Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Argien Garaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Argien Garaia edo Ilustrazioa XVII. eta XVIII. mendeetako kultura higikundea izan zen, gizonaren funts eta oinarritzat arrazoia hartzen zuena. Ingalaterran hasi zen eta Frantzian, Alemanian eta Espainian ere mamitu zen. Eragin politikoa, zientifikoa, ekonomikoa eta soziala izan zuen. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena.

XVII. mendeko filosofia arrazionalisten eta enpirikoen izpiritua bere egin zuen Ilustrazioak, eta Iraultza Burgesaren eta pentsamoldearen aitzindari ere izan zen. Zientziaren garapena funtsezkoa izan zen sorreran, aurkikuntza berriak zirela-eta, izadia modu berri batez ulertzen hasi baitzen XVII. mendean; horrela, naturak lege batzuk bazituela eta lege horiek arrazoiaren bidez argitu eta uler zitezkeela ondorioztatu zuten. Ildo horretatik abiatuta, arrazoia nagusitu zen arlo guztietan: zientzietan, gizarteko harremanetan eta mundua ikusteko moduan. Argien Garaian sortu eta egin ziren Europako lehen entziklopedia, hain zuzen ere Diderotek eta D’Alembertek egin zuten Encyclopédie ospetsua[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako hiri nagusien populazioa (XVI-XVIII).[2]

Ilustrazioak munduko misterio guztiak argitu nahi zituen arrazoiaren argiaren bidez. Sineskeria eta ezjakintasuna deuseztatu nahi zuten. Honakoak izan ziren mugimendu intelektual horren ezaugarriak:

  • Gizartea arrazoimena aplikatuz azter zitekeen. Gobernu-sistemek zentzuzkoena eta egokiena hartu behar zuten aintzat, eta ez besterik gabe tradizioari eutsi. Arrazoimena aplikatzeak gizadiaren aurrerapen etengabea eragingo zuen.
  • Gizakia zen pentsalari ilustratuen teorien ardatz nagusia. Pertsonek eskubide naturalak dituztela defendatzen zuten. Botereak ezin zituen eskubide horiek deuseztatu.
  • Aurkikuntza zientifikoak gauzatzea eta filosofoen ekarpenak gizartean eta politikan ezartzea beharrezkotzat jotzen zen.
  • Hezkuntza bultzatu zen arrazoia hedatzeko bide moduan.
  • Ilustrazioaren oinarria gizakiaren pentsamendu gaitasunean zetzan.
  • Legeak sortzeko eta arrazoimena garatzeko zientziari eta garapenari ematen zaio garrantzia.

Ideologia berria zentro ofizialak -esate baterako unibertsitateak eta akademiak- alde batera utzita hedatu zen, haiek Elizaren kontrolpean zeudelako neurri handi batean. Ilustrazioak erabilitako zabalkunde bideak areto-tertuliak, masoneria, prentsa eta argitalpen mota oro izan ziren.

Pentsamendu politiko ilustratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsalari ilustratuek ez zuten doktrina politiko homogeneorik egin eta ezin izan zituzten absolutismoaren oinarriak deuseztu. Hala ere, hiru egile gailendu ziren beren testu politikoek izandako eraginagatik:

Arrazoimenaren kontzepzio berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Enpirikoa: Ilustratuek ez zuten ontzat ematen arrazionalisten ezagutza-metodoa, metodo matematikoaren eredua (arrazoimen deduktiboa, jatorrizko ideietan oinarrituta). Ilustratuen ustez, zentzumenetako esperientzia ere kontuan hartu behar da. Arrazoimena bai, baina arrazoimen enpirikoa. Ordutik aurrera, zientziaren norabide berria gero eta izaera deskriptiboagoa izan zen, eta gero eta gutxiago esplikatzailea.
  • Kritikoa: Ez du ezer ontzat emango aldez aurreko azterketa edo analisi egokia egin gabe. Hori ez da filosofia edota zientziaren esparrura mugatzen; politikari eta erlijioari ere kritika arrazionala egiteko aukera aldarrikatu zuten (Kantek, esaterako, garbi utzi zuen gai erlijiosoak eta politikoak publikoki kritikatzeko askatasuna aurrerapenerako ezinbesteko baldintza dela). Arrazoimenaren kritika hori nork bere buruarekin hasi behar zuen.
  • Praktikoa: Ilustratuen arrazoimena ez zen arrazionalistena bezalakoa, teorikoa edo espekulatiboa; arrazoimen praktikoa baizik. Eginkizun bakarra ez da esplikatzea: gizakiaren bizitza moldatu, natura menderatu, eta arazoak —pertsonalak, politikoak edota gizartearenak— gainditzeko gai ere izan behar du; izan ere, beren ikuspegian arrazoia gizakien bizitza soziala, politikoa eta morala giza-arrazoiaren printzipioekin egokitzeko ezinbesteko baliabidea da.
  • Autonomoa: Erdi Aroan Filosofia Teologiaren menpean dago. Mende askotan zehar pentsatu egiten da arrazoia gizakiarengan dagoen Jainkoaren “marka” dela; Jainkoarengandik datorkio gizakiari ezagutzeko eta arrazoitzeko ahalmena. Berpizkundean arrazoia eta boterearen artean, eta zientzia eta fedearen artean, tentsioa sortu eta garatu zen (Galileo). XVII. mendean errealitatea aztertzeko printzipio edo jatorrizko ideietan abiapuntua hartuz egia antzemateko eta berregiteko gaitasuna onartzen zaio gizakiari, printzipio hauek Jainkoak emandakoak direla aipatzen bada ere (Descartes). Ilustrazioan gizakiaren autonomia osoa aldarrikatzen da: Jainkoa ez da beharrezkoa eta gizakiak berez badu errealitatea ezagutzeko, ulertzeko eta aldatzeko gaitasuna.

Naturaren kontzepzio berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilustratuentzat, natura erreferentzia nagusia da. Zentzu fisikoari dagokionez, Newtonen ekarpena funtsezkoa da ikuspegi berrian: Natura lege naturalen menpeko fenomenoen multzoa da. Lege hauek ezagutuz gero munduaren ordena ezagutu eta aurreikus dezakegu. Gizakia ere lege horien mende dago, ezin die ihes egin; eta lege horiek ikerketa zientifikoaren bidez ezagutzea gizakiari berari dagokio; geroago, bai gizakia bai gizartea naturaren arabera antolatzeko eginkizuna dago.

Pentsamendu politiko ilustratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feudalismoaren amaierak klase sozial berri baten hazkundea ekarri zuen: burgesia. Denborarekin politikan eragin gero eta erabakigarriagoa hartu zuen. Horretan datza Ilustrazioaren oinarri historikoetako bat. Pentsalari ilustratuek ez zuten doktrina politiko homogeneorik egin eta ezin izan zituzten absolutismoaren oinarriak deuseztatu, baina beren ekarpenek erabat aldatu zuten ikuspegi politikoa. Hiru egile gailendu ziren beren testu politikoek izandako eraginagatik:

“Sapere aude”[aldatu | aldatu iturburu kodea]

·  “Sapere aude” latindar esamoldea era honetan itzul daiteke: ausartu zaitez pentsatzera. Honela ere interpreta daiteke: izan adore zure kabuz arrazoia erabiltzeko. Horretarako ezinbestekoa zaigu askatasuna eta autonomia (eta, jakina, arrazoiaren erabilera).

·  Autonomiak bereizten ditu gizakiak. Era autonomoan jarduteak heteronomia atzean uzten dela esan nahi du. Heteronomia zera litzateke, besteen iritziei jarraituz jardutea, norberak iritzi horiek barneratu barik (iritzi horiek ideologia, erlijio, boteretik … etor litezke).

·  Horren arabera, jende gehienak koldarkeria edota erosotasunagatik adingabetasunean jarraitzen du, tutoretza politiko zein erlijiosoaren mende. Kant filosofo ilustratuarentzat, adingabetasuna atzean uzteko garaia da, gizakia bere kabuz pentsatzeko garaia heldu delako.

Filosofia ilustratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilustrazioa hainbat mugimenduz eta pentsamendu-korrontez elikatu da filosofikoki: XVII mendeko antropozentrismoa eta arrazionalismoa (René Descartes, Blaise Pascal, Nicolas Malebranche, Baruch Spinoza, Gottfried Wilhelm Leibniz), enpirismoa (Francis Bacon, John Locke y David Hume) eta materialismoa (La Mettrie, D'Holbach).

  • Antropozentrismoa: Gizakia beste edozeren neurri eta erdigunetzat hartzen duen mundu-ikuspegia da. Antropozentrismoan, gizakiak beste animalien gainetiko estatus moral bat du, eta errealitatearen neurketa oro gizakiaren ikuspuntutik egiten da. Jarrera hori oso txertatuta dago giza kultura modernoan.
  • Enpirismoa: Enpirismoa ezagutzaren iturri bakar edo nagusitzat esperientzia hartzen duen ezagutzaren teoria da, bereziki Aro Modernoan eta Erresuma Batuan sortu eta garatu zena.
  • Materialismoa: Materialismoa natura eta unibertsoa materia hutsez osaturik dagoela baieztatzen duten teoria filosofikoei ematen zaien izen generikoa da. Hartara, materiak osatzen ditu gauza guztiak eta fenomeno guztiak, kontzientzia barne, materiaren elkarreraginen ondoriozkoak dira.

Erlijioa ilustrazioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioan deismoa (jainko pertsonalaren existentzia dago, unibertsoko sortzailea), ateismoa (jainkoen existentzia ukatu). Laizismoa (erlijioaren eragin soziala mugatzea, erlijioarekiko gizartearen autonomia aldarrikatuz) ere instalatu egiten da Europako gobernuetan.

  • Ateismoa (jainkoen existentziaren sinesmena ukatu): Honen defentsan gehien egin duten pertsonek, Paul Henri Thiry d'Holbach eta Denis Diderot, haien eskuizkribuetan munduaren ikuste materialista bat nabarmentzen da.
  • Deismoa: Arrazoia eta norberaren bizitza eskarmentuaren bidez jainko baten edo gehiagoen izatea onartzean datzan pentsaera da. Baina erlijio teistek Jainkoa edo Jainkoen izatea frogarazteko ohikoak dituzten elementuak alboratu egiten dituzte, esate baterako, goitiko agerkunde zuzenak, fedea edo usadioa. Rousseau eta Voltaire bezalako deistek, jainkoak mundu errealean erlazio zuzenik ez daukala diote.

Testu inguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argien Mendea deituriko hartan, edozein aktibitate kontrolpean mantentzen saiatu ziren Europako estatuak (Despotismo Ilustratua izena eman zioten gobernatzeko era horri). Era berean, Elizaren boterea murriztuz joan zen, eta nazioaren hezkuntza-maila jasotzeari berebiziko garrantzia eman zioten, batez ere, hezkuntza horretan ezagutza  erabilgarriak sartzen baziren. Frantziatik ilustrazioaren ikuspegi soziopolitikoa Europara eta Amerikara zabaldu zen. Ilustrazioak adierazpen estetikoa izan zuen, Neoklasizismo izena hartu zuena, eta Frantzian garapen zabala izan zuena.

Ilustrazioa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako XVIII. mendeari Argien mendea edo Ilustrazioaren mendea deitu diote askotan; baina Zientziaren mendea ere dei diezaiokegu, zientzia esperimentalak eta teknikoak asko garatu baitziren mundu hobea lortzeko asmoz. Honek Euskal Herrian ere izan zuen eragina.

Gure ingurunean, unibertsitateak gehienetan Elizaren esku zeuden —Oñatiko Unibertsitatea horren adibide da—, eta, horregatik agian, ez zituzten prestatzen Estatuak eta Gizarteak eskatzen zituzten profesionalak nekazaritza, industria edo merkataritza arloetan aritzeko. Gabezia hori gainditzeko, ekonomia-elkarteak sortu ziren, eta horietan, askotariko jarduerak egin ziren: atzerriko irakasleak eta profesionalak kontratatzea, bekadunak atzerrira bidaltzea, ikastetxeak fundatzea, edo ikastetxeak diruz laguntzea garapenerako beharrezkoak ziren ezaguerak eman zitzaten. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzea   —espainiar estatuko lehen ekonomia-elkartea— testuinguru historiko horretan kokatu behar dugu.

Garai hartako Samaniego idazle arabarraren biografoak honako hau dio: “Garai hartan, hezkuntza oso atzeratua zegoen Espainian, eta Erresumako barnealdearekin komunikatzea zaila zen, bideak ez baitziren egokiak. Hori dela eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zaldunek, Frantziako mugatik hurbil bizi zirenez gero, errazago bidaltzen zituzten beren semeak Baionara edo Tolosara heztera Madrilera baino.”

Hori izan zen biderik errazena gure herriko burgesak eta handikiak entziklopedista frantziarrekin kontaktuan egoteko eta haien ideiak Euskal Herrian barrena zabaltzeko.

Pertsonaia nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]