Edukira joan

Lankide:Edurne Benito del Valle/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

EXISTENTZIALISMOA FEMIMINITSA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Existentzialismoak, XIX. mendean du sorrera; baina, bereziki, XX. mendean zabaldu eta hedatu zen korronte filosofiko eta kulturala da. Hitzak berak esaten duenez, korronte honek, oro har, giza existitzearen inguruan hausnartzen du. Hala, existentzialismo feministak, arreta berezia ipiniko du emakumearen esperientziaren gainean, hala nola, gizartean ezartzen diren genero-rolak eta emakumearen auto-eraikuntza eta askatasuna baldintzatzen duten eragin kulturalak salatuz.


KONTZEPTUAREN DEFINIZIOA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Existentzialismoaren jatorria, garaian nagusi ziren tradizio filosofikoei, besteak beste, arrazionalismoa eta enpirismoari aurre egiteko saiakera bat bezala justifikatu daiteke. Izan ere, bi tradizio hauek, mundua ulertzeko molde unibertsal bat bilatzen dute. Walter Kaufmann filosofoak existentzialismoak edozein eskola filosofiko atxikitzeari uko egiten ziola azaldu zuen, bereziki, sinesmen sistematikoan oinarritzen zirenak arbuiatuz. Modu honetan, korronte filosofiko klasikoak kritikatu zituzten filosofo existentzialistek, hauek, akademikoak eta azalekoak baino ez zirela egotziz, eta era berean, aztertzen duten errealitatetik urrun daudela babestuz.

Existentzialismoak, berriz, baldintza gizatiarraren inguruan egiten du lan, alegia, gizabanakoaren erantzukizuna, morala eta bizitzaren esanahia aztertzen ditu, besteak beste. Askatasunaren filosofia ere izendatu izan zaio honi, izan ere, gizabanakoaren askatasuna du jomugatzat. [1]



Dena dela, zaila suertatzen da existentzialismoaren definizio bateratu bat mahaigaineratzea. Existentzialismoa zertaz dioan hobeto uler dezagun, Jean-Paul Sartre, korronte honen teorilari nagusienetako batek emandako baieztapenaz baliatuko gara; hain zuzen ere, existentzia esentziaren aurretik doala onartzea existentzialista guztiek aman komunean duten doktrina dela. Horrela, gizakiaren egoera naturalaren ideia baztertzen da, hots, gizakiaren berezko esentzia bat ukatzen da, ekintzek gizabanakoa bera definitzen dutela eta bizitzari esanahia ematen diotela babestuz. Honen arabera, gizakia aske eta autonomo den heinean, baloreen sortzaile da baina, era berean, bere ekintzen erantzule nagusia ere. Hitz batez, Sartrek gizakia aske izatera kondenatuta zegoela babesten zuen.

Arestian aipatutako ideiarekin jarraituz, Kierkegaardek (askorentzat existentzialismoaren aita kontsideratua), hala nola, animalietan banakoak ez zirela existitzen adierazi zuen; gizakietan, ordea, bai, gizabanakoek haien bizitza eta existentzia era partikularrean eraiki eta moldatu behar baitituzte. Gizaki biziduna, ez da esentzia, baizik eta existentzia. Hain zuzen ere, filosofia existentzialistan, subjektua uneoro eraikuntza prozesu batean murgilduta dagoen izatea da eta beraz, ez dago berez emandako esentzia edo izaera gizatiar bat. Gizakia ezer izatetik sortzen da, eta bizitzan zehar, norbanakoaren jarduna, ekintza eta aukeraketa desberdinen bitartez heltzen da izatera, hots, immanentzia batetik (ez izatetik) transzendentziara (izatera) heltzen da. Ideia hau, nagusiki, Jean-Paul Sartreren existentzialismoan agertuko da, era berean, Aristoteles eta Hegelen lanean oinarritzen delarik.


"Gizakia ez da munduan egoteagatik bakarrik justifikatzen, pasibidadeari uko egiteagatik baizik… Izateak izateari forma ematea esan nahi du"[2]

Gauzak horrela, Simone de Beauvoir aipatu behar dugu, ezinbestean. Azterketa existentzian emakumea eta feminitatearen kontzeptuak txertatu baitzituen. Autorearen aburuz, emakume eta gizonen egoerak ezin dira parekatu, emakumeek bizitzan zehar, askatasuna gauzatzeko orduan oztopo gehiago pairatzen baitituzte. Hau da, emakumea ez da emakume bezala existitzen. Marko existentzialista batean, femeninoa dena ez da esentzia bat, existentziaren estatusa aitortu behar zaio. Hona hemen, egilearen esaldi ezagunetako bat: “ La mujer no nace, se hace”. Hala eta guztiz ere, existentziaren barruan ere, femeninoak badauka bere estatus propioa. Finean, estatus berezi hori salatzea da, Beauvoiren Bigarren Sexua lanaren xedea.

Laburbiltzeko asmoz, Simone de Beauvoirek teoria feminista bat garatu zuen, emakumearentzat, hau subjektu gisa ulertuta, burujabetza eta beraz, askatasuna lortzeko bideak barnebiltzen zituena.


SIMONE DE BEAUVOIREN EXISTENTZIALISMOA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Simone de Beauvoir, 1955.


Simone de Beavoir XX. mende erdialdeko idazle, filosofa existentzialista eta feminista esanguratsua izan zen. Honek, giza ekintzen analisi bat egin zuen, horretarako, Sartreren obra berrikusiz. Eta bereziki, askatasuna eta egoeraren kontzeptuak abiapuntutzat hartu zituen. Sartrerentzat, askatasuna eta egoera errealitate ontologiko bakar baten bi alderdi ezberdindu dira. Simone de Beauvoirentzat, ordea, egoerak askatasuna baldintzatu dezake, onerako edo txarrerako, egoera desberdinen artean hierarkia bat eraikiz. Horrela, askatasunak, ez dauka mugarik, bai ordea, askatasunari aurkezten zaizkion aukerak. Egoera, beraz, askatasunetik at dagoela ulertzen du. Gizakiaren askatasuna erabatekoa ez dela adierazi nahi izan zuen, horretarako pertsonen arteko harreman zailak arakatzeari ekin ziola.[3]


Autoreak egiten duen analisia, batik bat, Descartesen lanetan oinarritzen da. Hain zuzen ere, printzipio ilustratuak eta existentzialismoa ardatz modura hartzen ditu Beauvoirek, askatasunaren irizpidea emakumeen kasura aplikatu nahian, modu horretan, feminitatearen iruzurra argitara emateko asmoz. Hots, bere lana tradizio ilustratuaren erradikalizazio eta garapen modura ulertu dezakegu. Izan ere, askatasuna aukera desberdinen artean hautaketa prozesu baten ondorioz eskuratzen da; hala oinarri ilustratu hau, eremu existentzialista batera eramaten du.

BIGARREN SEXUA

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren sexua

Bigarren Sexua 1947 eta 1949 artean, Simonek idatzitako lan nagusietako bat da; idazlanak, oihartzun handia eskuratu zuen eta askok gainera, bere etika existentzialistaren jomugatzat hartzen dute. Lana 2 bolumenez osatutako 25 kapitulutan banatzen da.

Emakume izatea zer zen ulertu nahian, lehen aldiz emakumearen bilakaera historikoa aztertu zuen, betiere, filosofia existentzialistaren metodoaz baliatuz eta bi sexuen arteko desberdintasunak eraikiak direla mahaigaineratu nahian.


Lanaren hasieran, autoreak ikuskera existentzialistari eutsiko diola argi utzi ostean, zerrendatu egiten ditu bereganatuko dituen moral ontologikoaren printzipio nagusiak. Horietatik, esanguratsuena, hurrengoa hau dugu: transzendentziatik, immanentzia egoera batera jausten denean, existentziaren balio gainbehera bat ematen da. Erortze hau, hots, subjektuak immanentziaren baldintza onartzen badu, autoreak moral urraketa bat modura ulertzen du. Bestalde, subjektua, immanentzia egoera horretan derrigortuta egotekotan, ostera, opresio egoera baten aurrean egongo ginateke. Dena dela, Simonek, bi kasuak, zorigaiztzat hartuko ditu. [4]


Gauzak horrela eta lanaren edukian murgiltzen hasteko, Zer da emakumea? galdera planteatzen ematen dio hasiera Simone de Beauvoir-ek lan honi. Autoreak emakumea, gizona bezala, gizaki soil bat dela argudioaren sinpletasuna mahaigaineratzen du. Ideia hori, filosofia ilustratu-modernoan oinarritzen da, eta korronte horrek, emakumea inolako edukirik gabeko hitza dela aldarrikatzen du, emakumeak eta gizonak maila berean kokatzen dituela. Beauvoirek ez du baieztapen hori ukatzen, baina, esan bezala, mugatua eta abstraktua delakoan dago.

Hain zuzen ere, gure testuinguruan, emakumearen eta gizonaren berdintasuna onartzea, emakumearen askatasunerako kontraesankorra izan daiteke. Izan ere, gizartea bi kategoria desberdinetan banatua dago, emakume eta gizon, eta kategorien arteko harremana asimetrikoa eta hierarkikoa da, lehenengoa bigarrenaren menpean dagoelarik. Beraz, kategoriak azaletik aztertzea, eta emakume izateren atzean ezer ez dagoela defendatzean, errealitatea ezkutatzea da. Desberdintasun egoera hori ez du emea jaiotze hutsak definitzen, eta feminitatearen naturalizazioa ukatzekotan (hau da, feminitatea sozialki eraikia dela onartzea), baina bestalde, emakumearen existentzia baieztatzen bada, zer da emakumea? galderak zentzua hartzen du.


Emakumea “bestea” bezala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumea definitzeko, autoreak “Altérité” kontzeptua erabiltzen du (erdaraz, alteridad), giza-pentsamenduaren oinarrizko kontzeptua delakoan. Hau da, inor ezin daiteke norbera bezala definitu beste baten aurrean ez bada. Subjektu edo komunitate oro, bere burua esentzial bezala definitu behar du, bestea ez-esentzial bezala ulertuz, eta bestea dena, objektu bilakatuz. Hori da, hain zuzen ere, gizonak emakumearekin egin duena. Gizatasuna maskulinoa da, eta emakumearen existentzia gizonarenarekin justifikatzen da bakarrik. Emakumea ez da izaki autonomo bat, gizonak erabakitzen duena baizik.

Hau da, gizonek, haien burua subjektu bezala definitzerako orduan, emakumeak bestea bezala definitu izan dute. Hala, talde honen identitatea, bestea deritzon taldearen, aurkaritzaren bidez eraikitzen da. [5]


Gizonek emakumea bestea bezala definituta gizarte eredu patriarkala finkatu eta indartu izan dute. Egoera honetan, emakumea ezin da norbera bezala definitu, hots, ezin du bere existentzia onartu, horretarako baliabiderik ez duelako. Gainera, ez da elkarren arteko dependentzia onartzen (errealitatean gauzatzen dena, gizonek eta emakumeek elkarren arteko beharra baitute) eta askotan, emakumea bere egoeran, bigarren plano batean, bere bizitzaren jabe izan gabe eroso egon da. Hala eta guztiz ere, elkarren menpekotasuna ikustarazteak ez du emakumearen askatasuna zuzenean ekartzen, bestelako urratsak eman behar baitira.

Immanentzia eta transzendentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askatasuna ez izatea, norberaren existentzian subjektu ez izatea, eta horrenbestez, objektu bilakatzea esan nahi du. Subjektu ororen asmoa bere burua baieztatzea da, baina askotan, askatasunetik ihes egiten da, arestian esan bezala, biderik errazena izan daitekeelako.

Beraz, emakumea definitzeko orduan, kontuan hartu behar dugu gizartean objektu bat bezala ulertzen dugula, ez da bere definizio propioaren subjektua, betiere gizonarekin harremanetan definitzen baitugu emakumea.

Egoera honek, emakumearen immanentzia dakar. Hau da, subjektuak bere existentzia onartzeko, transzenditzeko beharra du. Transzenditzea, norberak bere existentziari zentzua ematean datza, bere bizitzaren jabe izatea. Horrela ez izatekotan, subjektua “kosifikatu” egiten da, moralaren urraketa bat gauzatuz. Gure gizartean, gizonak emakumea bestea bezala definitzean (eta emakumeak, ezinbestean, egoera hori onartzean) objektu izatera mugatzen du, eta ez-izatera eta era ez duin batean bizitzera kondenatuta dago.[6]




Ondorio gisa, Beauvoirek emakumearen esperientzia opresio egoera honekin lotzen du. Era berean, horrela ortzen da feminitatearen eta “eterno femenino”-aren metodoa; gizonek, emakumeen inguruko mitoak sortu dituzte eta egia absolututzat txertatu dira gizartean.

Hala eta guztiz ere, opresio egoera hau eta orok guda egoera bat sortzen du. Arestian aipatu bezala, egoera honetan, bi transzendentzia kontrajartzen dira; elkar onartu beharrean, batak bestea menpean hartu nahi du. Hala, gatazka ez da amaituko, gizonak eta emakumeak berdin moduan elkar aitortzen ez badira, finean, feminitateak iraunarazten duen bitartean gudak ez du amaiera edukiko.

“esta liberación debe ser colectiva, y requiere primero que todo que se logre la evolución económica de la liberación de la mujer”


Argi usten du autoreak garaiko emakumeak ez direla naturaren sorkuntza soil bat. Gizartean ezer ez da naturala, eta emakumea, beste gauza askoren antzera, gizarte eraikuntza baten produktua da. Baina, haren opresio egoerarekin amaitzeko, ez dira arlo ekonomikoan bakarrik aurrerapausoak eman behar soilik, alor morala, kulturala, soziala, etab., hartu behar dira kontuan. Berak eman zuen aditzera kultura patriarkalaren androzentrismoa.

Simone de Beauvoir (sinadura)


Hala nola, Betty Friedan-ek Feminitatearen Mistika (1963) idatzi zuen Beauvoirren planteamenduetan oinarrituta. Kate Millet-ek Politika Sexuala (1969) idatzi zuen, Beauvoirren planteamenduak haratago eramanez eta pertsonala dena, publikoa ere dela salatuz. [7]



Kritika nagusia, Le Doeuff filosofoaren eskutik dator. Honek kontraesan sakonak bilatu baitzizkion Beauvoiren lanari. Michèle La Dœuffen arabera, subjetuaren nozio existentzialistak ez du emakumea opresio egoeratik askatuko. Era berean, Bigarren Sexuan askatasunerako biderik argitzen ez dela aipatuko du Le Doeuffek.


ERREFERENTZIAK


  1. Existentzialismoa. .
  2. Aipua. .
  3. Simone de Beauvoir. .
  4. Bigarren Sexua. .
  5. Amores, Celia. Feminismo y Filosofia. .
  6. LÓPEZ PARDINA, María Teresa. (2009). Beauvoir, la filósofa existencialista y el feminismo” in Investigaciones Feministas. .
  7. Basterretxea Amutio, Eider. Bigarren Sexua eta eragina XX. mendeko Bigarren Bolada Feministan. .