoa (Coruña). Ama Teresa Fanjul zen, asturiarra.[1]

Sei urte zituela, aita hil zitzaion. Bigarren hezkuntzako ikasketak Valdedióseko seminarioan egin zituen (1874-1877).[1]

Batxilergoa amaitu ondoren, Boimortora joan zen bizitzera amarekin, han familiakoak zituelako. Compostelako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zen.[1]

Ikasketak amaitu ondoren, kazetari gisa lanean hasi zen (1887-1890) Compostelako El Pensamiento Galaico egunkari tradizionalistan. 1890 eta 1897 urteen artean, aldiz, Madrilgo El Correo Español egunkari karlista zuzendu zuen.[1]

1898an Espainiak Kuba eta Filipinak galdu ondoren, altxamendu karlista bat prestatzen lagundu zuen Cerralboko markesarekin batera. Altxamenduak porrot egin zuen 1900an, eta Mellak Portugalera ihes egin zuen. 5 urtez egon zen han.[1]

Espainiako Gorteetako Diputatu izan zen 1893tik 1919ra (Portugalen egon zen 5 urteak kenduta). Nafarroatik aukeratu zuten batez ere (Agoitz, Lizarra eta Iruñeatik), eta baita Oviedotik ere.[1]

1906an Ramón Nocedalekin besarkatu zen Tafallan, karlisten eta integristen arteko berradiskidetzea erakutsiz. Urte horretan Espainiako Errege Akademiaren C aulkirako aukeratu zuten, baina ez zuen hartu.[2]

XX. hamarkadako lehen urteetan tertuliak antolatzen zituen bere etxean, eta han biltzen ziren aita Bocos apaiz karlista, Antonio Salas apaiz katalana, Álvaro de Maldonado, Fernando Galetti, Natalio Rivas Santiago edota Valle-Inclán idazlea, besteak beste.

Bere lana ezinbestekoa izan zen karlismoa biziberritzeko, 1876ko porrotetik indarra galduta baitzegoen. Mellak karlismoan nahasirik zeuden ideiak hartu eta dotrina eta programa politiko batean antolatu zituen. Bere pentsamenduan eragina eduki zuten Balmes edo Donoso Cortés bezalako pentsalariek, baina batez ere Leon XIII.aren dotrina sozialak.

Lehen Mundu Gerra eta zatiketa mellista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914an Zientzia Moralen eta Politikoen Errege Akademiako kide izendatu zuten.

Lehen Mundu Gerran Vazquez de Mellak eta Cerralbo markesak (Tradizionalismoaren Junta Nazionaleko presidenteak) Alemaniaren aldeko jarrera eduki zuten, eta alderdi tradizionalistari ere joera hori eman zioten. Jaime Borboikoa karlisten erregegaia, aldiz, aliatuen aldekoa zen eta alderdia neutral izatea eskatu zuen. Horrek zatiketa sortu zuen. Jaime Borboikoak manifestu bat zuzendu zien karlistei 1919an, Alemaniaren aldeko jarrera zutenak gaitzetsiz. Mellak eraso pertsonaltzat hartu zuen mezua. Horregatik, jaimismoarekin harremana apurtu zuen eta Alderdi Katoliko Tradizionalista sortu zuen. Lehen ekitaldia Artxandako kasinoan ospatu zuen, 1919ko abuztuaren 11an.[1][3]

1919an El Pensamiento Español egunkaria sortu zuen, bere alderdi berriaren berriemaile izateko. El Correo Español egunkaria jaimistatik kaleratutako langileak hartu zituen egunkari berrian. Dena dela, El Pensamiento Españolek ez zuen arrakastarik lortu. 1922an 371.215 pezetako zorra zeukan. Luis Lezama Leguizamón eta Vázquez de Mellaren artean kitatu zuten zorra. Vazquez de Mellak Astuarisen zituen jabetza batzuk saldu zituen dirua lortzeko. Urte horretan bertan mellistek Zaragozan ospatutako asanblada batean, Vázquez de Mellak politika utziko zuela jakin arazi zuen.[4]

1924ko maiatzaren 29an bere azken diskurtsoa eman zuen Madrilgo Errege Antzokian. Urte bereko abuztuan ezkerreko hanka anputatu zioten. 1925eko urtarrilean Primo de Riveraren diktaduraren jarraipenaren aldeko iritzia eman zuen ABC egunkarian. Musulmanen, "gorrien" eta juduen arriskuaren aurrean, ordena mantenduko zuen diktaduraren beharra azpimarratu zuen.

Hanka moztu ziotenetik, ia ez zen etxetik ateratzen.[1] Hil aurretik, bere liburu ezagunena argitaratu zuen: Filosofía de la Eucaristia.[5]

1928ko otsailaren 26an hil zen, Madrilgo Prado pasealekuko bere etxean. La Almudena hilerrian lurperatu zuten.

Bere ustez, masoneria zen iraultza guztien erantzule. Gorteetan eskari bat aurkeztu zuen masoneria legez kanpo uzteko, Aberriari traizioa egiteagatik. Masoien enplegu publikoak kentzea ere eskatu zuen. Trenton 1896an ospatutako Kongresu antimasonikoan ere parte hartu zuen.[6]

Bere pentsamenduaren oinarria tradizioa zen. Monarkia defendantzen zuen, eta baita Espainiaren batasuna ere, azken hau erregionalismoaren[7] eta foralismoaren bidez. Gizartearen ikuspegi organikoa zuen, eta subiranotasuna familiak, herriek eta eskualdeek zutela uste zuen.

Lehen Mundu Gerran Alemaniaren alde posizionatu zen.[3] Uste baitzuen Frantzia eta Erresuma Batua Espainiaren etsai tradizionalak zirela.

Bizitzako azken urteetan muturreko eskuinen batasuna aldarrikatu zuen. El Pensamiento Español egunkarian artikulu antikomunistak eta antisemitak argitaratu zituen. Ordena goraipatu zuen, boltxebikeen diktadura "gorriaren" aurrean. Boltxebismoa judaismoak bultzatu eta zuzendu zuela uste zuen. Musulmanen arriskuari buruz ere hitz egin zuen, Rifeko gerraren testuinguruan.

XX. mende hasieran Solidaritat Catalana bultzatu bazuen ere, azkenean Primo de Rivera babestu zuen honek katalanismoaren kontra hartutako erabakietan. Erregionalismoak separatismoa bultzatzen zuela esan zuen azken urteetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Proyectos, HI Iberia Ingeniería y. «Historia Hispánica» historia-hispanica.rah.es (kontsulta data: 2025-04-04).
  2. (Gaztelaniaz) «Juan Vázquez de Mella (electo, 1907)» Real Academia Española 2024-01-19 (kontsulta data: 2025-04-04).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Vázquez de Mella Fanjul, Juan - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-04-04).
  4. El Debate, 1922ko azaroaren 22a. "Mella se retira de la vida política". https://prensahistorica.mcu.es/es/catalogo_imagenes/grupo.cmd?path=2283521&presentacion=pagina&posicion=3
  5. (Gaztelaniaz) Fanjul, Juan Vázquez de Mella y. (1928). Filosofía de la Eucaristía. Eugenio Subirana (kontsulta data: 2025-04-04).
  6. [https://web.archive.org/web/20080402051635/http://www.geocities.com/mariofb2/anio2003/custodia4/congreso1896.htm «EL CONGRESO ANTIMAS�NICO DE TRENTO»] web.archive.org 2008-04-02 (kontsulta data: 2025-04-04).
  7. Jesus Varela Fraga (2009), El regionalismo de Juan Vázquez de Mella, https://ragjyl.gal/wp-content/uploads/2016/12/Regionalismo-de-Juan-V--quez-de-Mella.pdf
  8. «Quiénes somos - CP Vazquez de Mella Bayonne - Ikasnova» cpvazquezdemella.web.educacion.navarra.es (kontsulta data: 2025-04-04).


Biografia
Asturiasko Printzerria
Artikulu hau Asturiasko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Vázquez de Mella Aldatu lotura Wikidatan