Konpainiaren eliza (Quito)

Koordenatuak: 0°13′15″S 78°30′50″W / 0.2208°S 78.5139°W / -0.2208; -78.5139
Wikipedia, Entziklopedia askea
Konpainiaren eliza (Quito)
Kokapena
Estatu burujabe Ekuador
Province of EcuadorPichincha probintzia
Canton of EcuadorQuito Metro
HiriaQuito
Koordenatuak0°13′15″S 78°30′50″W / 0.2208°S 78.5139°W / -0.2208; -78.5139
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1605
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
EstiloaSpanish Baroque architecture (en) Itzuli
Webgune ofiziala

Loiolako San Ignazioren eliza eta komentua, Jesusen Lagundiarena, Quito (Ekuador) hirian dagoen eliza bat da. Herritarren artean La Compañía gisa ezagutzen da. Tenplu nagusiko portada, harri bolkanikoz landua, Amerikako eta munduko arkitektura barrokoaren adierazpen garrantzitsuenetakotzat jotzen da.[1][2]

Ekuadorreko Jesuiten etxe nagusia ere eraikin multzo honetan dago. Kolonia garaian leku honetan egon ziren San Luis Seminarioa, Kolegio Nagusia eta San Gregorio Magno Unibertsitatea. 1862tik aurrea San Gabriel eskola egon zen bertan, eta 1959tik 2001era San Luis Gonzaga Kolegioa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesuiten ordena Quitora iritsi zen 1586ko uztailaren 19an, hiri horretan eliza, eskola eta monasterio bat ezartzeko asmoz. Jesuiten lehen apaiz-taldean Juan de Hinojosa, Diego González Holguín, Baltasar Piñas eta Juan de Santiago zeuden.[2][3]

1587an hiriko kabildoak jesuitei lursail bat eman zien.[2] Pixkanaka, Jesusen Lagundia ondoko orube batzuk erosiz joan zen, etxe-sail handi bat osatu arte.[4]

1622an San Gregorio Unibertsitatea inauguratu zuten, elizaren ondoko eraikinean. Gaur egun, Metropoliko Kultur Zentroa da. Unibertsitateak laborategi modernoak zituen, 20.000 aleko liburutegia, eta lehen mailako irakasleak, besteak beste, Juan Bautista Aguirre, Bernardo Recio, Caledonio de Arteta, Juan de Velasco eta Francisco Sanna.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1597. urtean Francisco Ayerdi arduratu zen tenplua eraikitzeko lanez, José Iglesiasen eta José Gutiérrezen laguntzarekin. Tamalez, eta borondate ona izan arren, Ayerdik ez zituen lan horretarako beharrezko ezagutzak biltzen, eta 1605ean ordezkatzea erabaki zuten.

1605 eta 1614 bitartean Nicolas Durán Mastrilli apaiz italiarrak eliza berriaren planoak jaso zituen eta eraikitzen hasi zen, Martín de Azpitarte euskal arkitektoaren laguntzarekin eta Gil de Madrigal jesuita espainiarraren zuzendaritzapean. 1614rako, elizaren zati bat otoitzerako irekita zegoen.

Marcos Guerra Italiatik iritsi zen 1636an eraikuntzaren ardura hartzeko, eta Errenazimentuko gustuak eta formak erantsi zizkion. Estilo horretan esperientzia handia zuen. Berak sartu zituen kupulak eta kanoi-gangak, kupulatxoz apaindutako alboko kaperez gain. Gerrari egozten zaizkio erretaularik onenak, baita urrezko dekorazioa eta pulpitua ere.

Jorge Vinterer izan zen erretaula nagusiaren sortzailea. 1722an, Leonardo Deubler harri bolkaniko griseko arkupe ikusgarria eraikitzen hasi zen, eta ezin izan zuen amaitu, 1725ean obra bertan behera utzi zutelako; azkenik, 1760an, Venancio Gandolfik fatxadako lanak berrabiarazi zituen. 1765eko uztailaren 24an amaitu zuen. Azpimarratu behar da Europako artista horiek sortutako lan guztiak Quitoko artista indigenek eta mestizoek jarri zituztela praktikan; artista horiek beren zigilu pertsonala inprimatzen zioten, bertako floraren irudikapenen eta antzinako herrien sinboloen bidez.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenplua eraikitzeko 160 urte behar izan zituztenez, eta hainbat arkitektok parte hartu zutenez, lau estilo ditu bere arkitekturan, arte barrokoa nagusi bada ere. Barrokoa erraz hautematen da elizaren barruan simetria bat dagoelako, elizaren alde bakoitzean elementu kopuru bera dagoelako. Estilo horren beste berezitasun bat mugimendua da, tenpluko zutabe nagusiek eta erretaula nagusiaren diseinuak sortutako efektua. Argitasuna da barrokoaren beste berezitasunetako bat; nabe nagusiko goiko leihoak hain zehatz kokatuta daude, non eliza osoa argitzen baitute eguzkiaren argiarekin.[2]

Elizaren beste estiloetako bat mudejarra edo moriskoa da, pilareetako irudi geometrikoetan ikusten dena.[2]

Elizan aurki dezakegun hirugarren estiloa churriguerescoa da, dekorazio nabarmenekoa, eta batez ere elizaren manparetan dago. Azkenik, estilo neoklasikoa aurkituko dugu, Santa Mariana de Jesusen kapera apaintzen duena, lehenengo urteetan upategia izan zena.[2]

Oinplanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpainiaren kupulak.

Tenpluaren oinplanoa, Erromako Gesu elizarenarekin alderatu izan dena, laukizuzen batean sartutako gurutze latindarrekoa da, Errenazimentuko bigarren etapan ohikoa zena. Gurutzadura eta hiru nabe ditu: erdikoa, kanoi-ganga batez estalia, eta albokoak, baxuak eta kupulatxoz estaliak. Xehetasun horiek bereizten dute, hain zuzen ere, Gesu elizarengandik; izan ere, Gesukoak nabe bakarra eta tribunak ditu.

Nabeak eta gurutzadurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabaiaren ikuspegia.

Erdiko nabeak 58 m-ko luzera eta 26.5 m-ko zabalera du, eta pilare karratu sendoetan bermatzen da. Alboetako nabeak txikiagoak dira zabaleran eta altueran, eta kupula txikiak dituzte, argia iragazten dutenak tenplu barrura. Nabe horietan sei kapera edo alboetako erretaula daude, gurutzadurakoak baino txikiagoak, baina dotorezia finekoak, askotarikoak eta barroko, plateresko eta churrigueresko estilokoak.

Alboetako kaperak, kupulatxoz estaliak, leiho txikiekin argiztatuta daude. Arbotante handiek erdiko gangaren bultzada deskargatzen dute kanpoko karezko eta harrizko horma sendoen gainean. Hiru nabeak bi pilastra-ilararekin bereizten dira. Ilaretan arkuak daude, eta horien gainean nabe nagusiko hormak, argiztapenerako behar diren leihoekin. Hormak eta pilastrak egiteko harria erabili zuten, eta arkuteria eta gangak egiteko adreilua.

Gurutzadura 26,5 m zabal da, eta 27.6 m garai, eta 10,6 m-ko diametroko kupula izugarria du. Barrutik, pintura, apaingarri eta medailoiekin dekoratuta dago. Hamabi leihateek ederki argitzen dituzte dekorazioak eta danborra zeharkatzen duen balaustrada. Gurutzaduraren bi muturretan San Ignazio eta San Frantzisko Xabierkoaren erretaula bikiak daude, tamaina handikoak eta barroko-itxurakoak.

Kanpoko portada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko portada Ekuadorreko andesita harriz landuta dago, eta 1722an hasi ziren eraikitzen, Leonardo Deubleren agindupean. Baina 1725ean bertan behera utzi zuten obra, eta 1760an Venancio Gandolfik hartu zuen berriro lanen ardura. 1765ean amaitu zituen. José María Vargasen arabera: «Data-erkatze hutsak azaltzen du estiloen arteko aldea elizaren gorputzaren eta fatxadaren artean. Tenpluaren egiturak Errenazimentuko eragina erakusten du, Italiatik Quitora Marcos Guerrak ekarri zuena; fatxadaren antolamenduak, berriz, XVIII. mendeko dinamismo barrokoari eusten dio».

Fatxadak Italiako barrokotik gehiago du Espainiako platereskotik baino, eta pilastra altuetan Frantziako barrokoaren nolabaiteko eragina nabari da.

Fatxada

Sarrerako ate nagusiaren alboetan bost metroko altuerako sei zutabe salomoniko daude. Era berean, alboko ateek korintoar estiloko bi pilare dituzte albo banatan. Pilare horiek guztiak estilobato baten gainean daude, eta panel apaingarri errenazentistak dituzte. Arkitrabearen gainean frisoa dago, lorez, izarrez eta hostajez apaindua, eta, horren gainean, akanto-orriz apaindutako erlaitza, fatxadako irtenguneei jarraitzen diena, zirkuluerdi-formako arkuan luzatuz, lau kerubinek eusten duten nitxo bat babesteko. Nitxoa frontoi eten baten gainean dago, eta nitxo horrek ate nagusia koroatzen du. Nitxoaren goiko aldean, beste frontoi txikiago batek Espiritu Santua erakusten du uso gisa irudikatua.

Bigarren gorpua, aurrekoaren goialdean kokatua, erdiko leiho handi batez osatua dago, frontoi batez apaindua, maskorrez eta hostailaz betetako kartela jasotzeko, San Ignaziori, jesuiten ordenako patroiari, eskainitako legenda batekin: «DIVO PARENTI IGNATIO SACRUM». Frontoia akanto hostozko mentsulen gainean dago, eta horien artean, platereskoa den apaindura-txartel bat dago, leihoaren osaera amaitzeko. Alboetan pilastra aberatsak daude. Pilastren kapitelak akanto-hostoen lerro bakarra du, eta XVIII. mendeko frantziar urregile eta ebanistek altzari eta objektu preziatuak apaintzen zituzten moduan dekoratuta daude. Hau da, ildaska horizontalak eta erdian apaindutako ispilu handiak dituzte. Horien gainean taulamendu bat dago, lehen gorputzekoa gogorarazten duena. Multzoa zirkuluerdi-formako tinpanoan errematatzen da. Horren gainean nabarmentzen da jesuiten gurutzea, brontze distiratsukoa. Portada osoa azulejuz estalitako teilatuak estaltzen du.

Fatxadan dauden nitxoetan San Ignazio Loiolakoa, San Frantzisko Xabierkoa, Kostkako San Estanislao eta San Luis de Gonzagakoaren estatuak daude. Alboko hormetan, leihoaren ondoan, San Frantzisko Borja eta San Frantzisko Erregisekoak daude. Pedro eta Pablo apostoluen bustoak ere ikusten dira ate nagusiaren ondoan; eta alboko ateetako ateburuaren gainean Jesusen eta Mariaren Bihotzak.

Kanpandorrearen dorrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpandorreak, 1859ko lurrikararen ondoren erori zenak, 180 besoko altuera zuen, eta hiriko altuena zen. Handik urte batzuetara berreraiki zuten, baina 1868an beste lurrikara bat izan zen, eta kaltetu egin zuen, eta altuera kendu behar izan zioten. Egun batean dorrean egon ziren kanpaiak elizaren ondoko areto batean daude gaur egun. Areto hori jendearentzat irekita dago, ikus ditzan. Hainbat tamaina eta pisuko sei kanpai ditu.[1]

Erretaula nagusia eta kupula.

Barrukoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko erretaula fatxada nagusiaren antzekoa zen; eta gaur egun ezaugarri horietako gehienak mantentzen dira. Egiten hasi zirenean, harriz eta adreiluz egin nahi izan zuten; Baina 1735ean egurrez egiten hasi ziren; hamar urte iraun zituen lanak (1735-1745).[1] Gero, Bernardo Legardak jarri zituen urrezko xaflak, eta 10 urte gehiago iraun zuen lan horrek. Hau da, erretaularen lan osoak azkenean hogei urte iraun zituen (1735-1755).[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Secretaría de Comunicación. (4 de marzo de 2011). Noticias Quito. .
  2. a b c d e f ALTAMIRANO H., Gerónimo. (7 de abril de 2012). «Iglesia de La Compañía, joya del arte religioso» Diario PP, el verdadero.
  3. Vargas (2005), p.131
  4. Kennedy y Ortiz (2002), p.89

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Greenspan, Eliot (2007). Ecuador & the Galapagos Islands. Chichester: John Wiley. ISBN 9780470120026
  • Kennedy, Alexandra y Alfonso Ortiz (2002). Arte de la Real Audiencia de Quito, siglos XVII-XIX. Hondarribia: Nerea. ISBN 8489569835
  • Vargas, José María Fr. (2005). Patrimonio Artístico Ecuatoriano: La Compañía de Jesús. Quito: Trama. ISBN 9978300171
  • Báez, Christian (2008). Rostro COMUNICACIÓN. ISBN 9789942021243

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]