Korridorean eseritako gizona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Korridorean eseritako gizona
Korridorean eseritako gizona itzulpena.
Datuak
IdazleaMarguerite Duras (2021)
Argitaratze-data1980ko maiatzaren 1a
GeneroaErrelatoa
Jatorrizko izenburuaL'Homme assis dans le couloir
HerrialdeaFrantzia
Orrialdeak40
ItzultzaileaL. Alfonso Lopez Labrador

Korridorean eseritako gizona (frantsesezko jatorrizkoan, L'Homme assis dans le couloir) Marguerite Duras frantses idazleak 1980an argitaratutako liburu bat da.

Argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua 1980ko maiatzaren 1ean kaleratu zen, Les Éditions de Minuit argitaletxean, Parisen. Izatez, liburua 1962an hasi zen idazten, eta isilpeko edizioa egin ziola Durasek, beraren izenean argitaratu aurretik.[1]

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kritikari gehienek eleberritzat jotzen badute ere, kontakizun labur bat dela esan daiteke, maitasun harreman baten azterketa sakon bat. Istorioan ez dago beste tolesdurarik.[2]

Emakume batek besaulki batean eserita dagoen gizona seduzitzeko tresna guztiak erabiltzen ditu. Istorioa hasten da, hain zuzen ere, sexu harreman bortitz baten ostean.[1] Irakurlea, baina, etengabe deseroso sentituko da, maitasuna bilatzeko ahalegina hutsean gelditzen baita, behin eta berriro. Aldi berean, baina, elkar bilatzen duten gorputzak, elkar aurkitu eta zauriz betetako harremana duten gorputza horiek, gertakari aberats bezain konplexu bat dira.[3]

Euskarazko itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marguerite Durasen L'Homme assis dans le couloir liburua euskarara itzuli zuen Luis Alfonso Lopez Labradorrek, 2021ean, Korridorean eseritako gizona izenburuaz, baina ez zuen argitaletxe komertzial baten bitartez kaleratu. Soilik ale bakan batzuk inprimatu zituen eta eskuz koadernatu.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Alfonso Lopez Labradorrek 2021ean egindako itzulpena jasotzen du Korridorean eseritako gizona izenburuko liburuak, 40 orrialdeko ale batean. Liburuaren neurriak dira 185 mm x 140 mm. Itzultzaileak berak eskuz koadernatuta dago, 3 mm-ko kartoiz eratutako azal eta kontrazal gogorrez, eta larru itxurako bizkar batez elkarturik. Halako koadernatze motari dagozkion babes-orriak ditu azalaren osteko eta kontrazalaren aitzineko bi orrialdeetan.

Liburuaren lehen orria.
Liburuaren azala eta kontrazala.

Paper zuriaren gainean dago inprimatuta testua, offset 90 gr-ko paper birziklatuan. Azalaren osteko eta kontrazalaren aurreko babes orriek kolore ubel lau argixkara dute (RGB 191, 129, 158), 300 gr-ko offset paper sendoan.

Liburuaren azala eta kontrazala pieza berdin banatan daude eginak, eta elkarturik daude larru itxurako bizkar batean. Barruan, paperezko orrialdeen kaierak hariz elkarri josita daude sei josturatan, eta multzoa itsatsita, babes-orrien bitartez, azalari, kontrazalari eta bizkarrari.

Azalaren eta kontrazalaren gainak oihalez estalirik daude; funts beltz baten gainean, lore iruditzat har daitekeen figura zuri geometriko errepikatu batez betetzen dira. Bi piezak lotuaz, larru itxura duen bizkar bat dago, kolore marroikoa.

Liburuaren bizkarraren eskuin ertzean, izenburua ageri da idatzita, eskuzko letra moldean, urre koloreaz; bizkarraren gainean, berriz, idazlearen izen-deiturak («M. Duras»).

Testua maketatuta eta orrikatuta dago, liburu komertzialen gisara; Times New Roman tipografia erabiltzen du, 16 puntukoa testuan, 24 puntukoa kapituluen izenburuetan. Liburuak ez dauka aurkibiderik, ez hasieran, ez amaieran.

Azken aurreko orrialdean ex libris inprimatu bat ageri da; EX LIBRIS idazkunaren azpian, sinadura bat ageri da (Luis Lizarriturry irakur daiteke), hitz hauek inguratzen dutelarik, erloju orratzen noranzkoan irakurri beharrekoak: ezkerrean, etxean; goien, ezarian; eskuinean, eskuz; eta behean, egina.

Edukiaren aldetik, Les Éditions de Minuit argitaletxeak 1980an kaleratutako edizioa jarraitzen du itzulpenak.

Alea liburutegian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luis Alfonso Lopez Labradorrek egindako itzulpenaren alea (artikulu honen goiburuko irudian ageri dena, alegia) Donostiako Udal Liburutegian gordetzen da, itzultzaileak egindako dohaintza baten bitartez, 2022ko otsailaz geroztik. Signatura hau du: V 37433. Ezin da maileguan hartu.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) «L'homme assis dans le couloir, de Marguerite Duras» www.marguerite-duras.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  2. (Frantsesez) «L’élaboration de voix singulières (1)» Self XX-XXI (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  3. (Frantsesez) loupbouquin. (2019-10-25). «L’homme assis dans le couloir» LOUPBOUQUIN (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).
  4. «RLPE / EIPS absysNET Opac» www.katalogoak.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]